Skateboarding

Wikipedia, Entziklopedia askea
Skateboarding.

Skateboarding skateboard deritzon ohol gurpildun baten gainean ibiltzeko eta akrobaziak egiteko jolas eta kirola da. Oholaren gainean ibiltzeko azalera inklinatu batean maldan behera joan nahiz azalera lau batean hanka batez bultzatu egiten da. Sorreran, surf mundukoak eta underground kulturakoak ziren skateboardingean aritzen zirenak; baina gaur egun edozein arlotakoak dira[1].

Skateboarding kirolaren praktikan hiru modalitate bereiz daitezke: skateboarding bertikala, U itxurako skate parke eta antzekoetan burutzen dena, kaleko skateboardinga, kaleak zeharkatu eta horietan aurki daitezkeen oztopoak gainditzea helburua duena, eta freestyle edo estilo askeko modalitatea, skateboard gaineko akrobaziak (ollie izeneko jauzia, esaterako) eta antzekoak nabarmentzen dituena.

Kirol hau garrantzia irabaziz joan da, eta 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan lehenengo aldiz kirol olinpikoa izan da[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espaloiko surfa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Skateboardinga, gaur egun existitzen den bezala, 1940ko hamarkadaren amaieran edo 1950eko hamarkadaren hasieran jaio zen Kalifornian. Bertako surflariak itsasoan olaturik ez zegoenean ez aspertzeko hasi ziren skateboardinga praktikatzen. Horren ondorioz espaloiko surfa izenez ezagutzera eman zen sorreran. Surfak indarra hartu ahala espaloiko surf berri honek ere indarra hartu zuen, kirol ezaguna bihurtu arte. Inork ez daki nork egin zuen lehen taula; antza denez, hainbat pertsonak antzeko ideiak zituzten aldi berean eta ideia guztiek egurrez egindako ohol bati lotutako lau gurpil zeuzkaten komunean. Lehendabizi fabrikatutako patineteak Los Angelesko (Kalifornia) surf denda batek eskatu zituen, dendaren jabeak, Bill Richardek, akordio bat egin zuen Chicago Roller Skate konpainiarekin patinatzeko gurpilak sortzeko, zurezko ohol karratuekin lotzen zituztenak. Hasierako patinatzaileek surfaren estiloa eta akrobaziak berdindu nahi izaten zituzten eta oinutsik egiten zuten[3][4].

1960ko hamarkadan skateboard oholak modu industrialean eraikitzen zituzten lehenengo enpresak sortu ziren. Jack's, Kips', Hobie, Bing's eta Makaha ziren enpresa famatuenak. Hauek surf estiloko ohol txikiak egiten zituzten bertan lau gurpil lotuta. Bere produktua sustatzeko Larry Stevensonek, Makaha enpresaren zuzendariak, erakustaldiak antolatu zituen produktua saldu ahal izateko. Lehenengo erakustaldietako bat 1963an egin zer Hermosa Beach Kaliforniako udalerrian. 1964an Stan Richards kazetariak aurkeztutako Surf's Up telesailean agerraldia egin zuen kirol honek, eta hori skateboardak telebistan egindako lehen agerraldia izan zen[5][6].

Ekintza horiek skateboarding kirolaren ospea asko handitu zuten. Arrakasta harekin jarraituz, 1964. urtean plazaratu zen The Quarterly Skateboarder aldizkaria, skateboardingari buruzko lehenengo aldizkaria. Jhon Severson aldizkariaren nagusiak honako hau idatzi zuen lehenengo zenbakian[7]:

« Gaurko skaterrak kirol honen sortzaileak dira, aitzindariak dira, lehenak dira. Ez dago istoriorik Skateboardingean, zugatik egiten ari da orain. Kirol hau moldatzen ari da, eta uste dugu orain zuzen jokatzeak etorkizun bikaina ekarriko diola kirolari. Zeruertzean ekaitz-hodeiak daude kirolaren aurkariak debekuaz eta murrizketaz hitz egiten ari dira eta. »

Lehen lehiaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregistratuta dagoen lehen lehiaketa 1965. urtean egin zen Kalifornian, konkretuki Anaheim hirian. Kirol hau guztiz berria zenez, soilik bi diziplina desberdinetan lehiatzeko aukera zegoen: estilo librea lautadan (lautada batean denbora jakin batean skateboard taularekin akrobazia desberdinak egitean datza), eta eslalom jaitsiera (aldapa behera erlojuaren kontra egindako lasterketa).

