Bilboko setioa (1836)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau bigarren setioa buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bilboko setioa».
Bilboko setioa
Lehen Karlistada
Iparraldeko frontea
Vista de Bilbao.jpg
Bilboren ikuspegia itsasadarretik. Goiko aldean Bilbo babesteko gotorlekuak ageri dira. "Galería Militar Contemporánea", 1846.
Data 1836ko urriaren 23tik abenduaren 25ra
Lekua Bilbo
 Bizkaia 43° 15′ 25″ N, 2° 55′ 25″ W / 43.25694°N,2.92361°W / 43.25694; -2.92361
Koordenatuak 43° 15′ 25″ N, 2° 55′ 25″ W / 43.25694°N,2.92361°W / 43.25694; -2.92361Koordenatuak: 43° 15′ 25″ N, 2° 55′ 25″ W / 43.25694°N,2.92361°W / 43.25694; -2.92361
Emaitza

Liberalen garaipena

  • Gerra bukatu arte Bilbo karlisten presiotik aske geratu zen.
  • Porrot militarrak karlisten artean barne liskarrak eragin zituen.
Gudulariak
Karlistak Flag of Spain (1785-1873 and 1875-1931).svg Isabelinoak
Flag of Great Britain (1707-1800).svg Britainiar Legio Laguntzailea
Buruzagiak
Nazario Egia
Bruno Villarreal
Baldomero Espartero
Marcelino Oraa
George Lacy Evans
Indarra
12.000 soldadu (15 batailoi)
26 kanoi
2 mortero
14.000 soldadu
Galerak
Ezezagunak Bilboko defendatzaile eta biztanleen artean:
250 hildako
2000 zauritu

Bilboko bigarren setioa 1836ko urriaren 23 eta abenduaren 24en artean Bilbo inguruan gertatu ziren operazio militar multzoa izan zen. Lehen Karlistaldian Bilbo hartzeko karlisten bigarren saiakera izan zen aurreko urteko porrotaren ondoren. Bi hilabete iraun zuen konfrontazioan Bilbon kantonatutako isabeldar tropek hiria defendatu zuten, baina setioa ez zen amaitu Baldomero Esparterok gidatutako gudarosteak Lutxanako guduan garaipena lortu zuen arte.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1835eko setioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko setioa (1835)»

Karlistek Europan euren ospea handitzeko, morala igotzeko eta etsaiena ahultzeko hiri garrantzitsu bat hartzeko premia zuten. Karlos Maria Isidro erregegaiak Bilbo konkistatzeko agindua eman zuen. Tomas Zumalakarregi jenerala plan horren kontra azaldu zen, Gasteiz hartzea nahiago baitzuen. Hala ere men egin zuen eta 1835eko ekainaren 10ean operazio militarrak hasi zituen, hiria inguratuz eta setioari hasiera emanez. Ekainaren 15ean, operazioak ikuskatzen ari zelarik, handik gutxira heriotza eragingo zion tiroa jaso zuen. Ekainaren 30ean Baldomero Espartero eta Luis Fernández de Córdova Bilbora bideratu ziren, eta ia borrokarik gabe setioa altxatu zuten. Bilbo hartzeko karlisten lehendabiziko saiakera porrotean bukatu zen.

Karlisten egoera militarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Bautista Erro, karlisten Ministerio orokorraren (estatu karlistaren atzerri-ministerioa) buruak Londresen milioi bat errealeko kredituak negoziatzea erabaki zuen. Negoziazioaren arduraduna zen Ignacio Lardizabalek, ez zituen lortu ezin izan zuelako berme nahikorik aurkeztu. «Egoera horretan Bilbo bezalako hiri baten jabeta jesapen eta atzerritar inbertsioak bermatzeko beharrezko abala izan zitekeen».[1] Horrenbestez, erregegaia, ministroak eta goi-kargudunak, Durangon bildu ziren 1836ko urriaren 14an. Erregaiaz gain, bildutakoak On Sebastian infantea, Juan Bautista Erro, Vicente González Moreno, Nazario Egia, Jose Uranga, Simón de la Torre, Bruno Villarreal, Joaquín Montenegro eta Antonio Urbiztondo izan ziren. Kontrako iritziak egon baziren ere, azkenean Bilbo setiatzea erabaki zuten[2]

Operazio militarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Setioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bruno Villarreal mariskala, Bilbo setiatu zuten karlisten burua.

