Parisko Ituna (1763)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Parisko Ituna, askotan Parisko bakea edo 1763ko ituna deitutakoa, 1763ko otsailaren 10ean sinatu zuten, Britainia Handiko, Frantziako, Espainiako eta Portugalgo erresumek. Hubertusburgeko itunarekin batera, Frantziar eta indiarren aurkako Zazpi Urteko Gerra amaitu zuen. Itunek Britainiaren Europaz kanpoko gailentasun epe luze bati zabaldu zioten bidea.

Ituneko artikuluen arabera, Frantziak Ipar Ameriketako kontinenteko lurralde guztiak galdu zituen, hala, ez zen gehiago hango britainiar kolonietarako mehatxua izango.

Luis XV.a, Frantziako erregea

Gudan, britainiarrek itsasoz bestaldean garaipen asko izan zituzten Frantziaren aurka: britainiarrek frantziar Kanada konkistatu ez ezik, Indiako leku askotan ere garaitu zuten eta Karibe uharteetako frantziar koloniak harrapatu zituzten. 1762ko martxoan, Luis XV.a Frantziako erregeak bake elkarrizketen aldeko deia egin zuen.

Britainiar gobernuari ere guda amaitzea komeni zitzaion -Zazpi Urteko guda oso garestia izan zen, eta gobernuak zorrez finantzatu behar izan zuen. Zordunak zalantzan zeuden Britainia Handiak finantza-merkatuetan eskatutako maileguak itzultzeko gai izango zen. Gainera, Jurgi II.a britainiar erregea 1760an zendu zen, eta haren ondorengoa guda amaitzearen aldekoagoa zen.

Bake akordioa sinatzeko lehenengo saiakerek huts egin zuten, alderantziz, frantziar eta espainiar diplomatikoek Famili-hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horrek Espainia Britainia Handiaren aurkako gudan sartu zuen. Lord Bute Lehen Ministro britainiarrak Etienne-Francois, Choiseulgo dukea, frantziar diplomatikoarekin isilpeko elkarrizketak egiten jarraitu zuen eta 1762ko ekainean hitzarmen ez-ofizial bat lortu zuten. Butek baldintza onak agindu zituen, eta herrialde biek irailean enbaxadoreen trukaketa adostu zuten.

Negoziazio formalak hasi zirenerako, egoera aldatu zen. Britainiarrek Habana hartu zutelako berria Europara heldu zen, eta hiriarekin batera Kubako kolonia osoa. Karlos III.a Espainiako erregeak uko egin zion itun bat sinatzeari Kuba itzultzen ez bazitzaion, baina britainiar legebiltzarrak ez zuen gudan irabazitakoa islatuko ez zuen itunik sinatuko.

Arazo horri aurre egiteko, Choiseul frantziar negoziatzaileak Ameriketako lurraldeak Frantzia, Espainia eta Britainia Handiaren artean birbanatzen zituen irtenbide bat proposatu zuen. Plan horren arabera, Britainiak Mississippiko ekialdeko frantziar lurralde osoa eskuratu zuen, eta Espainiak Kuba baina Florida Britainiari ematearen truke. Frantziaren Mississippiko mendebaldeko lurralde guziak Espainiari eman zizkioten, New Orleansko portuarekin batera. Indiako, Afrikako lurraldeen eta Mediterraneoko Menorca uhartearen truke Frantziak britainiarrek gudan harrapatutako Karibeko irlak berreskuratu zituen. Britainiar gobernuak Kanadako frantziarren erlijioa eta Ternuako arrantza eskubideak errespetatuko zituela agindu zuen.

Jurgi III.a, Britainia Handiko erregea

Choiseulek Martinika, Guadalupe eta Santa Luzia uharteei eustea nahiago zuen Louisianatik Kanadaraino zihoan lurraldeari baino. Horren zioa ekonomian zetzan: uharteetako azukre industriak etekin handiak ematen zituen eta Kanada, berriz, frantziar ogasun publikorako zulo bat besterik ez zen. Kanadako galera frantziar ofizialentzat tamalgarria zen arren, ekonomiaren ikuspuntutik zentzu osoa zeukan.

1762ko azaroaren 3an espainiar eta frantziar diplomatikoek negoziazioak burutu zituzten eta Parisko itunaren aurretiazkoak sinatu zituzten. Espainiar eta frantziar negoziatzaileek ere San Ildefonsoko ituna sinatu zuten, bertan, frantziar Louisiana Espainiari ematea berretsi zen. George III.a britainiar erregea eta haren ministroak itunaren alde bazeuden ere, britainiar publikoa ez. Hala ere, itunean amore ematen zitzaien gudaren aldekoei eta Legebiltzarrak Parisko ituna onartu zuen gehiengo zabal batekin (319 aldeko eta 64 aurkako) eta horrela Ituna indarrean egon zen 1763ko otsailaren 10etik.

Anglo-amerikar kolonoentzat ituna teorikoki arrakastatsua izan zen. Kolonoak ez ziren gehiago frantziar inbasioaren beldur izango, britainiar lurraldeak Kanadatik Mississippiraino zabaldu baitziren. Mugetako indiarrentzat, ostera, oso kaltegarria izan zen haren estrategia eraginkorra apurtu baitzuen. Haren arabera, britainiarrek eta frantziarrek elkarren aurka egiten zutenean indioek aliantza onuragarriak egiten zituzten, bai batekin, bai bestearekin eta horrela haien lurraldeak anglo-amerikar kolonoen inbasioaren kontra babesten zituzten.

