Bizarzuri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizar Zuri (Santa Claus)» orritik birbideratua)
Bizarzuri
Eguberritako tradizioak
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
BizitokiaSanta Claus village (en) Itzuli eta Santa Claus Land (en) Itzuli
BaliokideakFather Christmas (en) Itzuli, Ded Moroz, Sinterklaas (en) Itzuli, San Nikolas (Europako folklorea) eta Joulupukki (en) Itzuli
Ogibideatoy maker (en) Itzuli eta distribution manager (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Mrs. Claus (en) Itzuli
Seme-alabakSanta Claus' daughter (en) Itzuli

Bizarzuri edo Aita Noel (Papá Noel gaztelaniaz eta Père Noël frantsesez) —edo, izena kristaututa, Santa Claus edo San NikolasEguberriko pertsonaia tradizionala da Mendebaldeko kristau gizartean, ume zintzoei opariak ekartzen dizkiena Gabon-gauean (abenduaren 24tik 25erainoko gaua) edo San Nikolas egunean (abenduaren 6a).

Bizarzuri Buenos Airesen

Haren jatorriak bertsio asko ditu, horien artean San Nikolas Mirakoa, bere ondasunak behartsuen artean banatzen zituen greziar apezpikua ezagunena da. San Nikolasen kondaira eredutzat hartuta, Europan hainbat figura sortu dira: Herbehereetako Sinterklaas edo Father Christmas (Aita Noel) eskandinaviar kulturako Odinekin (kultura germaniarrean, Wodan) duen antzekotasunarengatik.

Bizarzuri, egun, agure bizar-zuri bat gisan ezagutzen da, larruzko arropa gorri eta zuria, txapel gorri eta zuriarekin, bota eta gerriko beltzak eta gehienetan betaurrekoekin. Irudi hori AEBetan eta Kanadan arrakasta lortzen hasi zen XIX. mendean, Thomas Nast marrazkilariaren irudi batzuen eraginagatik. Geroztik asmatutako elezaharraren arabera, bizarzuri Ipar Poloan bizi da, Claus anderearekin. Bere iratxoekin lan egiten du, jostailuak egiten. Urtean zehar haurren zerrendak egiten ditu, hauen portaeraren arabera, eta Gabon gauean, zerua gurutzatzen du elur-oreinez tiratutako lera hegalari batean haurrei opariak egiteko, jostailuak eta gozokiak ongi portatu direnei eta ikatza gaizki portatu direnei.

Santa Klaus

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Nikolas Barikoa

San Nikolas[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Nikolas Mirakoa edo San Nikolas Barikoa apezpiku greziarra izan zen. 270. eta 280. urteen inguruan familia aberats batean jaio zela esaten da. Gurasoak oso gaztea zela hil zitzaizkionez, familiako aberastasun guztiak jaso zituen, baina behartsuei eman zizkien eta apaiz sartu zen. Turkian aritu zen lan hartan eta berehala Mirako apezpiku izendatu zuten. Bizitza guztia kristautasunari eskaini zion eta hainbat mirari egin izanagatik oso ezaguna bihurtu zen. Haren heriotza baino 700 bat urte geroago, Mira musulmanak konkistatzen ari zirela, Bari hiri italiarreko marinel batzuek santuaren hezurretako batzuk Mirako elizan zegoen sarkofagotik atera zituzten: hezurrak Barira eraman zituzten, gaur egun San Nikolasko basilikan sagaratzen diren tokira. Eskeletoaren beste zatia Veneziako marinel batzuek eraman zuten Veneziara lehen gurutzadaren garaian, eta San Nikolasen eliza eraiki zen hezur haiek utzi zituzten tokian. Gertaera horiek San Nikolas marinelen patroi bihurtu zuten. Horrez gain, haurren patroia ere bada, Amsterdam eta Moskuko patroia izateaz gain.

Bizarzurirekin lotzeko hainbat arrazoi daude: adibidez, egin zituen mirarietako batek hiru haur errezo bidez salbatu izana. Beste mito ezagun batek dio gizon behartsu baten hiru alabei gauez galtzerdian dirua sartu ziela ezkondu ahal izateko. Bi ekintza horiek gaur egungo haurrei opariak egitearekin lotzen dute.

