Ubide

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau garraiobideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kanal (argipena)».
Korintoko ubidea, Grezian.
Nafarroako ubidea

Ubidea edo kanala ura eramateko erreten artifiziala da, gizakiak egina[1]. Tutu edo hodiak ez bezala, estali gabe daude. Kanalen portaera hidraulikoaren deskribapena hidraulikaren funtsezko zati bat da, eta haren diseinua ingeniaritza hidraulikoaren arlokoa da, ingeniaritza zibilaren eta nekazaritza-ingeniaritzaren espezialitateetako bat. Kanalak ur gezakoak izaten dira gehienetan, baina Korintoko kanala edo Suezko kanala adibidez, itsasora irteten direnak, gaziak dira. Ubide txiki bati erreten esaten zaio[2].

Oro har, bi motakoak dira:

  • Ura garraiatzekoak: eramandako ura gizakien kontsumorako edo nekazaritzan lurzoruak ureztatzeko erabiltzen dituzte. Horretarako, emari handia izan ohi dute. Sakonunean igarotzean, akueduktu itxura izan dezakete.
  • Bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko ur-bide nabigagarriak: nabigazioa errazteko eginak, kontinente barnekoak eta kontinentea itsasoarekin edo bi itsaso lotzen dituztenak. Horregatik, emari txikikoak dira.

Kasu gehienetan, ingeniaritza-lan hauek dike, esklusa eta konportak (urateak) dituzte, ur maila eta emaria egokitzeko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanalen funtzionamenduaren ezagutza enpirikoa milaka urte ingurukoa da. Antzinako Mesopotamian ureztatze kanalak erabiltzen ziren, Erromatar Inperioan urez hornitzen ziren akueduktu erraldoien gainean eraikitako kanalen bidez eta antzinako Peruko biztanleek oraindik funtzionatzen duten kanalak eraiki zituzten Andeetan. Kanalen ezagutza eta azterketa sistematikoa XVIII. mendekoa da, Antoine de Chézy, Henri Bazin eta beste batzuen eskutik.

Antzinako Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoarrak izan ziren, zalantzarik gabe, Niloko urekin soroak ongarritzeko kanalak erabili zituzten lehenetarikoak, eta, lurrak gorago zeudenean, ura behar adina igotzeko makinak erabiltzen zituzten. Hauetako gehienak Arkimedesek asmatu zituela esaten da Egiptora egin zuen bidaian. Batzuen ustez, Niloren bokale gehienak gizakiek irekitako ubideak izan ziren. Aristotelesek zioen beso kanopikoa bakarrik zela naturala, Herodotok aldiz beso bolbitinoa eta beso bukolikoa soilik artifizialak zirela uste zuen[3].

Sesostris I.a eta bere ondorengoak, Nilo eta Itsaso Gorria komunikatzen saiatu ziren, honen ekintzan, Nekao I.aren erregealdian, 120.000 gizon inguru hil zirelarik. Proiektua, orakulu baten iragarpenagatik utzi zen, ubide horretatik barbaroentzako igarobide bat irekiko ei zela adierazi baitzuen. Geroago, Dario I.ak eraikuntza jarraitu zuen, baina bertan bera utzi zen Itsaso Gorria gorago zegoelakoan eta Egipto osoa urperatuko zenaren beldur.

Mesopotamia eta Antzinako Grezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eufrates eta Tigris, Mesopotamiako ibaia ospetsuak, elkarri lotuta zeuden, Nabukodonosor erregeak egina omen zuen ubide batekin.

Greziar eta erromatarrek, Korintoko istmoa ebakiz ubide bat irekitzea proiektatu zuten, Akaia eta Morea eskualdeak lotzen zituena, Itsaso Jonikotik Artxipelagora igaro ahal izateko. Istmo honek bi legoatik gora baino ez ditu, eta ebakiz gero, Peloponeso penintsula inguruko 160 legoako bira bat aurreztu ahal zien ontziei, gainera lurmutur oso arriskutsu bat saihestu ahal izanik. Periandro tiranoa izan zen proiektu honetan pentsatu zuen lehena K.a. 5-6 urtean. Hiru mende geroago, Demetrio I.a Mazedoniakoak berriz saiatu zen, baina bertan behere utzi. Julio Zesarrek, Gaio Kaligulak, Neronek eta Herodes Atikok ahalegin hau oztopatu edo zapuztu zuten. Hainbesteko zailtasunek, latinzko atsotitz bat sorrarazi zuen: Isthmum fodere[erreferentzia behar]. Korintoko ubidea, azkenean, askoz geroago ireki zen, 1893an, 12 urteko lanen ondoren.

