Pan (generoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pan (generoa)
4 Ma-gaur egun

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaPrimates
FamiliaHominidae
SubfamiliaHomininae
Generoa Pan
Azpibanaketa
Banaketa mapa

Pan generoa bi espezie dituen primate taldea da: Pan troglodytes edo txinpantzea eta Pan paniscus edo bonoboa. Taxonomikoki, bi tximino espezie hauek Panina subleinuan bizirik dauden kide bakarrak dira[1][2], Hominini leinuan. Lehenago bi espezieei deitzen zitzaien "txinpantze", eta bonoboak talde bereizi gisa hartzen zirenean "txinpantzeko pigmeo" izena ematen zitzaien. Gizaki, gorila eta orangutanekin batera Hominidae taldea sortzen dute, hizkera arruntean hominidoak. Saharaz hegoaldeko Afrikan dute jatorria, eta gaur egun bi espezieak aurki daitezke Kongoko oihanean. Txinpantzea Mendebaldeko Afrikako beste leku batzuetan ere aurki daiteke. Bi espezieak IUCNren Zerrenda Gorriaren parte dira gaur egun, eta 2017an Bonneko Konbentzioak txinpantzea babes berezirako hautatu zuen[3].

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pan generoa Lorenz Okenek sortu zuen 1816an. Okenek ez zuen arrazoirik eman hautaketa hori justifikatzeko, baina uste da greziar mitologiako Pan jainkotik datorkiola izena[4]. 1828an Brookesek Theranthropus proposatu zuen alterantiba gisa, eta Voigtek 1831ean Chimpansee. Troglodytes ez zegoen eskuragarri, dagoeneko hegazti genero batek izen hori baitzuen, txori horiek zuloetan elikatzeko zuten ohituragatik. Nomenklatura Zoologikoaren Nazioarteko Kodeak Pan onartu zuen izen ofizial gisa 1895ean[5], baina "kobazuloetan bizi direnak" ideia sartu zuten espezie mailan, eta horregatik deitzen da Pan troglodytes bi espezieetako bat.

Ingelesez 1738an jada erabiltzen zen "txinpantze" izena, London Magazinen, antza Angolako "gizon barregarria" esamoldetik. Baliteke Bantu hizkuntza batetik abiatzea, portugesetik pasata, gaur egun aurkitu baitaiteke ci-mpenzi esamoldea vilieran[6]. Euskaraz txinpanze erabili izan da ere[7], -ntz- modu onartuaren ordez.

Johann Friedrich Blumenbachek 1776an Simia troglodytes izena eman zion txinpantzeari, De generis humani varietate nativa liber liburuan, eta antzinako greko-erromatarrek egindako afrikarren deskripzioari egiten dio erreferentzia trodlodytes horrek, nolabait kobazuloetan bizi zirela adierazteko[8]. 1758an Lineok erabili zuen Homo trodlodytes gizaki-orangutan hibrido hipotetikoei buruz hitz egiteko.

Bonoboak, literatura zaharrean "txinpantze pigmeoa", P. paniscus izena jaso zuen 1929an, Ernst Schwarzen aldetik. Paniscus hori Zizeronek erabili zuen teonimoaren diminutibo bat da[9].

Txinpantzeen eta bonoboen arteko alderaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinpantzea (P. troglodytes), Kongo ibaiaren iparraldean bizi dena, eta bonoboa (P. paniscus), hegoaldean bizi dena, lehen espezie berekotzat jotzen ziren, baina 1928tik desberdintzat hartzen dira[10]. Gainera, P. troglodytes lau subespezietan banatuta dago, eta P. paniscusek ez du bat ere. Genomaren sekuentziazioaren arabera, bi Pan espezie horiek duela milioi bat urte inguru bereizi ziren.

Desberdintasun nabarmenenak dira txinpantzeak handixeagoak direla, agresiboagoak eta arrek menderatzen dutela taldea; bonoboak, berriz, txikiagoak, baketsuagoak eta emeek menderatzen dituzte taldeak. Ilea beltza edo marroia izaten du. Arrak eta emeak tamaina eta itxura desberdinekoak dira. Txinpantzeak eta bonoboak tximino sozialenetakoak dira, eta gizarte egiturak dituzte komunitate handietan. Fruta txinpantze baten dietako osagai garrantzitsuena da, baina landareak, zuhaitzen azalak, eztia, intsektuak eta beste txinpantze edo tximu batzuk ere jaten dituzte. 30 urtetik gora bizi daitezke, bai askatasunean, bai gatibu.

Txinpantzeak eta bonoboak dira gizakiarengandik gertuen dauden senideak. Tresna sofistikatuak erabiltzen dituzte, eta adarrekin eta hostotzarekin lo egiteko habiak egiten dituzte gauero[11][12]. Ikasteko gaitasuna asko aztertu da. Kultura bereizgarriak ere egon daitezke herri barruan. Jane Goodall primatologoak hasi zituen Pan troglodytesen landa-azterketak.

