Edukira joan

Bokal-harmonia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Fonologian, bokal-harmonia prozesu fonologiko bat da, bokalek zenbait ezaugarri bereizgarri partekatzeko asimilazioan ("harmonizatzean") datzana. Sarritan, bokal-harmonia hitz fonologiko baten esparrura mugatzen da, baina hitzen arteko mugetan zehar heda daiteke zenbait hizkuntzatan.

Oro har, bokal batek beste bokal batzuei aldaketa bat eragiten die esparru haren barruan eta, hala, horren eraginpeko bokalak bat datoz bokal abiarazlearen ezaugarri nagusiarekin. Tarteko segmentuak ohikoak dira eragindako bokalen artean, hau da, bokalek ez dute zertan elkarren ondoan egon aldaketa aplika dakien: hori "distantzia luzeko" asimilazio motatzat sailkatzen da. Bokal-harmonian parte hartzen duten bokalen klase naturalak definitzen dituzten ezaugarri fonologiko arruntak hauek dira: atzekoa ala aurrekoa izatea, altuera, sudurkaritasuna, biribiltasuna eta mihiaren erro aurreratua eta atzeratua.

Autore eta artikulu batzuek bokal-harmonia terminoa erabiltzen dute aurreranzko bokal-asimilazioari (hasieratik bukaerarainokoa, progressive ingelesez) erreferentzia egiteko, eta umlaut erabiltzen dute atzeranzko asimilazioari erreferentzia egiteko (regressive, ingelesez). Umlaut terminoa beste adiera batean ere erabiltzen da bokal-mailaketa mota bat izendatzeko, baita askotan halako aldaketak markatzen dituen diakritikoa ere, hau da, bokalen gaineko < ¨ > dieresiaz. Metafonia sarritan bokal-harmoniaren sinonimotzat erabiltzen da, baina normalean soinu aldaketa historikoak deskribatzeko da. Artikulu honek bokal-harmonia terminoa darabil prozesu asimilatzaile aurreranzkoa zein atzeranzkoa izendatzeko.

Bokal-harmonia hizkuntza eranskari askok agertzen dute. Haren esparruak maiz morfemen mugak zeharkatzen ditu, eta atzizkiek eta aurrizkiek normalean bokal-harmoniaren arauak betetzen dituzte. Halaber, eskualde-ezaugarritzat hartzen da munduko zenbait lekutan, batez ere Asiako iparraldean eta erdialdean turkiar, mongoliar eta tungusiko tungus hizkuntzen familien artean, baita familia haietako hizkuntzekin harremanetan dauden beste batzuetan ere.

"Tarte luzea"

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bokal-harmonia prozesuak "tarte luzekoak" dira; izan ere, asimilazioan parte hartzen duten segmentuek (normalean, segmentu kontsonanteek) bereizten dituzten soinuak sartzen dira. Beste era batera esanda, harmonia elkarren ondoan ez dauden soinuen asimilazioari dagokio. Adibidez, hitzaren hasieran dagoen bokal batek asimilazioa eragin diezaioke hitz baten amaierako bokal bati. Asimilazioa hitz osoan zehar gertatzen da hizkuntza askotan. Eskema honen bidez adierazten da hori:

asimilazioaren aurretik asimilazioaren ondoren
VaCVbCVbC VaCVaCVaC Va = a motako bokala

Vb = b motako bokala

C = kontsonantea

Goiko diagraman, Va-k (a motako bokala) hurrengo Vb (b motako bokala) asimilatu eta bere motako bihurtzea eragiten du (eta horrela, metaforikoki, "harmonian" geratzen dira).

Bokal-asimilazioa eragiten duen bokalari abiarazle esaten zaio maiz, eta asimilatu (edo harmonizatu) diren bokalei, jomuga. Bokal-abiarazleak hitz baten erroaren edo sustraiaren barruan daudenean eta hizkiek jomugak dituztenean, horri erroaren menpeko bokal-harmonia esaten zaio, eta haren kontrako egoerari, menderatzaile deritzo. Hori nahiko ohikoa da bokal harmonia duten hizkuntzen artean, eta hungarierazko datibo-atzizkian ikus daiteke: 

erroa datiboa esanahia
város városnak hiri
öröm örömnek poz

Datibozko atzizkiak bi forma desberdin ditu -nak / -nek. -nak forma atzeko bokalak dituen erroaren ondoren agertzen da (o eta a atzeko bokalak dira); -nek forma aurreko bokalak dituen erroaren ondoren agertzen da (ö eta e aurreko bokalak dira).

Bokal-harmoniak, askotan, honelako dimentsioak ditu:

Rose & Walker (2011) Ko (2018) Dimentsioa Balioa
atzekotasunaren araberako harmonia sabaikaritasunaren araberako harmonia bokalen atzerakotasuna atzekoa edo aurrekoa, [±atzera]
biribiltasunaren araberako harmonia ezpainbikaritasunaren araberako harmonia biribiltasuna biribildua edo biribildu gabea, [±biribila]
altueraren araberako harmonia altueraren araberako harmonia bokalaren altuera altua edo baxua, [±altua]
mihiaren erroaren araberako harmonia mihiaren erroaren araberako harmonia mihiaren sustraia aurreratua eta atzeratua aurreratua edo atzeratua, [±ATR]
  • Sudurkaritzea (hau da, ahokaria edo sudurkaria: kasu horretan, kontsonante sudurkari bat abiarazlea izaten da).
  • Errotismoa, yurokez bezala.
  • Sistema ez-konbentzionalak, nez percerena kasu, itxuraz inongo ezaugarri fonetiko nabaritan oinarritzen ez direla diruditenak.

Hizkuntza askotan, bokalak multzo edo klase partikularretakoak direla esan daiteke, hala nola atzekoak, aurrekoak, biribilduak, biribildugabeak... Hizkuntza batzuek harmonia-sistema bat baino gehiago dute. Adibidez, hizkuntza altaikoek harmonia biribildua izan behar dute, atzeranzko harmoniaren gainetik.

Bokal-harmonia duten hizkuntzen artean ere, bokal guztiek ez dute zertan aldaketetan parte hartu: horiei neutro esaten zaie. Horiek opakuak izan daitezke —prozesu harmonikoak blokatzen dituzte— edo gardenak, eta ez diete eraginik sortzen. Horretan esku hartzen duten kontsonanteak ere gardenak izaten dira maiz.

