Berna
- Artikulu hau Suitzako hiriburuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Berna (argipena)».
Berna Bern Berne Berna Berna | |||
---|---|---|---|
Suitzako udalerria | |||
Administrazioa | |||
Estatu | Suitza | ||
Suitzako kantonamendua | Berna kantonamendua | ||
Administrative region of the canton of Berne | Bernese Mittelland administrative region | ||
Administrative district of the canton of Bern | Bern-Mittelland barruti administratiboa | ||
Alkatea | Alec von Graffenried (mul) | ||
Izen ofiziala | Bern Berne | ||
Jatorrizko izena | Bern Berne Berna Berna | ||
Posta kodea | 3000, 3001, 3003, 3004, 3005, 3006, 3007, 3008, 3010, 3011, 3012, 3013, 3014, 3015, 3018, 3019, 3020, 3024, 3027, 3029 eta 3030 | ||
Udalerri kodea | 0351 | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 46°56′53″N 7°26′51″E / 46.94798°N 7.44743°E | ||
Azalera | 51,62 km² | ||
Altuera | 542 m | ||
Mugakideak | Bremgarten bei Bern, Ittigen, Kirchlindach, Mühleberg, Muri bei Bern, Neuenegg, Ostermundigen, Wohlen bei Bern, Frauenkappelen, Zollikofen eta Köniz | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 134.506 (2022ko abenduaren 31) 134.506 (2022)/(2021)/(2020)/(2019)/(2018)/(2017)/(2016)/(2015)/(2014)/(2013)/(2012)/(2011)/(2010)/(2009)/(2008)/(2007)/(2006)/(2005)/(2004)/(2003)/(2002)/(2001)/(2000)/(1999)/(1998)/(1997)/(1996)/(1995)/(1994)/(1993)/(1992)/(1991)/(1990)/(1989)/(1988)/(1987)/(1986)/(1985)/(1984)/(1983)/(1982)/(1981)/(1970)/(1968)/(1950)/(1930)/(1910)/(1880)/(1850)/(1837)/(1818)/(1798)/(1764)/(1730)/(1700) | ||
Dentsitatea | 2.606 bizt/km² | ||
Informazio gehigarria | |||
Sorrera | 1191 | ||
Telefono aurrizkia | 031 | ||
Ordu eremua | UTC+01:00 eta UTC+02:00 | ||
Hiri senidetuak | Viena, Salzburgo, Vaduz, Benevento, Santo Domingo, New Bern, Bernville, Kiev eta Dnipro | ||
Matrikula | BE | ||
Hizkuntza ofiziala | aleman | ||
bern.ch, bern.ch…, bern.ch… eta bern.ch… |
Berna[1][2] (alemanez: Bern, bɛrn; frantsesez: Berne bɛʁn; italieraz: Berna ˈbɛrna; erretorromanieraz: Berna ˈbɛrnə; Bernako alemanez: Bärn b̥æːrn) Suitzako hiriburu edo hiri federala da. Herrialdeko biztanle gehien dituen laugarren hiria da, Zürich, Geneva eta Basilearen atzetik. Bere metropolitar guneak 349.000 biztanle ditu,[3] 43 udalerrietan banatuta.[4] Halaber, hiria Berna kantonamenduko hiriburua da.
Alemana da hiriko hizkuntza ofiziala, baina bertako Bernako alemana dialektoa da gehien mintzatzen dena; hiritar gehienek biak hitz egiten dituzte. Alemanaz gain, frantsesa eta ingelesa erabiltzen dira neurri txiki batean. 1983an Bernako hirigune historikoa UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatu zuten.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berna hiriaren izena lehenengo aldiz 1208ko abenduaren 1eko dokumentu bateak agertu zen idatzirik. Izenaren jatorria kondaira eta interpretazioetan oinarritzen da.
- Kondairarik ezagunena Justinger-ena da, hiriaren fundatzailearena. Bertoldo V.a Zaringiako dukeak erabaki zuen inguruko basoetan harrapatutako lehen animaliaren izena jarriko ziotela hiriari.[5] Hartz bat izan zen. Hartz (alemanez Bär) eta Berna (alemanez Bern) hitzek ez dute konexio linguistikorik. Gaur egun, hartza Bernako armarrian agertzen da.
