Edukira joan

Bingen Zupiria Gorostidi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bingen Zupiria» orritik birbideratua)
Bingen Zupiria Gorostidi

(2017)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua

2024ko ekainaren 25a -
Josu Erkoreka Gervasio

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea

2020ko irailaren 5a - 2024ko ekainaren 25a
Josu Erkoreka Gervasio - Maria Ubarretxena

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua

2016ko azaroaren 28a - 2024ko ekainaren 25a
Cristina Uriarte - Ibone Bengoetxea
Bizitza
JaiotzaHernani, 1961 (64/65 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, politikaria eta filosofoa
Ideologia eta sinesmenak
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Bingen Zupiria Gorostidi (Hernani, Gipuzkoa, 1961) kazetaria eta politikaria da. 2024ko ekainetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua. Euskal Telebistan hasi zuen bere lan ibilbidea, 1983an eta 1985 eta 1989 bitartean; albistegietako editore izatera iritsi zen. 1990eko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzako Prentsa Bulegoko zuzendaria eta Lehendakaritzako Komunikazioko arduraduna izan zen, Jose Antonio Ardanza lehendakariarekin. 1999tik 2009ra, ETBko zuzendaria izan zen, eta 2012tik 2016ra Deia egunkariko zuzendaria. 2016an, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu izendatu zuen Iñigo Urkulluk. 2020tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea ere izan zen III. Urkullu gobernuan. 2024ko ekainean, Imanol Pradales lehendakariaren gobernuan, Segurtasuneko sailburu kargua hartu zuen.[1]

Hernanin jaioa, Urumea ikastolan egin zituen unibertsitate aurreko ikasketak: bertako lehen promozioko ikaslea izan zen.[2] Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, Euskal Filologian espezializatua. 1984an lizentziatu zen, Bikain kalifikazioarekin. 2002an, Enpresa Kooperatiben Zuzendaritzan masterra gauzatu zuen Mondragon Unibertsitatean.[3]

Miren eta Bingen musika taldeko kidea izan zen, Miren Etxanizekin batera.[4] Bikoteak euskal musika tradizionala jotzen zuen: Zupiriak panderoa, eta Etxanizek trikitia.[5] Taldeak Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketa irabazi zuen 1981ean, eta Txapelketa Nagusian finalista izan zen 1982an.[6][7] Lau urtez jardun zuten eta 1982an, album bat kaleratu zuten, IZ diskoetxearekin.[8]

Lan ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1983an kazetari ibilbidea hasi zuen Euskal Irrati Telebistan. Hasieran Zopa Haundi sukaldaritza programako aurkezlea eta erreportaria izan zen, eta gero lehiaketa programa bat ere aurkeztu zuen.[9][2] Ondoren, ETBko albiste zerbitzuetan editore eta aurkezle gisa egin zuen lan. ETB1eko Gaur egun aurkeztu zuen 1984tik 1985era, eta bertako zein ETB2ko Teleberri albistegiaren editorea izan zen 1986 eta 1989 bitartean.[9][10]

1989ko iraila eta 1999ko urtarrila bitartean, Eusko Jaurlaritzako Prentsa Bulegoko zuzendaria eta Lehendakaritzako Komunikazioko arduraduna izan zen, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren gobernuetan. 1999ko martxoan EITBra itzuli zen, Euskal Telebistako albistegietako erredaktore buru gisa. Handik bi hilabetera, 1999ko maiatzean, ETBko zuzendari izendatu zuten. Hamar urtez aritu zen postu horretan, 2009ra arte, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren eratutako gobernuak kargutik kendu zuen arte. Urtebetez, 2008tik 2009ra, EITBko zuzendari nagusia izan zen jardunean, Andoni Ortuzar ordezkatuz.[11]

2005etik 2007ra, EITBk eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako Komunikazioko masterraren zuzendaria izan zen. Bi urtez irakasle bisitaria izan zen Mondragon Unibertsitatean, 2007tik 2009ra, Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko azken urteko ikasleen Kalitatea ikasgaian. Euskal Herriko Unibertsitatearen Komunikazio Korporatiboko masterrean eta Berrikuntza eta Ezagutzaren Kudeaketako masterrean ere irakasle izan zen.[12]

2009ko udan, Mugaldekoak telesailaren gidoiak gainbegiratzen egin zuen lan. EITBko zuzendaritza utzi ondoren, 2009ko azarotik aurrera, Giza Quest edo G-Quest enpresako zuzendaria izan zen. Enpresa horrek Bilbon zuen egoitza, eta marketin estrategikoa, ikerketa eta komunikazioa lantzen zituen.[13] Deia egunkariko zutabegilea (Hitzaren kupela tartean) eta Cadena Ser irratiko La Ventana Euskadi saioko kolaboratzailea ere izan zen.[12]