Historia ebolutiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pan generoa Homo generoaren ahaiderik gertukoena da, eta elkarrekin Gorillarena. Honakoa da historia ebolutiboa erakusten duen zuhaitz filogenetikoa[13]:

 Hominoidea




Pan



Homo




Gorilla




Pongo




Hylobatidae


Pan generoa Homininae subfamiliako kidea da, gizakien ahaiderik gertukoena[14]. Euren generoa eta gizakienaren arteko espeziazioa orain dela bost eta hamabi milioi urte artean gertatu zen, txinpantze-gizaki azken arbaso komuna bizi zenean[15][16]. 1973ean Mary-Claire Kingek egindako ikerketak aurkitu zuen DNAren %99 identikoa dela bi leinuen artean[17]. Beranduago, zifra hori jaitsi zen %94 ingurura[18], batez ere DNA ez-kodetzailea kontuan hartu zelako. Hala ere, azken urteotan egindako ikerketek berriro ere kokatu dute diferentzia %1 eta %1,2 artean[19]. Pan eta Homo Hominini leinuan sailkatu ohi dira. Hauen ahaide bizirik gertukoena Gorilla generoa da. Taldeen arteko dibergentzia orain dela 6–10 milioi urte gertatu zela kalkulatu da[20].

Fosilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinpantze eta bonoboen erregistro fosila ia ez da existitzen, batez ere oihanean fosilak sortzeko dauden zailtasunak direla eta. Hala ere, 2005ean Sally McBreartyk deskribatu zuen txinpantzeko fosil bat. Afrikako Erdialdeko eta Mendebaldeko populazioak eta giza fosilak, batez ere Ekialdeko Afrikan aurkitu direnak, oso urrun daude elkarrekiko. Hala ere, Kenyan aurkitu dira Pan fosilak, eta horrek esan nahi du Rift Haran Handian gizakien eta Pan generoaren arbasoak elkarrekin bizi zirela Pleistozeno Ertainean[21].

Anatomia eta fisiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinpantzearen besoak hankak baino luzeagoak dira. Txinpantze ar arruntak 1,2 m arteko altuera du. Txinpantze heldu arrek 40 eta 60 kg artean pisatzen dute[22][23], eta emeek 27 eta 50 kg artean. Luzatuta daudenean, txinpantze arruntaren beso luzeek gorputzaren altuera bat eta erdi neurtzen dute. Bonoboa txinpantze arrunta baino txikixeagoa eta meheagoa da, baina gorputz-adarrak luzeagoak ditu. Zuhaitzetan, bi espezieek beso luze eta indartsuekin gora egiten dute; lurrean, txinpantzeak lau hankan ibiltzen dira, ukabilak estutuz eta hatz-koskoetan bermatuz. Txinpantzeak orangutanak baino hobeak dira ibiltzen, haien oinak zabalagoak eta hatz laburragoak baitituzte. Bonoboak goiko gorputz-adarrak proportzionalki luzeagoak ditu eta txinpantze arrunta baino maizago gidatzen du. Bi espezieak zutik ibil daitezke bi hanken gainean, eskuekin eta besoekin objektuak garraiatzen dituztenean.

Txinpantzeak ez du isatsik; ilajea iluna du; aurpegiak, atzamarrek, esku-ahurrek eta oinek ez dute ilerik. Aurpegia, eskuak eta oinak agerian dituen azala arrosakara edo oso iluna izan daiteke bi espezieetan, baina argiagoa izaten da indibiduo gazteetan, eta helduaroan ilundu egiten da. Chicagoko Unibertsitateko Zentro Medikoak egindako azterlan batek txinpantze-populazioen arteko desberdintasun genetiko nabarmenak aurkitu ditu[24]. Begi gaineko hezur-ertza uzkurtuta dago, eta sudurra laua da. Barailak ateratzen diren arren, txinpantze baten ezpainak lapikoak egiten dituenean bakarrik ateratzen dira.