Azkenik, bokal-harmonia duten hizkuntzek, askotan, harmoniarik eza lexikoa ahalbidetzen dute, edo bokal multzo mistoak dituzten hitzak, baita bokal neutro opaku bat tartean ez dagoenean ere. Van der Hulst & van de Weijer-ek (1995) horrelako bi egoera aipatzen dituzte: agian morfema abiarazle silabaniztunek kontrako multzo harmonikoetako bokal ez-neutroak dituzte eta jomuga-morfema batzuek, besterik gabe, ez dute harmonizatzen. Mailegu askok harmoniarik eza erakusten dute. Adibidez, turkierazko vakit, ("denbora" [arabierazko وقت waqt izenetik]); *vakıt esperokoa behar zuena, a-ı harmonia eginik. Finlandierazko beste adibide batzuk bi hauek dira, aurreko eta atzeko bokalak dituztenak: olympialaiset ("Joko olinpikoak") eta sekundäärinen ("bigarren mailako"): finlandiera estandarrean, hitz horiek idatzi bezala ahoskatzen dira, baina hiztun askok bokal-harmonia senez aplikatzen dute, hau da, olumpialaiset, eta sekundaarinen edo sekyndäärinen.

Euskara batuaz ez dago bokal-harmoniarik, baina fenomeno hori Hego Euskal Herriko zenbait euskalkitan asimilazio oso mugatu baten ondorioa da. Hain zuzen ere, euskalki haietan, hitz batek azken silaban /-i/ edo /-u/ bokalak badauzka, jarraian doan atzizkiko /-a/ bokala /-e/ bilakatzen da:

  • sudur > sudurra / sudur bat (euskara batuaz, Beterriko gipuzkeraz eta Ipar Euskal Herriko euskalkietan, bokal-harmoniarik gabe) > sudurre / sudur bet (bokal-harmoniaren ondorioz: kontuan har bedi sudur bet adibidean muga semantikoaren gainetik jauzi egin duela),
  • mendi > mendira > mendire,
  • ibili > ibilita > ibilite.

Inoiz, hitzak jatorriz /i/ edo /u/-rik izan gabe ere, disimilazio baten ondorioz, euskalki beretan gero bokal-harmonia ager daiteke:

  • beso + -a > besoa > (disimilazioa: oa > ua) besua > besue,
  • etxe + -ak > etxeak > (disimilazioa: ea > ia) etxiak > etxiek,
  • etxe + -an > etxean > (disimilazioa: ea > ia) etxian > etxien.

Arrunt-arrunta da mendebaleko euskalkian, erdialdekoan (Goierrikoan eta Urolaldekoan), hegoaldeko goi-nafarreraz, iparraldeko goi-nafarreraz eta baztaneraz. Horrez gain, zenbait tokitan halako adibide banaka batzuk daude, hala nola kuadrille ("kuadrilla") eta dire ("dira"), Hondarribiko hizkeran.

Turkiar hizkuntzetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiar hizkuntzek prototurkikotik jaso dituzte beren bokal-harmonia sistemak, jada sistema guztiz garatua zena. Salbuespen bakarra uzbekera da, persiar eragin zabalaren ondorioz bokal-harmonia galdu baitu; hala ere, haren ahaiderik hurbilenak, uigurrerak, turkiar bokal-harmonia gorde du.

Azerbaijanera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azerbaijanerazko bokal-harmoniaren sistemak aurreko vs atzeko bokalak eta bokal biribilduak vs ez-biribilduak ditu.

azerbaijanerazko

bokal-harmonia

aurrekoak atzekoak
biribildu gabeak biribilduak biribildu gabeak biribilduak
bokalak e, ə, i ö, ü a, ı o, u
bi formako atzizkiak ə a
lau formako atzizkiak i ü ı u

Tatarerak ez du bokal neutrorik. é bokala maileguzko hitzetan bakarrik ageri da. Beste bokal batzuk ere maileguzko hitzetan ager litezke, baina atzeko bokal gisa hartzen dira. Tatarerak badu halaber biribiltze-harmonia, baina ez da idatziz irudikatzen. Bai o bai ö lehenengo silaban bakarrik idatz litezke, baina markatzen dituzten bokalak ı eta e idazten diren lekuan ahoska litezke.

atzekoak aurrekoak
a / а [ʌ] ä / ә [æ]
ı / ы [ɯ] e / е, э [ɘ]
í / ый [ɯɪ] i / и [i]
o / о [ɵ] ö / ө [œ~ʏ]
u / у [ʊ] ü / ү [ʉ]

Turkiar hizkuntza gisa, tatarerak, turkierak bezala, bokal-harmonia ere badu, atzizkiei zein postposizioei eragiten diena: balalar ("haurrak") vs änilär ("amak"); bala ("haren semea") vs änise ("haren ama"); balasızlı ("seme-alabarik gabe") vs ätisezle ("aitarik gabe").

Kazakherazko bokal-harmoniaren sistema, nagusiki, aurreko vs atzeko sistema bat da, baina badago biribiltze harmoniaren sistema bat ere, ortografiak jasotzen ez duena.

Kirgizerazko bokal-harmoniaren sistema, nagusiki, aurreko vs atzeko sistema bat da, baina harmonia biribileko sistema bat ere badago, kazakherazkoaren antz handia duena.

Turkierak bi dimentsioko bokal-harmoni sistema du: hor, bokalek bi ezaugarri dituzte: [±aurreko] eta [±biribildu]. Bi bokal-harmonia sorta daude: bata sinplea da eta bestea, konplexua. Sinplea e eta a bokal baxuei dagokie eta [±aurreko] ezaugarria baino ez du (e aurrekoa vs a atzekoa). Konplexua i, ü, ı, u bokal altuei dagokie eta [±aurrealdeko] zein [±biribildu] ezaugarriak ditu (i aurreko biribildu gabea vs ü aurreko biribildua eta ı atzeko biribildu gabea vs u atzeko biribildua). ö eta o erdiko bokal itxiek ez dute bokal-harmonia prozesuetan esku hartzen.

turkierazko

bokal-harmonia

aurrealdekoak atzealdekoak
biribildu gabeak biribilduak biribildu gabeak biribilduak
bokala e /e/ i /i/ ö /ø/ ü /y/ a /a/ ı /ɯ/ o /o/ u /u/
sistema sinplea e a
sistema konplexua i ü ı u
Aurreko eta atzeko harmonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkierak bi motatako bokalak ditu: aurrekoak eta atzekoak. Bokal-harmoniaren arabera, hitzek ezin dituzte aurreko zein atzeko bokalak batera izan. Beraz, atzizki gramatikal gehienek aurreko eta atzeko formak dituzte, adibidez Türkiye'de ("Turkian") baina Almanya'da ("Alemanian").

Turkierazko bokal-harmonia
Nominatibo

singularra

Genitibo

singularra

Nominatibo

plurala

Genitibo

plurala

Esanahia
ip ipin ipler iplerin "soka"
el elin eller ellerin "esku"
kız kızın kızlar kızların "neska"
Biribiltze-harmonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainera, bada bigarren mailako arau bat, i eta ı atzizkietan ü eta u bilakatzeko joera dutenak hurrenez hurren bokal biribilduen ondoren, eta, beraz, zenbait atzizkik forma gehigarriak dituzte. Horrek Türkiye'dir ("Turkia da"), Kapıdır ("Atea da"), baina Gündür ("Eguna da"), Karpuzdur ("Angurria da") bezalako perpausak ematen ditu.

