Bielorrusia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bielorrusiako Errepublika
Рэспубліка Беларусь
Республика Беларусь
Bandera Armarria
Ereserkia: Мы, беларусы
(“Gu, bielorrusiarrak”)
Hiriburua
eta hiri handiena
Minsk
Hizkuntza ofiziala(k) Bielorrusiera, errusiera
Herritarra bielorrusiar
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Aliaksandr Lukaxenka
 -  Lehen ministroa Roman Golovtxenko
Independentzia
 -  SESBetik 1991 
Geografia
 -  Guztira 207,595 km2 (85.)
 -  Ura (%) 1,4
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2019[1]) 9.475.174 (93.)
 -  Dentsitatea 45,8 bizt./km2 (142.)
Dirua Errublo bielorrusiarra (BYR)
Ordu-eremua EET (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 375
Internet domeinua by

Bielorrusia[2] (bielorrusieraz: Беларусь, bʲɛ.ɫa.rusʲ; errusieraz: Беларусь edo Белоруссия, bʲɪɫɐˈrusʲɪɪ̯ə), izen ofiziala Bielorrusiako Errepublika[2] (bielorrusieraz: Рэспубліка Беларусь, errusieraz: Республика Беларусь), ekialdeko Europako estatu burujabea da, itsasorako irteerarik gabea. Lituania ipar-mendebaldean, Letonia iparraldean, Errusia ipar-ekialde eta ekialdean, Ukraina hegoaldean eta Polonia mendebaldean. 207.595 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2019an 9,47 milioi biztanle zituen.[1] Hiriburua Minsk da.

Historia gogorra izan du beti lehen Errusia Zuria zeritzanak. Lurraldea eskuratzeko etengabeko gerrak eta sarraski handiak izan dira, maiz banatu dute Errusia, Polonia, eta Lituaniak eta, Lehen eta Bigarren mundu gerretan, baita Alemaniak ere. 70 urtez Sobietar Batasuneko errepublika izan ondoren, Bielorrusia izeneko estatu berriak 1991ko abuztuan egin zuen independentzia adierazpena; ekonomia eta politika lotura estuagoak izan ditu Errusiarekin gainerako sobietar errepublika ohiek baino.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bielorrusiako geografia»

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Europan dago, ipar latitudeko 51° eta 57° artean, eta ekialdeko longitudeko 23° eta 33° artean. Estatu itsasgabea da. Lituaniarekin du muga ipar-mendebaldean, Letoniarekin iparraldean, Errusiarekin ipar-ekialde eta ekialdean, Ukrainarekin hegoaldean eta Poloniarekin mendebaldean.[3]

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bielorrusian ordokiak nagusi dira. Batez besteko altitudea 162 metrokoa da itsaso-mailaren gainetik. Belaruskaia Hrada (Белару́ская града́) muinoaldea nabarmentzen da erliebean. Bertan dago herrialdeko punturik gorena, Hara Dziarzhynskaia (Гара Дзяржынская), 345 metroko garaiera duena. Mendebalde hego-mendebaldetik ekialde ipar-ekialderako norabidea duten menditxo horiek bitan banatzen dute Bielorrusia: iparraldean, jatorri glaziarreko aintzira eta morrena-muino ugari dago; hegoaldean, Polesian batez ere, zingira zabalak daude. Punturik apalena Neman ibaian dago (90 metro).

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru mila ibai baino gehiago daude. Mendebaldeko Dvina eta Neman ibaiak mendebalderantz doaz, eta Baltikoan itsasoratzen dira. Dnieper, berriz, hegoalderako norabidea du, eta Itsaso Beltzean du ahoa. Sozh, Berezina eta Pripiat Dnieperren adarrak dira. Dnieper-Bug ubideak Itsaso Beltza eta Itsaso Baltikoa lotzen ditu. Aintzirak, berriz, 11.000 inguru dira. Handiena Naratx (Нарач) da; 79,2 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 25 metroko sakonera dauka.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaso Baltikoa nahiko gertu dagoenez, 257 kilometro punturik hurbilenean, klima kontinental epela dago. Neguak 105 eta 145 egun artean irauten du, eta udak 150 egun gehienez ere. Urtarrileko batez besteko tenperatura -6ºC izaten da eta uztailekoa 18 °C, hezetasun handiz. Urteko batez besteko prezipitazioa 550 eta 700 mm artean izaten da.

