Montzoi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Munduko klimen mapa:

██ Montzoi klima

Montzoia atmosferako zirkulazio orokorreko haize-sistema da, urtaro batetik bestera norabidea aldatzen duena: fenomenoa latitude txikietako Afrika mendebaldetik Ozeano Barerainoko lurraldeetan gertatzen da eta prezipitazio eta tenperatura patroien aldaketa bortitzak sorrarazten ditu. Terminoa maiz erabiltzen da epe laburrean lokalki gertatzen diren eurite handiei buruz hitz egiteko[1][2].

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montzoirik ezagun eta gogorrenak Indiakoak dira: izan ere, udan, kontinenteko airea beroagoa da eta, hortaz, presioa baxuagoa, Indiako ozeanoko aire hezea sartzen da. Aireak India iparraldeko mendien kontra jo ondoren, gorantz igo eta hoztu egiten da; hori dela kausa, kondentsatu da eta prezipitazio handiak sortzen ditu. Neguan, aldiz, itsas inguruneko airea beroagoa da eta presioa, baxuagoa; beraz, kontinenteko aire hotz eta lehorrak itsasorantz higitzen dira. Neguko montzoi lehorra ahulagoa da, kontinentearen eta ozeanoaren arteko tenperatura-aldea udakoa baino txikiagoa izaten baita.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montzoien urteko zikloa eguzki-erradiazioaren eta lurraren eta uraren berotzeko ahalmen desberdintasunaren ondorio zuzena da. Urak eguzkitiko argia hainbat sakoneratan xurga dezakeenez, gutxiago islatzen da atmosferara, lurrak baino bero-energia handiagoa gordetzen baitu. Lur-masek beroa azkarrago jaso eta galtzen dute, xurgapena gainazalean bakarrik gertatzen baita. Oreka energetikoa mantentzeko, bero-energiaren soberako lekuetatik eskasiakoetara igarotzen da, eta itsasoa eta lurraren artean, lur-itsaso brisaren ondorioz gertatzen da. Esate baterako, udako egun beroetan lurreko airea lehenago berotzen da; hori dela eta, igo egiten da eta horrek uzten duen lekua itsasotiko aire hotzak betetzen du: itsas brisa izeneko fenomenoa da.

Montzoi hodeiak Kolkatan (India)

Montzoiak antzerako zerbait dira, askoz ere eskala handiagoan, ordea. Itsasoz inguraturiko kontinente batean bero-energia pilatzean dentsitate baxuko aire masak sortzen dira, hots, presio apaleko zonaldeak; itsas ingurunean, berriz, presio altua nagusi da. Beraz, airea presio altuetatik baxuetara mugitzen denez, itsasoko aire masa kontinenterantz higitzen da, oreka energetiko orokorra lortzeko.

Gainazal lurtar eta itsastarren arteko desoreka energetikoak gertatzen diren bitartean, Lurraren inklinazioaren eraginez gertatzen den beroketaren espazio eta denbora aldaketak urtaroetako desoreka energetikoak sortzen ditu hemisferioetan. Udako hiletan erradiazio zuzen handiena jasotzen duen lurraldeak beroketa erradiaktibo netoa jasaten du, hau da, atmosferara isurtzen dena baino eguzkiaren energia handiagoa jasotzen da. Era berean, neguan dagoen hemisferioan hozketa energetiko netoa gertatzen da. Urtean zehar bero-energia handiegiko eta txikiegiko lurraldeak aldatzen direnez, garraio-norabidea ere aldatu egiten da.

Klimaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montzoi klimetan euri asko egiten du urtean, baina euri horiek udako hiruzpalau hilabeteetan egiten ditu. Montzoien eraginpean dauden eremuek izaten dute klima mota hori, eta badute ezaugarri berezi bat: haize alisioen eraginak urtaroak sasoiz aldatzen dituzte, eta euritea eta lehortea txandakatzen dira.

Montzoien nondik norakoa ez da argitzen erraza, aldi berean izaten baitu tenperaturen eragina eta haize dinamikarena, eta orobat elkarren arteko eragina izaten dute itsasoko eta lehorreko gainazalen proportzioak, orografiak, eta latitude tropikaletako eta latitude epeletako egurats zirkulazioak.

