Bingen Ametzaga Aresti

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizente Amezaga» orritik birbideratua)
Bingen Ametzaga Aresti

Bizitza
JaiotzaAlgorta1901eko uztailaren 4a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaCaracas1969ko otsailaren 4a (67 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakitzultzailea, politikaria eta idazlea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Literaturaren Zubitegia: 292

Bingen Ametzaga Aresti (Algorta, Bizkaia, 1901eko uztailaren 1a - Caracas, Venezuela, 1969ko otsailaren 4a) euskal idazle eta politikaria izan zen. Pedro Ametzaga Abaroa (1852-1919) eta María Aresti Sustatxaren (1862-1945) semea, Algortan (Getxo) jaio zen 1901eko uztailaren 4an, Basagoiti etorbidean zegoen Iturrieta familiaren etxean. Algortako San Nikolas parrokian bataiatu zuten Vicente de Paúl Laureano izenarekin.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zazpi anai-arreben artean gazteena zen Bingen. 1918ko gripeak jota hil zen Pedro 1919an urriaren 13an. Hilabete gutxi batzuetara, 1920ko, neguan Blanca eta Maria ahizpa nagusiak hil ziren ere.

Algortako San Bernardo ikastetxean ikasi zuen. Nahiz eta ama euskalduna izan, Bingenek ez zen euskaraz alfabetizatu hamasei urte bete arte. Pedro Ametzagak Sabino Arana ezagutu zuen eta horrek bultzatu zuen semea EAJko kide izatera bai eta euskaraz idazten hastera.

Orduan hasi zen bere lehen lanak argitaratzen hainbat aldizkari eta egunkarietan, batez ere Euzkadi EAJko egunkarian eta Euskal Esnalea Euskal Herriko elkartearen kultur aldizkarian. Aldi berean, bere lagun José Olivares Larrondo “Tellagorri”-rekin batera sortu zuen El Gobela aldizkaria. Ramón, Bingenen anaia, editorea eta administratzailea izan zen. Guatemalako Euzko Gogoa aldizkarian Jokin Zaitegik adierazi zuen moduan, Ametzaga Aitzolen Belaunaldiko olerkarietako bat zen eta 1936ko gerra hasi baino lehen bere lan poetikoa oso zabala zen, bai euskaraz zein gaztelaniaz ere. Hainbat olerki aurkeztu zituen euskaraz Jose Ariztimuño “Aitzol”-ek 1933 eta 1934 artean sustatutako lehiaketetan, behin baino gehiagotan saritua izan zelarik.

Familiako negozioen zuzendaritza bere gain hartzeko merkataritza ingeniaritza teknikoa ikasi zuen Bilbon eta 1921ean graduatu. Hala ere, humanitateak zituen gogoko eta 1924an Valladolideko Unibertsitateko zuzenbide fakultatean matrikulatu zen eta hiru urte geroago lizentziatura lortu zuen.

Errepublika eta gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan koalizio errepublikarrak garaipena lortu aurretik, Jose Antonio Agirrek eta Bingen Ametzagak aldarrikatu zuten, Getxoko udaletxeko balkoitik, Primo de Riveraren diktaduraren amaiera eta euskal errepublikaren ezartzea. 1932an, Getxoko parrokiako bake epaile hautatu zuten eta hiru urtez aritu zen lan horretan, 1935era arte. Getxoko bake epailea zenez, Jose Antonio Agirre eta Mari Zabala ezkondu zituen.

Gerra hasi eta gero, Eusko Jaurlaritzako lehen hezkuntzako zuzendari nagusi izendatu zuten 1936ko azaroaren 12an[1] . Egun batzuk geroago, abenduaren 4an, 1936ko estatutuaren arabera sortuko zen lehenengo Ikastola sortzeko agindua eman zuen[2]. Hilabete batzuk geroago, Bilbo matxinatuen esku erori baino lehen, Ikastola horiek desegiteko zereginari aurre egin behar izan zion Ametzagak. Bakarrik edo babesik gabe zeuden edo jazarritako pertsonen senideak ziren haurrak ebakuatzen laguntzea izan zen bere ardurarik handiena 1937ko maiatza eta ekaina bitarte.