Parisko Itunak arrakasta handia zirudielarik ere, anglo-amerikar kolonoen eta britainiar gobernuaren arteko desadostasunak handitu zituen, bien Ipar Ameriketako interesak ez baitzetozen bat. Britainiar gobernuak ez zuen armada garesti bat mantendu gura eta, gainera, kolonoen eta indiarren interesak adostu nahi zituen britainiar gobernuaren mugari buruzko politikak porrot egiteaz gain, kaltegarria ere izan zen.

Louisianako auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontrakoa uste arren, Parisko itunean Frantziak ez zion Espainiari Louisianako lurraldea eman. Transferentzia hori 1762ko Fontainebleuko itunean gertatu zen, nahiz eta 1764ra arte publikoa ez egin.

Parisko itunak Britainia Handiari Mississippiko ekialdea eman zion (Baton Rouge hiria ere britainiar Mendebaldeko Floridako lurraldearen parte izango zen). New Orleansek, ekialdean dagoen arren, frantziar eskuetan jarraitu zuen (behin-behinean baina). Mississippi ibaiko korridore osoa bat izango zen berriro 1803ko Louisianako lurraldearen erosketaren ostean eta 1819ko Adams-Onis itunaren ondoren.

1763ko itunaren VII. artikuluak dio:

« VII.-Bakea oinarri sendo eta iraunkorretan ezartzeko, eta Ameriketako britainiar eta frantziar lurraldeen arteko mugen gaineko eztabaidak betirako konpontzeko; etorkizunerako, hauxe erabakitzen da: britainiar Maiestate Gorenaren eta Kristau Maiestate Txit Gorenaren agindupeko lurren arteko muga Mississippi ibai erdian zehar doan lerro batean ezarriko da, iturrietatik Iberville ibairaino; hortik, eta ibai horretan eta Maurepas eta Pontchartain aintziren barrena itsasoraino. Hori horrela izateko, Errege Kristau Txit Gorenak eskubide eta berme guziarekin Mobileko portu eta ibaia ematen dizkio britainiar Maiestate Gorenari, eta hauekin batera, Mississippi ibaiko ezkerrean daukan guzia edo eduki behar izango zuen guzia; New Orleansko hiri eta uhartea salbu,hauek Frantziarrak izaten jarraituko dute, Mississippi ibaiko nabigazioa aske izateko baldintzarekin, bai frantziarrentzat, bai britainiarrentzat, haren luzera eta zabalera osoan; iturrietatik itsasoraino eta batez ere, New Orleansko uharteko aipatutako zatian eta ibai horren eskumako barran, eta baita horren ahoaren goranzko eta beheranzko pasabidean ere. Are gehiago ezarri nahi dugu; inork ezin izango ditu herrialde bion ontziak gelditu, bisitatu, edo haiei zergarik ipini. IV. artikuluko Kanadako biztanleen aldeko erabakiak artikulu honetan aipatzen diren herrialdekoei ere ezarriko zaizkie. »


Quebeceko auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itunaren IV. artikuluak Kanadako katolikoen aldeko bermeak ezarri zituen. Artikulu hauek askotan aipatzen dituzte Quebeceko lege sistema Kanadakoaren aldean oso bestelakoa dela frogatzeko.

Artikuluak Kanadatik 18 urteko oztoporik gabeko ateratzeko epea ezarri zuen. Horren ondorioz, “Cajun” deitutako emigratzaile asko orain Acadiana deitzen den Louisianako eremu batera mugitu ziren, Frantziaren menpe izaten jarraituko zuela pentsatuz; baina mugitu zirenean, Louisiana Espainiari eman ziotela aurkitu zuten.

Artikuluak dio:

« IV. Kristau Maiestate Txit Gorenak uko egiten die Eskozia Berria edo Akadiaren eta haien zati guzien gaineko dituen edo litzakeen asmo guziei; eta osorik eta menpeko lurraldeekin batera ematen dio, Britainia Handiko erregeari: are gehiago, Kristau Maiestate Txit Gorenak aipatutako Britainiar Maiestateari emango dio, aginte osoarekin: Kanada, menpeko lurralde guziekin; Cape Breton uhartea eta baita San Laurendi ibaiko eta golkoko uharte eta itsasertzak ere, eta orokorrean, arestian esandako lurraldeen pean dagoen guzia: lurrak, uharteak eta kostaldeak; subiranotasun, jabetza eta edukitzearekin, eta itunen bitartez jasotako eskubide guziekin, edo bestela, orain arte Kristau Maiestate Txit Gorenak eta Frantziako koroak izan dituzten eskubideak aipatutako lurraldeen, uharteen, lekuen, itsasertzen eta biztanleen gainean; eta hala, Kristau Maiestate Txit Gorenak esandako erregeari eta Britainia Handiko koroari ematen dio aipatutako guzia, eta hori erarik zabalenean, mugarik gabe eta emate horretan atzera egiterik ez daukalarik edo goian esandako edukitzean eragozpenik ezin diolarik egin. »


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]