Garai honetan skateboard atleta askok ospea lortu zuten, hala nola, Danny Bearer, Torger Johnson, Bruce Logan, Bill and Mark Richards, Woody Woodward, eta Jim Fitzpatrick-ek. Guzti hauek skateboard gainean surf estiloa imitatzen zuten, espaloian ibili aurretik surfean ibiliak zirelako. Famatuenetariko bat Patti McGee izan zen. Skateboard gainean ibiltzeagatik soldata bat jasotzen zuen lehenetariko atleta izan zen, Hobie eta Vita Pak enpresekin babesletza akordio batera heldu ondoren. Bere lan nagusia estatu batuetako hiri desberdinetan skateboard erakustaldiak egitea zen. Hain zen handia bere ospea non 1965. urtean Life aldizkariaren portadan agertu zen[8][9].

Hazkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pagola skate parkea, Donostian.

Kirol honen hazkundea alderdi ekonomikotik ere ikus daiteke: 1963-1965 urteetan Makaha enpresak garai hartan dirutza ziren 4 milioi dolarreko irabaziak izan zituen, soilik skateboard praktikatzeko taulak salduz. 1966. urtetik aurrera gizarteko zenbait alderdik skateboardingaren kontrako kanpaina bat hasi zuten osasunerako arriskutsua zela esanez. Horren ondorioz, kirolak indarra galdu zuen eta desagertzeko arriskuan egon zen 70. hamarkadara arte[10].

1970eko hamarkadaren hasieran, Frank Nasworthy poliuretanoz egindako skateboard gurpil bat garatzen hasi zen bere Cadillac Wheels enpresan[11]. Material berri horren aurretik, monopatinen gurpilak metalezkoak edo buztinezkoak ziren. Trakzioaren eta errendimenduaren hobekuntza hain handia zen 1972an gurpila sortu zenetik, ezen skateboarden ospea berehala handitzen hasi zela. Horrek enpresek produktu hauen garapenean gehiago inbertitzea eragin zuen.

1975ean skateboardingak ospea berreskuratu zuen, eta 1960ko hamarkadatik egindako monopatin lehiaketarik handienetako bat antolatu zen, Del Marreko Txapelketa Nazionala, 500 lehiakide izatera iritsi omen zena. Txapelketak bi egun iraun zuen eta Bahne Skateboards eta Cadillac Wheelsek enpresen babesa zuen. Laster Kalifornia osoan zehar skateboarding lehiaketak egiten hasi ziren. Sarien bidez maila profesionaleko sistema erabili zen, hala nola, Skateboarding California Free Former munduko txapelketa profesionalak eta estilo libreko eta slalomeko lehiaketak[12].

1976ko martxoan ireki ziren tamaina handiko lehen bi skate parkeak: Skateboard City skate parkea, Port Orangen (Florida), eta Skatepark Carlsbad, San Diego konderrian (Kalifornia)[13]. Skate parkeak skateboard kirolean aritzeko bereziki eraikitako guneak dira, akrobazia mota desberdin asko egitea ahalbidetzen dutenak. 1982ra arte tamaina handiko 200 inguru skate parke eraiki ziren.

Estilo libreko skateboardak osasun ona izaten jarraitu zuen 1980ko hamarkadan, Rodney Mullen eta beste batzuk aitzindari izanik, kaleko skateboard modernoaren oinarri bihurtuko ziren oinarrizko akrobazia asko asmatu baitzituzten, hala nola, "impossible" eta "kickflip". Estilo libreak kaleko skateboardean eragin nabaria izan zuen 80ko hamarkadaren erdialdean. Skateboardingeko "generoen" bat-egite horrek sortutako tentsioei erantzunez, 1980ko hamarkadaren amaieran bilakaera azkarra gertatu zen kaleko patinatzaileari lekua egiteko. Une horretan patinatzaileentzako skate parke gutxi zeudenez, kaleko patinatzaileak merkataritza-guneak eta jabetza publiko eta pribatuak bilatzera bultzatu zituen bere kirola praktikatzeko gune gisa. Enpresek, gobernuek eta jabeek debekatu egin zuten beren eremu publiko zein pribatuetan skateboard egitea, eta kaleko skateboardaren arrakasta murriztu zen[14][15].