1937an Ametzagari heriotza zigorra ezarri zioten eta bere ondasun guztiak bahitzeko agindua eman ere “Bizkaiko hondamenaren eragileetako bat izateagatik”. 1937ko ekainaren 18ko goizeko hiruretan ezkondu zen Mercedes Iribarren Gorostegirekin Areetako eliza nagusian. Mercedes, Inocencio Iribarren Egaña (1864-1943) mutrikuar industrialariaren alaba gazteena zen.

Lehenengo erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bingen Ametzaga Donibane Garaziko koloniako haurekin, 1937an.

Donibane Garaziko 500 euskal haur ebakuatuen koloniako zuzendari izan zen. Bilbotik Santanderrera atera ziren 1937ko ekainaren 18an, gauez, matxinatuen hegazkineriaren erasoak saihestearren. Santanderreko Hotel Realen egun batzuk pasa ondoren itsasontzi baten zain, ekainaren 22an iritsi ziren Donibane Lohizunera Plous Vazlanec ikatzontzian. Euskal haurren koloniak osatzea, martxan jartzea eta gainbegiratzea izan ziren Ametzagaren oinarrizko zereginak erbesteko lehen hiru urteetan. Ebakuatutako haurren koloniak erbestean zeuden ikastolak ziren. Hortaz, haurren segurtasunaz gain, “euskaraz ikasi eta euskara ikasteaz gain, euskararen erabilera zabaltzea” zen kolonien funtsezko helburuetako bat. 1937ko abenduan Kataluniara joan zen Eusko Jaurlaritzak Bartzelonan zuen ordezkaritzan lan egiteko. Bertan, justizia saileko idazkari eta euskal haurren kolonien ikuskatzaile izendatu zuten. 1938ko apirilean Parisera joan zen eta bertan bizi izan zen 1940ko ekainera arte. Han, jaio zen Mirentxu, 1938ko maiatzaren 7an, argiaren hirira iritsi eta hilabetera. Bertan jaio zen ere bikotearen bigarren alaba, Begoña, egun seinalatu batean, 1939ko irailaren 2an. Alemanek Paris hartu eta egun bat lehenago atera zen Ametzaga, emaztea eta alabekin Bordelera baina hara iristean hiria okupatua zegon jada. Bertan ikusi zuten lehen aldiz Wehrmacht-eko soldaduen parada. Iheska berriz ere, Donibane Lohizunera iritsi ziren. Hilabetea eman ondoren, Kommandantur-era joateko agindua jaso zuen Ametzagak. Ez zuen oraindik polizia alemaniarrak Ametzagaren inguruko dosierrik eta libre utzi zuten baina beste hainbeste lagunek bezala, Ameriketara ihes egitea erabaki zuten senar-emazteak. Bidaiaz eta etorkizunaz ezer jakin gabe, alaba biak Mercedesen Juliana ahizparen zaintzapean utzi behar izan zituzten eta Marseillara jo zuten. Bertan bi hilabetez egon ziren, Vichyko poliziaz iheska eta jakin gabe zein itsasontzi hartu eta Amerikako zein portura joango ziren. Azkenik, 1941eko urtarrilaren 15ean ontziratu ahal izan ziren Alsina itsasontzian. Ameriketara itsasoratu ziren baina zein herrialdera joango ziren jakin gabe. Ez zuten berriz ere Mirentxu ikusiko bederatzi urte bete arte. Hil baino egun batzuk lehenago ikusi ahal izango zuen Ametzagak Begoña berriz ere.