Atzizki guztiek ez dute bokalen harmonia guztiz betetzen.

-(i)yor atzizkian, o aldaezina da, baina -i-, berriz, aurreko bokalaren arabera aldatzen da; adibidez, sönüyor ("desagertzen da"). Era berean, -(y)ken atzizkian, e aldaezina da: Roma'dayken ("Erroman dagoenean"); eta -(y)ebil atzizkian, -i- ere bai: inanılabilir ("sinesgarri"). -ki atzizkiak harmonia partziala erakusten du, inoiz ez du atzeko bokalik hartzen, baizik eta aurreko bokaleko - aldaera bakarrik onartzen du: dünkü ("atzokoa"); yarınki ("biharkoa").

Turkierazko hitz gehienek, atzizkietarako ez ezik, barne bokal-harmonia ere daukate. Hala ere, anitz salbuespen daude.

Hitz elkarketak hitz bereizitzat hartzen dira bokalen harmoniarekiko: bokalek ez dute zertan konposatuko kideen artean harmonizatu (horrela bugün [bu = "hau"; gün = "egun"], euskaraz "gaur" bezalako formak onargarriak dira). Bokal-harmonia ez da maileguzko hitzetan ageri, otobüs izenean bezala (frantsesezko "autobus"-etik dator). Badira araua betetzen ez duten turkierazko jatorrizko hitz moderno gutxi batzuk ere (hala nola anne, "ama", edo kardeş, "anaia", "arreba", "neba", "ahizpa", forma zaharragoetan bokalen harmoniari men egiten ziotenak, ana eta karındaş, hurrenez hurren). Hala ere, halako hitzetan, atzizkiak, hala ere, azken bokalarekin harmonizatzen dira; horrela annesi ("haren ama"), eta voleybolcu ("boleibol-jokalari").

Maileguzko hitz batzuetan, azken bokala a, o edo u da eta, beraz, atzeko bokal baten itxura du, baina fonetikoki aurreko bokala da, eta bokalen harmonia gobernatzen du horren arabera. Adibide bat saat ("ordu" edo "erloju") hitza da, arabieratik maileguan hartuta. Haren plurala saatler da, ez esperoko *saatlar. Hori ez da benetan bokalen harmoniaren salbuespena berez; aitzitik, a bokalak aurreko bokala adierazten duen arauaren salbuespena da.

Harmoniarik ezak analogiaren bidez galtzeko joera du, batez ere maileguzko hitzen barruan; adibidez Hüsnü (gizon-izena) < lehenago Hüsni, arabierazko husnî-tik; Müslüman ("musulman", adjektiboa eta izena)" < otomandar turkierazko müslimân, persierazko mosalmân-etik.

Tuverak turkiar hizkuntzen artean bokalen harmoniaren sistema osatuenetako bat dauka.

Mongoliar hizkuntzetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mongoliar hizkuntzek hainbat bokal-harmonia sistema erakusten dituzte. Eztabaidaren bat dagoen arren, badirudi protomongolierak atzeranzko harmonia-sistema bat izan zuela, eta hortxetik datoz hizkuntza modernoen sistemak.

Mongolierak proto-mongolierazko sistema berritu du, mihiaren erroko harmonia eta biribiltze-harmonia erakutsiz. Mihiaren erroko harmonian /a, ʊ, ɔ/ (+RTR) bokalak daude eta /i, u, e, o/ (-RTR). /i/ bokala fonetikoki -RTR bokalen antzekoa da baina, neurri handi batean, gardena da bokal-harmoniarekiko. Biribiltze-harmonia /e, o, a, ɔ/ bokal irekiei bakarrik dagokie. Iturri batzuek harmonizazio primarioaren dimentsioari erreferentzia egiten diote faringalizazio edo sabaikaritasun gisa (besteak beste), baina ez bata ez bestea ez dira teknikoki zuzenak. Era berean, ±RTR mongolierazko bokal kategorien ezaugarri definitzaile bakar gisa aipatzea ere ez da guztiz zehatza. Nolanahi ere, bi bokal-kategoriak desberdinak dira, batez ere, mihiaren erroaren kokapenari dagokionez, eta ±RTR deskribatzaile egokia eta nahiko zehatza da parte hartzen duten parametro artikulatorioetarako.

-RTR э [e] ү [u] ө [o] и [i]
+RTR a [a] у [ʊ] о [ɔ]

Kalmyk-oiratera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalmyk-oiratak, mendebaldeko mongoliar hizkuntzak, atzerapen harmonia oso argia erakusten du. Hitzek atzeko edo aurreko bokalak bakarrik izan ditzakete, baina biribilduak edo biribilgabeak izan daitezke. /y/ bokala /u/-rekin txandakatzen da; /ø/, era berean, /o/-rekin eta /æ/ bokala, /a/-rekin; azkenik, /i/-k [ɨ] alternantzia alofonikoa du atzizkietan. /e/ bokal-harmoniarekiko gardena da gehienbat.

Koreera pixkanaka gero eta bokal-harmonia sistema antzuagoa duen hizkuntza baten adibidea da. Erdiko koreerak bokal-harmonia sendoa zuen, baina koreera modernoak kasu jakin batzuetan baizik ez du agertzen, hala nola onomatopeietan, adjektiboetan, adberbioetan, konjugazioan eta interjekzioetan. Koreerazko jatorriko hitz askok erakusten dute lehenagoko bokal-harmonia emankorra, hala nola 사람 (saram, "pertsona") eta 부엌 (bu-eok, "sukalde").

Koreerazko bokal-harmoniaren gaur egungo sistema sistema ortografikoan oinarritzen da: horrek bokalak positibo edo argi gisa sailkatzen ditu batetik; negatibo edo ilun gisa, bestetik; edo, azkenik, neutro gisa. Aditu askok bokal positiboak +RTR gisa hartzen dituzte, eta bokal negatiboak eta neutroak, −RTR gisa. Koreerazko aditz-denboren oinarrizko konjugazioek erakusten dute bokal-harmonia hori, +RTR bokala /a/ edo −RTR bokala /ʌ/ erabiliz, aditzaren nahiz adjektiboaren enborreko azken bokalaren arabera.

positiboa edo argia neutroa negatiboa edo iluna
Aditzaren / adjektiboaren

infinitibozko forma

알다 [aɭ.da] 보다 [po.da] 내다 [nɛ.da] 예쁘다 [je.p͈ɯ.da] 피다

[pʰi.da]

먹다

[mʌk.da]

주다 [t͡ɕu.da]
Ez-lehenaldiko markatzailea [a] [ʌ]
(soildu gabeko) forma jokatua 알아 [a.ɾa] 보아 [po.a] 내어 [nɛ.ʌ] 예쁘어 [je.p͈ɯ.ʌ] 피어 [pʰi.ʌ] 먹어 [mʌ.kʌ] 주어 [t͡ɕu.ʌ]

Kontuan izan behar da bokal-harmonia ez dela ondorengo morfemetara hedatzen, hala nola 요 [jo] begirunezko bukaerara, horrek +RTR bokal bat baitarabil, baina gauza bera gertatzen da +RTR denbora adierazlea hartzen duten hitzetan.