Nazario Egiak, armada karlistaren jeneral buruak, setio-operazio guztien agintea Bruno Villarreal jeneralari eman zion, Egia isabeldar errefortzuen etorrera ekiditeko atzeguardia karlistaren defentsaren arduraratuko zelarik. Urriaren 18 eta 19an karlisten zerbitzura zegoen ingeniari batek ingurua aztertu zuen, eta horren ondoren euren artilleria hiria kontrolatzen duten gainetara eramaten hasi ziren, gotorlekuak eta parapetoak eraikitzeari eta lubakiak egiteari ekin ziotelarik. Karlisten indarra kalibre handiko 17 kanoi, bi mortero, jaurtigai eta bala hutsak garraiatzeko 600 gurdi, munizioa eta hornidura garraiatzeko beste 150 eta infanteriako 15 baitailoik osatzen zuten.[3]

Urriaren 23an, bost batailoik -Gipuzkoako II. Batailoia, Bizkaiko I.a eta V.a, VI.aren zati bat eta Nafarroako III.a-[4] eta zenbait arabar eta aragoar konpainiek operazioei hasiera eman zieten, defentsak artilleriaz erasotuz eta hiria bonbardatuz. Horren osteaz eraso zuzena hasi zuten, baina isabeldar soldaduek eta Bilboko "milizia nazionalak" aurka egin zieten.[5] Lehenengo erasoaren porrotak urriaren 28tik eta 30era bitartean artilleria erretiratzera eta setio aldi baterako altxatzera eraman zituen karlistak. Baina azaroaren 5ean berriro ekin zioten hiriaren setioari, Egia jeneralaren agindupean. Oraingoan zuzeneko erasoa egin beharrean Bilbo defendatzen zuten gotorlekuak (Banderas, Kaputxinoak, San Mames, San Agustin, Arriaga, Burtzeña, eta Lutxana)[6][7] konkistazeari ekin zioten hiriaren inguratzea osatuz. Ia ez zuten erresistentziarik topatu, San Agustingo gotorlekuan salbu, zeinaren inguruan hamar egunez borroka gogorrak izan ziren, azaroaren 27an karlistek mendean hartu zuten arte.[8]

Setioaren hasierako bederatzi egunetan hirian gotortuta zeuden soldaduek Portugaletetik urez jaso zuten laguntza, Britainiar Legio Laguntzaileari esker. Baina Egiak Bilboko itsasadarra txalupez egindako zubi baten bitartez itxi zuen eta hiriak ia hilabete bi eman zituen elikagaiak jaso gabe. Hori zela eta, hainbat bilbotarrek Burtzeñatik edo itsasadarretik ihes egin zuten.

John Francis Baconen Six years in Biscay liburuan agertzen den 1836ko Bilboko setioaren planoa. Karlistek kontrolpean zituzten posizioak erakusten ditu (puntu biribilduak).

Karlistek Euskal Herrian zuten ia artilleria guztia Bilboren ingurumarietara eramatea isabeldar agintaritzari ez zitzaion oharkabean pasatu. Baldomero Espartero, Iparraldeko Armada isabeldarraren buruak Ebroko hegoaldeko mugan zeuden bere tropekin iparralderantz abiatu zen, bonbardaketak hasi zirenean Villarcayo, 60 kilometrora, zegoelarik. Bere troparen zati bat, Araoz brigadierraren agindupean, Santanderrera bidali zuen, handik itsasontziz Portugaletera joan zitezen. Urriaren 26an lehorreratu ziren eta Ezkerraldeko hiribilduaren kontrola bermatu zuten.[9]

Setiatutako Bilbo laguntzeko kanpaina hasi ahal izateko Portugaletek nahitaezko garrantzia zuen Esparterorentzat, bertan bere koartel nagusia, arma, munizio eta hornidura biltegiak eta odol ospitalea ezarri nahi baitzuen. Baina Esparterok Villarcayon zeukan tropa gaizki horniturik zuen, bera gaixotu egin zen eta Portugaletera abiatu aurretik hornidurak jasotzea ostopatzen zieten Burgosko probintzian aritzen ziren karlista gerrillak suntsitu behar izan zituen. Horregatik guztiagatik azaroaren erdialdera arte ezin izan zuen martxa hasi. Azaroaren 25ean heldu zen Portugaletera 14.000 soldadurekin.