2012an, Deia egunkariko zuzendari izendatu zuten, Iñigo Camino ordezkatuta.[14] 2016an utzi zuen postua, Iñigo Urkullu lehendakariak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu izendatu zuenean bere bigarren gobernuan.[15] 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, Zupiriak sail beraren ardura izaten jarraitu zuen Urkulluren hirugarren gobernuan, eta gobernuaren bozeramaile izatera ere igaro zen, Josu Erkorekaren lekua hartuta.[16]

2024ko ekainean, Imanol Pradales lehendakariak gobernu berria eratu zuen. Urkulluren azken gobernuko hiru kidek baino ez zuten jarraitu Jaurlaritza berrian, horien artean Zupiriak. Segurtasuneko sailburu izatera igaro zen, Josu Erkoreka ordezkatuta.[17]

Bizitza pertsonala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Bixente Zupiria du, Hernaniko Santa Barbara Elkarteko presidente izandakoa.[2][18] 18 urte zituenetik Bilbon bizi da.[2] Emaztea Aintzane Bolinaga du, EITBko albistegietako editorea.[19] Bikoteak bi seme eta alaba bat ditu.[20]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Hauek dira Pradalesen exekutiboa osatuko duten sailburuak» EITB 2024-06-22 (kontsulta data: 2024-06-23).
  2. 1 2 3 4 Zugasti Arizmendi, Arantzazu. (2005). «Bingen Zupiria, Euskal Telebistako zuzendari hernaniarra» (pdf) Hernaniko Urtekaria (Hernaniko Udala): 6-10..
  3. (Gaztelaniaz) Irekia, Eusko Jaurlaritza. (2009). «Bingen Zupiria Gorostidi CV» web.archive.org (kontsulta data: 2021-04-21).
  4. «Trikitixa gazte eta kaletarra» Argia (kontsulta data: 2021-04-21).
  5. «Bingen Zupiria eta Agus Barandiaran, pandero eta trikitilari bikote berria» EITB Euskal Irrati Telebista (kontsulta data: 2021-04-21).
  6. «Soinuaren hotsa - Txapelketak» trikitixa.eus (kontsulta data: 2021-04-21).
  7. «Soinuaren hotsa - Bikoteak» trikitixa.eus (kontsulta data: 2021-04-21).
  8. (Gaztelaniaz) «Miren eta Bingen» www.soinuenea.eus (kontsulta data: 2021-04-21).
  9. 1 2 «Zupiria Gorostidi, Bingen» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Eusko Ikaskuntza) (kontsulta data: 2021-04-21).
  10. Irekia, Eusko Jaurlaritza. (2020). (pdf) Bingen Zupiria Gorostidi CV. .
  11. (Gaztelaniaz) «Zupiria, el colaborador de Ardanza que vuelve al Gobierno tras dirigir medios» El Diario Vasco 2016-11-24 (kontsulta data: 2021-04-21).
  12. 1 2 «Bingen Zupiria, nuevo Director del Deia» www.infoperiodistas.info (kontsulta data: 2021-04-21).
  13. Erredakzioa. «Bingen Zupiria izango da martxotik 'Deia' egunkariko zuzendaria» Berria (kontsulta data: 2021-04-21).
  14. (Gaztelaniaz) «Bingen Zupiria sustituirá a Iñigo Camino como director de Deia» Diario de Noticias de Navarra (Editorial Iparragirre) 2020-02-18.
  15. «Sailburuak» Berria 2016-11-25.
  16. Begiristain, Edurne. «Gotzone Sagardui izango da Osasun sailburua, eta Josu Erkoreka Segurtasunekoa» Berria (kontsulta data: 2020-09-08).
  17. «Pradalesen Jaurlaritzak hamabost sailburu izango ditu, inoiz baino gehiago» Berria 2024-06-22 (kontsulta data: 2024-06-23).
  18. «Historia - Sociedad Recreativa Santa Barbara Elkartea» www.elkartea.com (kontsulta data: 2021-04-21).
  19. (Gaztelaniaz) «El PP critica que ETB nombre editora de informativos a la mujer del consejero de Cultura» El Correo 2017-07-19 (kontsulta data: 2021-04-21).
  20. «Bingen Zupiria hunkitu egin da anaien eta seme-alaben mezuekin» EITB Euskal Irrati Telebista (kontsulta data: 2021-04-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aurrekoa
Cristina Uriarte
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua

2016ko azaroaren 28a - gaur egun
Ondorengoa
Karguan
Aurrekoa
Josu Erkoreka
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

2020ko irailaren 8a - gaur egun
Ondorengoa
Karguan