Bigarren erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alsinaren bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alsinaren bidaia laster bihurtu zen odisea edo amets gaiztoa. Atlantikoko gudua zela eta, Frantziako bandera zuen ontziak ezin izan zuen britainiar agintarien eskutik Navy Certificate ziurtagiria eskuratu, beraz, Dakarren aste batzuk itxaron ondoren, Casablancara itzuli behar izan zuten beste itsasontzi batean itsasoratu ahal izateko. Casablancan egon ziren bitartean, Vichyko agintariek bidaiariak atxilotzeko agindua eman zuten, eta taldeko euskal, katalan eta espainiar erbesteratu errepublikarrak eta judu talde handi bat kontzentrazio esparruetan sartu zituzten. Bingen eta Mercedes Sidi-El-Ayachi-ko esparruan egon ziren, Atlas mendilerroaren magalean.

Bingen Ametzaga hitzaldi bat ematen Errepublikako Unibertsitatean.

Arazo ugari konpondu ondoren, Eusko Jaurlaritzako agintariek Vichyko gobernua presionatzea lortu zuten Argentinako gobernuaren ordezkaritzaren bidez Alsinako bidaiari guztiak aska zitzaten. Casablancako prefeta euskalduna izateak lagundu zuen. Azkenean, “askatasuneko bidaiariek” Quanza itsasontzian abiatu ahal izan ziren Casablancatik Ameriketara. Britainiar inteligentzia zerbitzuek Bahametan geldiarazi zuten itsasontzia eta bertan jakinarazi zioten Maria Teresa Agirre lehendakariaren ahizpari Jose Antonio bizirik zegoela. 1941eko Gabonetan iritsi ziren Bingen eta Mercedes Kubara eta bertan hilabete pare bat eman ondoren, Argentinara abiatu ziren Río de la Plata itsasontzian. Alemaniar urpekuntzi batek geldiarazi zuen itsasontzia Bahiako kostan eta janaria eta bestelako ondasunak ematera behartu zuten kapitaina. Hamabi ordu baino gehiago egon zen itsasontzia itsasoan geldirik hondoratzeko mehatxupean. Azkenik, 1942ko apirilaren 15ean porturatu zen Buenos Airesen Río de la Plata itsasontzia. Portuan, txistua eta tanborilarekin Laurak Bat euskal etxeko ordezkaritzak eta errepublikako nekazaritza ministroak ongi etorria egin zieten Alsinako bidaiariei.

Buenos Aireseko Comité Pro-inmigración Vasca euskal immigrazioaren aldeko batzordearen ahaleginari esker, Buenos Airesera iristen ziren euskal jatorriko bidaiariek ostatua eta lana bermatuta zuten. Bidaiari asko apatridak ziren, agintari frankistek erantzukizun politikoen legearen arabera hainbat erbesteratuei herritartasuna kendu baitzieten. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako igarobidea erakutsiz, Argentinako gobernuak lau hilabetetan hiritartasun osoa eta pasaportea ematen zien immigrazioaren aldeko batzordearen aholkuari jarraiki, beste inongo dokumenturik erakutsi gabe eta beste inongo eskakizun legalik gabe. Horrela lortu zuten senar-emazteak hiritartasuna 1942an bertan.

Uruguai[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bingen Ametzaga eta Errepublikako Unibertsitateko Departamento de Estudios Vascos-eko kideak 1944an.

Amerikar erbestean euskara eta euskal kulturaren inguruko lanei ekiteko aukera izan zuen Ametzagak.

1942 eta 1943 urteetako Ametzagaren jarduera nekaezina izan zen. 1943an bikotearen hirugarren alaba, Arantzazu, jaio zen Buenos Airesen. Guerra y Destierro idatzi zuen, burutuko zituen sei poema liburuen arteko lehenengoa. 1943ko uztailaren 20an, 1918ko Eusko Ikaskuntzaren ereduari jarraiki Euskal Ikasketen Institutu Amerikarra sortu zuten erbesteratu talde batek Buenos Airesen. Urte hasieran Montevideoko Euskal Kultur Astea antolatzeko batzordean sartzeko enkargua jaso zuen. Montevideora lehenengo bidaiak egin ondoren, 1943ko irailaren 2an Uruguaira bizitzera joan ziren. Euskal Kultur Astea erbesteko euskal komunitateak Uruguai eta Amerika osorako egindako lehen agurra izan zen. Agintari politikoekin, kulturgintzako pertsonalitateekin eta Uruguaiko prentsarekin harremanetan jartzea zen Ametzagaren lana Eusko Jaurlaritzako Uruguaiko ordezkari moduan. 1943ko udaberrian, Euskal Astearen aurrekari gisa, euskal kulturari eta historiari buruzko artikulu sorta argitara eman zuen.

