Edukira joan

Bizenta Mogel

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Bizenta Mogel

Bizenta Mogelen irudia, Durangoko udal liburutegiko plakatik hartua.
Bizitza
JaiotzaAzkoitia, 1782ko ekainaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAbandoko elizatea, 1854ko irailaren 29a (72 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Lan nabarmenak

Literaturaren Zubitegia: 471

Bizenta Antonia Mogel Elgezabal (Azkoitia, Gipuzkoa, 1782ko ekainaren 6a - Abando, Bizkaia, 1854ko irailaren 29a) euskal idazlea izan zen. Osaba Joan Antonio Mogelek irakatsi zion etxean, zortzi urte zituenetik aurrera.[1] Horri esker, garai hartako emakumeentzat erabat ezohikoa zen maila akademikoa lortu zuen. Ipui onac izenburuko alegia-bilduma idatzi zuen, eta 1804an argitaratu zuen, 22 urte zituela.

Maitane Azurmendiren ilustrazioa.

1782an jaio zen, Azkoitian (Gipuzkoa). Bera baino urtebete zaharragoa zuen Juan Jose Mogel neba; hura ere euskal idazlea izango zen. Garai hartan, baserritar gehienak behartsuak ziren, eta krisi ekonomiko eta soziala ikaragarria zen. Azkenean, matxinadak eta gudak piztu ziren.

Biak oso gazteak zirela, aita hil zitzaien, eta anai-arrebak Markinan (Bizkaia) bizi izan ziren osabarekin, Joan Antonio Mogel apaiz idazlearekin. Osabak, Peru Abarka eleberriaren egileak, euskaraz, gaztelaniaz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion Bizentari,[2][3] eta liburuz inguraturik hazi zen. 1817an, Abandora (Bizkaia) ezkondu zen, Eleuterio Basozabalekin.[3]

Abandon bertan hil zen, 1854an.

Luis Villasantek Euskal Literaturaren Historian honako hau zioen:

« Bizentak liburu bikaina utzi digu zenbait kontzepturengatik. Lehenik, emakume batek idatzi zuelako, bakarra baita euskal literatura zaharrean. Azpimarratzekoa da egileak 22 urte besterik ez zituela argitaratu zuenean, 1804an, osaba apaiza hil zen urte berean. »

Garai hartan ez zegoen ondo ikusia emakumeek idaztea, eta zenbaitetan gizonen izengoitia erabiltzen zuten: Fernán Caballerok (Cecilar Bohl de Faber emakumearen izengoitia), adibidez. Adibiderik ezagunena Mary Shelley da, Frankenstein idatzi zuena. Rósa Gudmundsdóttir Islandiako idazleak bere bizimodu tristea kantatzen zuen bertsotan; baina, garai hartako gizarte arauei jarraituz bere sexuari eta egoerari zegokien bezala, neskame izaten jarraitu zuen.[4]

Bizentak idazlea izateagatik bere ausardia onartzen zuen, eta bazekien irakurle askok galdetuko ziotela zergatik ez zituen emakumeen lanak egiten, josi, adibidez. Kultura maila altuko familia batekoa izanik, osabak latina irakatsi zion, eta idaztera animatu zuen.[4]

Idazlea ez ezik, itzultzailea ere izan zen, eta emakumeen hezkuntzarako eskubideak aldarrikatu zituen.[5]

« Pentsatzen dut Bizenta Mogel, Zaldubi edo Oxobi bezalako alegialariei buruz, haiek abiarazi zutelako narrazio generoa euskal literaturan: lortu zuten, alegia genero erdi-jaso erdi-herrikoia hautatu zutelako, irakurlego zabala ukan zutelako xede, eta ez beste batzuek bezala publiko kultua bakarrik (hala nola Juan Antonio Mogelek Peru Abarkarekin). »

Katixa Dolhare-Zaldunbide[6]

Ipui onac izenburu laburtuaz ezaguna, lanaren izenburu osoa da Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte guciac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco (1804, Undiano). Gipuzkerazko alegia-bilduma bat da, Esoporen latinezkoetatik berrogeita hamar alegia itzuliak edo egokituak, prosaz. Alegia horien ondoren, Bizentaren osaba Juan Antonioren bertsoz jarritako beste zortzi datoz.[2] Bizentaren alegiak hizkuntza ulerterraz eta atseginean daude idatziak; bere esanetan, ahalik eta irakurle gehienengana iristeko asmoz.[7]

Euskarazko lehen alegia-liburua da hau, eta emakumezko batek euskaraz idatzita inprimatutako lehen liburua.[5] Garai hartan latinetik itzultzea ez zen lan makala, euskara arauturik ez zegoenez. Bertsoak ere idatzi zituen. Euskara literarioaren eredua osabarengandik hartu bide zuen: garbia, jasoa baina ulerterraza, alegiak ume eta baserritarrentzat idatzi zituen eta.[4] Fabulaz gain, iruzkin konprometituak idazten zituen, jauntxoen eta baserritarren harremanak nabarmenduta, zintzotasuna eta mantsotasuna eskatuta.