Tenperaturak (°C) Bielorrusiako hiririk handienetan[4]
Hiria Uztaileko
minimoen
batezbestekoa
Uztaileko
maximoen
batezbestekoa
Urtarrileko
minimoen
batezbestekoa
Urtarrileko
maximoen
batezbestekoa
Minsk 12 21 −7 −3
Homel 14,7 25,1 −6,9 −2
Mahiliou 12,7 23,6 −7,8 −3
Vitsebsk 13,6 23,5 −7,7 −2,9
Hrodna 12 21 −6 −1
Brest 14,2 24,9 −4,9 -0,1

Herrialdearen ia herena jendegabeko baso zabalez (puxtxa-z) estalirik dago. Iparraldean koniferoen basoak, urki eta haltzekin, dira nagusi. Mendebaldean Belavezhskaia Puxtxa dago, Polonia eta Bielorrusiako lurretan. Europako basorik zaharrenetako bat da, eta Europako bisontearen azken babeslekua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen aurrekoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polotskeko Printzerria X. mendeko kroniketan aipatzen da lehenbiziko aldiz, eta Minsk 1067an. XII. mendean, Polotskeko Printzerria Kieveko Rusaren barnean zegoen. XIII. mendean, Mongolen inbasioaren ondoren, Kieveko Rusak gainbehera egin zuen, eta Polotskeko Printzerria Lituaniako Dukerri Handian sartu zen. 1386an, Lituaniako Dukerri Handia eta Poloniako Erresuma batu ziren. 1568an Bi Nazioen Errepublika sortu zuten. 1569an, Francysk Skaryna humanistak bielorrusierazko lehenbiziko biblia argitaratu zuen.

XVIII. mendean Errusiar Inperioa Bielorrusiako lurrak beretuz joan zen: Vitsebsk, Polotsk eta Homel 1772an, Minsk 1793an eta Brest 1795ean. 1812an, Napoleonen armadak inbaditu zuen. Zenbait hilabete geroago, Berezina ibaia gurutzatzean, frantziar armadak galera handiak izan zituen (Berezinako gudua). XIX. mendean, Nikolas I.a eta Alexandro III.a tsarrak Bielorrusia errusiartzen saiatu ziren.

Bielorrusia sobietarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerran, Alemaniar Inperioak herrialdea okupatu zuen. 1918an, Bielorrusiar Errepublika Nazionala aldarrikatu zen, baina hamar hilabete baino ez zuen iraun. 1921ean, Polonia-Sobietar Batasuna Gerraren ondoren, Bielorrusiako lurrak Polonia eta Sobietar Batasunaren artean banatu ziren.

Sobietar partisanoak Bielorrusian 1943an.

1920ko hamarkadatik aurrera, bielorrusiartze politika bultzatu zuen sobietar botereak: bielorrusiera bihurtu zuen irakaskuntza, administrazio eta hedabideen hizkuntza, eta bielorrusiarrak ipini zituen alderdiaren eta estatuaren erakundeetako erantzukizuneko postuetan. Alabaina, nekazari giroko bielorrusiar kulturaren usadioak hankazgoratu egin ziren 1928tik aurrera, landaldean ipinitako baldintza berrien ondorioz; aldi berean, bielorrusiar komunistak erruz desagertu ziren Stalinen garaian. Sobietar moldeko gizarte berri horren sorrerak bielorrusiar asko bultzatu zuen atzerrira, eta errusiartze prozesu sendoa izan zen, Ukrainian baino handiagoa.

1939an, Molotov-Ribbentrop itunari jarraituz, Sobietar Batasunak Poloniako ekialdea inbaditu zuen; eskualde hori Bielorrusiako Sobietar Errepublika Sozialistari erantsi zitzaion. 1941ko ekainaren 22an, ordea, Alemaniak Sobietar Batasunari eraso egin zion (Bizargorri Operazioa), eta 1941eko abuztuan Bielorrusia Hirugarren Reicharen mendean gelditu zen. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean herrialdea suntsiturik zegoen.

Bielorrusia independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arazo ekonomikoak eta Txernobylgo hondamendiaren ondorioak daude, bielorrusiar nazionalismoaren aurretik, 1991ko abuztuaren 25ean aldarrikatu zen independentziaren jatorrian. Kurapatyko hezurtegia aurkitu izanak, 1988an, Bielorrusiako Fronte Demokratikoaren garapena bultzatu zuen (Herri Frontea gero). Alabaina, alderdi haren indarra ez zen hain handia: 1991ko martxoko erreferendumean, % 82k Sobietar Batasunaren aldeko botoa eman zuen, eta Minsken izenpetu zen Estatu Independenteen Erkidegoaren sorrera.

