Polisakarido

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zelulosaren 3D egitura.

Polisakaridoak hainbat monosakaridoz osatutako polimeroak dira.

Oligosakaridoen modura, monosakaridoen polimeroak dira, baina askoz ere katea luzeagoak eratzen dituzte. 10 monomerotik gorako gluzido bat polisakarido kontsideratzen da, baina gehienek 100 eta 1.000 monosakarido artean izan ohi dute. Bere tamaina handia dela eta, normalean, pisu handiko molekula disolbagaitzak izaten dira.

Monosakarido eta disakaridoak ez bezala, ez dira ez kristalizagarri ezta txuriak ere, eta mutur erreduzitzaile bakarra izan ohi dute.

Homopolisakaridoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monomero bakarraren polimeroak dira homopolisakaridoak. Katea bakun edo adarkatu luzeak izan ohi dira, eta monomeroen arteko loturen arabera funtzio ezberdinak burutzen dituzte. α-lotura dutenak energia-erreserbako polisakaridoak izan ohi dira, eta β-lotura dutenak, berriz, egitura-polisakaridoak.

Energia-erreserbakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energia-erreserbako homopolisakaridoek erregai moduan erabiltzen den glukosa metatzen dute.

Almidoia

Landareetan erreserba energetiko funtzioa betetzen du. α-D-glukopiranosaren polimeroa da eta bi zati banatzen dira bere egituran: amilosa eta amilopektina.

  • Amilosa

Almidoiaren %20-30a hartzen du, nahiz eta espeziearen arabera nahiko aldakorrak diren portzentaje hauek. [G(1α→4)G]n motako polimero lineala da. 250-300 bat glukosa monomerorekin osatua egon ohi da eta helize itxura izan ohi du, itzuliko 6 glukosa izaten direlarik.

  • Amilopektina

Almidoiaren egituraren %70-80 da. [G(1α→4)G]n motako polimero adarkatua da, adarren arteko loturetan [G(1α→6)G] egiturak ditu. Adarrok 25-30 glukosako agertzen dira eta hidrolisatuz gero, maltosa eta isomaltosak lortzen dira

Iodoaren presentzian α-amilosak kolore urdina ematen du, eta amilopektinak, berriz, morea.

  • Hidrolisi entzimatikoa
    • α-amilasa [endoglukanasa]: Entzima honek, (1α→4) loturak binaka hausten ditu α-maltosak emanez.
    • β-amilasa [exoglukanasa]: Entzima honek ere (1α→4) loturak binaka hausten ditu baina mutur erreduzitzailetik hasita. Hala, β-maltosak ematen ditu.
    • Entzima desadarkatzailea: Entzima honek (1α→6) loturak apurtzen ditu eta beharrezkoa da amilopektinaren degradazio totala lortzeko. Amilopektinaren katean badira leku batzuk non entzima hau beharrezkoa den, eta hauei dextrina limite izena ematen zaie.

Glukogenoa

Almidoiak bezala, energia-erreserba funtzioa betetzen du, baina kasu honetan animalietan. Egitura amilopektina polimeroaren berdina da, baina askoz ere adar gehiago izan ohi ditu, 8-10 glukosako azaltzen dira, animalien behar energetikoa handiagoa delako. Gehienbat gibelean eta muskuluetan azaltzen da eta almidoiak baino pisu molekular handiagoa izan ohi du.

Glukosak behar direnean, mutur erreduzitzailetik hasita oso azkar degradatzen den molekula da eta iodoarekin kolore granatea ematen du.

Inulina

Landareen tuberkuluetan azaltzen den polisakaridoa da. Fruktosaren [F(2β→1α)n-1] polimeroa da.

Egiturazkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelulosa

Landareen horma zelularretan dagoen molekula, β-D-glukopiranosaren polimeroa da eta 1.500 monomero inguruz osatua egon ohi da. Molekula zurruna da, eta inguruko polisakaridoekin hidrogeno loturak sortzen dituenez, zuntzak eratzen ditu. Monomero bakoitza bestearekiko errotatuta dago eta konformazio egonkorrena 180º-koa da.

β-loturak apurtzeko zelulasa entzimak behar dira, zelobiosa lortzen delarik.

Kitina

Artropodoen exoeskeletoaren osagai nagusia da, eta intsektu, araknido eta onddoetan ere azaltzen da. Glukosaren monomero eratorri bat errepikatzen da, N-azetil-glukosamina [NAG], hain zuzen ere. Zelulosa bezala, molekula zurruna da, eta zuntzak eratzen ditu.

Heteropolisakaridoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polisakarido hauetan monomero bakar bat baino gehiago errepikatzen dira, eta normalean monomero eratorriak izan ohi dira.

Linealak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Glukosaminaglukano/mukopolisakaridoak

Egitura funtzioa betetzen dute animalietan eta bi polisakarido nabarmentzen dira: kondroitina eta azido hialuronikoa. Lehenengoa [D-glukuroniko(1β→3)N-azetil-galaktosamina]-ren polimeroa da, eta bigarrena [D-glukuroniko(1β→3)N-azetil-glukosamina]-rena.

Proteoglikanoak

Kartilagoetan azaltzen den polisakaridoa da, kate nagusitik irteten diren adar andanak luma itxura ematen diotena. Kondroitin sulfatoa edo azido haluronikoa bezalako polisakarido linealez osatutako adarrak izan ohi dira.

Adarkatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azido teikoikoak

Alditol eta azido fosforikoz osaturiko katea lineala eta adarkaduretan monosakarido edo aminoazidoak dituzten polisakaridoak dira.

Peptidoglikanoak

Oligopeptidoz elkarturiko hexosamina eta azukre azidoek osatutako katea linealez daude osatuak. Bakterioen horma zelularretan aurki daitezke, eta hidrolisatzeko lisozima entzimak erabiltzen dira. Entzima hauek listuan eta malkoetan dauzkagu, besteak beste.

Glikoproteinak

Zelularen seinalea emateko balio duten molekula hauetan bi lotura azpimarratu behar dira, lotzen zaion aminoazidoaren arabera aldatzen dena: n-glikosidikoa eta o-glikosidikoa.


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]