Bioteknologia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
intsulinaren kristalak.

Bioteknologia izaki bizidunetan oinarritzen den teknologia mota da.

Bioteknologiak organismoak (mikroorganismoak, batez ere) erabiltzen ditu gizakiarentzat onuragarriak diren produktuak edo zerbitzuak eskuratzeko. Aplikazioak ditu nekazaritzan, farmazia-industrian, elikagaien zientzietan, medikuntzan eta ingurugiroan, besteak beste.

Karl Ereky hungariar ingeniariak estreinakoz erabili zuen hitza 1919an.

Bioteknologia hainbat zientziatan oinarritzen da: mikrobiologian, biokimikan, genetikan, botanikan eta ingeniaritza puruan, esaterako. Mikroorganismoak erabiltzen ditu haiengandik etekin industriala lortzeko.

Bioteknologia barruan bi atal edo sasoi erabat ezberdin bereizten dira: Bioteknologia tradizionala edo klasikoa eta Bioteknologia modernoa.

Bioteknologia tradizionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bioteknologia klasikoa ohituretan eta esperientzi aurre zientifikoan oinarritzen zen, soilik elikadura arlora zuzenduz. Jarduera horren adibide bat edariak edo elikagaiak eskuratzeko (ardoa, esnekiak...) gizakiak aspalditik erabiltzen dituen tekniken multzoa da: XIX.mendera arte prozedura horien atzean zegoen oinarri biokimikoa ezagutu gabe, eta Pasteur-en garaitik aurrera mikrobio aukeratuak erabiliz.

Bioteknologia mota hau, beraz, mikrobioez baliatzen da (mikrobioen metabolismoaz, zehatzago esanda) onuragarriak diren produktuak eta zerbitzuak lortzeko (elikagaiak, edariak, produktu kimikoak eta farmazeutikoak, bio-intsektizidak, hondakin-uren arazketa...)

Bioteknologia Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bioteknologia modernoak XX. mendearen 80ko hamarkadan hasi zuen bere bidea, ingeniaritza genetikoarekin batera. Izan ere, bioteknologia mota honek ingeniaritza genetikoa du oinarri, geneak sartzen baititu -era artifizialean- mikrobioengan haien ezaugarriak aldatzeko, produktu interesgarri bat ekoiztu dezaten, adibidez. Bioteknologia erabiliz, esaterako, bakterioek edo legamiek giza-intsulina ekoizten dute, hormona horrekiko kodetzen duten giza-geneak mikrobio horiengan txertatuz. Egun, merkaturatzen den intsulina gehiena bioteknologiaren bidez lortzen da.

Genetikoki eraldatutako organismoak sortzen ditu bioteknologia modernoak, organismo naturalen aldean onuragarriagoak direnak produktu bat ekoizteko.

Bioteknologiaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bioteknologiaren hastapenak nekazaritzaren agerpenarekin lotuta daude, duela 10.000 urte inguru. Nekazariak laster ohartu ziren posible zela uzten etekina hobetzea, landare hoberenak eta erresistenteenak aukeratuz.

Duela 8.000 urte sumertarrek eta babiloniarrek garagardoa ekoizten zutelako zantzuak baditugu. Era berean, txinatarrek gazta eta jogurta egiten zuten orain dela 6.000 urte, eta ogiaren lehen aipamenak K.a. 3.000 urte inguru azaltzen dira Egipton. Elikagaiak eta edariak lortzeko prozesu hauetan guztietan bakterioek edo legamiek parte hartzen dute, lehengaiak hartzituz. Elikagai horiek sortzen dituzten hartzidurak kasualitatez gertatuko ziren hasieran, baina gizakiak laster ikasiko zuen prozesu horiek kontrolatzen, bere oinarri biokimikoa ezagutu ez arren.

XIX. mendea erabakiorra izan zen bioteknologiaren bilakaeran, mende horretan genetika, biokimika eta mikrobiologiaren oinarri teorikoak finkatu baitziren. Mende horren erdialdean Gregor Mendelek herentziari buruzko lehen ikerketa zientifikoak osatu zituen, eta 1876an Louis Pasteurek frogatu zuen mikroorganismoak direla hartzidura laktiko eta alkoholikoaren eragileak.

XX. mendean industriaren garapena eta biologiaren aurrerapenei esker mikroorganismoak industrian erabiltzen hasi ziren. Mikroorganismoen ustiapena gizakiarentzat interesgarriak diren substantziak eta produktuak eskuratzeko areagotu egin zen XX. mendean zehar: 1910. urte inguruan mikrobioen lehenengo ekarpen industriala gauzatu zen, azetona, butanola eta glizerolaren ekoizpena hasi zenean. XX. mendeko mugarri garrantzitsuenak bioteknologiaren garapenean, besteak beste, hauek izan dira:

  • 1942an hasi zen penizilina lortzen Penicillium onddoaren andui ekoizleak hartzitzaile industrialetan haziz.
  • 1976an bioteknologiaren lehenengo enpresa agertzen da, A.E.B-etan (Genentech)
  • 2003an giza-genomaren sekuentzia osoa deszifratzen da.

Mikrobioen erabilpena industrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bioteknologiaren aplikazioak mikrobioak erabiliz oso anitzak dira. Batzuk aipatzearren, hauek aipa daitezke:

  • elikagaien industrian: gazta, jogurta, ozpina, ogia, proteina zelulabakarra, etab. mikrobioak erabiliz lortzen dira

Industri-hartzitzaileetan edo bioerreaktoreetan produktu hauek lortzeaz gain, bioteknologia mikrobioez baliatzen da beste prozesu batzuetan:

  • hondakin kimiko toxikoak eta petrolioa biodegradatzeko (bioerremediazioa)
  • nitrogenoa finkatzen duten bakterioak erabiltzen dira nekazaritzan, nekazal-ongarritzerako. Bakterio horien geneak ere ingeniaritza genetikoaren bidez sar daitezke landareetan.

Eragiten dion arloaren arabera, bioteknologia horrela sailka daiteke:

  • Bioteknologia zuria: industria arloari dagokiona
  • Bioteknologia berdea: nekazaritzan aplikazioak dituena (landare transgenikoak, biointsektizidak...)
  • Bioteknologia urdina: ur-ingurumenei eragiten diena

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Biotecnología y posthumanismo 2007 Ballesteros, Jesús; Fernández Ruiz-Gálvez, María Encarnación editorial Editorial Aranzadi
  • El fin del hombre: consecuencias de la revolución biotecnológica 2002 Fukuyama, Francis editorial = Ediciones B
  • Henco, A. International Biotechnology Economics and Policy: Science, Business Planning and Entrepreneurship; Impact on Agricultural Markets and Industry; Opportunities in the Healthcare Sector. ISBN 978-0-7552-0293-5.
  •  

Friedman, Yali (2008), Building Biotechnology: Starting, Managing, and Understanding Biotechnology Companies, Washington, DC: Logos Press, ISBN 978-0973467635, http://www.buildingbiotechnology.com .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bioteknologia Aldatu lotura Wikidatan