Persierak hainbat hitz eta esapidetan zenbait eratako atzeranzko eta aurreranzko bokal-harmonia agertzen du. Aurreranzko bokal-harmonia preposizio / postposizioei bakarrik aplikatzen zaie, izenordainei lotzen zaizkienean.

preposizioa / postposizioa izenordaina emaitza
be (nori adierazteko) man ("ni") behem ("niri")
az (nondik adierazteko) man ("ni") azam ("riregandik")
ba (norekin adierazteko) man ("ni") baham ("nirekin")
ra (norentzat adierazteko) man ("ni") mara ("niretzat")
to ("hi") toro ("hiretzat")

Atzeranzko bokal-harmonian, ezaugarri batzuk hasierakoa ez den bokal eragiletik jomuga bokalera hedatzen dira aurreko silaban. Atzeranzko harmonia hori aplikatzea eta ez aplikatzea biribiltze-harmoniatzat ere har daiteke.

aditza harmonia biribiltzailearen emaitza
be-do ("lasterka ibili") bodo
be-kon ("egin") bokon
be-ro ("joan") boro
be-kox ("hil [du]") bokox

Hizkuntza uralikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza uraliko askok, guztiak ez badira ere, aurreko eta atzeko bokalen arteko bokal-harmonia dute. Fenomeno hori proto-uralikoan egon ote zen hipotetizatzen da askotan, nahiz eta haren jatorrizko irismena oraindik eztabaidagai den.

Bokal-harmonia nganasanez dago eta protosamoiedikorako ere berreraiki da.

Hungarierazko hamalau bokalak honela sailkatzen dira:

  • atzekoak (ilunak): a / á, o / ó, u / ú. Trikimailu mnemonikoa: auto hitza.
  • aurrekoak (argiak): e / é, i / í, ö / ő, ü / ű, aldi berean honela banatuak:
    • biribilduak: ö / ő, ü / ű
    • biribildu gabeak: e / é, i / í

Goiko bokal bikoteak luzera-oposizio bati dagozkio; atal horren gainerakoan, bigarren forma —luzeagoa— kendu eginen da, luzerak ez baitu eragiten bokalen harmonian. Adibidez, a atzekoa da ([ɒ]) eta á, aurrekoa ([aː]), baina bi bokalak iluntzat hartzen dira.

Arauak, batez ere eransketan atzizkiak gehitzean agertzen direnak, hauek dira:

  • edozein bokal iluni (atzekoari) beste bokal ilun batek jarraitu behar dio,
  • edozein bokal argiri (aurrekoari) beste bokal argi batek jarraitu behar dio,
  • bokal biribilduen ondoren bokal biribilduak datoz, atzizkiak forma biribila duenean; bestela, aurreko bokal bat dator.

Salbuespenak badaude: bereziki, e eta i bokal ilunekin partzialki bateragarriak dira.

Atzizkiek gehienetan bi aukera (atzekoa ~ aurrekoa) edo hiru izaten dituzte (atzekoa ~ aurrekoa, biribildu gabea ~ aurrekoa, biribildua). -i duten atzizki batzuek (edo baita -e ere) forma bakarra dute, eta beste batzuek lau izan ditzakete (atzekoa, biribildu gabea ~ atzekoa, biribildua ~ aurrekoa, biribildu gabea ~ aurrekoa, biribildua), lotura-bokalak baldin badira. Hona hemen alternantzia posibleak, adibideekin:

  • [e, a, ö, o] Adibidez: -em, -am, -öm, -om (posesibozko singularrezko lehen pertsona adierazteko):

- társ ("kide") → társam ("nire kidea");

- barát ("lagun") → barátom ("nire laguna");

- férj ("senar") → férjem ("nire senarra");

- bőrönd ("maleta") → bőröndöm ("nire maleta").

  • [e, ö, o] Adibidez: -hez, -höz, -hoz (norantz adierazteko, lekua aldatuz):

- PéterPéterhez ("Péterren etxerantz");

- ErdősErdőshöz ("[Jaun] Erdősenerantz");

- LászlóLászlóhoz ("Lászlóren etxerantz").

  • [e, a] Adibidez -nél, -nál (noren etxean adierazteko, kokapenik aldatzeke)

- PéterPéternél ("Péterrenean")

- AnnaAnnánál ("Annarenean")

  • [ü, u] Adibidez: -ünk, -unk (pluraleko lehen pertsona adierazteko):

- csinál (egin) → csinálunk: [guk] egiten;

- keres (bilatu) → keresünk: [gabiltza] bila.

  • [ö, o] Adibidez: -től, -tól (noren etxetik adierazteko):

- PéterPétertől ("Péterren etxetik");

- AnnaAnnától ("Annaren etxetik").

  • [i] Adibidez: -ig (noraino adierazteko):

- ház ("etxe") → házig ("etxeraino").

  • [e] Adibidea: -ék ("familia" adierazteko):

- KovácsKovácsék ("Kovácstarrak").

  • [o] Adibidez: -kor (noiz adierazteko):

- négy (lau) → Négykor ("lauretan");

- karácsony ("Eguberria") → karácsonykor ("Gabonetan").

Bokal-harmoniaren arau horrek hitz gehienak bokal mota bera bakarrik edukitzera eramaten du, edo batzuetan bokal bakarra ere edukitzera, adibidez:

  • enged ("onar")
  • engesztel ("baretu", "lasaitu")
  • megengesztel ("baretu")
  • megengesztelhet ("bare dezake")
  • megengesztelhetetlen ("barkaezin")
  • megengesztelhetetlenebb ("barkaezinago")
  • legmegengesztelhetetlenebb ("barkaezinena")
  • legeslegmegengesztelhetetlenebb ("barkaezinenen artean barkaezinena")
  • legeslegmegengesztelhetetlenebbek ("barkaezinenen artean barkaezinenak")
  • legeslegmegengesztelhetetlenebbekkel ("barkaezinenen artean barkaezinenekin")

Atzerriko hitzek (adibidez, sofőr, "xofer") edo hitz elkartuek (adibidez, jármű, "ibilgailu") ezin dute arau hori beteu: kasu horretan, atzizkiek hitzaren azken bokalarekin komunztadura egiten dute:

  • sofőrsofőrrel ("xoferrarekin");
  • jármű → járműben ("ibilgailuan").

