Bertrand konkurrentzia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bertrand konkurrentzia merkatu inperfektuetan enpresen jokabidea aztertu eta merkatuko oreka ezartzen duen eredu mikroekonomiko bat da, Cournot konkurrentziaren ereduaren kritika moduan garatutakoa. Cournoten ereduan enpresek lehia ekoizpenari buruz egiten duten bitartean, Bertranden ereduan enpresek prezioari buruz egiten dute lehia. Hain zuzen, kontsumitzaileak produktu homogeneo baten aurrean prezioari begira egotea jo daiteke errealitatearekin hobekien egokitzen den hipotesi moduan. Joseph Louis François Bertrand (1822-1900) frantziar ekonomialariak garatu zuen 1883 urtean.

Hipotesi horretan oinarritua, Bertrand konkurrentzian duopolioa aztertzen da lehendabizi eredu sinple moduan, ondoren emaitzak oligopolioa zabaltzeko. Enpresek eskainitako produktu homogeneoak eta bereiziak daudela suposatzen da hasiera batean; horrela, kontsumitzaileek prezioari erreparatuko diote produktu zein enpresari erosterakoan. Egoera horretan, oreka-puntua bi enpresek prezio berdina eskaintzen dutenean gertatuko da, kostu marjinalaren bat etorriko dena, bi enpresek kostu berdinak dituztela suposaturik. Hain zuzen, prezioa kostu marjinaletik gora dagoen egoera orotan, bi enpresetako bakoitzak prezio txikiagoa ezartzeko joera izango du, merkatu osoa bereganatzeko. Bertrand duopolioa joko-teoriaren ikuspuntutik ebaz daiteke; ildo horretatik aldibereko jokoa da, non enpresek aldi berean eta bestearen erabakiaren berri izan gabe erabaki behar duten, eta bi prezioak berdinen soluzioa Nash oreka da. Azterketa sakonago egitearren, eredu estatikoak (erabakiak behin hartzen dira) eta dinamikoak (erabakiak behin eta berriz hartzen direnean) ere bereizten dira.

Produktu homogeneoko Bertrand duopolioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertrand konkurrentziako eredu sinpleenean bi enpresak produktu homogeneo edo berbera eskaintzen dute, kostu-egitura berdinarekin. Hau dela eta, kontsumitzaileek prezio merkeena eskaintzen duen enpresari erosiko diote produktua, prezio altuena eskaintzen duen enpresa merkaturik gabe utziz. Egoera honetan, edozein prezio-mailatik abiatuta, prezio altuena eskaintzen duen enpresak beste enpresaren prezioaren azpitik jarriko luke prezioa merkatua bereganatzeko, erreakzio moduan; lehen enpresak, ostera, prezio horren azpitik jaitsiko lituzke berriz ere, bigarren enpresaren erabakia aurreikusita; ... Merkatua bereganatzeko lehian planteatzen den prezio beherakada prezioa unitateko kostuaren mailara heltzen denean gelditzen da: bi enpresak ez dira prezio horretatik jeitsiko, galerak saihesteko. Beraz, orekan bi enpresek prezio berbera eskainiko dute eta horrela, merkatua partekatu egingo dute, prezioari dagokino eskaria erdibanatuz. Oreka-puntu hori Nash oreka da gainera, hortik mugituz galdu bakarrik egingo baitute.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Ekonomia Artikulu hau ekonomiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.