Sancheski skateboard edo monopatina.

2001ean, monopatinak hainbesteko ospea lortu zuen, 18 urtetik beherako estatubatuar gehiago (10,6 milioi) zirela skateboardinga praktikatzen zutenak beisbolean jokatzen zutenak baino (8,2 milioi), nahiz eta talde-kirol tradizionalak nagusi izan gazteen programetan, oro har[16]. Era berean, monopatinak parte-hartzaileei muskuluak, hezurrak eta oreka indartzeko aukera ematen zizkien, baita gazteen osasun mentala hobetzeko aukera ere, elkarrekiko errespetua, sare sozialen sorrera, adierazpen artistikoa eta ingurumenaren balioespena irakasten baitzizkien[17][18]. Hiri asko planak ezartzen hasi ziren lur publikoak erabilgarriagoak izan zitezen, bereziki, skateboardingerako, eta patinatzaileak hiriko kaleetatik atera eta skate parkeetara joatera gonbidatu zituzten[19][20][21].

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, Sancheski marka izan zen skateboardinga zabaltzen aitzindari 1960ko hamarkadaren bukaeran, hainbat hiritan skateboarding erakustaldiak antolatuz eta Irunen ekoiztutako oholak merkaturatuz. Eskiak egiten zituen Irungo enpresa hark Sánchez-Sky batura zuen bere izenean.

1970eko hamarkadan Euskal Herrian sortu ziren beste modelo batzuk Zutik Nai izenekoak, Skider, Amaya eta Eibarko GAC enpresak egindako Moby Board direlakoak izan ziren[22]. Monopatin esaten zitzaien gailu hauei XX. mendean Hego Euskal Herrian.

Skaterboardingeko akrobaziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Skaterboardingeko akrobaziak hainbat kategoriatan banatzen dira:

Ollie[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akrobazia oinarrizkoena da, honetatik ia beste akrobazia guztiak jaiotzen dira, gaur eguneko akrobazia guztien ama baita. Eskurik gabe taularekin salto egitean datza. Hau egiteko jarraitu behar diren pausoak:

  1. Oin bat taularen lehenengo lau torlojuen atzean jartzen da eta bestea atzeko puntan edo tailean.
  2. Jauzi egiteko abiada hartzen da, eta tailari kolpe siku bat ematen zaio, pop deritzona. Jauzi bat egin eta aurreko oina aurreko torlojuetara mugitzen da, oina taularen gainean irristatuz, ohola berdinduta gera dadin. Horrela, aurrealdeko eta atzealdeko gurpilekin aldi berean jauzi egiten da.
  3. Airean, hankak igotzen dira, belaunak flexionatuz, altuera handiago bat lortu nahi bada.
  4. Lurreratzerakoan belaunak flexionatu behar dira kolpea leuntzeko. Saiatu behar da taula horizontalki eror dadin eta inpaktua gutxitzen.

Nollie[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akrobazia hau olliearen antzekoa da, baina pixka bat zailagoa. Ohola altxatu behar da, baina nosea (aurreko aldea) aurreko oinarekin zapalduz. Adibidez: erregularra bazara (hau da, ezkerreko oina aurrean eramaten baduzu), ezkerreko oina nosean jartzen duzu eta eskuinekoa irristatzeko erabiltzen duzu. Goofy baldin bazara (eskuineko oina aurrean), gauza bera egiten da, baina alderantziz.

Zoru akrobaziak, flatground edo flip tricks[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kava Vasques, varial flip akrobazia egiten.

Zoru akrobaziak, flatground edo flip tricks, hala nola flip edo varial flip, gaur egun gehien praktikatzen direnak dira. Gainazal lau batean gainean egiten dira eta leku askorik ez dute behar. Horien artean daude pogoa, railstanda edo streeta. Zoru akrobazia oinarrizko hainbat akrobaziatan datza, eta aldaerak eta konbinazioak ditu:

