Beterri
Beterri Gipuzkoako esparru geografiko baten izena da. Alde batetik historikoki Tolosaldeko eskualdea orokorrean izendatzeko erabili izan da, hegoaldeko Goierriren osagarri moduan. Bestetik, Donostialdeko azpieskualde bati dagokio, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Orio, Urnieta eta Usurbil udalerriak barne hartzen dituena Euskaltzaindiaren arabera,[erreferentzia behar] eta beste batzuen arabera baita Andoain ere.
Ingurune naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beterriko eremuak ibar eta erribera lurrak dira gehienbat, Oria (Behe Oria), Urumea, Oiartzun eta Bidasoa (Behe Bidasoa) ibaiek ureztatuak. Mugak: Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mendiak, ekialde eta hegoaldean; Kantauri itsasoa, iparraldean eta Urolaldea, mendebalean.
Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarari dagokionez, Beterriko hizkera edo azpieuskalkia hitz egiten da Beterrin. Ekialdeko gipuzkera da, nafarrera eta lapurteratik hurbilen dagoen gipuzkera mota, eta gipuzkerazko literaturaren oinarria dena. Oiartzun ibai haranetik ekialderako eskualdeetako euskara goi-nafarrera da (Oiartzualdea eta Bidasoaldea).
Beterriko Liburua izeneko literatura saria ematen da urtero, 1996az geroztik, Manuel Larramendi idazle eta hizkuntzalari andoaindarra oroituz, aipatutako hizkerari prestigioa eman ziona. Bertsolaritzako "Beterri Saria" ere bada.
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beterrik ez du inoiz politika edo administrazio batasun finkorik izan. Beraz, izenaren jatorria ez da historikoa, geografikoa baizik. Historiaren hasi garaietan bi leinu euskaldun nagusi zeuden Gipuzkoako Beterrin: barduliarrak, erdi aldean eta mendebalean, eta baskoiak, ekialdeko muturrean (Oiartzualdea eta Bidasoaldea). Banaketa honek zerikusi zuzena bide du euskalkien banaketarekin. XII. mendetik aurrera, Gipuzkoako hiriak eta herrialdea berregituratzen hasi zirenetik, eskualde baskoietako herriak Gipuzkoako historiari lotuak ageri dira.
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.