Atzerriko hitzen kasuan, azken bokala (ahoskatua) i bada, haren aurreko bokala hartzen da kontuan:

  • BerlinBerlinben ("Berlinen");
  • PárizsPárizsban ("Parisen");
  • ÉmileÉmilelel ("Émilerekin");
  • FannyFannyval ("Fannyrekin").

Beste bokalik ez badago, bokal garbiak dituzten atzizkiak erabiltzen dira:

  • FidzsiFidzsiben ("Fijin").
irekia erdikoa itxia
atzekoa ("behekoa") a á o ó u ú
aurrekoa ("goikoa") biribildu gabea (neutroa)   e é i í
biribildua   ö ő ü ű

Kontuan hartu beharreko beste arau eta jarraibide batzuk:

  • Hitz elkarketek atzizkia hartzen dute azken hitzaren arabera, adibidez, ártér ("uholde lautada") elkartean, ár + tér aurreko bokal atzizkiaz osatua, tér hitza bakarrik dagoenean bezala (téren, ártéren)
  • Atzerritiko begibistako jatorria duten hitzen, kasuan: azken bokalak bakarrik kontuan hartzen da (-i edo -í izan ezean): sofőrhöz, anszszal, generálás, októberben, parlamentben, szoftverrel
    • Atzerriko hitzaren azken bokala i edo í bada, orduan azkenaurreko bokala hartuko da kontuan, adibidez papírhoz, Rashiddal. Hitz arrotzak i edo í bokalak bakarrik baditu, orduan aurreko bokal atzizkia hartzen du: adibidez, Mitchnek ("Mitchentzat").
    • Badira hungariarrak ez diren izen geografiko batzuk batere bokalik ez dutenak (Krk uharte kroaziarra, kasu): kasu horretan, hitzak atzeko bokalik ez daukanez, aurreko bokalezko atzizkia hartzen du (adibidez, Krkre = "Krkra").
  • Akronimoetarako, azken bokalaren araberakoa da, hitz arrotzen kasuan bezalaxe. Adibidez, HR (há-er ahoskatua) aurreko bokal-atzizkia lortzen du, azken bokal ahoskabea aurreko bokala den heinean (HR-rel = "HRrekin").
  • i, í edo é dauzkaten silaba bateko hitz batzuek aurreko atzizkiak hertsiki darabilten (gépre, mélyről, víz > vizet, hírek); beste batzuek, berriz, atzeko bokaleko atzizkiak soilik har ditzakete (héjak, szíjról, nyíl > nyilat, zsírban, írás).
  • Atzeko bokalez hasi, baina aurreko bokalez bukatzen diren hitz batzuk hungarieran sartu dira: horiek atzeko edo aurreko bokaleko atzizkiak har ditzakete (beraz, aukeran atzerriko hiztzat edo hungarierazko hiztzat har daitezke): farmerban edo farmerben.
Forma anitzeko atzizkiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hungarierazko atzizki gramatikalek forma bat, bi, hiru edo lau izan ditzakete:

  • forma bakarra: hitz bakoitzak atzizki bera hartzen du haren bokalak kontuan hartu gabe (adibidez, -kor),
  • bi forma (ohikoena): hitzek atzeko bokaleko atzizkia edo aurreko bokalekoa hartzen dute (adibidez, -ban / -ben),
  • hiru forma: atzeko bokal forma bat eta aurreko bi bokal forma daude; bata, azken bokala aurreko bokal biribildua duten hitzetarakoa da eta, bestea, azken bokala aurreko bokal biribildua ez duten hitzetarakoa (adibidez, -hoz / -hez / -höz)
  • lau forma: bi atzeko bokal forma eta bi aurreko bokal forma daude (adibidez, -ot / -at / -et / -öt edo, besterik gabe, -t, azken soinua bokala bada)
-kor (noiz, ordua adierazteko) -ban / -ben (non adierazteko) -hoz / -hez / -höz (nora adierazteko) -t / -ot / -at / -et / -öt (akusatiboa)
atzekoa (erro erregularra) hat ("sei") hatkor
nyolckor
háromkor

egykor
négykor
kilenckor
tízkor
ötkor
kettőkor
hatban
nyolcban
háromban
százban
hathoz
nyolchoz
háromhoz
százhoz
hatot
(beheko bokaleko erroa) nyolc ("zortzi")



három ("hiru")



száz ("ehun")
nyolcat
hármat
százat
aurrekoa biribildu gabea (neutroa) egy ("bat")



négy ("lau")



kilenc ("bederatzi")



tíz ("hamar")
egyben
négyben
kilencben
tízben
ötben
kettőben
egyhez
négyhez
kilenchez
tízhez
egyet
négyet
kilencet
tízet
biribildua öt ("bost")



kettő ("bi")
öthöz
kettőhöz
ötöt
kettőt

Hegoaldeko mansiak bokal-harmonia zuen.

Khantieraz, bokalen harmonia ekialdeko dialektoek dute, eta flexio- zein eratorpen-atzizkiei eragiten die. Vakh-vasyugan dialektoak bokal-harmonia sistema bereziki zabala du:

Bokal abiarazleak
aurrekoak /æ/ /ø/ /y/ /i/ /ɪ/ /ʏ/ /e/ /œ/
atzekoak /ɑ/ /o/ /u/ /ɯ/ /ʌ/ /ʊ/ /ɔ/
Jomuga-bokalak
aurrekoak /æ/ /ø/ /y/ /i/ /ɪ/ /ʏ/
atzekoak /ɑ/ /o/ /u/ /ɯ/ /ʌ/ /ʊ/

Bokal abiarazleak hitz baten lehen silaban gertatzen dira, eta hitz osoko bokalen atzekotasuna kontrolatzen dute. Jomuga-bokalak bokal-harmoniaren eraginpean daude, eta aurreko zein atzeko zazpi paretan antolatuta daude, altuera eta biribiltasun bertsukoak, eta A, O, U, I, Ɪ, Ʊ artxifonemei esleitzen zaizkie.

/e/, /œ/ eta /ɔ/ bokalak hitz baten lehen silaban baino ez dira agertzen eta, beraz, bokal abiarazleak dira hertsiki. Gainerako bokal guztiek bi zereginetan joka dezakete.

Bokal-harmonia iparraldeko eta hegoaldeko dialektoetan galduta dago, baita ekialdeko khantierazko surgut dialektoan ere.

Marieraren aldaera gehienek bokal-harmonia dute.

Erzierak bokal-harmoniaren sistema mugatua du, eta bi bokal-fonemari baino ez dagokie: /e/-ri (aurrekoa) versus /o/-ri (atzekoa).