  • Ollie: aurretik azaldu den bezala, eskurik gabeko aireko akrobazia bat da. Alan "Ollie" Gelfandek asmatu zuen 1978an.
  • Shove-it: bi aldaera ditu, shove-it eta pop shove-it. Lehenengoan, taula 180 gradutan biratzen da, lurrean irristatuz eta bere gainean eroriz. Bigarrenean, taula lurretik altxatu eta 180 graduko bira berdina egiten da.
  • Frontside edo frontside 180: 180 graduko bira eginez jauzi bat egitean datza, atzera biratuz, zure gorputzaren aurrealdea ikusteko moduan (jendea aurrez aurre duzula).
  • Backside edo backside 180: frontsidearen berdina da, baina bizkarra emanez (jendea aurrez aurre duzula).
  • Kickflip: ardatz longitudinalean zehar 360 graduko biraketa egiten du skate-ak, jauzi bat egin eta skate-a airean dagoela.
  • Heelflip: kickfliparen gauza bera da, baina bira kontrako zentzuan emanez (hatzen alderantz).
  • Varial flip edo heel flip: aurreko biraketei taularen 180 graduko bira eransten zaie.
  • 360 flip: 360 graduko shove-it batekin konbinatutako kickflip bira ematean datza.
  • 540 flip: 540 shove-it bati kickflip bat sartzean datza.
  • Caballerial: fakie (atzeraka dabilen skater-a) moduan joan eta 360 graduko backside bat egitean datza.
  • Flip 540: flip 360 bat egitean datza, 180° gehituz (horregatik deitzen da 540, taulak 540° biratzen duelako).

Lip, stall edo parpaila akrobaziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrapalen ertzetan egindakoak dira. Lip, stall edo parpailako akrobaziak quarter pipe, half pipe, igerileku edo bowl baten ertzean jartzean oinarritzen diren akrobaziak dira.

Julio Pineda, Ollie eta Bowl batera egiten, Owl´s Head Skate parkean.

Adibidez, nosestalla dago, taularen nosea sartu eta posizio horretan orekari eustean datzana. Footplanta honetan datza: quarterpipe/bowl ertzean gelditzea, bonelessa bezala, hau da, quarterpipe edo bowlaren ertzean oin bakarrarekin gelditzea, bestea zure atzean dagoen taulan dagoen bitartean. Lipsliden beste aldaera batzuk handplantak eta invertak dira, hala nola, esku bakar batean gelditzea, oinak taulan erabat buruz buru dituzula den inverta.

Skate street akrobaziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira kaleko skater batek egin ohi dituen akrobaziak. Hona hemen fliparen oinarrizko akrobaziak:

  • 50-50 edo fifty-fifty: ardatzak (truckak) ertz baten gainetik igarotzen diren akrobaziak dira (baranda bat, oinarri bat, ertz metaliko bat, etab), hala nola boardslide, lipslide, noseslide, tailslide, feeblegrind, nosegrind, eta abar.
  • Lipa: copingetan egindakoak dira, hau da, half-pipen ertz metalikoetan. Akrobazia horietan copingaren gaineko oreka ahalik eta gehien mantentzen saiatzen dira, jarrera jakin batean.
  • Grab: airean egiten diren akrobaziak dira. Horietan, ohola eskuarekin hartzen da, eltzen den lekuaren eta eramaten den jarreraren arabera.
  • Flip edo kickflip: taula 360 gradutan biratzean datza, skatearen ardatzean zehar, oinen orpoaren norabidean (atzerantz).
  • Heelflip: kickflip baten gauza bera da, baina kontrako noranzkoan biratzen du (hatzen norabidean) eta orpoa taulako ahurrerantz irristatuz exekutatzen da. Kickflipa baino zailagoa izaten da.
  • Flip 180: akrobazia hau kickflip bat egitean datza, eta, aldi berean, gorputzaren 180 graduko bira egiten da eta norabide berdinean taula biratu egiten da. 180 frontside eta 180 backside flipak daude, eta bakoitzak bere teknika eta zailtasun-maila du.
  • 360 flip: 360 shove-it bat egin behar da, kickflip batekin elkartuz.
  • Pop shove-it: oso akrobazia erraza da. Taula 180 gradu aurrera biratzean datza. Gradu gehiago badira, 360 pop shove-it izena jasoko du.
  • FS pop shove-it: 180 graduko taula pop shove-it atzeraka biratzean datza.
  • Impossible: egiteko akrobazia oso konplexua da. Olliea egitean datza, eta atzeko oinarekin buelta bat ematea ohola oinaren inguruan arrastaka eramanez, eta berriro lurrera haren gainean erortzea, ohola kanporantz pixka bat okertuta dagoen itzulipurdi bat bezala egin ondoren. Rodney Mullenek sortua.
  • Bigspin: 360 pop shove it eta 180 spin arteko nahasketa da.
  • Frontside 180: taula 180 gradu atzera biratzean datza, eta mugimendua pertsonaren mugimenduarekin batera egin behar da.
  • 180 backside: taula 180 gradu aurrera biratzean datza, eta mugimendua pertsonaren mugimenduarekin batera egin behar da.
  • Lasser flip: akrobazia hau 360 pop shove-it baten eta heelflip baten konbinazioan datza. 360 fliparen antza du, baina hau atzeranzkoa da.
  • HalfCab: “Fakie” eran joan eta 180 ollie backsidera biratzean datza(Half Caballerial).
  • FullCab edo Caballerial: “Fakie” eran joan eta 360 ollie backsidera biratzean datza.

