Bide-puntu

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bide-puntua geo-lokalizatutako puntu bat da. Gehienetan GPS-gailu batek hainbat sateliteren laguntzaz puntuaren hiru dimentsiotako kokapena triangulazioz zehazten du. Ingelesezko waypoint terminoaren esanahia du.

Bide-puntuaren oinarrizko informazioa puntuaren longitudea, latitudea eta altitudea da. GPS gailu eta programek informazio hori hainbat daturekin osatzen ahal dute: unea, izena, leku-mota, iruzkina, deskripzioa, irudia, ikonoa, sekuentzia...

Sekuentziak bide batean puntu baten aurreko eta ondorengo puntuak zehazten ditu eta era horretan zehazten ahal dira bideak. GPS gailuak ibili ahala graba dezake puntu-sekuentzia eta bide horri arrastoa esaten zaio (ingelesez track). Grabatutako arrastoak edo mapa baten gainean editatutakoak bide proposamenak bihur daitezke; proposamen horiei ibilbideak esaten zaie (ingelesez route). Bai bide-puntuak, bai arrastoak eta ibilbideak, lurrekoak -edo lurazpikoak-, itsasokoak zein airekoak izan daitezke.

Bide-puntuek hainbat funtzionalitate nagusi izaten dute: interesgune bat markatzea, argazki bat geoerreferentzia egitea, arrastoak eta ibilbideak osatzea...

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]