Berrugeta ilun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berrugeta ilun
Iraute egoera

Ia galzorian (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaSciaenidae
GeneroaSciaena
Espeziea Sciaena umbra
Linnaeus, 1758

Berrugeta iluna (Sciaena umbra) Eszenidoen familiako arrain osteiktioa da. Mediterraneoan, Itsaso Beltzean eta Atlantiko ekialdean aurkitzen da.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lineok deskribatu zuen lehenengoz 1758. urtean Systema Naturae liburuan[1]. Zadarren (Kroazia) aurkituriko ale bat erabili zuen[2]. 1972an Zoologia Nomenklaturako Nazioarteko Batzordeak Sciaena generoko espezie tipo izendatu zuen[3].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

30-40 cm inguruko luzera izan ohi du. Aurkitu de handieran 70 cm neurtu zituen. 21 urte bizi ohi da[4].

Gainaldea kurbatuagoa du azpialdea baino, konkorra balu bezala. Bizkarraldea gris iluna du, eta sabelaldea argiagoa, urre koloreko marratxoak dituela[5]. Alboko lerroak ere bizkarraldearen konkorraren itxura hartzen du. Ezkata handi samarrak ditu[4]. Bizkarraldeko hegatsak 11 arantza eta 23-25 erradio bigun ditu[6]. Helduen buztaneko hegatsa ia karratua da[4]. Sabelaldean dituen hegats biak beltzak dira, baina deigarria da hegats bakoitza irekitzen duen arantza zuria[7].

Burua iluna da eta muturra borobiltsua. Begiak nahiko handiak dira. Ahoa ia horizontala da eta baraila bakoitzean 3-4 hortz lerro ditu[4].

Arrain gazteak arre kolore argidunak dira eta puntu beltz ugari dituzte[5].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean aurkitzen da Bizkaiko golkoa eta Mauritaniako kostaldearen artean. Azoreetan, Madeiran eta Kanarietan ere badago. Bestalde Mediterraneo osoan zabaldurik dago, Itsaso Beltzean ere bai[6].

Ur gazietan eta gezetan aurkitzen da 200 metro arteko sakoneran[8].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berrugeta iluna arroka artean.

Portaera eta habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakonera txikiko uretan bizi da, kostaldean, eta batzuetan estuarioetara ere sartzen da. Negu aldean 200 metroko sakonerara jaisten da. Hondo hareatsuetan eta arrokatsuetan bizi da, bai eta Posidonia zelaietan ere. Koraletan eta leizeetan ere ezkutatzen da[4].

Espezie soziala da eta talde txikiak osatzen ditu. Igeri-maskuriko muskuluak erabiliz soinuak sortzen ditu eta aleak haien artean komunikatzen dira, izan ere entzumen ona baitute[9]. Haren bidez flotagarritasuna oso ongi kontrolatzen dute gainera[6].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauetan jarduten du ehizan, arrain txikiak eta krustazeoak jaten ditu. Dirudienez tarteka algataz ere elikatzen da dieta osatzeko[4].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errunaldia martxoa eta abuztuaren artean izaten da Mediterraneoan. Urtean behin ugaltzen da. Arrautzak eta larbak pelagikoak dira eta ur azalean zooplanktona osatzen dute. Arrain gazteek 25 cm-ko luzera hartzen dutenean lortzen dute sexu hedutasuna[4].

Arrantza eta gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mediterraneo osoan arrantzatzen den eta saltzen den arraina da, baina gehiegizko arrantzaren eraginez populazioak urritu egin dira[10]. Estuarioen ahoan berrugeta ilunak arrautzak askatzen dituenean da bereziki kaltebera. Azken urteetan akuikultura bidez ekoizten da Frantzian, Italian eta Iberiar penintsulako hainbat eskualdetan[11].

Arrain zurien artean sailkaturik dago[11]. Hainbat eratara prestatzen da, gehienetan labean erreta. Plantxan eta gatzetan ere prestatzen da[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Marine Species Identification Portal : Brown meagre - Sciaena umbra» web.archive.org 2011-12-21 (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  2. «CAS - Eschmeyer's Catalog of Fishes» researcharchive.calacademy.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  3. Nomenclature, International Commission on Zoological. (1972-11-30). «OPINION 988 SCIAENA LINNAEUS, 1758 (PISCES): DESIGNATION OF A TYPE-SPECIES UNDER THE PLENARY POWERS» Bulletin of Zoological Nomenclature 29: 123–124. (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  4. a b c d e f g (Ingelesez) Mazza, Giuseppe. (2008-08-09). «Sciaena umbra» Monaco Nature Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  5. a b (Gaztelaniaz) Sciaena umbra. (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  6. a b c «Sciaena umbra, Brown meagre : fisheries» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  7. a b «Kilometre0.cat - Receptes de cuina del llegat culinari de familiars - Corvallo / Corvina» kilometre0.cat (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  8. (Gaztelaniaz) «Corb • Sciaena umbra • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  9. (Ingelesez) Picciulin, M.; Bolgan, M.; Corò, A. B.; Calcagno, G.; Malavasi, S.. (2016-04). «Sound production by the S hi drum U mbrina cirrosa and comparison with the brown meagre S ciaena umbra  : a passive acoustic monitoring perspective» Journal of Fish Biology 88 (4): 1655–1660.  doi:10.1111/jfb.12926. ISSN 0022-1112. (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  10. Harmelin-Vivien, Mireille; Cottalorda, Jean-Michel; Dominici, Jean-Marie; Harmelin, Jean-Georges; Le Diréach, Laurence; Ruitton, Sandrine. (2015-01-01). «Effects of reserve protection level on the vulnerable fish species Sciaena umbra and implications for fishing management and policy» Global Ecology and Conservation 3: 279–287.  doi:10.1016/j.gecco.2014.12.005. ISSN 2351-9894. (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
  11. a b (Gaztelaniaz) Corvina. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]