Esparteroren erasoaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esparteroren erretratua (1844)

Azaroaren 27an Esparterok itsasaderraren ezkerraldetik Bilboranzko aurreratzea hasi zuen, baina karlistek, ongi gotortutako pòsizioetatik, aurka egin zioten eta hildako asko izan zituen. Porrotak itsadarraren ertz horretatik aurrera egiteko eta setioa hausteko zailtasuna erakutsi zion, eta bestetik egitea erabaki zuen. Espainiako Itsas Armadako eta itsasadarrean ainguratutako Royal Navyko bi itsasontzietako buruekin kontsultatu ondoren Esparterok Portugaleten itsasadarra zeharkatzeko elkarren artean jarritako itsasontziez osatutako zubi bat eraikitzeko agindua eman zuen.

Azaroaren 30ean bere gudarostearen zati handi bat itsasadarraren beste ur-bazterrean zegoen, telegrafia optikoaren bitartez Bilboko defendatzaleei honako mezua bidali zien:

« El ejército del Norte estará hoy entre Algorta y Aspe o alto frente de Portugalete y se dirige por el este a Asúa, y mañana por Archanda a Bilbao.[10] »


Lutxanako gudua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lutxanako gudua»

Abenduaren 1ean isabeldarrak, hiru zutabe paralelotan lerrokaturik, Gobela ibaiaren gaineko zubira heldu ziren, hau moztuta topatu zuten eta ibaia ibitik igaro behar izan zuten karlisten fusileriaren tiropean.[11]. Abenduaren 5ean denboralea areagotu zen eta Portugalerekin batzen zuen zubia suntsitu zuen. Zubia beste urertzarekin zuten komunikabide bakarra zen, zeinaren bitartez hornidura eta munizioak jaso eta zaurituak eraman ahal zituzten.[12]Egoera horren aurrean Esparterok eskuinaldetik aurrera egiteari uko egin zion eta suntsitutako zubiaren ordez beste bat eraikizeari ekin zioten, aurrekoa baino hegoalderago eta itsasoaren oldarretik babestua baina karlisten karlisten hiru gotorlekuetako artilleriaren jomugan. Abenduaren 7an bukatu zuten eta isabeldar tropak ezkerraldera erretiratzen hasi ziren, baina zeharkatzen ari zirela denboraleak berriz ere bitan apurtu zuen, eta gainerako soldaduek txalupetan igaro behar izan zuten.[13]

Abenduaren 12an Esparterok Bilborako martxa ezkerraldetik hasi zuen baina denboraleen eraginez bideak lokaztuta zeuden eta karlisten lubakiak mendean hartzeko beharrezkoa zuen artilleria astuna trabatuta geratu zen. Eguraldi txarrak eta karlisten erresistentziak isabeldarrak erasoari berriro uko egitera behartu zituzten, abenduaren 15ean, hirugarren aldiz, Portugaletera atzera egin behar izan zuten.[14] Hilaren 17an Portugaletera errefortzu tropak eta elikagai, diru eta munizio hornidura garrantzitsua heldu ziren, eta Esparterok berriz ere eskuinaldetik aurrera egitea erabaki zuen.[15]Beste zubi bat eraikitzeari ekin zioten eta britaniar itsasontzien komandanteek artilleriaren eta zalditeriaren zati baten igarotzea egiteko baltsak eman zituzten, abenduaren 19ko gauean eta biharamuneko egunsentian burutu zena, zubia bukatzen zuten bitartean. Iluntzean, isabeldarrek artilleria piezak Asua ibaiaren inguruan kokatu zituzten eta zubia eraikitzen amaitu zuten. Abenduaren 22ko egunsentian infanteriaren zati handiena eta zalditeriaren gainontzekoa eskuinaldera zeharkatzen hasi zen. Karlistak isabeladarren gerturatzearen jakitun, Bilboren kontrako presioa areagotzea erabaki zuten. Bizkaiko hiriburuan egoera ordurako larria zen eta agintariak abandonaturik sentitzen ziren, Esparteroren gudarostea ezinean zebilela ikusita.