1943an, Jiménez de Aretxaga Montevideoko Unibertsitateko humanitate fakultateko errektorearekin eta Adolfo Berro García hizkuntzalariaren laguntzaz, Departamento de Estudios Vascos edo Euskal Ikasketen Saila sortu zuten Errepublikako Unibertsitateko humanitate eta zientzien fakultatean. Bertan eskainiko zuen euskara eta euskal kultura Ametzagak 1944 eta 1954 bitarte. Amerikan sortutako lehen euskal ikasketen departamentua izan zen hura eta 1936ko gerra eta gero osatutako lehenengoa.

1945eko apirilaren 18an bikotearen laugarren semea jaio zen, Bingen. Abuztuan, Galeuzca aldizkariaren lehen alea argitara eman zuten Buenos Airesen, 1946ko uztailera arte inprimatuko dena. Galeuzca-Uruguai taldeko zuzendari izendatu zuten Ametzaga eta Tellagorrirekin batera hitzaldi ugari eman zituen 1945eko udan. Era berean, artikulu mordoa idatzi zuen Montevideoko prentsan euskal gaiei buruz eta Galiziako Kontseiluaren sorrerari buruz. Orduan ezagutu zuen Alfonso R. Castelao eta harremanetan egon ziren urtetan.

1943an hasita, zazpi agente sekretuz osatutako taldea antolatu zuen Montevideon eta Office of Startegic Services (OSS) Estatu Batuetako inteligentzia agentziarekin batera lan egin zuen sei urtez. Euskal agente zelularen egitekoa Uruguain agente espainiar, alemaniar edo italiarrak propaganda, ekintzak eta mugimenduak neutralizatzea zen. Agente taldeak izugarri ongi funtzionatu zuen, eta 1945ean gerra amaitu ondoren lanean jarraitu zuten 1949 arte. Agente iparramerikarrekin harreman zuzenean zeuden arren, lankidetza hitzarmenaren arabera Ametzaga Eusko Jaurlaritzako agentea zen eta, ondorioz, Jaurlaritzako New Yorkeko edota Parisko egoitzara bidaltzen zuten zuzenean informazioa. Hego Amerikako herrialde askotan izan zuen agerrera euskal agenteen sareak, hala nola Uruguai, Venezuela, Txile, Argentina, Brasil, Mexiko edota Santo Domingon.

Itzulpengintzan nabarmendu zen. Wilderen "Reading Baitegiko leloa" (1954), Shakespeareren "Hamlet. Danemark'eko Erregegaya" (1952), Plinioren "Plini gaztearen idazkiak" (1951), Eskiloren "Prometeu burdinetan" (1951), Zizeronen "Adiskidetasuna" (1952), Juan Ramón Jiménezen "Platero eta biok" edota Goetheren "Lur-miña" poesia (1960) bezalako obra garrantzitsuak paratu zituen euskaraz. Shakespeareren Macbeth euskaratu zuen Ametzagak 1942an baina argitaratu gabe utzi zuen. Gauza bera gertatu zen Shakespeareren Julius Caesar itzulpenarekin. 1951ko amaieran Ametzagak Hamlet-en itzulpena egin zuen eta, 1952ko erdialdean, jatorrizkoa Andrés Irujori bidali zion eta azken honek urte horren amaieran Ekin argitaletxean argitaratuko zuen Buenos Airesen. Geroago, A Midsummer Night’s Dream euskaratuko zuen ere Uda gau bateko ametsa izenburupean. Lehenengo hiru itzulpenak egin zituen hiru tragedia horietan Shakespearek ematen zuten tiranoaren irudiarengatik burutu zituen. Uda gau bateko ametsa testuaren aberastasun lexikoarengatik eta adjetibazio joriarengatik egin zuen ordea. Baina lehenengo biak bezala, itzulpen hau argitaratu gabe geratuko zen. 1953an Juan Ramón Jiménez idazle andaluziarraren Platero y Yo itzuli zuen ere eta Florensa argitaletxeak 1954an Uruguain argitaratuko zuen. Guztira hirurogei bat itzulpen lan burutu zituen Ametzagak erbesteko urteetan eta gehienak Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zituen. Bestetik, euskaraz idatzitako poemak Egan aldizkarian eman zituen argitara.

