Bidaurretako Santa Klara monasterioa

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Bidaurretako Santa Klara monasterioa
Oñate - Monasterio de Bidaurreta 1.jpg
Komentuaren fatxada nagusia.
(kokalekuaren datuak falta dira)
Kokapena
Herrialdea  EH
Lurraldea  Gipuzkoa
Herria Oñati
Koordenatuak 43° 01′ 54″ N, 2° 24′ 26″ W / 43.031564°N,2.407319°W / 43.031564; -2.407319Koordenatuak: 43° 01′ 54″ N, 2° 24′ 26″ W / 43.031564°N,2.407319°W / 43.031564; -2.407319
Arkitektura

Bidaurretako Santa Klara monasterioa edo Hirutasun Guztiz Santuaren komentua, gehienetan Bidaurreta monasterioa soilik, Oñatin dagoen klaratarren komentua da, 1510an sortua. Joan Lopez Lazarragak, Errege-erregina Katolikoen kontadore nagusiak, eta haren emazte Juana Ganboak sortu zuten, haien hilobi izan zedin.

Monumentu historiko-artistiko izendatua dago 1980tik. Bertako elizako erretaula ere, XVIII. mendeko rokokoa, monumentu izendatua dago.

Elizako erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rokoko estilokoa da erretaula nagusia, 1751-1753 bitartean egina. Horma-konka moduko erretaula dugu honakoa, eta harrizko idulki batez, zizeiluaz, gorputzaz eta erremateaz osatzen da. Erretaula honetako gorputz bakarra hiru kaletan banatzen da, eta kale hauek korintiar ordenako zutabe erraldoien bidez banatzen dira. Zutabeen fustea rokoko estiloko edergarri ugariez apainduta ageri dira, eta muturretako zutabeak bikoitzak ditugu. Erdiko kalean Ama Birjinaren ganberatxoa ageri da, erretaularen erdian zintzilikatutako balkoia balitz bezala. Mentsularen gainean balaustrada du, absidean irekitako bao baten bidez argiztatzen delarik. Ganberatxoaren azpian, idulkien gainean agertzen diren irudiak bi solairutan banatzen dira, eta bien arteko espazioan santutegia agertzen da. Alboetara, irudiak bi altueratan banatzen dira, behekoak, fusteak sigi-saga egiten duten girlandaz apainduta dituzten zutabe bikoitzetan bermatzen dira. Taulamenduaren muturrak, bestalde, pitxerrez apainduta ageri dira. Goragoko irudiek, berriz, zutabe bikoitzak dituzte alboetara. Zutabeon fustearen beheko erdia landuta dago, eta taulamenduari eusten ageri dira. Taulamenduaren gainean borla batzuk ageri dira, eta erdiko zatian apaingarriz jantzitako frontoi kurbo batez osatutako errematea. Zutabearteetan, muturretan, hondoan fikzio arkitektoniko korapilatsuak irudikatuta dituzten idulkietan bermatutako hainbat irudi ikus ditzakegu. Errematean, zenbait taila agertzen dira zutabeen eta taulamenduaren gainean, eta erdiko gorputzean, azkenik, aingeruen tailak ikusten dira. Kanpo aldeko arkua aingeru-buruekin apainduta ageri da. Erretaula harrizko oinarri baten gainean bermatuta dago eta sei paneletan banatutako zizeilu batez osatzen da. Panel hauen polikromiak kontraste ederra sortzen du altzari honen gainerako zati ilunen aldean.

Dekorazioa idulki, fuste, taulamendu eta erremateetan agertzen da eta rokoko estiloari jarraikiz apaindutako arrokaia, ispilu eta oihal zintzilikarietan oinarritzen da nagusiki. Erretaula honek ez du urreztadurarik, eta zizeiluko erliebeak eta tailak dira polikromatuta agertzen diren zati bakarrak.

Erretaula honetako eskulturak sierratarren lantegian eginak dira. Kalitate handikoak dira eskultura horiek, eta hala, bat datoz altzari osoaren maila bikainarekin. Horma-konka nagusian, Ama Birjinaren Koroapenaren irudia ageri da, eta irudi horrez azpian, San Jose eta San Joan Bataiatzailearen irudiak ikusten ditugu beheko solairuan, eta San Joakin eta Santa Anarenak goiko solairuan. Zizeilua erliebean landutako etxetxoak agertzen dira, San Marko, Artzainen Gurtza, San Joan, San Mateo, Hiru Errege Magoen Gurtza eta San Lukasen irudiekin. Alboko kaleetan, behe aldean, San Buenaventura eta San Frantziskoren irudiak agertzen dira, eta kontrako aldean, San Antonio eta Santa Klararen irudiak. Goiko aldean, Santa Koleta eta Portugalgo Santa Isabelen irudiak ikus ditzakegu. Azkenik, errematean San Luis Tolosakoa, San Bernardino Sienakoa, San Paskual eta San Bienvenidoren irudiak agertzen dira, San Joan Capistranokoa eta San Diego Markakoarekin batera, altzariaren muturretan azken hauek.

Bidaurretako komentuko erretaula hau Frai Jacinto de la Sierrak diseinatu zuen, eta euskal erretaulagintzako arkitektura-diseinurik ikusgarrienetakoa dugu. Osaketa eszenografikoa oso efektista eta dinamikoa du erretaulak, eta hala, Gipuzkoako erretaulagintza barrokoaren eredu bikaina dugu honakoa.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bidaurretako Santa Klara monasterioa Aldatu lotura Wikidatan