Edukira joan

Bizia Marten

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marteko lur-azala, Curiosity zundak egindako argazkia

Bere gertutasuna dela eta, Martek zientzialarien arreta erakarri du aspalditik, baita biologoena ere, eta horregatik balizko bizia Marten ikergai bihurtu da azken hamarkadetan. Gaur egun (2018an) oraindik ez da biziaren arrastorik aurkitu planeta gorrian, nahiz eta bilaketa horretan egin diren saioak oso gutxi izan eta giza-espediziorik oraindik ez burutu.

Egindako ikerketek agerian jartzen dute iragan urrunean ura zegoela planeta gorrian, eta gaur egun ere ura dagoela bere kasko polarretan, izoztuta [1] [2]. Ikerlari batzuek lur azpian ere ura dagoela defendatzen dute. Edozein kasutan, ura bizitzarako ezinbestekoa izan arren bere presentzia hutsak ez du bizia bermatzen.

Marteren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marteko tenperaturek espektro zabala dute egun berean: ekuatorean 25 °C-etaraino iristen dira egunean, baina -70 °Ckoak dira gauean. Tenperatura hotzak, zalantzarik gabe, biziarentzat, Lurreko tenperaturekin alderatuta. Marteko atmosfera oso mehea denez, ez du beroa atxikitzen eta horrek tenperaturak nabarmen amiltzen ditu gauean.

Atmosfera ahul horrek CO2 du kopuru handitan (%95), eta baita N, O2 eta metanoa ere, kopuru txikietan. Oxigenoaren urritasunak biziaren aukerak nabarmen murrizten ditu, guk dakigunez mikrobio gutxi batzuk izan ezik gainontzeko bizidunek oxigenoa behar dutelako. Horrenbestez, bizia izatekotan, oso simplea izango litzateke Marten.

Metanoaren aztarnak atmosferan topatzeak zientzialarien arreta erakarri du [3]. Gure planetako atmosferan dagoen metano gehiena bizidunek sortzen dutenez, zientzalariek zalantza dute ea Martekoa jatorri geologikoa ala biologikoa daukan [4]. Posible litzateke oxigenorik gabeko mikrobio batzuek atmosferako CO2 hartu eta CH4 sortu, atmosferara askatuko zutena, Lurreko mikrobio metanogenoek egiten duten modura [5].

Urari dagokionez, zantzuak daude usteko iraganean Martek ozeanoak eta lakuak zituela, garai hartan bere atmosfera trinkoagoa zelako eta tenperaturak ere altuagoak zirelako. Atmosfera ahuldu zenean ur gehiena desagertu zen. Halere, kasko polarretan ur izoztua antzeman dute hara bidalitako zundek. Gerta daiteke ere lur azpian ur likidoa izatea [6]

Marteren bi ezaugarri gehiago, printzipioz, ez dira biziaren aldekoak: planeta gorrira erradiazio ultramorea erraz iristen da, atmosfera oso ahula duelako. Jakina denez, erradiazio ultramorea kaltegarria da bizidunentzat, material genetikoa (DNA) nabarmen kaltetzen duelako. Gure planetan ozono geruzak izpi ultramoreen etorrera Lurrera ekiditen du, bizidunak babestuz. Baina Marten ez dago ozono geruzarik.

Bestalde, Martek ez du eremu magnetiko nabarmenik [7] eta, ondorioz, erradiazio kosmikoa -bizidunentzat oso txarra ere- arazorik gabe iristen da planeta gorrira. Ebidentzia horien aurrean, zientzialari batzuek proposatu dute bizia, izatekotan, ez legoke Marten lur azalean, lur azpian baizik [8]

Espazio zundak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Marteko lur azalaren argazkiak, Viking 2 zundak egindakoa.

Marteri buruzko lehenengo argazkiak (goitik egindakoak) eta datu fisiko-kimiko esanguratsuak lortu zituen lehenbiziko espazio zunda NASAren Mariner 4 izan zen, 1965ean.