- Beste hipotesi nagusiak dio, hiriaren izena zelta hizkuntzako berna hitzetik datorrela.[6]
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berna Erdialdeko mesetan kokatzen da, Berna kantonamenduaren barnean, Suitzako zentrotik mendebaldera eta Alpeetatik 20 kilometrora. Izotz Aroan sortutako glaziarrek Bernako ingurua sortu zuten. Bernako gertueneko mendiak Gurten (958 m) eta Bantiger (947 m) dira. Bernako behategi zaharraren lekua Suitzako koordenatu sistemaren jatorri-puntua da: 46°57′08.66″N 7°26′22.50″E / 46.9524056°N 7.439583°E / 46.9524056; 7.439583.
Hiria hasiera batean Aar ibaiak inguratutako penintsula batean eraiki zuten, baina XIX. mendea hazi zenean, penintsulatik irten eta hiria zabaldu zen. Zubi ugari eraiki ziren Aaar ibaiaren gainean hiria lotzeko.
Bernak, 2009 urtean, 51.62 kilometro koadroko azalera zuen. Eremu horretatik, 9.79 kilometro karratu edo % 19 nekazaritzarako erabiltzen dira, bestalde, 17.33 kilometro koadro edo % 33.6 basoa da. Beste eremu guztiak, 23.25 kilometro koadro edo % 45 errepideak eta eraikinak dira. Azaleraren % 0.3 lur ez-emankorrak dira.
Eraikitako lurren % 3.6 eraikin industrialak dira, % 21.7 etxebizitzak eta % 12.6 garraio azpiegiturak. Energia eta ur azpiegiturek lurren % 1.1 osatzen dute eta % 6 parke eta berdeguneek.
Udalerri mugakideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iparraldean Bremgarten, Kirchlindach, Wohlen eta Zollikofen; ekialdean Ittigen, Muri eta Ostermundigen; hegoaldean Köniz; eta mendebaldean Frauenkappelen, Muhlenberg eta Neuenegg.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bernak klima kontinentala du. Suitzako mesetarekiko eta Alpeekiko gertutasunarengatik, ia Suitza osoko klima nahiko hotza izaten da neguan eta elurteak, ugariak. Hilabete horietan, abendua eta otsaila bitartean bereziki, tenperaturak 0° –z behetik egoten dira ia beti. Udan tenperatura leunak ematen dira eta normalean 20-25° –ko hozberoan geratzen dira, nahiz noizbait 30° arteraino igo daiteken.
Datu klimatikoak (Berna) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 2.2 | 4.6 | 8.5 | 12.6 | 17.2 | 20.6 | 23.5 | 22.7 | 19.4 | 13.7 | 7.1 | 3 | 12.9 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | -1.2 | 0.5 | 3.7 | 7.3 | 11.5 | 14.9 | 17.3 | 16.4 | 13.3 | 8.6 | 3.1 | -0.3 | 7.9 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -3.7 | -2.4 | -0.1 | 3 | 6.9 | 10.1 | 12.1 | 11.7 | 9 | 5.3 | 0.5 | -2.6 | 4.2 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 66 | 58 | 70 | 84 | 108 | 121 | 104 | 113 | 84 | 73 | 81 | 67 | 1028 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 10 | 9.8 | 11.3 | 11.6 | 13.7 | 11.8 | 10 | 10.9 | 8.1 | 8 | 10.1 | 10.2 | 125.5 |
Eguzki orduak | 57 | 86 | 127 | 150 | 174 | 198 | 233 | 209 | 172 | 119 | 65 | 49 | 1638 |
Iturria: MeteoSchweiz [7] |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertoldo V.ak, hiria sortu zuen 1191 urtean Aar ibaiaren ondoan eta Berna izena jarri zion hiriari (ikus artikuluko etimologia atala). Frederiko II.a Erromatar Enperadore Santuak, "Hiri Inperial Aske" izendatu zuen Berna. 1353 urtean Suitzako Konfederazio Zaharrera batu zen, konfederazioko kide nagusi bihurtuz. 1415ean Argovia inbaditu eta konkistatu zuen, eta 1536ean Vaud. Honela, Berna, Alpeetako hiri-estatu handiena bihurtu zen. 1798an Frantziako Iraultzako Gerretan, frantsesek hiria okupatu zuten. 1831 urtean Berna kantonamenduko hiriburu bihurtu zen eta 1848an Suitzako hiriburutza lortu zuen.