Mokshak, erzieraren ahaiderik gertukoenak, ez du bokal-harmonia fonemikorik, nahiz eta /ə/ aurreko eta atzeko alofonoak dituen erzierako bokal-harmoniaren antzeko banaketan.

Hizkuntza finikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bokal-harmonia hizkuntza finiko gehienetan dago. Livonieraz eta estoniera estandarrean galdua da, hor ü ä ö aurreko bokalak lehenengo silaban (tonikoa da) bakarrik ageri dira. Hegoaldeko estonieraz võro (eta seto) hizkuntzak zein [iparraldeko] estonierazko zenbait dialektok, ordea, bokal harmonia gordetzen dute.

Finlandierazko bokal-harmonia, diagrama batean erakutsia.
Finlandierazko bokal-harmonia eta kasu-komunztadura, mahdollisissa yllättävissä tilanteissa ("ustekabeko egoera posibleetan") adibide: mahdollinen-ek -ssa hartzen du; yllättävä-k, -ssä; eta tilanne —lehen bokala neutroa du; bigarrena, atzekoa—, -ssa.

Finlandieraz, hiru bokal klase daude: aurrekoak, atzekoak eta neutroak. Aurreko bokal bakoitzari atzeko bokal parekide bat dagokio. Bukaera gramatikalek, hala nola kasu- eta eratorpen-amaierek –baina ez enklitikoek–, U, O, A bokal arkifonemikoak baino ez dituzte, hitz bakar baten barruan [u, o, ɑ] atzeko bokalen moduan eginak edo [y, ø, æ] aurreko bokalen gisa gauzatzen direnak. Harmonia bokala kontuan hartuta, ondorioztatzen da hitz sinple (ez konposatu) bakoitzaren hasierako silabak hitz osoaren aurrekotasuna edo atzekotasuna erabakitzen duela. Hitzaren hasieran ez denean, bokal-harmoniak ez die bokal neutroei eraginik egiten. Hasierako silaban:

  1. atzeko bokal batek hasierakoak ez diren silaba guztiak atzeko bokalekin (edo neutroekin) gauzatzea eragiten du, adibidez, pos+ahta+(t)aposahtaa.
  2. aurreko bokal batek hasierakoak ez diren silaba guztiak aurreko bokalekin (edo neutroekin) gauzatzea eragiten du, adibidez, räj+ahta+(t)aräjähtää. .
  3. bokal neutro batek aurreko bokal baten antzera jokatzen du, baina ez du hitzaren aurrekotasunik edo atzekotasunik kontrolatzen: hasierakoak ez diren silabetan atzeko bokalik badago, hitzak atzeko bokalekin hasi zen bezala jokatzen du, nahiz eta eratorpenezko bukaeretatik etorri, esate baterako, sih+ahta+(t)asihahtaa cf. sih+ise+(t)asihistä.

Adibidez:

  • kaura ("olo") atzeko bokal batez hasten da → kauralla ("oloarekin").
  • kuori ("oskol") atzeko bokal batez hasten da → kuorella ("oskolarekin").
  • sieni ("perretxiko") atzeko bokalik gabe hasten da → sienellä (ez *sienella, "perretxikoekin").
  • käyrä ("bihurgune") atzeko bokalik gabe hasten da → käyrällä ("bihurgunean"),
  • tuote ("produktu") atzeko bokalez hasten da→ tuotteessa ("produktuan").
  • kerä ("bola", "esfera") bokal neutro batez hasten da → kerällä
  • kera ("norekin adierazteko") bokal neutro batez hasten da, baina atzeko bokal bat dauka hasierako kokalekuan ez dagoena → keralla.

Soinua aldatzen duten hasierako diptongoetako kodak diruzten zenbait dialektok hasierako silaban bokal artxifonemikoak ere onartzen dituzte. Adibidez, ie estandarra ia edo bezala islatzen da, hasierakoak ez diren silabek kontrolatuta, Tampereko dialektoan, adibdez, tiätie baina miakkamiekka... tuotteessa-k (ez *tuotteessä) erakusten duen bezala. Fonologikoki aurreko bokalak -nsa atzizkiaren aurretik badaude ere, gramatikaren aldetik atzeko bokal batek kontrolatutako hitz bat du aurretik. Adibideetan ikusten denez, bokal neutroek sistema ez-simetrikoa egiten dute, fonologikoki aurreko bokalak baitira, baina aurreko/atzeko kontrola edozein aurreko edo atzeko bokal gramatikalen esku uzten dute. Bokal neutroen benetako bokal-kalitatean aldaketa gutxi bago —batere baldin bago.

Horren ondorioz, finlandierazko hiztunek bokalen harmoniari men egiten ez dioten hitz arrotzak ahoskatzeko arazoak izaten dituzte. Adibidez, olympia askotan olumpia ahoskatzen da. Mailegu batzuen kokalekua estandarizatu gabe dago (adibidez, chattailla / chättäillä) edo gaizki estandarizatua (adibidez, polymeeri, batzuetan polumeeri ahoskatuak, eta autoritäärinen, bokalen harmonia urratzen dutenak). Hitz arrotz batek bokal-harmonia urratzen duenean, aurreko bokalak ez erabiltzeagatik bokal neutro batekin hasten delako, orduan azken silabak orokorrean agintzen du, nahiz eta erregela hori irregularki betetzen den. Esperimentuek adierazten dute, esate baterako, miljonääri beti (aurrekoa) miljonääri bihurtzen dela baina, era berean, marttyyri maiz marttyyria (atzekoa) zein marttyyri (aurrekoa), baita hiztun bera hizketan ari denean ere.

Bokal-harmoniari dagokionez, hitz konposatuak hitz bereizitzat har daitezke. Adibidez, syyskuu ("udazkeneko hilabete", hots,"Irail") hitzak u eta y bi-biak ditu, baina syys eta kuu bi hitzez osatuta dago, eta syyskuuta (ez *syyskuutá) formaz deklinatzen da. Gauza bera gertatzen da enklitikoekin, adibidez. taaksepäin ("atzerantz") hitzak taakse ("atzera") eta -päin ("norantz adierazteko atzizkia") osagaiak ditu, adibidez taaksepäinkään (ez *taaksepäinkaan edo *taaksepainkaan) ematen dituena. Fusioa gertatzen bada, zenbait hiztunek bokala harmonizatzen dute, esate baterako, tälläinen, tällainen izan beharrean ← tämän lainen.

Finlanierazko zenbait hitzek, erroan bokal neutroak baino ez dituztenak, eredu txandakatua erakusten dute bokalen harmoniari dagokionez, deklinatzean edo eratorpenaren bidez hitz berriak sortzean. Hona hemen adibide batzuk:

  • meri ("itsaso"), meressä ("itsasoan", inesiboa), baina *merta (partitiboa), ez *mertä;
  • veri ("odol"), verestä ("odoletik", elatiboa), baina verta (partitiboa), ez *vertä;
  • pelätä ("beldur izan"), baina pelko ("beldur"), ez *pelkö;
  • kipu ("min"), baina kipeä ("minduta"), ez *kipea.