Bingen Ametzaga Montevideoko Gernika Plazaren inaugurazioan, 1945ean.

Baina Uruguaiko erbesteko urte oparoak amaitzen ari ziren. 1947an hasita, Gerra Hotzak munduko oreka geoestrategikoa eraldatzen hasita zegoen eta Estatu Batuek Franco jeneralarena bezalako diktadurekin zituzten harreman diplomatikoak bultzatzen hasi ziren. Central Intelligence Agency (CIA) sortu ondoren, EEBBek Jaurlaritzarekin espioitza arloan zituzten lankidetza akordioak okertzen hasi ziren eta 1949ko azaroan bertan behera geratu ziren, bi aldeen helburu estrategiko eta politikoak oso anitzak eta gatazkatsuak baitziren. Montevideoko CIAko loturak Ametzagari esan zion “zintzoegia zela espioia izateko”, eta horrela amaitu zen sei urteko harremana. Egun batetik bestera Ametzagak hileko diru-sarreraren %60 inguruko murrizketa jaso zuen eta oso baliabide mugatuak zituen familia batentzat hura oso larria gauzatu zen. Bestalde, Uruguaiko demokrazia parlamentario bikaina, Suitzako ereduaren imitazioz 1952an Kontseilu Nazionala sortu zuena, 1950eko hamarkadaren erdialdera depresio ekonomiko larria jasotzen hasi zen bai eta inboluzio politiko sakona ere. Lehen aldiz Francoren erregimenaren aldekoa zen Partido Nacional eskuineko alderdi politikoak hauteskundeak irabaziko zituen 1958an. Martxa behartua eta oso mingarria izan zen Ametzagarentzat.

Venezuela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1955eko uztailaren 16an iritsi zen Caracasera. Heldu bezain azkar, Bortolamedi eraikuntza enpresan kontulari gisa hasi zen lanetan eta soldata oso ona izan arren, ez zitzaion gustatzen. Emazteari idatzitako gutunetako batean —1955 eta 1956 bitarte Mercedes Algortan eta Bingen Caracasen egon ziren bitartean gutun bat eguneko idazten zioten elkarri—, Caracasen zuen egoera “suizidio intelektual” gisa definitu zuen. Horregatik guztiagatik, 1956ko otsailean Caracasko euskal etxeko kultura idazkari kargua onartu zuen, zentroari kultura eta intelektualtasun injekzio berri bat emateko asmoz. Han berriro Caracasera iritsi berria zen Jose Antonio Agirre gaztaroko lagunarekin elkartu zen eta azken honek Eusko Jaurlaritzak Donibane Lohizunen sortuko zuen Euskal Kultur Etxea proiektua azaldu zion. Bertan ziren Ametzaga eta Jokin Zaitegi elkarrekin lan egitekoak baina, zoritxarrez, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren finantzak ezinezkoa egin zuen Iparraldean kultura ministerio bat eratzea eta mantentzea.