Bizenta Mogelen garaiko usteen arabera, ahozko tradizioko ipuinak ez ziren egokiak, hauek ez zirelako moralaren aldetik behar bezain zuzenak. Ipuinek balio didaktikoa behar zuten, onak izango baziren. Protagonistatzat animaliak zituzten alegia klasikoak ziren "ipuin onak"; izan ere, "irakaste ederrak" ematen zituzten. Honela dio lanaren hitzaurrean:

« Aitu diot ondo dakian bati, Ipui oek izango dirala guziz onak aztuerazotzeko Nekazarien etxeetatik Ipui oker, ta zatarrak, nola sagar ederrak, ta diru berdiñean saltzen daudenean, baztertu ta saldu ezinda gelditzen diran sagar miñ ta motelak. Nork txori gerezi txatarrai begiratzen dioe dauzkanean eskubatera gerezi anpollak? »

Bizentaren hitzaurrean bi motatako ipuinak bereizten ditu, "atsoen ipuinak" eta "ipuin onak". Lehenengoak, barre egitekoak dira, dibertitzeko helburua besterik ez dute. Ipuin onak, aldiz, dibertigarriak izanda ere, irakaspena dakarte, helburua irakastea izanik.[7]

Xabier Altzibar adituak eginiko ikerketen arabera, baliteke Bizenta Mogelen lan gehiago izatea, beste autore batzuei egotzitakoen artean. Hauek identifikatu dira (litekeena da gehiago ere izatea):[8]

  • Jose Antonio Uriartek eginiko Poesia Bascongada. Dialecto vizcaíno bilduman, Carlistenak deritzon bertso sorta agertzen da, «Azkue» autoretza-oharrarekin; baina estiloaren analisiak Bizenta Mogelena izan daitekeela erakusten du.
  • Uriarteren poesia-bilduman agertzen diren Juan Jose Mogelen lanen ondoan egile-izenik gabe agertzen diren zenbait bertsorekin ere gertatzen da hori: San Antonio Paduacuarenac sortak, esate baterako, haren arreba Bizentarena izateko itxura handia du.
  • Era berean, Bilbon inprimatu ohi ziren gabon-kantetan ere Bizenta Mogelen lanak atera ziren, gutxienez 1820. urtean. Egile izenik gabe inprimatzen zirenez, hainbat biltzailek jaso zituzten (Uriarte, Manterola, Bonaparte, Urkixo...) Bizentarenak zirela jakin gabe (edo adierazi gabe, behintzat). 1837, 1838 eta 1839. urteetakoei buruz ere susmo handiak daude, Bizentarenak ez ote diren.
Bizenta Mogel liburutegian —hau da, Durangoko udal liburutegian— idazlearen omenez ezarritako plaka.
Bizenta Mogel kalea, Donostiako Intxaurrondo auzoan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Frantsesez) «Mogel, Bizenta - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2019-06-04).
  2. 1 2 Bidegileak : E. Bustintza Lasuen "Kirikiño", Bizenta Mogel eta Elgezabal, Jose Manuel Etxeita, Txomin Agirre. Vitoria-Gasteiz : Gobierno Vasco, Secretaria General de Política Lingüística = Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia.
  3. 1 2 «literaturaren zubitegia - Aurkibide alfabetikoa» zubitegia.armiarma.eus (kontsulta data: 2019-06-04).
  4. 1 2 3 Zumalakarregi Museoaren webgunearen artikulua, CC-BY-SA lizentziapean argitaratuta
  5. 1 2 Jainaga Larrinaga, Zihara. (2020-11-04). «Bilbo egin zuten hamar emakume» Berria.
  6. «Akademia eta herrigintza» Argia (kontsulta data: 2021-07-14).
  7. 1 2 Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH). (kontsulta data: 2019-06-04).
  8. Altzibar, Xabier. (2013). «Eusebio Maria Azkueren nortasunaz eta harreraz argitasun batzuk:harenak ote dira "Carlistenac" bertsoak? (Eusebio Maria Azkueren bigarren mendeurren-jardunaldia)» Euskera ikerketa aldizkaria: 433–483.  doi:10.59866/eia.v58i2.153. ISSN 2792-2278. (kontsulta data: 2024-07-20).
  9. «La biblioteca de Durango se llama desde ayer Bizenta Mogel, pero, ¿ya sabes quién fue esta mujer?» Mugalari 2017-03-09 (kontsulta data: 2019-06-04).
  10. (Gaztelaniaz) «El parque Bizenta Mogel amplía desde hoy las zonas de ocio de Markina» El Correo 2019-04-17 (kontsulta data: 2020-11-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]