Trobadore

Wikipedia, Entziklopedia askea
Perdigon izeneko trobadorea.

Trobadore edo trobalariak Erdi Aro Klasikoko olerkariak ziren, Proventzako okzitanieran idazten zuena, gorteetan aritzen zena. Trobadoreek eragin handia izan zuten Erdi Aroko olerkigintzan. Estimatuak ziren gorteetan eta hitz egiteko askatasun handia izaten zuten, baita noizean behin politika auzietan parte hartzeko ere. Baina haien lorpenik handiena, gorteko damen artean sortu zuten kultura eta denbora-pasa zaletasuna izan zen. Trobadoreen olerkigintzak garrantzi handiko eskola sortu zuen, eta eragina izan zuen geroko europar olerkigintza lirikoan. Trobadoreen lanak chansonniers (kantu liburuak) izenekoetan gordetzen dira. Gehien erabili zituzten bertso motak cansó, balada, pastorela, débat eta alba izan ziren, maitasunezko kantu labur hunkigarriak, gehienak. Batzuetan, kantuetako doinuak trobadoreek egiten zituzten, baina gehienetan egile anonimoak izaten ziren, eta zenbaitetan, musika latinezko doinu sakratuetan, eta frantses eta alemaniar kantuetan oinarritzen zen. Trobadore nagusiak izan ziren Gilen IX.a Akitaniakoa dukea, Jaufré Rudel, Marcabru, Cercamon, Bernard Marti, Bernard de Ventadour, Raimbaut d’Aurenja, Die-ko kondesa, Arnaud Daniel, Peire Vidal eta Sordel, besteak beste.

Okzitanian hasi baina eskola Italia, Iberiar penintsula eta baita Greziaraino ere hedatu zen. Baziren antzeko mugimenduak ere, hala nola Alemaniako Minnesang edo Galizia eta Portugalgo trovadorismo. Dante Alighierik De vulgari eloquentia bere liburuan bere lana fictio rethorica musicaque poita (fikzio erretorika, musikal eta poetikoa) zela esan zuen. XIII. mendean une gorenean izan ondoren, hurrengo mendean epeka-epeka desagertuz joan ziren trobadoreak, Izurri Beltzaren garaian desagertu arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]