Bois Caïman

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bois Caïman (haitiko kreoleraz Bwa Kayiman) Haitiren independentzia prozesuari hasiera eman zion zeremoniarako lekua izan zen.

Gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1791ko abuztuaren 14an, Bois-Caiman (Haiti) hainbat esklabo bildu ziren budu zeremonia batean, Dutty Boukman houngan edo apaiza buru zutela. Animalia bat sakrifikatu eta juramentu bat egin omen zuten, eta Boukmanek frantziar zapaltzaileen aurka altxatzeko deia egin zien, mugimenduko buruzagiak izendatu ondoren[1].

Handik astebetera, abuztuaren 21eko gauean, Saint-Domingueko esklaboak matxinatu ziren –frantziar koloniak hala zuen izena– eta Haitiko Iraultza hasi zen[1].

Gertakariari buruzko ikerketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bois-Caïman erreboltaren katalizatzailetzat jotzen den arren, frogarik ezak eta testigantza urri lausoek askotariko bertsioetarako bidea zabaldu dute. David Geggus Floridako Unibertsitateko historialariaren arabera, esaterako, kaimanen basoan ez zen bilera bakarra egin. Lehenik, 200 bat laguneko zeremonia egin omen zuten, erlijiosoa zena batez ere. Eta handik bizpahiru egunera bilera klandestinoago bat egin omen zuten Boukmanek eta iraultzako buruzagi izango zirenek, altxamendua antolatzeko[1].

Hainbat historialari haitiarrek zalantzan jarri dute Bois-Caïman gertatu zenik ere. Zehazki, Léon-François Hoffmannek 1991n esan zuen Antoine Dalmas plantazioetako mediku frantziarrak asmatu zuela istorioa, esklaboak eta haien sinesmenak gutxiesteko asmoz[1].

Markel Thylefors ikerlari suediarraren arabera, “Boïs-Caimaneko gertakaria haitiarren identitate nazionalaren parte garrantzitsua da, Haitiren genesiari berari lotuta baitago[1].

Iraultzaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haitikoa esklaboen matxinadarik nabarmenena izan zen Espartakoren garaitik. Gainera, Antzinako Erromako altxamenduan ez bezala, Haitin esklaboek irabazi zuten. Iraultzak esklabotzaren instituzioa aldatu zuen, arrazen arteko harremanak berrikustea eragin zuen eta Europar kolonialismoa astindu zuen. Atlantikoko botere oreka birmoldatzea ere ekarri zuen. Etxean, esklaboek beren burua askatu zuten, askatasunari eusteko borroka egin zuten eta, 1804an, Haitiko estatu subiranoa sortu zuten[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2015-02-7). «Independentzia buduaren eskutik» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]