Subjektu (gramatika)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sintaxian, subjektua aditzaren ekintza nork egiten duen edo noren inguruan gertatzen den adierazten duen elementua da. Subjektua ez da beti ageri, batzuetan elipsian dago eta aditzak erakusten du; adibidez, «Hortik dator» esaldian, subjektua ez da agertzen, baina aditzak (d- markarekin) erakusten du norbait (ezagutzen dugun edo ikusten dugun pertsona bat) edo zerbait (adibidez, hurbiltzen ari zaigun ibilgailua) datorrela.

Euskaraz, subjektuak bi kasu izan ditzake: nominatiboa ('nor' den edo 'zer' gertatzen den) eta ergatiboa ('nork' egiten duen). Bigarrenean, ergatibo-marka dakar (-k).

Subjektua egitura ergatiboan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara hizkuntza ergatiboa dela azpimarratzen dute gramatika guztiek. Eta horren froga gisa, ondoko adibideak bezalakoak erabiltzen dira[1]:

« Mirenek Jon ikusi du.
Jon berandu etorri da.
»


Bi adibide horietan ageri da Jon izen sintagma: lehen perpausean objektu zuzena da, eta bigarrenean, subjektua. Harrigarria gertatzen da hori, morfologiaz aberatsa den euskara bezalako hizkuntza batean, postposizioak erabiltzen baititugu kasuak markatzeko. Baina adibide horietan, Jon izen sintagmak bi funtzio sintaktiko aski desberdin izanik ere (objektua eta subjektua) inolako markarik gabe ageri da. Areago, beste perpaus batzuetan, subjektua izanik, marka berezi bat hartzen du. Konparatu hurrengo adibide hauek:

« Jon berandu etorri da.
Jonek kilo bat sagar erosi du.
»


Kasuak, ikusten denez, ez datoz bat funtzio sintaktikoekin. Fenomeno hori ez dator bat inguruko hizkuntzekin, ingelesez edo frantsesez, esaterako, kasuak eta funtzio sintaktikoak elkarrekin loturik baitaude. Eta azalpen hau eman izan da euskararen kontua azaltzeko orduan:

  • Absolutibo kasua, nor deitzen duguna perpaus iragangaitzetan (izan laguntzailea darabiltenak: da, zen, zitzaion, dakion..) subjektua dena, eta, iragankorretan, objektua.
  • Ergatibo kasua (nork), perpaus iragankorren (*edun laguntzailea dutenak: du, zuen, zigun, balizkio...) subjektua dena.

Beraz, bi asimetria gertatzen dira hor:

  • Batetik, subjektuek bi kasu marka hartzen dituzte, perpausa iragangaitza ala iragankorria izatearen arabera: -∅ edo -k.
  • Bestetik, kasu marka bera duen sintagma (-∅) subjektua nahiz objektua izan daiteke, perpaus motaren arabera.

Horregatik esaten da euskara hizkuntza ergatiboa dela, asimetria horiek bidea irekitzen diotelako ergatibo kasuari, inguruko hizkuntzetan gertatzen ez dena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskara Institutua. [www.ehu.eus/seg «Egitura ergatiboa»] Sareko Euskal Gramatika (SEG) (EHU) ISBN 978-84-693-9891-3..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]