Berreagako barruti gotortua eta nekropolia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berreaga
Berreaga
LekuaMungia
Koordenatuak43°18′59″N 2°51′11″W / 43.31642°N 2.85297°W / 43.31642; -2.8529743°18′59″N 2°51′11″W / 43.31642°N 2.85297°W / 43.31642; -2.85297
MultzoaEremu Arkeologikoa, Monumentua
Historia
Eraikitzailea(k)auzolana
Garaia(k)Burdin Aroa
Kultura(k)Karistiar, Burdin Aroa
Oharrak
Arkeologoa(k)Armando Llamosa
Egoeraharresiaren zatiak aurkitu dira eta nekropoliaren hilarriak
Bisitagarriaez

Berreagako barruti gotortua eta nekropolia multzoa Berreaga mendian, Mungia , Gamiz-Fika eta Zamudio udalerrien lurretan dagoen Burdin Aroko aztarnategi arkeologikoa da.

Kronologia eta ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrixka eta nekropoliak K.a. II. eta I. mendekoak dira, Burdin Aro amaierakoak, alegia.[1]. XX. mendean aurkitu ziren, Bizkaiko Karta arkeologikoa osatzeko ikerketaren baitan, eta 80. eta 90.hamarkadetan lehen indusketak egin zituzten[2].

Gotortutako esparrua Bizkargi menditik Txorierriko harana inguratzen duen mendikatean kokatuta dago, Mungiarekin muga egiten duen ipar aldean hain zuzen ere. Oso kota altuak ez eduki arren, halako goi-talaia moduko bat da, mendikatearen alde bietara dagoen ikuspegia menderatzen duena. Gainera, haranaren luzera-ibilbidea kontrolatzen du, bai eta inguru honetatik Artebakarra mendatean zehar Mungiara igarotzeko pasabidea ere. Hego-ekialdeko muturrean, nekropolia dago.

Ingurua gaur egun pinudiz eta bestelako zuhaiztiez estalita dago, gehienak zuhaitz-landaketak. Toki batzuetan, ipar-ekialdeko aldean batik bat, sastrakak ikuspegia eta sarbidea eragozten ditu.

Harresia eta horren ondoan U forma duen lubanarroa agertu ziren. Zeramikazko materiala, oso zati txikitan, eskaini zituen aztarnategiak, eskuz eta tornuz landutakoa, soila, zeltiberiar motakoa eta baita erromatarren Terra sigilatta. Horiez gain, beste aztarna batzuk aurkitu izan dira: burdin noduluak, brontzezko zati batzuk (balizko tatxeta), ikatzak, errautsak, harrizko egitura sinpleak, harkaitzean egindako mozketak edo moldaketak, paldoei leku egiteko zuloak (egurrezko etxeren, ekoizpen eraikinen edo gelen aztarnak izaten direnak) , lur gorritua (sua egon denaren aztarna), besteak beste. Badirudi Espainiako 36ko gerlan lurra asko mugitu zutela lubakiak egiteko, Bilboko Burdin hesia delkoaren baitan, eta horregatik lurrazal batzuk kronologikoki nahastuta egon daitezke[2].

Ingurunean hilobi-zista bat aurkitu zuten aire zabalean

Hilarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berreagako nekropolian aurkitutako disko formako estela.
Berreagako nekropolian aurkitutako disko formako estela. Bizkaiko Arkeologi museoan.

Berreagako hilarriek multzo berezia osatzen dute. Bizkaiko multzorik garrantzitsuena da eta oso esanguratsua, hilarrien osagai dekoratiboen artikulazioa Bizkaiko Nerbioi eta Oka ibaiek mugatutako lurraldekoak baino ez baita. Eguzki-sinbologia daukate eta ez da ziurra zenbat diren, horietako askoren kasuan, zatiak besterik ez dituztelako topatu. Marrazki bera errepikatzen da maiz:bi lerro tartekatu gurutzatzen dira, gurutze-formako motibo bat osatuz[3].

Nerbioi eta Oka (edo Deba) ibaien artean dagoen estelen multzo hori leku hauetan identifika daiteke: Lemoa, Zaratamo, Meñaka, Errigoiti, Fruiz, Munitibar, Arrieta, Busturia, Forua, Gorliz, Dima eta Gastiburuko aztarnategia (Arratzun), Kronologikoki, estela mota hauek K.a. I. mendetik K.o. IV edo V. mendera artekoak dira; erromatar eraginez hasiko ziren eta Behe inperioan berrerabili omen ziren edo erromatar moduekin nahastuta iraun zuten. Disko formakoak daude, baina gehienak eta prisma formakoak dira[4]..

20211 Kultura Ondarearen Zentroak aginduta, indusketa egin zen gunearen balioa hobeto ezagutzeko eta ondoren ez da indusketarik egin eta harresiaren eta nekropoliaren hondakinak estali ziren, egin daitezkeen esku-hartzeen zain babesteko[1]. Aurkitutako hilarriak, aldiz, Bilboko Arkeologi museoan ikus daitezke.

Kultura ondarea izendapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko uztailaren 16an Eusko Jaurlaritzak bertoko Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoa monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[5], monumentu-multzo kategoriarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Deia. «El tesoro pétreo de Berreaga» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).
  2. a b Fernández Carvajal, José Ángel. (2011). «Berreagako kastroa» Arkeoikuska, 11. Eusko Jaurlaritza. Kultura saila, 300-305 or..
  3. (Gaztelaniaz) Larrauri, Eva. (2011-10-30). «Más que estelas en Berreaga» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).
  4. (Gaztelaniaz) Unzueta Portilla, Miguel. (1994). «La estela prerromana en Bizkaia:Nuevas aportaciones y ensayo deinterpretación histórica» Cuadernos de Sección. Antropología-Etnografía 10.. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 19-38 or. ISBN ISBN: 8487471-57-9..
  5. Kultura Ondasun izendapena EHAAn

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]