Herodotok dio, Xerxes I.ak, Greziaren aurkako espedizioan, ubide bat irekiarazi zuela (Xerxes ubidea), Athos mendiko penintsula kontinentearekin lotzen zuen istmoa mozteko. Horrela itsas zati bat saihestu ahal izan zuen, urte batzuk lehenago bere ontzidi bat galdu baitzen bertan.

Antzinako Erroma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarren ubide nagusien eraikuntza helburu militarra zuten, batez ere martxak azkartzeko eta gaien garraioa errazteko. Hala ere, ureztatze ubideak ez zituzten alboratu, nekazarientzat baliagarriak baitira. Katonek eta antzinako idazle gehienek, jabetza onentzat hartzen zuten soro ureztagarria (solum irrigatum[erreferentzia behar]). Zizeronek, arrazoi osoz, zelaien ureztatzea hartzen du arrazoi nagusitzat bere ugalkortasunaren, eta bereziki gomendatzen du: acide ductus aquarum, derivationes fluminum, agrorum irrigationes. Vitruviok ubide hauen eraikuntza azaltzen du xehe-xehe.

Txina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txalupak Ubide Handian, Suzhou

Txinatarrak antzinatik arduratu ziren urak bideratzeaz eta banatzeaz. Ubide nagusiek ibai nagusiak eta nekazaritza/populazio guneak lotzen ditu, eta haien historia Yu Handiarekin hasten K.a. XXI. mendean, uholdeak kontrolatzeko nahiarekin. K.a. VII. mendeko Udaberri-Udaken Arotik aurrera, Txinako ubideak armada lekualdatzeko eta hornitzeko erabili ziren, baita lurralde berriak kolonizatzeko ere. Qin dinastiatik (K.a. III. mendea) Qing dinastia arte (XVII-XX. mendeak), ubide-sarea funtsezkoa ere izan zen Inperioko zerga bilketa egiteko.

Txinako ubiderik ospetsuena Jing–Hang Ubide Handia da, munduko ubide edo ibaia artifizial luzeena[4], 1.776 km baititu[5]. Pekinen hasita, Tianjin zeharkatu eta Hebei, Shandong, Jiangsu eta Zhejiang probintzietatik igarotzen da, Hangzhou hiriraino, Ibai Horia eta Yangtze ibaia lotuz. Kanalaren zatirik zaharrenak K.a. V. mendekoak dira. Baina, tarte ezberdinak, lehen aldiz, Sui dinastian konektatu ziren (K.o. 581-618). 1271-1633ko dinastiek ubidea modu esanguratsuan berreraiki zuten eta bere ibilbidea aldatu zuten Pekin hiriburua hornitzeko.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Panamako kanaleko Gatun uhateak.

Ubideen eraikuntzaren arazo nagusietakoa ubidearen ibilguko garaiera aldea saihestu eta ubide osoan zehar ur maila egokia lortzea da; hala, ubideetan ate sistema bereziak izaten dira, ubidearen atal bakoitzean ateak itxi eta irekiz aldiko behar den ur maila lortzen dela. Ubideen eraikuntza Industria Iraultzaren garaian hasi zen garrantzia hartzen, eta burdinbidea eta motor ibilgailuak nagusituz joan ziren heinean beren indarra galdu zuten arren, garraiabide gisa zuten garrantzia gorde dute.