San Nikolasen bizitzari buruzuko datu idatziak bere jaiotza baino gutxienez bi mendetik aurreragokoak direnez, ez dago ziur benetako pertsonaia izan zan zen ala ez. Informazio guztia ahozko kondairetatik transmititzen joan zen. Garai horietan, kristautasunaren heroien sorrera oso ohikoa zen.[1]

Erdi Aroan, San Nikolasen egunaren bezperako gauean, haurrek opariak jasotzen zituzten bere omenez. Erreforma protestantearen garaian, dataz aldatu zuten egun hau, santuenganako gurtzaren aurka. Martin Luterok santuekiko gurtza alde batera utzi eta haurrek Kristorengan interesatzeko ohitura hori zabaldu zuen, eta Kris Kringleren pertsonaia proposatu zuen santuaren ordezko. Hala ere, San Nikolasek ez zuen osperik galdu, eta opari banatzaile ezagunenetakoa izaten segitu zuen.

Woden eta germaniar folklorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georg Von Rosenen Odinen ilustrazioa (Odin, the Wanderer)

Europaren kristautzearen aurretik, tradizio eta ohitura pagano asko zeuden, eta kristauek garbi ikusi zuten tradizio horietako asko gizartean oso barneratuta zeudela eta ezingo zirela kendu; beraz, tradizio horiek eraldatu eta kristautzea beste aukerarik ez zuten izan. Ohitura horietako bat germaniar eta eskandinaviar kulturako Yule festa edo Yuletide da, eta festa horretatik hainbat ekintza barneratuta daude oraindik egungo Gabonetan.

Urte amaierako 12 eguneko festa bat zen, neguko solstizioarekin batera ospatzen zena: oso ospakizun garrantzitsua zen kultura germaniar edo nordikoan, urtearen amaierarekin atseden momentua baitzetorren, lanaren zikloaren hasiera eta eguzkiaren eta argiaren itzuleratzat hartzen zen.

Ospakizun horretan, jainkoei eskaintzak egiten zitzaizkien, eta akerrak erabiltzen ziren eskaintza horietarako. Honen jatorriak Thorrekin, oparotasunaren jainkoarekin du zerikusia. Thorrek zerua gurutzatzen baizuen bi akerrek tiratutako gurdi hegalari batean. XIX.mendean, akerra bihurtu zen oparien eramaile.

Beste alde batetik, “ehiza basatia” bezala ezagutzen den mitoa izan daiteke beste jatorrietako bat. Mito hau, zerua zeharkatzen zuen espiritu-prozesio baten inguruan da. Prozesio hori Odin edo Woden jainkoak gidatu zuela esan ohi da. Horrez gain, Wodenek zaldi gris baten gainean zerua zeharkatzen zuela esaten da, etxeetara opariak eramanez. Baliteke kristautze garaian kondaira horrek, San Nikolasen mitoekin duten antzekotasuna dela medio (bizar zuria eta opariak), izen horren jatorria izatea.

Agian tradizio eta mito haien moldaketak gaur egungo Eguberrien eta Bizarzuriren tradizioan eragin du. Finlandian, adibidez, Bizarzuri Joluppuki(Gabonetako akerra) izenarekin ezaguna da.[2][3][4]

Aita Noel[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Dickensen "Eguberri Kanta" eleberriko Ghost of Christmas Present pertsonaia, John Leechen ilustrazioa.

XV. mendean, Ingalaterran pertsonaia berri bat agertu zen, Gabonen pertsonifikazio gisan. Hainbat izen hartu zituen, Christmas Lord (Gabonetako jauna) edo Christmas Prince (Gabonetako printzea) adibidez, baina azkenean Father Christmas (Gabonetako aita) izena ezarri zitzaion. Hortik, Frantzian Père Nöel deitu zioten, eta hortik gaur ezagutzen dugun Aita Noel: ez zuen oparirik ekartzen, baizik eta jendea kantatzera, edatera eta ongi pasatzera bultzatzen zuen. Haren irudikatze ospetsuena John Leech ilustratzaileak Charles Dickensen Eguberri Kanta eleberrirako egin zuen marrazkia da. Bertan larruzko jaka berde bat darama.[5]

Herbehereak, Suitza eta Belgikako folklorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Nikolasek Herbeheretan zuen ospea zela medio, Gabonetako pertsonaia nagusia bihurtu zen, izena Sinterklaus izatera pasatu zen. Pertsonaia hori Espainiatik Amerigo izeneko zaldi gainean barkuz joaten den pertsonaia bat da. Oraindik San Nikolas egunean (abenduaren 6a)  ospatzen da opariak banatzearen ohitura. Tradizio hori Estatu Batuetan zabaldu zuten Herbehereetako emigranteek. Sinterklaas izena zuen, laster Santa Claus izena hartu zuena.

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun ezagutzen den Santa Claus pertsonaia VII.mende inguruan sortu zela esaten da. Estatu Batuetara emigratu zuten holandarrek beraien tradizioak eraman zituzten, horien artean Sinterklaasi buruzkoa. Washington Irvingek 1809an idatzi zuen New Yorkeko Historia satiran holandar santu horren bertsio estatubatuarra sortu zuen Santa Claus izenekoa.