Helsinkiko lagunarteko hizkeran sustraiak dituzten hitz xelebreak daude, bokal-harmonia urratzen dutenak, adibidez, Sörkka (Helsinkiko Sörnäinen auzoaren izena): suedieraren eraginaren ondorioz interpreta daiteke.

Bepsaerak partzialki galdu du bokal-harmonia.

Bokal-harmonia yokuts hizkuntza eta dialekto guztietan ageri da. Adibidez, yawelmaniz lau bokal daude (eta, gainera, luzeak edo laburrak izan daitezke), beheko taulan bezala multzoka daitezkeenak.

biribildu gabeak biribilduak
altuak i u
baxuak a ɔ

Atzizkietako bokalek /u/ edo ez -/u/ ez den haren kideekin harmonizatu behar dute, edo /ɔ/ edo ez -/ɔ/ kideekin. Adibidez, aoristozko atzizkiko bokala /u/ gisa ageri da erroko /u/ bati jarraitzen dionean, baina beste bokal guztiei jarraitzen dienean, /i/ gisa ageri da. Era berean, atzizki gerundial ez-direktiboko bokala /ɔ/ gisa ageri da, erroko /ɔ/ bati jarraitzen dionean; bestela, /a/ gisa ageri da.

Hitza IPA Iruzkina
-hun / -hin   (aoristozko atzizkia)
muthun [muʈhun] "zin egin (aoristoa)"
giy̓hin [ɡijˀhin] "uki (aoristoa)"
gophin [ɡɔphin] "jaioberriaz ardura (aoristoa)"
xathin [xathin] "jan (aoristoa)"
-tow / -taw   (atzizki gerundial ez-direktiboa)
goptots [ɡɔptɔw] "jaioberriaz ardura (ez-direktiboa, gerundiala)"
giy̓taw [ɡijˀtaw] "uki (ez-direktiboa, gerundiala)"
muṭtaw [muʈtaw] "zin egin (ez-direktiboa, gerundiala)"
xatta [xatːaw] "jan (ez-direktiboa, gerundiala)"

Atzizkietan ageri den harmoniaz gain, hitz-erroetan harmonia-murriztapen bat dago, silaba bat baino gehiagoko erroetan bokal guztiak ezpain biribilketa eta mihiaren altuera neurri berekoak izatea eskatzen bada. Adibidez, erro batek bokal biribildu altu guztiak izan behar ditu, edo bokal biribildu baxu guztiak, eta abar. Murrizketa hori are gehiago zailtzen da,

  1. bokal luze altuak beheratzen direlako, eta
  2. bokal epentetiko bat [i], bokal erroekin harmonizatzen ez duena.

i3/e- aurrizkian bokal garaieraren edo ATRaren (Advanced Tongue Root, hots, "Mihiaren erro aurreratua") araberako bokal-harmoniarako froga batzuk daude Lagasheko Sargon Akadekoaren aurretiko inskripzioetan (patroiaren zehaztasunek /o/ fonema bat ez ezik, /ɛ/ bat ere postulatzera eraman dute aditu sorta bat eta, berrikiago, /ɔ/ bat ere bai). Aurrizki eta atzizki batzuen bokalaren asimilazio partzial edo osoaren kasu asko ondoko silabako batekin islatzen dira idazkeran geroagoko garai batzuetan, eta joera nabaria da, nahiz eta ez erabatekoa, erro disilaboek bi silabetan bokal bera izateko. Hiatoaren soilketa dirudiena ere (*/aa/ > a; */ia/ > a; */ua/ > a; */ae/ > a; */ue/ > u, eta abar) oso ohikoa da.

Shoneraz (Zimbabwen, Mozambiken, Zambian eta Botswanan mintzatutako hizkuntza bantu bat), harmoniak irekidurari bakarrik eragiten dio. Bi bokal mota daude, eta txandakatzen diren soinu bakarrak [e] eta [i] dira:

  • bokal itxiak, [i], [u]; ondoren, [i];
  • bokal irekiak, [e], [o]; ondoren, [e].

Valentziako hegoaldean eta Alacanten, bokal-harmonia dago /ɔ/ edo /ɛ/ tonikoa daukaten hitzetan, eta horrek azken bokal atonoaren /a/ kalitatea aldatzen du, bokal tonikoaren kalitatera hurbiltzeko. Adibidez, hegoaldeko valentzieraz eta Alacantekoaz, olla ("tupin", "lapiko") ['ɔʎɔ] ahoskatzen da eta terra ("lur"), ['tɛrrɛ].

Bokal-harmoniak ere lagundu du hitz batzuen eraketa dialektalean, hala nola renjó, jonoll, toixó eta redó izan beharrean (hurrenez hurren, izenok "giltzurrun", "belaun", "azkonar" eta "biribil" esan nahi dute), ronyó, genoll, teixó eta rodó, nahiz eta agian fenomeno hori asimilazioaren emaitza ere izan. Bokal-harmonia ere badago Selisona zein Celsona leku-izenaren bilakaera historikoan, Solsona bilakatu arte.

Beste hizkuntza batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bokal-harmonia neurri batean beste hizkuntza askotan gertatzen da, hala nola:

Beste harmonia mota batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bokal-harmonia ezagunena izanik ere, munduko hizkuntzetan gertatzen diren harmonia mota guztiak ez dagozkie bokalei soilik: beste mota batzuek kontsonanteak inplikatzen dituzte (eta kontsonante-harmonia izenaz ezagutzen da). Harmonia mota arraroagoak dira tonua edo bokalak zein kontsonanteak barne hartzen dituztenak (adibidez, harmonia postbelarra).

Bokal-kontsonante harmonia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza batzuek harmonia-prozesuak dituzte, bokalen eta kontsonanteen arteko elkarrekintza dakartenak. Adibidez, tsilhqotʼin-ak (Columbia Britainiarean mintzatua) bokal-lauketa (vowel flattening) deritzon prozesu fonologikoa du, hau da, belarren ondoko harmonia: bertan, bokalek kontsonante ubular eta faringalizatuekin harmonizatu behar dute.

Tsilhqot'inez bi bokal klase daude:

Horrez gain, tsilhqot'inez kontsonante "lau" faringalizatu klase bat du [tsˤ, tsʰˤ, tsʼˤ, sˤ, zˤ]. Hitz batean mota horretako kontsonante bat gertatzen den bakoitzean, aurreko bokal guztiek bokal lauak izan behar dute.

