Edukira joan

Boann

Wikipedia, Entziklopedia askea
Boyne ibaia, Newgrange atzean duela.
Boyne ibaia Brú na Bóinnetik ikusita.

Boann edo Boand Irlandako Meath probintzia historikoko Boynne (An Bhóinn) ibai garrantzitsuaren jainkosa irlandarra da. Lebor Gabála Érenn eta Táin Bó Fraích testuen arabera Befinden ahizpa zen[1] eta Tuatha Dé Danann taldekoa zen Eladaren seme zen Delbáethen alaba.[2] Senarra, berriz, Nechtan edo Elcmar da. Dagda maitalearekin, Aengusen ama da.

Bere izena Dinsenchas testuan, "behi zuria" (irlanderaz: bó fhionn eta irlandera zaharrez: bó find ) esan nahi duela irakur daiteke, eta testu berean, "Boand zuria" ere esaten diote.[3][4] Klaudio Ptolomeoren II. mendeko Geografia libruruan, erakusten du antzinatean ibaiaren izena Bouvinda zela [Βουυίνδα],,[5][6] proto-zeltikotik eratorria, "Bou-vindā, behi zuria".[7]

Bere izenaren beste bertsio bat ematen da: Segais , eta hortik dator, an Tobar Segais (jakinduriaren putzua edo urmaela) ,[8] Beste Munduko Boynne ibaiaren iturria. Esaten da ere, Eithne Elcmarren emaztea zela eta Eithneren beste izen bat Boand zela.[9]

Newgrange tumulu monumentala atzean, beste tumulu bat aurrean, eta aurrerago, Boyne ibaia

Aengusen jaiotzaren kontakizunean, Boann jainkosa Brú na Bóinnen bizi da, Elcmar senarrarekin. Dagdarekin maitasun-harremana du, eta jainko horrek Elcmar egun bateko mandatu batera bidaltzen duenean, Boann eta Dagda sexua dute eta Boann haurdun geratzen da. Haurdunaldia Elcmarrengandik ezkutatzeko, Dagdak sorginkeria bat botatzen dio, "eguzkia geldirik" jarriz, denbora mugitzen dela nabaritu ez dezan. Bien bitartean, bederatzi hilabete igaro dira, eta Boann Aengusez erditu da.[10][11] Dindsenchas-eko testuak Aengus izena "desio bakarra" dela esaten du, "Dagda Boannen benetako desio bakarra izan zelako".[12] Iradoki izan da ipuin honek fenomeno ezagun bat azaltzen duela iradoki da. Neguko solstizioan, argiak Brú na Bóinne-n dagoen Newgrangeko tumuluko barruko kamera argiztatzen du. Dagda jainkoa eguzki-izpia litzateke, Boannen sabelean sartzen, eguzkiaren ibilbidea geldirik dagoenean. Solstizio hitzak (irlanderazko grianstad) eguzki-geldialdia esan nahi du (latinez ere, Solstitium, gauza bera esan nahi du). Solstizioan, une batez eguzkia gelditzen dela ematen duelako, bere punturik gorenean dagoenean, hain zuen. Aengusen ikuskerak eguzkiaren 'berpizkundea' irudika dezake neguko solstizioan, egun horretatik aurrera, eguzkia berriz gorantz mugituko delako (bere bidea zeruan gero eta gorago ikusten da), eta luzeago egongo da zeruan, eguneko orduak gehituz.[11][13]

