Biscainhos museoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Biscainhos museoa
Datuak
Motajauregia eta kultura ondarea
HerrialdeaPortugal
Historia
Sorrera1978ko otsailaren 11
webgune ofiziala

Biscainhos Museoa (portugesez: Casa dos Biscainhos/Museu dos Biscainhos ) Ipar Portugalgo Braga hirian dagoen museo bat da, XVII. mendeko jauregi batean kokatua.

Jauregi aristokratiko honek areto zabalak ditu, luxuzko sabaiekin, eta lorategi barroko bat dauka. Jauregia bere jabe nobleen bizimodurako egokituta zegoen, aristokratentzako, mirabeentzako eta kapilauentzako espazioekin. Beheko solairuak zoladura egokitua zuen zaldiak eta zalgurdiak sartu ahal izateko, bai jauregira eta baita zalditegietara ere.

Museo honetan, XVII. eta XIX. mendeen arteko nobleziaren eguneroko bizitza nolakoa zen ikus daiteke, batez ere dekorazio-arteetako piezen bidez (altzariak, urregintza, zeramika, kristaleria, ehungintza, etab.), musika-tresna eta garraiobideen bidez. Gainera, museoko altxorretako bat Portugalgo herri-jostailuen bilduma da, herrialde honetan dagoen era honetako bakarra; 1990eko hamarkadan ekarri zen egoitza honetara Portoko Etnologia eta Historia Museotik. Dena dela, Museoak dituen pieza guztiak ez daude publikoarentzat ikusgai.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregiko sarrera nagusia
Jauregiaren barruko patioa
Jauregiko lorategia.

XVII. mendean eraiki zen eta hainbat berrikuntza izan ditu geroztik. Dirudienez, jauregia enkargatu zuenak, Constantino Ribeiro do Lago (1619-1686) izeneko pertsonaia garrantzitsu batek, langile euskaldunak kontratatu omen zituen jauregia eraikitzeko, eta hortik omen dator bere izena.[1]

XIX. mendean, Bertiandos kondeen jabetza izan zen; haien alaba bat, Maria da Conceição Eugénia, Bragako gobernatzaile zibila izandako Paço de Nespereirako bizkonde João Lobo Machado Cardoso do Amaral e Meneses jaunarekin ezkondu zen, eta jauregia haien eskura igaro zen.

Azken jabea, Gaspar José Maria Lobo Machado do Amaral Cardoso de Menezes, Paço de Nespereirako hirugarren bizkondea, 1963an hil zenean, hiriari utzi zizkion bere ondasunak, jauregia ere haien artean.

Bere historiako garai nagusia XVIII. mendean gertatu zen, barrualde barroko apartak, azulejuak, estuko-lan ederrekiko sabaiak eta hainbat pintura erantsi zitzaizkionean. Lorategi zoragarri bat ere eraiki zen.[2]

Jauregia 1963an hiriaren ondasun bihurtu zen, Bragako Barrutiak museo bat jartzeko asmoz, eta Alberto da Silva Bessa arkitektoaren ardurapean hasi ziren lanak.

Museoa 1978ko otsailaren 11n zabaldu zen, Instituto Português do Patrimonio Cultural (Portugalgo Kultur Ondarearen Institutua) delako erakundearen kudeaketapean. Denbora horretan, kanpoko fatxadak konpondu eta korridoreetako pinturak konpondu egin ziren.

Lorategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Museoak duen lorategia 1750 inguruan eraiki zen eta Portugalgo barroko garaiko lorategi historiko garrantzitsuenetako bat da.

Hektarea bat inguru okupatzen du, hainbat ataletan banatuta; iturriak eta eskultura barrokoak ere baditu. Gainera, pabilioi bat dauka, begiratoki bat eta azuleju polikromatuz estalitako hormak.

Lorategiko zuhaitzen artean nabarmentzekoa da idi-bihotz arbola handi bat ("Liriodendron tulipifera"), XVIII. mendean landatua.

Luis I.a Portugalgoaren erregealdian, errege familia lorategia bisitatzera gonbidatu zuten Bertiandoko kondeek, jauregiko nagusiek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. https://museudosbiscainhos.gov.pt/museu/palacio/ "O Palácio dos Biscainhos localiza-se na rua que lhe deu o nome, numa alusão aos artífices vindos da Biscaia, que aqui se instalaram, no século XVI, e que trabalharam na valorização urbanística de Braga."
  2. Sereno, Isabel; Santos, João; Estadão, Luísa. (2007). SIPA ed. Casa dos Biscainhos / Museu dos Biscainhos (IPA.00001047/PT010303520016). SIPA – Sistema de Informação para o Património Arquitectónico.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]