Bernan Lehen eta Bigarren Internazionalen hainbat bilera egin ziren, bereziki Lehen Mundu Gerraren garaian; Suitza neutroa izan baitzen gudu hartan.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berna izen bereko kantonamenduaren gune ekonomikoaren zentroa da. Gutxi gorabehera 350.000 biztanle eta 240.000 langile daude bertan, kantonamendu osoko herena. 2007an langabezia-tasa % 3,5 izan zen.
Horretaz gain, Suitzako gune administratiborik handiena da, bertan herrialdeko, kantonamenduko eta udal mailako administrazioak baitaude. Halaber, gobernuaren enpresa nagusiek bertan dute egoitza: posta zerbitzua, trenbideak, atzerriko enbaxadak, etab.
Hirugarren sektoreari dagokionez, herri administrazioa, osasuna eta gizarte zerbitzuak dira Bernan langile gehien dituztenak.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bernako udalerria alderdi administratiboan sei barrutitan (Stadtteile) banatzen da eta bakoitza aldi berean zazpi auzotan (Quartiere).[8]
Barrutia |
Auzoak |
Eremua ( ha) |
Biztanleria[9] (2008) |
---|---|---|---|
I. Barrutia Innere Stadt |
Rotes Quartier, Gelbes Quartier, Grünes Quartier, Weisses Quartier, Schwarzes Quartier | 85 | 3'861 |
II. Barrutia Länggasse-Felsenau |
Engeried, Felsenau, Neufeld, Länggasse, Stadtbach, Muesmatt | 1'131 | 18'128 |
III. Barrutia Mattenhof-Weissenbühl |
Holligen, Weissenstein, Mattenhof, Monbijou, Weissenbühl, Sandrain | 698 | 28'054 |
IV. Barrutia Kirchenfeld-Schosshalde |
Kirchenfeld, Gryphenhübeli, Brunnadern, Murifeld, Schosshalde, Beundenfeld | 847 | 23'485 |
V. Barrutia Breitenrain-Lorraine |
Altenberg, Spitalacker, Breitfeld, Breitenrain, Lorraine | 382 | 24'235 |
VI. Barrutia Bümpliz-Oberbottigen |
Bümpliz, Oberbottigen, Stöckacker, Bethlehem | 2'018 | 31'655 |
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bernak 123.466 biztanle ditu 2009ko abenduaren 31ko datuen arabera.[10] Hizkuntza-gaitasunari dagokionez, bernatarren % 81.2 alemanez hitz egiten dute, italieraz % 3.9 eta frantsesez % 3.6 inguru. 2007an, hiritarren % 21.7 atzerritarrak ziren. Atzerritar talde esanguratsuenak: alemaniarrak 5.946; italiarrak 4.170; espainiarrak 1.837; portugaldarrak 1.311; turkiarrak 1.112; srilankarrak 1.066; mazedoniarrak 1.061 eta kosovotarrak 1.015 pertsona.
Biztanleriaren % 52.7 emakumeak direla eta % 43.3 gizonak. Batez besteko adina 41 urtekoa da. 2000 urteko datuen arabera, ume eta gazteak (0-19 urte) % 15.1 dira, helduak (20-64 urte) % 65 eta zaharrak (64tik gora) % 19.9.
Bernako langabezia tasa % 3.2koa da.[11]
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berna, bost kideko kontseilua batek agintzen du (Udala edo Gemeinderat), non horietako bat alkate (Stadtpräsident) aukeratzen duten. Parlamentuak 80 kide ditu eta Stadtrat deritzo. Bi erakundeak hauteskunde orokorretan aukeratzen dira lau urteko eperako. Udala Rathaus edo udaletxean biltzen da ostegunero.