Hurrondoa Boannen kontakizunetan agertzen da

Dindsenchas-en kontatzen denez,[14] Boannek Boyne ibaia sortu zuen. Senarrak, Nechtanek, debekatu arren, Boann Segaiseko Putzu magikora hurbildu zen (Connlako Putzua izenaz ere ezaguna), kondairaren arabera, bederatzi hurritz magikok inguratzen zutena.[15] Hurrak Putzuan erortzen zirela jakina zen, eta bertako izokin "pikardatuek" jaten zituzten (izokinak hurritzekin batera, jakinduria gorpuzten eta irudikatzen du irlandar mitologian). Boannek putzuaren botereari aurre egin zion eguzkiaren kontrako mugimenduaz putzuaren inguruan ibiliz; ekintza horrek urak bortizki harrotu eta itsasoraino presaka jaistea eragin zuen, Boyne ibaia sortuz. Hondamendi hartan, ibaiak Boann anderea ur lasterretan barrena eraman zuen, eta beso bat, hanka bat eta begi bat galdu zituen, eta, azkenean, bizia, uholdean. Poemak beste herrialde batzuetako ibai ospetsuekin parekatzen du, besteak beste, Severn ibaia (Galesen), Tiber (Erroma), Jordan ibaia, Tigris eta Eufrates. Horrez gain, Boyneko hainbat lekuren ordezko izenak aipatzen ditu, besteak beste, Segais ibaia, Nuadaren emaztearen Besoa eta Hanka, Zilarrezko Uztarri Handia, Fedlimiden Muin Zuria (Esne Bidea), Hurritz Zuriaren ibaia, Banna, Ozeanoko Teilatua, Lunnand eta Torrand.[4]

Dindsenchas-etan kontatzen den istorio beraren aldaera batean, Boand Dagdarekin izandako desleialtasuna ezkutatzen saiatu zen Nechtanen putzuan bere garbituz, baina bertara hurbiltzean, ura Boannen gainetik altxa zen eta emaztea ito egin zen.[16]

Txarkur bat zeukan, Dabilla, itsasora bota zutena. Urak txiki-txiki eginda, bi erdiak Cnoc Dabilla edo Dabillako Muinoa izeneko arroka bihurtu ziren. [17][18]

Táin Bó Fraíchen kondairan ere agertzen da, amaren aldeko izeba eta Fráech hilkorraren babesle gisa.[19] Istorio horretan, Fráechen jendeak, amaren ahizpa Boand bisitatzera joateko esaten diote Fráechi, Sídhe-een janzkiak jasotzera. Boand-ek, berrogeita hamar mantu eta tunika ematen dizkio Fráech-i, animalien irudiekin apainduak daudenak, gaua eguzkiak bezala pizten zuten berrogeita hamar lantza, harribitxiez hornituak, berrogeita hamar zaldi ilun urrezko kanpaiekin, berrogeita hamar ezpata urrezko kirtenekin, zazpi txakur zilarrezko kateetan, zazpi tronpeta jole, hiru bufoi eta hiru harpa-jole, eta Fráech-ek Medb eta Ailill mac Máta Connachtako erregina eta erregea itsutzeko erabiltzen ditu.[20]

Echtra Cormaic i Tir Tairngiri (Cormac-en abentura Agindutako Lurraldean) istorioaren arabera, Tír na nÓg-en (Beste mundua) putzu (edo urmael) bat dago, bederatzi hurritz morez inguratuta. Ezagutzaren Putzua deitzen zaio, eta bertatik bost ur-korronte sortzen dira. Manannán mac Lirek gero azaltzen dituenez, korronte horiek bost sentsumenak dira, haietatik lortzen baita ezagutza. Hurritzak, bost izokin dauden urmaelean urrak erortzen uzten dituztenak, Buanen hurritzak dira.[21] Urmaelaren, hurritzen, izokinen eta Buan izenaren osagaien konbinazioak ("iraunkorra" edo "tematia" esan nahi duena) Boanden eta Segaiseko Putzuaren historiaren jatorri komuna dutela adierazten du. [22][23]

Beste ipuin batek "Buan Zuria" seme bakarraren patua kontatzen du, hemen gizonezko gisa identifikatua. Buanen semea Baile izena du, gizon zein emakumeek maitatua, Ailinnekin maitemintzen dena, Lugaiden alaba, Fergus Itsasokoaren semea. Bi maitaleek proba bat antolatuko dute, baina elkar topatu diren lekura iritsi baino lehen, Bailek bere gurdia pausatuko du eta bere zaldiak askatuko ditu bazkatzeko. Han izenik gabeko pertsonaia batek atzematen du (litekeena da Manannanek bere mozorrotua), agerpen beldurgarri gisa deskribatua, belatz baten abiaduraz edo itsaso berdeko haizeaz egokiro hurbilduz. Bailek mozorrotutako gizona nondik datorren eta bere presaren zergatia galdetzen dionean, horrek gezurra esaten du eta Baileri esaten dio Ailinnen heriotzaren berri dakarrela, Leinsterreko gerlariek hil zutena eta baile eta bere maitalea heriotzan bakarrik elkartuko direla. Albiste horrekin Baile hilik erortzen da lekuan bertan, eta hagin bat hazten da bere hilobian, Baileren buruaren forma duen adaburua duena. Ailinnengana joaten da mozorrotutako gizona eta Baileren heriotza kontatu dio. Albiste horrekin, Ailinn hilik erortzen da lekuan bertan, eta sagarrondo bat hazten da bere hilobian, eta sagarrondoaren adaburuak neskaren buruaren forma du. Bi zuhaitzak, azkenean, moztu, taulatxo bihurtu, eta poemak idazten dira oholetan. Halloween egunean poeta lehiaketa zegoen Cormacen gortean, eta bi oholak elkartu zituzten. Elkar ukitu zirenean, elkartu ziren eta elkarri lotu ziren, ahuntz-hostoek adar baten inguruan lotzen eta kiribiltzen diren bezala.[24]