Abenduaren 24a izan zen behin betiko erasoa burutzeko aurreikusitako eguna. Espartero gaixorik zegoen eta agintea bere lantalde nagusiko buruari, Marcelino Oraa jeneralari, utzi behar izan zion. Asua ibaiaren inguruan eta Barakaldoko Lutxanan, itsasadarraren ezkerraldean, kokatuta zeuden bateriek egun osoan zehar karlisten posizioak bonbardatu zituzten. Arratsaldeko laurak aldera zortzi ehiztari konpainia ezkerreko ur-ertzean ontziratu ziren. Lehorreratutako isabeldar ehiztariek karlistak Erandioko Lutxanatik joanarazi zituzten, eta hauek suntsitutako Asuako zubiaren ordez behin-behineko beste bat eraiki zuten. Hala ere, defentsa karlistak ondoz ondoko erasoak geldiarazi zituzten, eta berriz ere denboralearen eraginez itsasadarraren gaineko zubia desegin zen.[16]

Setioaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauerdian izan zuen Esparterok egoeraren berri, sendatuta egon ez arren, agintea berreskuratu eta gudu-zelaira itzuli zen. Albistea isabeldar soldaduen artean zabaldu zenean erasoa indarrez berrartu zuten eta abenduaren 25eko gaueko laurak aldera, denboralea baretzen hasi zenean, Elorriaga (gaztelaniaz, Banderas) mendiko gotorlekua, karlistek mantentzen zuten azkena, hartu zuten. Hauek atzera-egitea hasi zuten, isabeldar tropei Bilborako bidea libre utziz. Azkenean abenduaren 25ean Bilbon sartu ziren eta hiriko defendatzaileek bozkario handiz hartu zituzten.

Espartero Bilbon sartzen garaipena lortu ondoren

.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1835an gertatu bezala, setiatuek artillerian nagusitasuna zuten hasieratik, eta horrez gain aurreko setiotik Bilboko defentsak handiagotu ziren eta hirian zegoen garnizioa ere indartu zen. Nagusitasuna izan arren Bilboko defendatzaile eta hiritarren artean 250 hildako eta 2.000 zauritutik gora egon ziren. Alderdi karlistan ondorioak are okerragoak izan ziren: hiriaren setioan eta Esparteroren kontrako borroketan jasandako hildako kopuru handiaz gain, Bilbo hartzeko bigarren saiakeraren porrotak karlisten adorean efektu suntsitzailea izan zuen:

« la confusión no tenía límites, las fuerzas vagaban dispersas por el país y a tan lamentable desorden se añadió la de perderse la fuerza moral entre los soldados carlistas... y un rumor de traición circuló entre los que habían creído seguro el triunfo..[17] »


Atzera-egitea desastre huts izan zen; azken egunetako euriek eraginez bideak lokatzez beterik baitzeuden, eta honen ondorioz artilleria astuneko 26 kanoi eta hornigai eta munizio asko atzean utzi behar izan zituzten.[18] Gudaroste karlistaren auditore nagusia zen Jose Manuel Arizagaren ustez borroka egun horietan defentsa karlista ez zen nahikoa sendoa izan soldaduen okerreko kokapenarengatik:

« la mayor parte de nuestras tropas recibieron orden de acantonarse en los pueblos a retaguardia de Bilbao y muy poca fuerza quedaba cubriendo el servicio de la línea que no se consideró pudiera ser atacada; pero en la tarde del 25 de diciembre las tropas cristinas se fueron empeñando poco á (sic) poco sobre el puente de Luchana que había sido ya tomado por un ataque combinado con las fuerzas sutiles, y estos encuentros, que no parecieron formales, empeñando el resto de las tropas del general Espàrtero, se llevaron hasta los puntos mas fortificados é inespugnables (sic) de nuestras sucesivas posiciones, que fueron débilmente defendidas por aquellos voluntarios, que aun la crudeza de la noche les permitía empuñar las armas.[19] »

.

Gutxi balitz bezala, porrotak Rafael Maroto bezalako militar karlista batzuen artean liberalen aurkako gerra irabaztea ezinezkoa zenaren ustea zabalduz joan zen eta, horrenbestez, haiekin akordio batera heldu behar zirena ere bai.