Oso aktiboa izan zen euskal etxeko kultura idazkari gisa. Erbestean eta erbestetik euskararen galtzea ekiditeko hartu beharreko neurri administratiboei buruzko ziklo kulturala osatu zuen bai eta zenbait hitzaldi eman ere. Euskararen Berpizkundearen Alde artikuluan, egileak euskararen loratzerako beharrezkoak ziren politika baten ildo nagusiak zehaztu zituen, hala nola, helduentzako euskara eskolak euskal etxe guztietan sustatzea bai eta haurrentzako ikastetxeak sortzea. 1965ean Caracasko eusko etxean sortu zen Euzkadi ikastolak ehun bat ikasle izan zituen urtez urte 1985 arte. Ildo berean, 1962ko maiatzaren 10ean hasi zen Euskal Kultura Ikastaroa eskaintzen, urte pare batez hitzaldiak aste oro emanik. Euskal etxeko zuzendaritzako beste kide batzuekin batera bai eta Caracaseko Eusko Gaztedi taldearen lankidetzaz beste hamaika proiektu bultzatu zituen Ametzagak, hala nola, Aberri Egunak, Gudari Egunak, Gernika Egunak eta beste hainbeste ospakizun eta efemeride. Jarduera hauekin batera, material didaktikoa itzultzearekin eta prestatzearekin batera, zentroari euskararen eta euskal kulturaren hedapenarekin lotutako ekintza guztiei bultzada emateko ahalegina egin zen hitzaldi, elkarrizketa, mahai inguru, lehiaketa eta ikerketen bidez. Lan hauek guztiengatik eta euskararen garapenaren alde egindako lanarengatik, euskaltzain urgazle izendatu zuten 1957ko irailaren 26an.

Bingen Ametzaga Caracasko Eusko Etxean hitzaldi bat ematen.

1957an Venezuelako dokumentu historikoen ikertzaile lanetan hasi zen Nazioaren Artxibo Nagusian. Bertan, Caracasko kultura arloko zenbait historialari eta pentsalari nabarmenekin lan egin zuen, besteak beste, Pedro Grases, Manuel Pérez Vila eta Mario Briceño Perozorekin, Artxibo Nazionaleko zuzendaria. Ikertzaile gisa, laster argitaratu zituen bere lehen artikuluak eta saiakerak Historiako Akademiako Buletinean, Eugenio Mendoza Fundazioaren argitalpen zerbitzuan, Venezuelako Elkarte Bolivartarraren aldizkarian, Nazioaren Artxibo Nagusiko aldizkarian, Cuatricentenario de Caracas-eko bilduman, John Boulton Fundazioaren Buletin Historikoan, Kultura Aldizkari Nazionalean eta Caracasko Índice Literario agerkarian. Lan historikoaz eta saiakeraz gain, artikulu ugari idatzi zituen, nagusiki El Nacional, El Universal eta El Farol egunkarietan, uneko tirada handiena zuten hiru egunkarietan. Bestetik, Ametzagak erbestean zeuden euskal argitalpenekin kolaboratu zuen 1955 eta 1969 bitarte, besteak beste, Euzko Deya, Euzko Gogoa, Egan, Gudari, Euzko Gaztedi, Revista del Centro Vasco de Caracas eta Donostiako Zeruko Argia agerkarietan argitara eman zituen lanak.

1960an John Boulton Fundazioko ikerketa taldean sartu zen eta Pedro Grases historialariarekin lan egin zuen. Fundazioan lan eginik Venezuelako euskal aztarna ikertzeko aukera izan zuen, nagusiki XVIII. mendean sortutako Caracasko Gipuzkoar Erret Konpainiaren inguruko ikerketak egiteko. Ikertzaile eman zituen bost urte horietan lau liburu eta berrogeita hamar artikulu inguru argitaratu zituen euskaldunek Venezuelan izan zuten eragina ikertuz. Caracasen sorreraren laugarren mendeurrena zela eta, beste bi liburu argitaratu zituen, El elemento vasco en el siglo XVIII venezolano eta Vicente Antonio de Icuza, comandante de Corsarios.

1969aren hasieran Venezuelako Ospitale Nagusian sartu zen minbiziak jota. Familiaz inguratuta, Euskal Herritik urrunegi hil zen, 1969ko otsailaren 4an.

