Edukira joan

Beso-borroka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beso-borroka

Beso-borroka[1] edo pultsua[2] bi lehiakideren arteko norgehiagoka da, non aurkariaren besoa makurraraztean datzan. Milaka urteko jarduera bada ere, beso-borroka kirol gisa oso berria da, 1970eko hamarkadatik aurrera bakarrik kodifikatu eta antolatu baita[3]. Kultura herrikoian, beso-borroka nagusitasun fisikoaren erakustalditzat jotzen da, bi pertsonen arteko indar eta gogortasun garaipena sinbolizatzen duena.

Beso-borrokan bi lehiakide mahai baten alde banatan jarri eta beren ukondok bertan ezarriz, bi beso horietako eskuak elkartzen dituzte. Orduan behin epaileak beso-borroka hasteko agindua ematean, lehiakide bakoitzak bere ukondoa mahaitik mugitu gabe, arerioaren besoa bere alderuntz indarrez erakartzen ahalegintzen dira.

Arerioaren eskuak bere aldeko mahai gainazala edo kuxina ukiaraztea lortzen duen lehiakideak irabazten du norgehiagoka. Pultsuaren helburua da bi lehiakidetako zeinek besoan indar gehien duen zehaztea.

Kirol hau lehiakideek beren besoekin egiten duten indar handiarengatik ezaguna da, bereziki bizeps, sorbalda eta besaurre atalekin.

Zuzenean besoa (besoko bizepsaa) da indarra egiten duen muskulua, baina, egia esan, gorputz osoak parte hartzen da kirol honetan. Izan ere, gorputzeko muskulu guztien mugimenduek, gorputz osoarekin egindako palanka efektuak, jarrera orokorrak eta kirol-teknikak ahalbidetzen dute norgehiagoka errazago irabazten, bi lehiakideei lesioak saihestuz.

Lehia batean gehien landutako eta eragindako atalak besaurreko lotailuak eta kartilagoak dira, horiek jasaten baitute zuzeneko inpaktu guztia, eta hein txikiago batean kubituak, erradioak, eskuturrak eta eskuak ere bai. Bigarren mailan, trizepsa, sorbaldak, bizkarra, sabelaldea eta, azken mailan, hankak. Egiten diren muskulu eta angelu guztiei esker, presio eta indar handiagoa sortzen zaio aurkariari.

Bada nazioarteko federazio bat, WAF (World Armwrestling Federation, "Munduko Beso-borroka Federazioa"), 1977an sortua eta egoitza nagusia Sofian (Bulgaria) duena, zeinak kirolaren arauak ezarri dituena nazioartean.

Lehiaketa mahaia.

Burdinazko mahaia WAFek arautzen du. 102 cm garai da eta gainaldea 96x66 cm luze-zabal da. Gainaldean, gomazko bi pad (18x18x5 cm) daude ukondoak ezartzeko, bi winpad zeharka jarrita (30x5x10 cm) eta bi helduleku (15 cm garai, 3 cm diametroa) lehian ez den eskua mahaiari heltzeko. Elementu guztiak lesio-arriskua murrizteko moduan antolatu dira (ukondo-paden desfasea eta winpad-en altuera handiagoa). Pad-ak mugigarriak dira mahaia konfiguratzeko, ezker edo eskuin eskuko borroka baterako.

Hasierako posizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partida bidezkoa eta fair play izan dadin, aurkariek posizio zehatza izan behar dute partida hasi aurretik. Arbitroaren eginkizunetako bat posizio hori kontrolatzea da. Eskuek mahaiaren erdian egon behar dute, eskumuturrak zuzenak, hatz lodiaren artikulazioak agerian egon behar du eta sorbaldek mahaiarekiko paraleloak izan behar dute. Arbitroak uste badu posizioa ez dela zuzena, eskuak berak berrezartzea erabaki dezake (Referee grip deritzona). Norgehiagokan, arbitroa laguntzeko, mahaiaren beste aldean dagoen arbitro laguntzaile bat dago, eskumuturren posizioa egiaztatzeko.

Beso-borroka lehiaketa.

Arbitroak abioa eman ondoren, lehiakideek eskua eta gorputza posizio guztietan mugitzeko eskubidea dute. Hala ere, debekatuta dago pad-etik ukondoa altxatzea, bertatik irtetea edo heldulekua askatzea: "falta" bat da. Arbitroak partida gelditu eta beste abio bat ematen du. Lehiakide berak beste falta bat egiten badu, partida aurkariari ematen zaio.

Eskuak askatuz gero, partida gelditu egiten da, arbitroak arerioen eskuak uhal batekin lotu (strap match) eta beste abio bat ematen du.

Helburua da aurkariaren eskuak winpad-a ukitzea edo bi winpad-ek osatzen duten planotik behera jaistea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ "Beso-borroka" ageri da Zehazki eta Nola erran hiztegietan (noiz kontsultatua: 2026-09-30)
  2. ↑ «Pultsu». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Kontsulta data: 2026-09-30).
  3. ↑ (Frantsesez) Le bras de fer, bien plus qu'un simple jeu. lequipe.fr 2019-11-04..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]