Beste alde batetik, Bilbo Euskal Herriko eta Espainiar estatuko liberalen sinboloa bilakatu zen, egiazko harrotasun eta karlisten aurreko menderatu gabeko erresistentzia liberalararen ikurra:

« Bilbao es el símbolo del liberalismo, de la resistencia al carlismo, del heroísmo. El sitio pasa a convertirse en la hazaña por excelencia que se cita junto a Numancia, Sagunto y el Madrid del 2 de mayo. Los homenajes, las colectas, las obras literarias, las placas conmemorativas... todo resulta poco para conmemorar a una villa que en adelante «añadirá el título de Invicta a los que ya tiene de Muy y Muy Lea1»{.[20]. »


Gasteizera guduaren eta askapenaren albistea ez zen abenduaren 29ra arte heldu, baina bertatik Espainiar estatura berehala zabaldu zen. Gertakariok estatuko lekurik urrutienetan ere ospatu ziren eta hiri eta herri askok kale edo plazaren bati "Luchana" izena eman zioten. Izan ere isabeldar alderdian ere barne arazoak ere baziren. Urte horretan Iparraldeko frontean borrokatzen ari ziren isabeldar tropen artean elikagai eskasia, soldata ordainketa jasotzeko atzerapenak eta gerraren geldialdiaren aurreko ezinegon orokorraren ondorioz matxinada ugari gertatu ziren. Maila politikoan La Granjako jaikialdi militarra jaso zen, zeinean San Ildefonsoko errege-jauregiko Errege Guardiaren eta garnizioaren sarjentu talde batek Maria Kristina Borboikoa erreginaordeari 1812ko Konstituzioa berrezartzera eta beste gobernu bat izendatzera behartu zuten. Egoera honek 1812ko printzipioekin bat ez zetozen sektore zibil eta militarrengan ondoeza eragin zuen, isabeldar alderdian ondorengo urteetan modu nabamenean azaleratuko ziren barne zatiketen adierazle. Horrengatik guztiagatik isabeldar Espainian orokorrean ez zen giro, baina Bilbon lorturiko garaipenak kemena indartu eta estatu liberalari bultzada berri bat eman zion. Baldomero Esparterori dagokionez, garaipenak geroago hasiko zuen ibilbide politikoaren bultzada erabakiorrena suposatu zuen. Horrez gain, Esparterok Biilboaldean izandako garaipenekin harreman zuzena zuten noblezia titulu batzuk ere eskuratu zituen: Banderaseko bizkondea eta Lutxanako kondea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lázaro Torres, 68 orr.
  2. Pirala, III liburukia, 497-501 orr, in Urquijo, Jose Ramón, "Los sitios de Bilbao", 1988, 18..
  3. Galería Militar Contemporánea, II. liburukia, 208-209 orr.
  4. Estornés Zubizarreta, Idoia, "Bilboren bigarren setioa", in "Karlismoa eta Karlista Gudak", Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  5. Urquijo, Jose Ramón, op. cit, 1988, 20..
  6. Estornés Zubizarreta, op cit.
  7. Urquijo, Mikel, "Sitio de Bilbao 1836", Bilbaopedia.
  8. Urquijo, Jose Ramón, op. cit, 1988, 22-23 orr.
  9. Flórez, José Segundo, I. liburukia, 363 orr.
  10. Flórez, José Segundo, op. cit. 391 orr.
  11. Flórez,José Segundo, op. cit. 406 orr.
  12. Galería Militar Contemporánea, 225 orr.
  13. Galería Militar Contemporánea, op. cit, 223-225 orr.
  14. Galería Militar Contemporánea, op. cit, 227 orr.
  15. ibidem
  16. Galería Militar Contemporánea. op. cit, 165 orrialdea
  17. Galería Militar Contemporánea. op. cit. 165 orr.
  18. Urquijo, Jose Ramón, op. cit, 1988, 33 orr.
  19. Arízaga, José Manuel de, 77-78 orr.
  20. Urquijo, Jose Ramón, op. cit, 1988, 33 orr.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fikzioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Wikisource: "Luchana" de Benito Pérez Galdós