Flip akrobaziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heelflip akrobazia.

Hainbat flip akrobazia daude, ohola biratzea lortzen duten akrobaziak:

  • Kickflipa: taula 360 gradutan skatearen ardatzean zehar airean biratzean datza, orporantz edo oineko hatz txikirantz (atzerantz). Horretarako, salto egin behar da oina taulan zehar diagonalean irristatzen den aldi berean.
  • 360 flip, tre flip edo 3 flip: 360 pop shove-it eta kickflip baten nahasketa da.
  • Laser flip: 360 frontside pop shove-it bat egitean datza, heelflip batekin konbinatuta. 360 fliparen kontrakoa da.
  • Heelflip: kickflip baten berdina da, baina kontrako noranzkoan biratzen du (hatzen norabidean), eta orpoa taularen ahurrerantz irristatuz exekutatzen da.
  • 180 ollie: bi akrobaziatan banatzen da. 180 backsidea eta 180 frontsidea. Frontsidean, 180 bira zure bizkarrerantz aurreko sorbaldarekin (ezkerrekoa erregularra eta eskuinekoa goofyak) egin behar da, eta 180 backsidean, kontrako noranzkoan.
  • Shove-it edo pop shove-it: bi akrobaziatan banatzen da hau ere: backside shove-it eta frontside shove-it. Frontside shove-itaren kasuan, taulak 180 frontsidean bezala biratzen du, baina gorputza estatiko geratzen da, eta alderantziz gertatzen da backside shove-itean.
  • Varial kickflip: backside shove-ita kickflip batekin elkartzen duen akrobazia da.
  • Varial heelflip: frontside shove-it baten eta heelflip baten arteko konbinazioa da, zailtasun maila altu samarra duen akrobazia.
  • Body varial kickflip: backside shove-it eta kickflipa elkartzean datza, baina gorputza 180 gradu biratu behar da lurra ukitu aurretik. Varial heelflip akrobazia bezala, hau ere konplikatua da.
  • Pisu akrobaziak, flatground edo flip tricks, hala nola flip edo varial flipa, gaur egun gehien praktikatzen direnak dira. Azalera lau baten gainean egiten diren eta leku askorik behar ez duten akrobaziak dira, hala nola pogo, railstand edo street. Oinarrizko zazpi akrobazia dira, eta hauen aldaerak eta konbinazioak egiten dituzte.
Boardslide akrobazia.

Grind akrobaziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grind-akrobaziak, funtsean, oholarekin salto egitean eta espaloi, baranda edo barandadun zintarri, ertz bati lotutako hodi horizontala, baten gainera igotzean dautza, gainazalaren ertzaren gainean irristatuz, orekari eutsiz eta erortzea saihestuz. Hauek dira:

  • 50-50: errailean ardatzekin edo truckekin joatean.
  • 5-0: 50-50en antzekoa, baina manual (atzeko bi gurpiletan bakarrik mantentzea) bat egiten da errailean.
  • Nosegrind: 5-0 baten kontrakoa. Manual nose bat egiten da, hau da, bakarrik aurreko bi gurpiletan mantentzen da.
  • Tail slide: taila (taularen atzeko zati irtena) errailean irristatzean datza.
  • Boardslide: taulako ardatzen arteko zatia errailetik irristatzen denean.
  • Casper slide: boardslide berdina da, baina oholaren goiko partearekin egiten da hau (lixarekin).