Bizarzuriren irudia Thomas Nastek 1863.an egin zuen ilustrazio bati esker sortu zen. Bertan agure zahar eta gizen bat bezala agertzen zen. Eta gaur egun ezagutzen den janzkeraren jatorria ere hor sortu zen. Santa Claus berriak iadanik ez zuen bere jatorrizko San Nikolasen antzik.

Thomas Nasten Bizarzuriren ilustrazioa.

XIX. mende erdialdean, Santa Claus estatu batuarra ingalaterrara eta frantziara zabaldu zen eta Aita Noel pertsonaiarekin nahasten hasi zen. Gaur egun ezagutzen den Bizarzuriren tradizioa ere XIX.mendean sortu zen Lomen Company konpainia estatubatuarraren anuntzio batetik. Bertan Bizarzuri Ipar polokoa zela eta elur-orein hegalarietan opariak banatzen zituela esaten zen.

XX.mendean Coca-Cola konpainiak Bizarzuriren irudi gizatiar eta errealago bat sortzeko eskatu zion Haddon Sundblom ilustratzaileari. Beraz, Bizarzuriren jantzi zuri-gorria Coca-Colak sortu zuela uste den arren, aurretik sorturik zegoen irudi hori, nahiz eta jantzi zuri-berdearen irudia ezagunagoa izan. Coca-Colak egin zuen iragarkiaren ondoren, mundu osoan ezagun egin zen, baina aurretik ere bazegoen gorriz jantzita[6].

Kondaira modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Nikolas desfile batean.

Gaur egungo kondairak dioen bezala, Bizarzuri edo Santa Claus Ipar poloan bizi da Claus andrearekin eta bere iratxoekin: horiek jostailugintzan laguntzen diote. Gabon gauean, elur-orein hegalariek tiratutako lera hartu eta etxez etxe opariak banatzen ditu, etxeetara tximiniaren zulotik sartuz. Elur-oreinik ezagunena Rudolph da, sudur gorri argitsua duena.

Umeek eskutitzak idazten dizkiote Bizarzuriri, eta opariak eskatu: hark urtean zehar teleskopio baten bidez haurrak ongi edo gaizki portatzen diren begiratzen du eta horren araberakoak izaten dira opariak. Ongi portatu direnei, opariak eta gozokiak ekartzen dizkie eta gaizki portatzen direnei, aldiz, ikatza.

Sinterklaas.

Polemika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Claus modernoari bi kritika nagusi egiten zaizkio:

  • Estatubatuar figura modernoa dela, eta, kultura inperialismoaren eraginez, eremu txikiagoko tradizioei gailentzen ari zaiela.
  • Kontsumismoari erabat loturik dagoela.

Herrialde askotan, kanpainak egin dira Bizarzuriren figuraren aurka. Ezagunena Bettina Schade alemaniarrak bultzatua da: San Nikolasen figura defendatzen du, Bizarzuriren gainetik. Kristautasuneko jatorria bigarren plano batean jartzea egozten diote.

Austrian, Welter Kriwetz izan zen Bizarzuriren figuraren aurkako kanpaina bat hasi zuena. Haren hitzetan, “Bizarzuri estatubatuarrentzat eta ingelesentzat izango da ona, baina ez guretzat”.[7]

Espainian, Bizarzuriren aurrean Errege Magoak defendatzen dituen kanpaina bat jarri zen martxan.

Txekiar Errepublikan, Jesus Haurtxoaren tradizioaren aldeko kanpaina bat dabil.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) de 2018, Por Matías Bauso 24 de diciembre. «Quién fue San Nicolás de Bari, el antepasado de Papá Noel» Infobae (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  2. (Gaztelaniaz) eledelis. (2013-12-21). «Yule o la Navidad de los Vikingos» The Valkyrie's Vigil (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  3. «Papá Noel o Santa Claus. Odin y la cabalgata de Yule. San Nicolas» www.adivinario.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  4. (Gaztelaniaz) Alejandro García Cabrera. (2017-12-25). «El Yule o la "Navidad" vikinga» Archivos de la Historia | Tu página de divulgación (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  5. (Gaztelaniaz) Las tres personalidades de Papá Noel: San Nicolás, Father Christmas y Santa Claus – La cabeza llena. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  6. (Ingelesez) «Coca-Cola's Santa Claus: Not The Real Thing!» BevNET.com 2006-12-18 (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  7. (Gaztelaniaz) «Trizas y Trazos - El Diario de Coahuila» www.eldiariodecoahuila.com.mx (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).[Betiko hautsitako esteka]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]