Kanalak hiru modutara edo hiru hauen konbinazio batean eraikitzen dira, eskuragarri diren uraren eta ibilbidearen arabera:

  • Gizakiak egina: Ubide bat sor daiteke erreka edo ibairik ez dagoen lekuan. Ibilgua hondeatuz egiten da, edo alboetan dikeak eraikiz, harria, lurra, hormigoia edo beste eraikuntza-materiala pilatuz. Hondealana amaitzean, ura kanpotik hornitu behar da, adibidez ibaitik edo urtegitik. Ubide berriren ur-maila aldatuz badoa, bestelako ingeniari-lanak egin behar dira, hala nola esklusak, konportak eta igogailuak ontziak igo eta jaisteko. Adibide gisa, goragune bat duten ubideen artean daude Canal du Midi, Briareko ubidea eta Panamako kanala. Bada beste modu bat, hain ohikoa ez dena: ubidea aintzira batean hondeatzea eta gero aintzira drainatzea (lehortzea) ura ubidean bakarrik utziz.
  • Kanalizazioa: Ibai bat kanalizatu daiteke bere ibilbide nabigagarria iragarterrezagoa izateko eta maniobratzeko errazagoa izateko. Kanalizazioak ibaia aldatzen du garraioa seguruago eramateko, emaria kontrolatzeko dragatuz, presatuz eta ibilbidea aldatuz. Horretarako, maiz, esklusak eta isurbideak eraikitzea behartzen du. Horren adibide dira Basse Saône, Canal de Mines de Fer de la Moselle eta Aisne ibaia, bai eta Manzanares ibaia Madrildik igarotzean. Gehienetan, ibarbasoa deuseztu egiten da, zirga-bideak edo kaiak eraikitzeko.
  • Albo-ubidea: Ibai bat kanalizatzea zailegia denean, bigarren ur-bide bat eraiki daiteke lehenari paralelo jarraituz, (edo nahiko hurbil). Honi albo-ubidea deitzen zaio eta jatorrizko ibaiak ur hornidura ziurtatzen du. Adibideak dira Loirako albo-ubidea (Canal latéral à la Loire), Garonako albo-ubidea (Canal latéral à la Garonne), Welland ubidea eta Juliana ubidea.

Ubide ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu mailan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko ubide aipagarrienak Korinto, Kiel, Panama eta Suezkoa dira:

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko tamaina handiko ubide ia guztiak Nafarroako erdialde et hegoaldean daude, orografiak eta nekazaritza sistemak hala ahalbidetzen baitu. Horien artean daude:

Bestelakoak:

Ubideak eta hiriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziako ubide txiki bat (rio).

Kanalak hain daude identifikatuta Veneziarekin, non kanaletako hiri askori "-ko Venezia" ezizena jarri zaien. Hiria bera uharte zingiratsuetan eraikia dago (Veneziako urmaela, Laguna di Venezia) eraikinei eusten dieten zurezko piloteekin eta, beraz, lurra gizakiak egiten du, ubideen ordez. Uharte hauetan aspalditik bizi da jendea, eta XII. mendetik izan zen hiri boteretsu. Ubide ezagunena Ubide Handia da (Canal Grande).

Amsterdam ere antzera eraiki zen, zurezko pilote gaineko eraikinekin. 1300 inguruan bihurtu zen hiri. Amsterdamgo ubide asko gotorlekuen zati bezala eraiki ziren. Gracht izena hartu zuten, etxeak ur ertzean eraiki zirenean.

Ubide sare zabalak dituzten beste hiri batzuk hauek dira: Alkmaar, Amersfoort, Bolsward, Brielle, Delft, Den Bosch, Dordrecht, Enkhuizen, Gouda, Haarlem, Harlingen, Leeuwarden, Leiden, Sneek eta Utrecht Herbehereetan; Brujas eta GanteBelgikan; Birmingham Erresuma Batuan; San Petersburgo Errusian; Bydgoszcz, Gdańsk, Szczecin eta Wrocław Polonian; Aveiro Portugalen; Hamburg eta Berlin Alemanian aeta Lahore Pakistanen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Ubide. .
  2. Erreten sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian.
  3. (Ingelesez) James Talboys Wheeler, The geography of Herodotus, 1854, 363 or.
  4. Hutchinson's Encyclopedia, Encarta[Betiko hautsitako esteka]. 2009-10-31.
  5. Needham, Volume 4, Part 3, 307.
  6. a b (Gaztelaniaz) [Canasa http://www.canasa.es/proyecto/descripcion-canal-de-navarra Canasa] - Nafarroako ubidearen webgune ofiziala
  7. (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2018-10-07). «Bilbao abrirá este lunes el Canal de Deusto y creará una isla en la ría» Cadena SER Euskadi (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]