Egungo alkatea Alexander Tschäppät sozialdemokrata da.
Garraioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berna beste suitzar hiriekin hainbat autobideren bidez lotuta dago (A1, A12, A6).
Garraio publikoari dagokionez, Bernak tranbia, aldiriko trenak (S-Bahn) eta autobus zerbitzuak ditu. Bernako tren geltokiak, Hiria estatu mailako eta nazioarteko tren-sarearekin lotzen du. Bestalde Marzili auzotik Jauregi Federalera funikularra ere badago 106 metroko luzera duena.
Airetik hiria Bernako aireportuak zerbitzatzen du hiritik kanpo dagoena, Belp herritik gertu. Suitzako eta Europako hainbat hirietara eskaintzen dira hegaldiak bertan.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bernako Hiri Zaharraren egitura guztiz Erdi Arokoa da eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen. Bernan Garrantzia Nazionaleko hainbat ondare daude, Hiri Zaharraz gain.[12] Ondasun ospetsuenen artean Zytglogge (Bernako alemanez Orduaren kanpaia) dugu, Erdi Aroko ordulariaren dorrea. Bernako katedrala 15. mendeko katedral gotikoa da, udaletxea bezala.
XVI. mendetik Hartzen fosa (Bärengraben) dago Bernan. Gaur egun, lau hartz daude, horien artean bi hartz txiki. 2009an Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak eta bere emazteak hirian bisitan zeudela, hartzei isilpeko opari bat eman zieten.[13]
Jauregi Federala (Bundeshaus), 1857 eta 1902 artean eraiki zuten. Gaur egun, parlamentuaren, gobernuaren eta administrazio federalaren egoitza da.
Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bernako Unibertsitatea, 1834 urtean sortu zuten Berna kantonamenduan. Gaur egun, 13.000 ikaslek ikasten dute unibertsitateak dituen zortzi fakultateetan. Herrialdeko laugarren unibertsitaterik garrantzitsuena da. Gainera, unibertsitateak Bernako Ospitale Unibertsitarioa eta Lorategi Botanikoa kudeatzen ditu.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza eta erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berna hizkuntza ofiziala eta nagusia alemana da. 2000 urteko errolda federalaren arabera, hiritarren % 81 hitz egiten du; % 19 frantsesa eta italiera. Bernan alemanaren dialekto bat hitz egiten da, Bernako alemana hain zuzen ere.
Erlijioari dagokionez, bernatarrak honela banatzen dira beraien sinesmen erlijiosoen arabera:
- Eliza Ebanjeliko Erreformatua: % 59,
- Erromatar Eliza Katolikoa: % 20,
- Islama: % 4,
- sinesmenik gabe: % 13,
- daturik gabe: % 4.
Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]BSC Young Boys Bernako futbol talde nagusia da. Bere egoitza Stade de Suisse Wankdorf da, UEFA Euro 2008ko futbol egoitza izan zena.
Futbolaz gain, SC Bern hiriko izotz-hockey talderik esanguratsuena da. Kirol hauetaz gain, beisbol, sofbol eta amerikar futboleko kirol taldeak daude.
Berna 2010eko Neguko Olinpiar Jokoak ospatzeko hiri-hautagaietako bat izan zen, baina 2002 urtean hirian egindako erreferendum baten bitartez hiritarrek ezezkoa eman zuten. Azkenean, Olinpiar Jokoen antolatzailetza Kanadako Vancouver hiriak lortu zuen.
Festak eta Jaialdiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berna oso hiri aktiboa da eta etengabeak dira urtean zehar antolatzen diren ospakizun eta jaialdiak:
- Guntenfestival: Gunten gaineko basoetan uztaileko lau egunetan antolatzen diren ehundik gora kontzertuak. Mundu osoko eta musika-mota guztietako taldeak parte hartzen dute. Gunten-era igo eta jaisteko funikularra erabili ohi dute.
- Zibelemärit edo Tipularen Merkatua, azaroko laugarren astelehenean egiten dena. Egun horretan Bernako kaleak merkatu erraldoi batean bihurtzen dira: inguruko nekazariak etxeko produktuak saltzen duten bitartean, kaleak bisitariz eta eroslez betetzen dira.