Beste Buan bat, Leinsterreko Mesgegra errege beso-bakarraren emaztea, atsekabez hiltzen da, Conall Cernachek bere senarrari lepoa mozten dionean. Ondoren, hurritza bat hazten da bere hilobiaren gainean.[25]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. "The Cattle-Raid of Fraech". www.maryjones.us. Artxibatu: 2013-12-30. Sartze-data: 2018-04-13.
  2. Lebor Gabála Érenn, §64 Artxibatua: 2010-07-15 Wayback Machine-n
  3. Metrical Dindshenchas, 3. lib., 3. poema: "Boand II" (arg. Edward Gwynn) hemen: CELT
  4. a b Boand I The Metrical Dindshenchas
  5. Müller, Karl (arg eta itzul, 1883), Klaudiou Ptolemaiou Geographike Hyphegesis (Claudii Ptolemæi Geographia), 1 libk, Paris : Alfredo Firmin Didot. 79 or.
  6. Ptolomeo, Geografia 2.1
  7. O'Rahilly, T. F. ( 1946) Early Irish History and Mythology, Dublin Institute for Advanced Studies. 3 or.
  8. Boind II The Metrical Dindshenchas
  9. The Wooing of Etain 1.
  10. Ó hÓgáin, Dáithí (1991) Myth, Legend & Romance: An encyclopaedia of the Irish folk tradition. Prentice Hall Press. 39. or.
  11. a b Hensey, Robert (2017). “Re-discovering the winter solstice alignment at Newgrange”, in: The Oxford Handbook of Light in Archaeology. Oxford University Press. 11-13 or.
  12. Stokes, Whitley. «The Metrical Dindsenchas: Boand II» Corpus of Electronic Texts (University College, Cork) (kontsulta data: 2019ko abuztuaren 3).
  13. Murphy, Anthony eta Moore, Richard (2008) "Chapter 8, Newgrange: Womb of the Moon", Island of the Setting Sun: In Search of Ireland's Ancient Astronomers. Liffey Press. 160-172 or.
  14. Metrical Dindshenchas, Vol 3, poem 2: "Boand I" (ed. Edward Gwynn) hemen: CELT.
  15. Squire, C. (2003) Celtic myth and legend, Dover Publications, 55 or.
  16. «The Metrical Dindshenchas» celt.ucc.ie (kontsulta data: 2025-12-05).
  17. Clark, Rosalind (1991). The Great Queens: Irish Goddesses from the Morrígan to Cathleen Ní Houlihan. Colin Smythe. 137 or. ISBN 9780861402908.
  18. Coitir, Niall Mac (2015eko irailaren 28). Ireland's Animals. The Collins Press. ISBN 9781848895256.
  19. «The Cattle-Raid of Fraech» www.maryjones.us.
  20. «The Geste of Fraoch» Sacred Texts.
  21. «The Cattle-Raid of Fraech» www.maryjones.us.
  22. «buan» Wiktionary, the free dictionary 2025-10-14 (kontsulta data: 2025-12-05).
  23. Borlase, William Copeland (1897). The Dolmens of Ireland. Indiana University: Chapman and Hall. 1165 or. Sartze data: 2019-8-6.
  24. «Scél Baili Binnbérlaig» celt.ucc.ie (kontsulta data: 2025-12-05).
  25. «The siege of Howth» toddmcompton.com (kontsulta data: 2025-12-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]