Berlingo lorategi zoologikoko geltokia
Berlingo lorategi zoologikoko geltokia (alemanez: Bahnhof Berlin Zoologischer Garten), Berlingo Zoo geltokia izenez ezaguna, Berlingo tren geltoki garrantzitsu bat da. Berlin Stadtbahn-en (hiri trenbidea) parte da. Charlottenburg auzoan dago, Hardenbergplatz-en ondoan, eta gertu dagoen Berlingo lorategi zoologikotik hartzen du izena.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Geltokia 1882ko otsailean inauguratu zen Berlingo aldirietako tren zerbitzuak jasotzeko. 1884tik aurrera, Alemaniako ekialde-mendebalde korridoreko distantzia luzeko espresoak ere bertan gelditzen hasi ziren. 1902an, Berlingo Metroaren U2 linea martxan jarri zen, bere lurrazpiko geltokiarekin. 1920an, Deutsche Reichsbahn Gesellschaft (DRG) estatuko tren-konpainia berriaren sarean sartu zen. 1934tik 1940ra bitartean, erreformak egin zizkioten distantzia luzeko zerbitzuetarako instalazio hobeak izateko.
Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Berlin lau potentzia aliatuen artean banatu zuten: Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna. 1952an Anhalter Bahnhof itxi zutenean (gerran aliatuen bonbardaketek larriki kaltetu zutelako), hiriburuaren mendebaldean distantzia luzeko zerbitzuak eskaintzen zituen tren geltoki bakartzat geratu zen Bahnhof Zoo. Hala, Gerra Hotzaren garaian, Mendebaldeko Berlingo tren-geltoki nagusia bihurtu zen, nahiz eta, paradoxikoki, geltoki hori Ekialdeko Alemaniako Deutsche Reichsbahn (DR) konpainiak erabiltzen zuen. 1990ean. Alemania bateratu ondoren, haren garrantzia eta bidaiari-bolumena nabarmen murriztu ziren, bereziki 2006an Berlingo Geltoki Zentral berria inauguratu ondoren, zeinera distantzia luzeko bere zerbitzu gehienak transferitu baitziren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Alemanez) Berliner Schienenverkehrs-Verband, ed. Fernbahnhof Zoologischer Garten. Berlin: GVE-Verlag.