1981ko ekainak 27an, Francisco Javier Urretxua Getxoko alkate zelarik, Bingen Ametzagaren omenean Ereagako hondartzan, Arriluzeko garabia paraturik egon zen tokian, “Bingen Ametzaga Aresti Enparantza” izenarekin herriko plaza irekitzea erabaki zuen Getxoko udalak, “Vicente Ametzagak egin zuen burulan eta eraman zuen bizitzaren oroimen eta esker onez, Getxoko Udaletxeak herriko plaza bati bere izena emanez bere irudi bat eraikitzea erabaki du”. José Luis F. Butrón eskultoreak egin zuen irudia. Euskaltzaindiak eta Getxoko udalak antolatuta, 1988ko abuztuaren 11an izan zen plazaren inaugurazioa. Xabier Sarria zen orduan Getxoko alkate.

Bingen Ametzagaren idazkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia arloko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • “Hombres de la Compañía Guipuzcoana”, Boletín de la Academia de la Historia, 30. orr., Caracas, Apirila-Ekaina, 1958.
  • Jesús Muñoz Tebar, Ediciones de la Fundación Mendoza, Caracas, 1959.
  • “Belford Hinton Wilson, un caballero bolivariano”, Revista de la Sociedad Bolivariana de Venezuela, Caracas, Uztaila, 1961.
  • “Información bibliográfica. Mario Briceño Perozo”, Revista del Archivo General de la Nación, Caracas, 1963.
  • Hombres de la Compañía Guipuzcoana, Banco Central de Venezuela, Caracas, 1963.
  • “Exportación de Cacao durante la Compañía Guipuzcoana”, El Farol, 204. Zbk, XXIV urtea, 13-25. orr., Urtarrila-Otsaila, 1963.
  • “Lo que nos dice un viejo inventario”, Revista de la Sociedad Bolivariana de Venezuela, 76. orr., 58. Zbk, XXV. alea, Caracas, Apirilak 19, 1964.
  • “Bolívar y los vascos”, Revista de la Sociedad Bolivariana de Venezuela, Caracas, 1964.
  • “Bolívar y los vascos”, Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos, XIV, 63. zbk., 151-157. orr., Buenos Aires, 1965.
  • (Hitzaurrea) El proceso de Martín Setucha. Obra teatral en tres actos basada en un documento inédito del siglo XVIII, Caracas, 1965.
  • El elemento vasco en el siglo XVIII venezolano, Ediciones del Cuatricentenario de Caracas, Caracas, 1966.
  • Vicente Antonio de Icuza, comandante de corsarios, Ediciones del Cuatricentenario de Caracas, Caracas, 1966.
  • “El general Juan Uslar”, Boletín Histórico de la Fundación John Boulton, Caracas, 1966.
  • “Un impresor guipuzcoano en la Venezuela colonial”, El Farol, 216. Zbk, XXVII urtea, Urtarrila-Martxoa, 1966.
  • “El Bilbao de Bolívar”, Revista de la Sociedad Bolivariana de Venezuela, 87 Zbk, XXV urtea, 363-381. orr., Caracas, Uztailak 24, 1966.
  • El Hombre Vasco, Ekin, Buenos Aires, 1967.
  • “Los vascos en la fundación de Caracas”, Revista del XXV aniversario del Centro Vasco, 9-13. orr., Caracas, 1967.
  • “Publicaciones del Cuatricentenario de Caracas”, Revista Nacional de Cultura, 182 Zbk, Caracas, 1968.
  • “Índice General y Especial”, en Carrillo Batalla, Tomás Enrique, Política Fiscal y Presupuestos, Caracas, 1968.
  • “Los libros de la Caracas colonial”, El Farol, 228. Zbk, XXX urtea, 10-12. orr., Urtarrila-Martxoa, 1969.
  • “La Gens caraqueña de los Landaeta”, Boletín Histórico de la Fundación John Boulton, 20. Zbk, 149-156. orr., Maiatza, 1969.
  • Obras Completas, 3 ale, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao, 1979.
  • “A una mujer vasca”, Gran Enciclopedia Vasca, XI. alea, 547-551. orr., Bilbo, 1980.
  • Nostalgia, 2 ale, J. A. Ascunce, Donostia, 1993.

Itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]