Txinpantze baten garuna 282-500 cm3 inguru neurtzen ditu. Giza garuna, berriz, hiru aldiz handiagoa da, 1.330 cm3-ko batez besteko bolumenarekin[25].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Muehlenbein, Michael P.. (2015). Basics in human evolution. Academic Press ISBN 978-0-12-802652-6. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  2. (Ingelesez) Diogo, Rui; Molnar, Julia L.; Wood, Bernard. (2017-04-04). «Bonobo anatomy reveals stasis and mosaicism in chimpanzee evolution, and supports bonobos as the most appropriate extant mode l for the common ancestor of chimpanzees and humans» Scientific Reports 7 (1): 608.  doi:10.1038/s41598-017-00548-3. ISSN 2045-2322. PMID 28377592. PMC PMC5428693. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  3. (Ingelesez) Chimpanzees among 33 species selected for special protection. 2017-10-28 (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  4. Byghan, Yowann. (2020). Sacred and mythological animals: a worldwide taxonomy. McFarland & Company, Inc., Publishers ISBN 978-1-4766-7950-1. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  5. (Ingelesez) International Commission on Zoological Nomenclature. (1985). Bulletin of zoological nomenclature. London (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  6. Publishers, HarperCollins. «The American Heritage Dictionary entry: chimpanzee» www.ahdictionary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  7. «XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa» xxmendea.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  8. «AnimalBase :: Simia troglodytes speciestaxon homepage» www.animalbase.uni-goettingen.de (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  9. «Charlton T. Lewis, Charles Short, A Latin Dictionary, Pāniscus» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  10. (Ingelesez) Shefferly, Nancy. «Pan troglodytes (chimpanzee)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  11. (Ingelesez) Koops, Kathelijne; McGrew, William C.; de Vries, Han; Matsuzawa, Tetsuro. (2012-04). «Nest-Building by Chimpanzees (Pan troglodytes verus) at Seringbara, Nimba Mountains: Antipredation, Thermoregulation, and Antivector Hypotheses» International Journal of Primatology 33 (2): 356–380.  doi:10.1007/s10764-012-9585-4. ISSN 0164-0291. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  12. (Ingelesez) Fruth, Barbara; Hohmann, Gottfried. (1993-01-12). «Ecological and Behavioral Aspects of Nest Building in Wild Bonobos ( Pan paniscus )» Ethology 94 (2): 113–126.  doi:10.1111/j.1439-0310.1993.tb00552.x. ISSN 0179-1613. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  13. Israfil, H.; Zehr, S. M.; Mootnick, A. R.; Ruvolo, M.; Steiper, M. E.. (2011-03-01). «Unresolved molecular phylogenies of gibbons and siamangs (Family: Hylobatidae) based on mitochondrial, Y-linked, and X-linked loci indicate a rapid Miocene radiation or sudden vicariance event» Molecular Phylogenetics and Evolution 58 (3): 447–455.  doi:10.1016/j.ympev.2010.11.005. ISSN 1055-7903. PMID 21074627. PMC PMC3046308. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  14. (Ingelesez) «What is the latest theory of why humans lost their body hair? Why are we the only hairless primate?» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  15. (Ingelesez) Wakeley, John. (2008-03-13). «Complex speciation of humans and chimpanzees» Nature 452 (7184): E3–E4.  doi:10.1038/nature06805. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  16. (Ingelesez) Langergraber, Kevin E.; Prüfer, Kay; Rowney, Carolyn; Boesch, Christophe; Crockford, Catherine; Fawcett, Katie; Inoue, Eiji; Inoue-Muruyama, Miho et al.. (2012-09-25). «Generation times in wild chimpanzees and gorillas suggest earlier divergence times in great ape and human evolution» Proceedings of the National Academy of Sciences 109 (39): 15716–15721.  doi:10.1073/pnas.1211740109. ISSN 0027-8424. PMID 22891323. PMC PMC3465451. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  17. (Ingelesez) King, Mary Claire. (1973). Protein Polymorphisms in Chimpanzee and Human Evolution. University of California (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  18. (Ingelesez) «Human-Chimp Gene Gap Widens from Tally of Duplicate Genes» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  19. (Ingelesez) Wong, Kate. (2014-09-01). «Tiny Genetic Differences between Humans and Other Primates Pervade the Genome» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  20. (Ingelesez) Scally, Aylwyn; Dutheil, Julien Y.; Hillier, LaDeana W.; Jordan, Gregory E.; Goodhead, Ian; Herrero, Javier; Hobolth, Asger; Lappalainen, Tuuli et al.. (2012-03). «Insights into hominid evolution from the gorilla genome sequence» Nature 483 (7388): 169–175.  doi:10.1038/nature10842. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  21. (Ingelesez) McBrearty, Sally; Jablonski, Nina G.. (2005-09). «First fossil chimpanzee» Nature 437 (7055): 105–108.  doi:10.1038/nature04008. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  22. (Ingelesez) Uehara, Shigeo; Nishida, Toshisada. (1987-03). «Body weights of wild chimpanzees ( Pan troglodytes schweinfurthii ) of the Mahale Mountains National Park, Tanzania» American Journal of Physical Anthropology 72 (3): 315–321.  doi:10.1002/ajpa.1330720305. ISSN 0002-9483. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  23. (Ingelesez) «Chimpanzee, facts and photos» Animals 2011-05-10 (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  24. (Ingelesez) «Gene study shows three distinct groups of chimpanzees» EurekAlert! (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  25. (Ingelesez) Schoenemann, P. Thomas. (2006-10-01). «Evolution of the Size and Functional Areas of the Human Brain» Annual Review of Anthropology 35 (1): 379–406.  doi:10.1146/annurev.anthro.35.081705.123210. ISSN 0084-6570. (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]