- Bernako Inauteriak. Ostegunarekin hasten dira beti eta egun horietan inauterietako musika-banda tradizionalek ("Guggenmusik-Cliquen") beraien danborren ("Ychüblete") hotsak zabaltzen dituzte hiri guztian zehar.
- Bernako Grand-Prix izeneko lasterketa-konpetizioa: bertakoek diotenez, mundu osoko 10 milia dotoreenak. Askotan, familiako guztiek parte hartu ohi dute maiatzean UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatutako Bernako hirigune historikoa zeharkatzen duen lasterketa honetan. Ekainean beste lasterketa bat egiten da: Schweizer Frauenlauf ("Emakumeen Lasterketa") izenekoa.
- Bernako Nazioarteko Jazz Jaialdiak 1976an eman zion hasiera. Harrez gero, munduko jazz musikari handienak parte hartzen dute hamar aste (martxoa eta maiatza bitartean) irauten duen ospakizun honetan.
- Buskers Festival izenekoa, hau da, kalean egiten diren ekitaldiak: musika, dantza, antzerkia… Abuztuko hiru egunetan egiten da, Bernako hiribuldu historikoan beti. Saioak doakoak izaten dira eta artistek ikusleen borondatea besterik ez dute eskatzen.
- Berner Weihnachtsmärkte edo Eguberrietako Azoka: Bernako etxe-atarietan jarriko diren pinuak, egun horretan erabiltzen dituzten kandela bereziak, artesania… Münsterplatz-en (Katedralaren plazan) eta haren inguruan biltzen dira saltzaile eta erosleak abenduan zehar, azken astean bereziki.
Hiri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berna ondorengo hiriarekin senidetuta dago:
Bernatar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jeremias Gotthelf (1797–1854), idazlea.
- Emil Kocher (1841–1917), medikua.
- Hans Albert Einstein (1904–1973), Einsteinen semea.
- Ursula Andress (1936), aktorea.
- Fabian Cancellara (1981), txirrindularia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
- ↑ Swiss Federal Statistical Office : Population Size and Population Composition : Agglomerations : Permanent Resident Population in Urban and Rural Areas
- ↑ Stadt Bern : Medienmitteilung : 19 May 2003 : Eidgenössische Volkszählung 2000: Neue Definition der Agglomeration Bern ((Alemanez))
- ↑ (Alemanez) Konrad Justinger. «Cronicka der Stadt Bern.» (PDF 92 MB) DigiBern (Bernako Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2010-10-18).
- ↑ Andres Kristol. Lexikon der schweizerischen Gemeindenamen. ISBN 3-7193-1308-5. (Noiz kontsultatua: 2010-10-18).
- ↑ MeteoSwiss. Average Values-Table, 1961–1990. .
- ↑ (Alemanez) Bernako Udala (Noiz kontsultatua: 2010-9-28).
- ↑ (PDF) Monatsbericht Januar 2009. Stadt Bern, Präsidialdirektion, Abteilung Stadtentwicklung (Noiz kontsultatua: 2010-10-15).
- ↑ Swiss Federal Statistical Office, MS Excel document – Bilanz der ständigen Wohnbevölkerung nach Kantonen, Bezirken und Gemeinden
- ↑ Suitzako Estatistika Bulego Federala (Alemanez)
- ↑ Swiss inventory of cultural property of national and regional significance (1995), p. 103–105.
- ↑ City of bears receives Russian bruins. swissinfo.ch (Noiz kontsultatua: 16 Iraila 2009).
- ↑ (Alemanez) (PDF) Interpellation Fraktion SP/JUSO (Andreas Flückiger/Markus Lüthi, SP). (Noiz kontsultatua: 2010-09-29).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bernako Udalaren wegbune ofiziala (Alemanez) (Frantsesez) (Italieraz) (Ingelesez)
- Berna Kantonamendua (Alemanez) (Frantsesez)
- Kunsthalle Bern
- Alkatearen Webgunea[Betiko hautsitako esteka]