Xabier Galdeano

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xabier Galdeano

Bizitza
JaiotzaBilbo1934ko ekainaren 15a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaDonibane Lohizune1985eko martxoaren 30a (50 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria
Enplegatzailea(k)Egin

Xabier Galdeano Arana (Bilbo, Bizkaia, 1934ko ekainaren 15a - Donibane Lohitzune, Lapurdi, 1985eko martxoaren 30a) Egin egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria izan zen. GALek hil zuen, tiroz, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, haren etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala.


Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Galdeano Bilbon jaio zen, familia abertzale baten baitan. Txikia zelarik, familia osoa Ipar Euskal Herrian erbesteratuta bizi izan zen tarte luze batean. Bilbora itzulita, ekonomia ikasi eta familiako enpresan hasi zen lanean.

1961ean Maibe Prieto algortarrarekin ezkondu eta bi alaba izan zituzten: Bego eta Carmen. Algortan San Nikolas ikastola sortzen eta bideratzeko lanetan jardun zuen.

Giro hartan, 1968an, poliziatik ihesi zebilen ETAko kide bat hartu zuten etxean. Hark bestelako kontzientzia barneratzeko bidea eman zien. Handik aurrera sasitan zebilen militante askok hartu zuen aterpe Galdeano eta Prietoren etxean.

Egin egunkaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976an Egin egunkariaren proiektua aurkeztu orduk, bertan buru belarri murgildu zen Galdeano.

1977ko irailaren 29an, Egin egunkaria plazaratu eta Galdeano Bizkaiko ordezkari komertziala izendatu zuten. Familiako enpresa utzi eta egunkarian murgildu zen, erabat.

1978ko abenduan, Eginen kontrol ideologikoaren lehia lehertu zen krisialdi ekonomiko larri baten erdian. Langileek grebari ekin zioten, eta larrialdi hartan Galdeano Hernaniko egoitzara eraman zuten. Bertatik antolatu zuten egunkaria altxatzeko behar zuten diru-bilketa. Harekin batera jardun zuen Xabier Irigoien orduko kontseilari ordezkariaren hitzetan, “enpresa bateko buru izatetik Egineko militante bilakatu zen Galdeano” prozesu horretan[1].

Atxiloketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an etxera itzultzean poliziez inguratuta zegoela ikusi eta bere burua atxilo ematea erabaki zuen. Polizia-etxean hamar egun egin ondoren, Basauriko espetxean sartu zuten. Baldintzapeko askatasunean irten eta epaiketan urte beteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAri laguntza ematea leporatuta.

Berriro atxilotu zuten, Maribe emaztearekin batera, Joxe Arregiren omenaldiaren ostean. Xabier biharamunean askatu bazuten ere Maribek hilabete batzuk egin zituen Madrilgo Yeseriaseko espetxean.

Maribe kaleratu eta gutxira, 1982ko urtarrilean, Guardia Zibilak bere etxean atxilotu zuen Xabier. Hiru egun egin zituen Bilboko La Salveko polizia-etxean. Apurtuta irten omen zen handik eta horrela segitu ezinik, Ipar Euskal Herrira joatea erabaki zuten urte bereko udan.

Ihesetik heriotzera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibane Lohizunen Egin Iparraldean antolatzen jardun zuen, bai eta kazetari lanetan ere.

Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan hil zuten, 1985eko martxoaren 30ean. Egun horretan, bezperan Les Pyrénees kafetegiaren kontrako atentatua salatzeko manifestazioan izan zen. Manifestazioaren argazkiak egin ondoren Carmen alabari erdi txantxetan berari argazkia egiteko eskatu zion, “Gogoan zaitugu” jarri behar didatenerako”. Gero, etxera zihoala tiroz hil zuten. Carmen eta Bego alabek etxetik bertatik entzun zituzten tiroak eta irten zirenean, aita odoletan blai aurkitu zuten.

Xabier Galdeanoren hiltzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Galdeanoren hilketa GALek hartu zuen bere gain. Guy Cantavenera, Alain Parmentier, Jacky Pinard eta Bernard Foucher mertzenarioak atxilotu eta 20na urteko espetxe zigorra ezarri zizkieten Frantzian ekintza horrengatik. Cantavenerak deklaratu zuen Eduardo Mari Chica Doudouk kontratatu zituela Marbellan (Espainia). Horrek Carlos Gastón gaizkilearen agindupean ziharduen. Carlos Gaston Ricardo Ruiz Coll poliziaren salatari eta kolaboratzailea zen. Ruiz Coll polizia Jose Amedoren burua izan zen Bilboko komisarian, Malagara joan aurretik [2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. [EUSKADI ETA ASKATASUNA. EUSKAL HERRIA Y LA LIBERTAD entziklopedia. Txalaparta, 1993 - ISBN 84-86597-87-0]
  2. [AMEDO. El Estado contra ETA Melchor Miralles - Ricardo Arques. Plaza&Janes/Cambio16, 1989 - ISBN 84-7863-006-6]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]