Hasteko, lurrak eta itsasoak berotzeko edo hozteko duten ahalmenak ozeanoaren eta kontinentearen arteko tenperatura eta presio gradientea sortzen du. Horrez gainera, alde batetik, udan Tibeteko goi-ordokia asko berotzen da, eta eragin handia izaten du bero iturri gisa, eta, bestetik, Tropiko Arteko Konbergentzia Eremua (TAKE) India gainean 25° Iparreraino mugitzen da ohi ez bezala; aldi berean, ekialdeko haizeek gogor jotzen dute goialdeko troposferan, haize laster oso indartsu eta norabide jakineko batez, eta haize laster hori Txinako hegoaldeko itsasotik Arabiako hegoalderaino hedatzen da. Haren eragin dinamikoa erabakigarria izaten da eremu horretako eguraldirako eta klimarako.

Hego-mendebaldeko udako montzoia, India

Udazkena hasten denean, eguraldia aldatu egiten da. Lehenik, ozeanoaren tenperaturaren eta lurraren tenperaturaren arteko aldea gero eta txikiagoa izaten da eta hegoaldeko haize lasterrak ahuldu egiten dira; bigarrenik, erdiko latitudeetako mendebaldeko haizeek hegoalderantz jotzen dute eta batzuetan Himalaiaren hegoaldeko isurialdean jotzen dute; horrela, tropikoko zirkulazioa desegiten dute. Goialdean, ekialdeko aire-zurrustaren ordez, mendebaleko haizeek gogor jotzen dute. Haize horiek bi haize lasterretan banatuta daude: bata, Tibet-Himalaiaren iparraldekoa; bestea, Tibet-Himalaiaren hegoaldekoa. Lur azalean, berriz, Siberiako aire hotzeko antizikloiak kontinentearen barrualdea hartzen du. Aldaketa horrekin, udako zirkulazio sistema hausten da eta haizeek iparraldetik edo ipar-ekialdetik jotzen dute. Egoera horrek udaberria arte irauten du. Udan, mendebaleko haizeak iparralderago mugitu eta Himalaiaren hegoaldean jotzen duen haize lasterra gelditzen den bezain laster, berriz hasten da abian ekialdeko ekuatoreko haize-zurrusta, eta orduan hasten da udako montzoia.

Montzoia hastearekin batera, giro freskoaren eta lehortasunaren ordez, berotasuna eta hezetasuna nagusitzen dira eta euria etengabe egiten du. Montzoien zirkulazioak eragin handiagoa izaten du Indiako ozeanoaren inguruko lurraldeetan eta txikiagoa Asia ekialdean (Txina erdialdean eta Japoniako iparraldean).

Eremu horretatik kanpo, beste eremu batzuetan ere haizeak urtaroz urtaro aldaketa handiak izaten ditu eta horiei ere montzoi klimak esaten zaie. Eskualde bakoitzean klima horiek zeinek bere baldintza eta tankera bereziak dituen arren, oro har, udan ozeanoetako haize-zurrusten eragina izaten dute eta horiek Saharako eta Arabiako, Indiako ipar-mendebaleko eta Asia erdialdeko presio apalak hartzen dituzte; eta neguan kontinenteetako alisioen aire tropikalezko masen eragina izaten dute, batzuetan alisio horiek tenperatura freskoak izaten dituzte, antizikloiaren erdigunean aire bero masa bat aire hotz masa baten gainean zeharretara mugitzen denean.

Mumbai da klima mota horren adibide adierazgarri bat; ia euri guztia lau hilabetean egiten du, ekainetik irailera, eta gainontzean, oso euri gutxi egiten du; euri jasekin batera izaten diren hodeiek tenperatura epeltzen dute eta, beraz, urteko hilik beroenak maiatzean eta ekainean izaten dira, tenperatura gorenak berrogei gradu zentigradutara iristen direnean. Neguan, hezetasuna txikia izaten delarik eta haizeek kontinenteen barrualdetik jotzen dutelarik, tenperaturak jaitsi egiten dira eta izotza ere egiten du inoiz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) WeatherNation. (2016-06-29). «Welcome to Monsoon Season – Why You Probably Are Using This Term Wrong» WeatherNation (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  2. (Ingelesez) «Definition of MONSOON» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]