Manual akrobaziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat mota daude: manual, nosemanual, one-foot manual, one-foot nosemanual, one-wheel manual, left manual, right manual, penguin manual, handstand manual… besteak beste.

Manual akrobaziak bi gurpilekin orekari eustean datza, bai aurreko gurpilekin (nosemanual), bai atzeko gurpilekin (manual); skatearen akrobazia oinarrizkoa da. One-wheel manuala gurpil bakar batean oreka mantentzean datza (aurreko zein atzeko gurpiletan); one-foot manualean (manual edo nosemanual izan daiteke), ohol gainean bermaturik oin bakarra dago.

Old school akrobaziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Old school akrobaziak antzinako skateekin egiten zirenak dira, nahiz eta oraindik ere badagoen hori praktikatzen duen jendea. Hemen adibide batzuk: pogo, railstand, casper, anti-casper, handstand eta abar.

Eskuek parte hartzen duten akrobaziak dira, antzinako skate-an ez baitzegoen oinak bakarrik erabiltzen zituen akrobaziarik. Gaur egungoen oso antzekoak dira, baina eskuekin lagunduz, sinpleagoak ziren.

  • Boneless: akrobazia sinple bat da. Ohola eskuarekin hartzen da eta, aldi berean, aurreko oina jaisten da, hori lurrean bermatuta dagoela jauzi bat eginez. Airean egonda, berriro igotzen da oina oholera eta bi oinak taularen gainean daudela erori behar da lurrera. Akrobazia hauek ez dira asko ikusten gaur egun.

Grab akrobaziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nose grab akrobazia Bowl batean.

Grab akrobaziak dira ohola airean heldu edo eusten dutenak, half pipetik edo beste arrapala batzuetatik aterata edo ollie bat eginez.

Hauek dira nagusienak:

  • Frontside grab: taula aurrean duzun aldetik hartzea da.
  • Backside grab: atzeko aldetik hartzen da taula.
  • Nose grab: taula nose aldetik aurrean duzun eskuarekin hartu behar duzu.
  • Tail grab: taula tail aldetik atzean duzun eskuarekin hartzean datza.
  • Double grab: bi aldaera dira, batean frontside grab eta backside grab elkarrekin egin behar dira, eta bigarrenean nose grab eta tail grab aldi berean egin behar dira.
  • Mute grab: taularen aurretik skater-aren atzean geratzen den zatia hartzea da.
  • Stale grab: taularen atzeko aldetik skater-aren aurrean geratzen den zatia hartzean datza.

Skateboarding estiloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kava Vasques Freestyle-a egiten.

Skateboard motaren eta lurraren arabera, hainbat estilo bereiz daitezke skateboarding egiten denean. Honako hauek dira nagusiak:

  • Freestyle: skate estilorik zaharrena da. Skateboard edo akrobazia teknikoak nabarmentzen dira zoru lauan. Koreografia eta musika on bat ere beharko dira freestyle errutina profesional bat egiteko. Musikak sortzaileagoa izaten laguntzen du praktikatzen ari den bitartean. Estilo honetan, akrobazietan zentratzen dira, tartean oztoporik jarri gabe.
  • Slalom: estilo honetan, dena kono-ibilbide bat jarraitzean oinarritzen da, eta horiek ukitu gabe bidea igarotzean. Kono bat jotzen den bakoitzean, denbora kentzen zaio erlojuari eta puntuazio txarragoa lortzen da.
  • Jaitsiera (downhill): abiadura handiko jaitsiera-tarteak egitea da kontua hemen. Skateboarding modu aurreratu bat da, eta edozein erorketa leuntzen lagunduko duten babesak erabili behar dira; erorketak nahiko zalapartatsuak izan daitezke estilo-mota honetan hartzen den abiaduragatik (125 km/h-ko abiadura har daiteke eta skatearen erabateko kontrola izan behar da).
  • Bertikala: skate-a horma bertikaletan muntatzeko ekintza da. Kasu gehienetan, patinetako arrapaletan edo beste inklinazio batean muntatu beharko da skate-a. Skate-txapelketetan, horma bertikal handiak egon ohi dira eta skaterrek akrobaziak egiteko erabiltzen dira.
  • Kalekoa (street skateboard): kaleko skate-a leku publikoetan askotan egiten diren trantsizioetan eta akrobazietan oinarritzen da. Kaleko skater bat izateko, kontuan izan, batez ere, plazetan, industrialdeetan eta hiriko kaleetan patinatu behar dela. Baita parkeko eserlekuetatik, eskudeletatik, barandetatik, eskaileretatik, kuboetatik eta abarretatik ere.
  • Parkekoa: skateboarding park ere esaten zaio. Askotan skate-an ibiltzen direnek kirol horretarako berariaz diseinatutako parkeetan akrobaziak egitean sortutako hainbat azpi-estilo biltzen ditu. Instalazioak egokiak dira akrobaziak erraz egiteko eta oztopoak dituzte, hala nola, errailak eta eskailerak.
  • Igerilekuan (pool skateboard): izenak adierazten duen bezala, skate-a igerileku batean edo azalera esferikoetan egiten denean ematen zaio izen hori.
  • Hirikoak (cruising skateboard): cruisinga skateboardinga ahalik eta azkarren joatea ahalbidetzen duen skateboard batekin praktikatzen da. Skate-parkeetan, hiri-eremuetan eta, oro har, arrapaletan ahalik eta azkarren ibili ahal izatea da helburua, gainazalik ukitu gabe edo gelditu gabe ibiltzen saiatuz. Skateboarda garraiobide gisa erabiltzea da kontua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «La curiosa historia del skateboarding» culturizando.com | Alimenta tu Mente 2019-07-14 (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  2. (Gaztelaniaz) BARCELONA, EL PERIÓDICO /. (2016-08-04). «Nuevos deportes olímpicos: béisbol, softbol, kárate, escalada, surf y skateboard» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  3. Marcus, Ben. (2011). The skateboard : the good, the rad, and the gnarly : an illustrated history. MVP Books ISBN 978-0-7603-3805-6. PMC 710897927. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  4. Borden, Iain. (2019). Skateboarding and the city : a complete history. (Second edition. argitaraldia) ISBN 978-1-4742-0842-0. PMC 1236154181. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  5. (Ingelesez) Rompella, Natalie. (2007). Famous Firsts: The Trendsetters, Groundbreakers & Risk-takers who Got America Moving!. Lobster Press ISBN 978-1-897073-55-1. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  6. (Ingelesez) The Skateboarder's Journal - Lives on Board. Jack Smith 2009 ISBN 978-0-557-10085-9. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  7. «I Skate, Therefore I Am: Five writers that changed the way we read skateboarding magazines» blog.istia.tv (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  8. «Skateboarding in New York City, 1965 | Skateboarding: Photos From the Early Days of the Sport and the Pastime | LIFE.com» web.archive.org 2013-01-12 (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  9. PATTI McGEE Skateboard Champion Tv 1965. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  10. «I Skate, Therefore I Am: Jim Fitzpatrick interview, Part II: 1957 to 1969. The first wave of skateboarding» blog.istia.tv (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  11. (Ingelesez) «Skateboarding: From Wooden Box Boards to Commercial Mainstream» LiveAbout (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  12. «I Skate, Therefore I Am: Happy Birthday Ellen Oneal» blog.istia.tv (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  13. (Ingelesez) Doeden, Matt. (2002). Skateparks: Grab Your Skateboard. Capstone ISBN 978-0-7368-6178-6. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  14. [https://periodicos.franca.unesp.br/index.php/historiaecultura/article/download/734/717 TRANSFIGURED CITY TO TRANSFORMED CITY: YOUTH CULTURES AND SKATEBOARD PRACTICE (1970/1980). ].
  15. «The Poetics of Security: Skateboarding, Urban Design, and the New Public Space|1» web.archive.org 2012-07-24 (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  16. «OC Family - Action Sports competition teamwork maturation growth» web.archive.org 2012-11-02 (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  17. (Ingelesez) Leicht, Laurel. «How P.E. Benefits Kids -- and Why Parents Should Care» WebMD (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  18. «Harvard Education Publishing Group» www.hepg.org (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  19. «Why Skateparks? - Wheelscape» www.wheelscape.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  20. «It's All in the Swoop - TIME» web.archive.org 2012-11-06 (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  21. Wixon, Ben. (2009). Skateboarding : instruction, programming, and park design. Champaign, IL : Human Kinetics ISBN 978-0-7360-7426-1. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  22. Amatiño. «Euskal skateboardak 50 urte — Eibar.ORG | Eibarko peoria» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2018-09-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]