Edukira joan

Bi iturrien hipotesia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hipotesi honen arabera, Mateo eta Lukas Markotik eta Qtik elikatzen dira.

Bi iturrien hipotesia, Testamentu Berriaren exegesiaren barnean, ebanjelio sinoptikoen jatorria azaltzeko hipotesi literario-kritikoa da, adierazten duena Markoren ebanjelioa Mateorena eta Lukasena baino lehenagokoa dela eta bi horiek hartaz baliatu zirela, bai eta beste batez ere: Q iturria. Bigarren iturri hori guztiz hipotetikoa da, baina, teoria honen arabera, Jesusen hitzak bilduko lituzke.

Bi iturrien hipotesia XIX. mendean formulatu zen lehen aldiz (1838, Christian Hermann Weisse). Mende horren bigarren erdian, gaiko espezialistak, hala nola Heinrich Julius Holtzmann, hasi ziren seriotasunez hartzen. XX. mendean, gero eta ikertzaile gehiagok atxiki dute, eta gaur egun hipotesi onartuenetakoa da.

Arazo sinoptikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru ebanjelio sinoptikoek (Marko, Mateo eta Lukas) pasarte berberak jasotzen dituzte, batzuetan era berean idatzita. Beste batzuetan, hiruetatik bik biltzen dute pasarte bera: izan Markos eta Lukas, Markos eta Mateo edo Lukas eta Mateo. Horri arazo sinoptikoa deitu zaio

Parekotasun horiek kristautasunaren hasieratik erakarri dute arreta. Hala, San Agustinek idazketaren hurrenkeragatik azaltzen zituen. XIX. mendetik aurrera, modu zientifikoan ikertu dira parekotasun eta desparekotasun horiek, haien arrazoiak azaldu nahian. Horretarako, idazketen hurrenkera desberdinak eta iturri kopuru bat baino gehiago proposatu dira.

Markosen aurrekotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipotesi honek proposatzen du Mateok eta Lukasek Markos izan zutela iturri. Markosen ebanjelioak 'primitiboagoa' ematen du: estiloa eta gramatika ez dira Mateo eta Lukasena bezain literarioa, maizagoak dira erredundantziak eta puntu ilunak, haren kristologia ez da hain naturaz gaindikoa, eta ohikoagoa da arameoari heltzea.

Mateok eta Lukasek, beraz, Markosen testua hartu eta txukunduko zuten, hipotesi honen arabera.


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]