Balizko bizia antzemateko prestaturiko lehenengo zundak Viking 1 eta Viking 2 izan ziren, 1976an. Biek ala biek Marteko lur azalaren argazkiak egin zituzten estreinakoz, eta esperimentu biokimiko batzuk burutu, biziaren aztarnak detektatzeko. Emaitzek aditzera eman zuten Marteko lur azalean ez zegoela jarduera biologikorik, baina zientzialariek ez zuten erabateko adostasuna lortu puntu horretan [9] [10].

1996an Mars Global Surveyor zunda bidali zen planeta gorrira. XXI mendeko lehenengo urteetan zunda honek datu interesgarriak bidali zituen, agerian jartzen zutenak iraganean planeta horretan ur asko zegoela. Opportunity zundak (2003an bidalita) antzeko emaitzetara iritsi zen.

Berriki Curiosity zunda (Mars Science Laboratory), 2011an bidalita eta 2012an iritsita, datu zehatzak eman zituen planetaren atmosferaz. Zundak frogatu zuen Marteko atmosferan metanoren gorabehera handiak zeudela tarteka, eta zientzialari batzuek balizko jarduera biologikoa ikusi dute datu deigarri horren atzean [11]

Marteko meteoritoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marteko meteorito batzuk Lurreraino iritsi dira. Meteorito horien analisiak biziaren zantzuak aditzera eman litzaketeela pentsatu zuten zientzialariek, eta lanari ekin zioten. Guregana heldu diren Marteko meteoritoak oso urriak dira, eta horietako hiru, bereziki, oso interesgarriak biziari buruzko informazioa emateko:

  • Nakhla meteoritoa: Egiptoko basamortuan aurkitua, 1998ko azterketa batek molekula organikoak zituela agerian jarri zuen
  • Shergotty meteoritoa: Indian erori zen 1865ean, eta lekuko batzuek segituan hartu. Askoz geroago aztertua izan zen, eta uraren aztarnak eta biogeruzaren antzeko egiturak erakusten ditu [13]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Heldmann et al., Jennifer L. (2005eko maiatzaren 7an), «Formation of Martian gullies by the action of liquid water flowing under current Martian environmental conditions», Journal of Geophysical Research 110
  2. Strongest evidence yet for water on Mars The Guardian. David Batty, 2011-08-4an
  3. Mumma, M. J.; Novak, R. E.; DiSanti, M. A.; Bonev, B. P., A Sensitive Search for Methane on Mars«American Astronomical Society», DPS meeting #35, #14.18.
  4. Mars express European Space Agency.2008ko abuztua.
  5. Howe, K. L.; Gavin, P.; Goodhart, T.; Kral, T. A. (2009). "Methane Production by Methanogens in Perchlorate-supplemented Media". 40th Lunar and Planetary Science Conference. 40: 1287
  6. La vida en Marte es más probable en la subsuperficie SER, Ciencia y Tecnología
  7. J. G. Luhmann; C. T. Russell MAGNETIC FIELD AND MAGNETOSPHERE[Betiko hautsitako esteka](Ingelesez) 1997
  8. Mars Rovers Sharpen Questions About Livable Conditions2008
  9. KLEIN, HAROLD P.; GILBERT V. LEVIN (1976 - 10 - 01)The Viking Biological Investigation: Preliminary Results Science. Vol. 194. (4260 zenbakia): pp. 99 - 105.
  10. Analysis of evidence of Mars life Gilbert Levinek 2007an emandako hitzaldia, Electroneurobiologia aldizkariak argitaratuta
  11. Chang, Kenneth (2014ko Abenduaren 16an)A Great Moment’: Rover Finds Methane, a Clue That Mars May Harbor Life The New York Times
  12. McKay, David S., et al (1996) Search for Past Life on Mars: Possible Relic Biogenic Activity in Martian Meteorite ALH84001 Science, Vol. 273. 5277 zenbakia, 924 - 930 orr.
  13. Gibson Jr., E. K.; Westall, F.; McKay, D. S.; Thomas-Keprta, K.; Wentworth, S.; Romanek, C. S EVIDENCE FOR ANCIENT MARTIAN LIFE. Johnson Space Center Houston Texas: NASA

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]