Arazoak gizarte alorrekoak ziren batez ere: 1991. urtean, greba gogorrak izan ziren prezioen goraldiaren kontra. Parlamentuko presidente berria, Stanislav Xuxkevitx, oposiziotik gertukoa, herrialde barneko istiluak baretzen saiatu zen, sobietar ohiekiko loturak eten gabe. Diputatuek postu hartatik egotzi zuten 1994aren urtarrilean eta, denen ezusterako, Aliaksandr Lukaxenka populista irten zen lehendakari uztailaren 10ean, ustelkeriaren kontrako borrokan eta Errusiara hurbildu beharrean oinarritutako kanpaina baten ondoren. Presidente berriak berehala hartu zituen ahalmen guztiak. Lukaxenkak bielorrusiarren nostalgiarekin jokatzen zuen, independentzian ikusten baitzuten haiek beren kalte guztien sorburua: Errusiara hurbiltzea proposatzen zuen, errusiera ipini zuen berriz bigarren hizkuntza ofizial gisa, eta bandera gorria berrezarri zuen. Oposizio molde guztiak ezabatu zituen; hala, prentsa isilarazi zuen, eta atxiloketa arbitrarioak ugaldu ziren. 1998ko abenduan, akordio bat egin zen Errusiaren eta Bielorrusiaren artean, estatu bateratu baten bidea urratzeko, zeinean biek beren beregaintasuna gordeko duten.

Bielorrusiaren atzerriko politikagintzaren ezaugarriak presidentearen autoritarismoa eta gerra hotzaren garaiaren nostalgia dira, mundua bi bloketan banatuta zegoenekoa. 1998ko udaberrian Mendebaldeko enbaxada sail bat hustutzea agindu zuelarik, okerrera egin zuten lehendik ere aski nahasiak ziren nazioarteko komunitateariko harremanek. Ekonomian, Sobietar Batasunaren garaian nahiko oparoa izan ondoren, oso urte latzak bizi izan zituen Bielorrusiak independentziaren ondoren. Nolanahi ere, oso lagungarriak gertatu zitzaizkion Errusiarekiko harreman estua izatea. Baina, aldi berean, gobernuaren zalantzak eta borondate politikoaren falta zeuden 1993an egoera hainbeste hondatu izanaren jatorrian: oso inflazio handia, errentaren beherakada eta langabeziaren areagotzea. Lukaxenka boterera irisi izanak erreforma ekonomikoen eta pribatizazioen prozesu hasi berria oztopatu zuen.

2001eko hauteskundeetan Lukaxenkak lortu zuen berriz ere presidente hautatua izatea. Harrezkero, 2006ko, 2010eko eta 2015ko bozak irabazi zituen. 2010eko hauteskundeen ostean, egundoko protesta oldea piztu zen herrialdean, eta poliziak 630 lagun atxilotu zituen, tartean presidentearen kontra lehiatu ziren oposizioko bederatzi hautagaietatik zazpi.[5]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublika presidentzialista da. Egun indarrean dagoen konstituzioa 1994koa da. Estatuburua errepublikako presidentea da, eta lehen ministroa gobernuburua. Aginpide legegilea Bielorrusiako Errepublikako Biltzar Nazionalaren (Нацыянальны сход Рэспублікі Беларусь, Nacyjanalny schod Respubliki Biełaruś) esku dago. Bi ganbera dauzka: Errepublikako Kontseilua (Савет Рэспублікі, Saviet Respubliki), 64 kide dituena; eta Ordezkarien Etxea (Палата Прадстаўнікоў, Palata Pradstawnikow), 110 kide dituena.[6]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bielorrusiaren banaketa administratiboa»

Bielorrusia sei eskualdetan (oblast) eta estatus bereziko hiri batean (Minsk, Bielorrusiako hiriburua) banatzen da. Oblastak raionetan zatiturik daude.

Belarus, administrative divisions - Nmbrs - colored.svg
Eskualdea Hiriburua Eremua
(km²)[1]
Biztanleria
2009an
(errolda)[1]
Biztanleria
2019an
(zenbatespena)[1]
Dentsitatea
2019an
(bizt/km²)[1]
1 Vitsebskeko oblasta Vitebsk 40.100 1.230.821 1.380.391 29,2
2 Hrodnako oblasta Hrodna 25.100 1.072.381 1.039.278 41,4
3 Minsk Hiria Minsk 350 1.836.808 1.992.685 5.793
4 Minskeko oblasta Minsk 39.800 1.422.528 1.428.530 35,9
5 Mahiliouko oblasta Mahiliou 29.100 1.099.374 1.052.877 36,2
6 Bresteko oblasta Brest 32.800 1.401.177 1.380.391 42,1
7 Homelgo oblasta Homel 40.400 1.440.718 1.409.890 34,9
Bielorrusia Minsk 207.600 9.503.807 9.475.174 45,6

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren bilakaera 1960-2015 bitartean.

9.475.174 biztanle zituen 2019an.[1] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 15,9 dira, 15-24 urte bitartekoak % 9,9, 25-54 urte bitartekoak % 44,5, 55-64 urte bitartekoak % 14,4, eta 65 urtetik gorakoak % 15,2. Bizi itxaropena 73,2 urtekoa da; 67,8 urtekoa gizonezkoena eta 79 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[6]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bielorrusiako biztanleria homogeneoa da; biztanle gehienak, % 83,7, bielorrusiarrak dira, eta beste gizataldeak (errusiarrak, % 8,3; poloniarrak, % 3,1; ukrainarrak, % 1,7),[6] txikiak eta haien oso gertukoak dira. Judu komunitate handi bat zegoen, baina naziek sarraskitu zituzten okupazioaren garaian, eta gaur egun % 1 baino gutxiago dira (biztanleriaren laurden bat desagertu zen Bigarren Mundu Gerran).

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bielorrusiera eta errusiera dira hizkuntza ofizialak. Errusiera gehiago erabiltzen da (% 70,2), bielorrusiera baino (% 23,4). Polonieraz eta ukrainieraz mintzatzen diren gutxiengo batzuk daude.[6]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko zenbatespenaren arabera, biztanleen % 48,3 kristau ortodoxoak dira, % 41,1 erlijiorik gabeak, eta % 7,1 katolikoak.[6]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minsk, herrialdeko finantza hiriburua.

2015ean, nekazaritzan ziharduen biztanle aktiboen % 9,7, eta nazio produktu gordinaren % 8 ematen zuen. Lurra pobrea baita, ezin da gauza askorik landu: zerealak eta patatak dira gai nagusiak.[6] Lehen, Bielorrusiak ekoizten zuen sobietar lihoaren herena; lihoak, ordea, oso atzera egin du urteotan. Bestalde, garrantzitsuak dira haragi eta esne ekoizpena; behiak eta zerriak hazten dira.

Industria azpiegitura ia osorik berregin behar izan zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, gerra ikaragarri gogorra izan baitzen Bielorrusian. Mekanika da industriaren alor nagusia; industria astuna kimika eta petrokimikara dago bildua. Hidrokaburo hobiak eskasak dira, baina bada oliobide bat, Adiskidetasunarena (Druzhba), erdialdeko Europako antzinako herrialde sateliteak hornitzen dituena, eta haren inguruan petrolioa fintzeko industria garrantzitsua sortu da.

Ekonomia erreforma gutxi egin da 1995. urteaz gero; Lukaxenka presidenteak herrialdea merkatuko sozialismo delakoaren bidean jarri zuen urte hartan. Politikagintza molde horretan, Lukaxenkak berriz ezarri zituen administrazio kontrolak prezioen gainean, eta enpresa pribatuen kudeaketan esku hartzeko estatuaren eskubidea zabaldu zuen. Hori zela-eta, negozio pribatuen kontrako giroa sortu zen, barneko eta kanpoko inbertsioak eragotzi zituena. Gobernuak artifizialki berpiztu zuen ekonomia ekoizpena 1996. urte erdialdetik aurrera, kredito lasterren bidezko hedapen politikagintza butzatuz. Inflazioa menderatu nahian, oso handia baitzen (% 182, 1998an), gobernuak prezio kontrol zorrotzak jarri zituen elikagai eta kontsumo gaien gainean, eta horren ondorioz, janari eskasia sortu zen: esnekiak, oilaskoa eta zerrikia erosteko ilara luzeak ohikoak ziren 1998ko azken hilabeteetan.

Bielorrusiar errubloaren baliogabetzea eteteko helburuaz, Lukaxenkak sistema berri nahasi bat jarri zuen indarrean 1997an, diru indartsuak legez erosi eta saltzekoa. Sistema berri hori ez zen batere onuragarria izan, aitzitik, diruaren izugarrizko baliogabetzea ekarri zuen. Inflazio handiaz eta diru erregimen artifizialaz gainera, gobernu zentral eta lokalen presioa pairatu behar izan zuten enpresek: arautegien aldaketa arbitrarioak, ikuskatze zorrotzak, eta legezkoak izandako ekimenak debekatzen zituzten arautegi berrien aplikazio atzeraeraginezkoak. Beste arazo garrantzitsua merkataritzaren defizit handia da. Langabetu ofizialak % 0,8 ziren 2017an,[6] baina langile asko dago azpienpleguan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h Belarus: Departments, Major Cities & Towns - Population. citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2020-1-20.
  2. a b 38. araua: Munduko estatuen izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia, euskaltzaindia.eus . Noiz kontsultatua: 2011-03-30.
  3. Belarus: Key Facts. president.gov.by . Noiz kontsultatua: 2020-1-21.
  4. Belarus climate information. weatherbase.com . Noiz kontsultatua: 2020-01-23.
  5. Sokarros, Allande. Bielorrusian 600 lagun baino gehiago atxilotu dituzte bozen ostean. Berria egunkaria, 2010eko abenduak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-1-22.
  6. a b c d e f g Belarus. The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2020-1-22.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]