[jətʰeɬtsˤʰosˤ] "(Oihala) Eusten ari da"
[ʔapələsˤ] "sagarrak"
[natʰákʼə̃sˤ] "Luzatuko da"

Hitz batean kontsonante laurik ez badago, orduan bokal guztiak klase ez-laukoak izango dira:

[nænɛntʰǽsʊç] "Ilea orraztuko dut"
[tetʰǽskʼɛn] "Kiskaliko dut"
[tʰɛtɬʊç] "Barre egiten du"

Ipar Amerikako eskualde horretako beste hizkuntza batzuek (Plateau kulturako eremua), hala nola st'át'imcets-ek, antzeko bokal-kontsonante prozesu harmonikoak dituzte.

Silaba-sinharmonia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silaba-sintonia eslaviar hizkuntza moderno guztien arbaso protoeslaviar hizkuntzaren prozesu bat izan zen. Frontismoa (sabaikaritasuna) silaba oso batean zehar orokortzeko joerari dagokio. Beraz, kontsonante-bokal harmonia forma bat zen: bertan, "sabaikari" ala "ez-sabaikari" ezaugarria silaba oso bati aplikatzen zitzaion aldi berean, soinu bakoitzari banaka aplikatu beharrean.

Emaitza izan zen atzeko bokalak j edo kontsonante sabaikari baten ondoren aurreko bilakatzen zirela, eta kontsonanteak j edo aurreko bokal baten aurretik sabaikari bihurtzen zirela. Diptongoak ere harmonizatu egin ziren, nahiz eta laster soildu eta monoptongatu, silabak bokal batekin amaitzeko joera baten ondorioz (silabak irekiak ziren edo halako bihurtzen ziren). Arau horrek luzaroan iraun zuen, eta ziurtatzen zuen aurreko bokala zuen silaba bat beti hasten zela kontsonante sabaikari batekin, eta j zuen silaba baten aurretik beti kontsonante sabaikari bat zegoela eta, ondoren, aurreko bokal bat.

Antzeko prozesua gertatzen da skolt samieraz: kontsonanteen sabaikaritzea eta bokalak aurreko bilakatzea silaba oso bati aplikatzen zaion prozesu suprasegmentala da. Sabaikaritze suprasegmentala < ʹ > letraz markatzen da, hau da, prima eraldatuaz: adibidez, vää'rr ("mendi", "muino") hitzean.

Harmonia rotikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qiang iparraldeko mawo dialektoak harmonia rotikoa erakusten du: horren arabera, bokalek aurreko bokalaren rotikotasunarekin lerrokatu behar dute.

Sistema bereziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nez perce eta txuktxiera bezalako hizkuntzek bokal-harmonia sistemak dituzte, altuera, atzekotasun, mihiaren erro edo biribiltze aldetik erraz azaldu ezin direnak. Nez percez, Katherine Nelsonek (2013) proposatu zuen bi bokal-multzoak ("nagusia" /i a o/ eta "atzeranzkoa" /i æ u/) bokal-espazioaren "triangelu" bereizitzat hartzea, bakoitza bere kabuz ahalik eta gehien sakabanatua: hor, multzo bat pixka bat atzeratua dago (are atzerago) nagusiarekin parekatuta. Kontuan izan /i/-k bokal nagusi edo atzeranzko gisa joka dezakeela, haren inguruko erroaren arabera; ez da bokal-harmoniarekiko gardena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Derek Nurse, Gérard Philippson, The Bantu languages, Routledge, 2003. ISBN 0-7007-1134-1
  2. Ko, S., Joseph, A., & Whitman, J. (2014). Comparative consequences of the tongue root harmony analysis for proto-Tungusic, proto-Mongolic, and proto-Korean. In M. Robbeets & W. Bisang (Eds.). Paradigm Change: In the Transeurasian languages and beyond (pp. 141-176). Philadelphia, PA: John Benjamins.
  3. a b Álvaro Arias. «La armonización vocálica en fonología funcional (de lo sintagmático en fonología a propósito de dos casos de metafonía hispánica)», Moenia 11 (2006): 111–139.. .
  4. a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman lloret izeneko erreferentziarako
  • Arias, Álvaro (2006): «La armonización vocálica en fonología funcional (de lo sintagmático en fonología a propósito de dos casos de metafonía hispánica)», Moenia 11: 111–139.
  • Delucchi, Rachele. (2016). Fonetica e fonologia dell'armonia vocalica. Esiti di -A nei dialetti della Svizzera italiana in prospettiva romanza. Romanica Helvetica 134 Tübingen: Narr Francke Attempto Verlag ISBN 978-3-7720-8509-3..
  • Downing, Laura J.; Krämer, Martin (2024). "20. Phrasal Vowel Harmony". Oxford University Press. doi:10.1093/oxfordhb/9780198826804.013.20.
  • (Ingelesez) Harrison, K. David (1999). Vowel Harmony and Disharmony in Tuvan and Tofa.
  • Harrison, K. David; Emily Thomforde, Michael O'Keefe (2004). The Vowel Harmony Calculator.
  • Jacobson, Leon Carl. (1978). DhoLuo Vowel Harmony: A Phonetic Investigation. Los Angeles: Kaliforniako Unibertsitatea.
  • (Ingelesez) Krämer, Martin. (2003). Vowel Harmny and Correspondence Theory. Berlin: Mouton de Gruyter.
  •  LaPolla, Randy (2003). A Grammar of Qiang: With Annotated Texts and Glossary: Chenglong Huang-ekin. Berlin: Mouton de Gruyter. ISNB 3-11-017829-X
  • Li, Bing. (1996). Tungusic Vowel Harmony: Description and Analysis. Haga: Holland Academic Graphics.
  • Lloret, Maria-Rosa. (2007). «On the Nature of Vowel Harmony: Spreading with a Purpose» in Bisetto Proceedings of the XXXIII Incontro di Grammatica Generativa. , 15–35 or..
  • Nelson, Katherine (2013ko ekaina). The Nez Perce Vowel System. A Phonetic Analysis. Proceedings of Meetings on Acoustics. 19. doi:10.1121/1.4800241
  • Piggott, G. & van der Hulst, H. (1997). Locality and the Nature of Nasal Harmony. Lingua, 103, 85-112.
  • Roca, Iggy; Johnson, Wyn. (1999). A Course in Phonology. Blackwell Publishing.
  • Shahin, Kimary N.. (2002). Postvelar Harmony. Amsterdam: John Benjamins Pub.
  • Smith, Norval; & Harry van der Hulst (Eds.). (1988). Features, Segmental Structure and Harmony Processes (lehen eta bigarren atalak). Dordrecht: Foris. ISBN 90-6765-399-3 (lehen atala), ISBN 90-6765-399-3 (bigarren atala) .ISBN 90-6765-430-2
  • (Ingelesez) Vago, Robert M. (arg.). (1980). Issues in vowel harmony: Proceedings of the CUNY Linguistic Conference on Vowel Harmony, 14 May 1977. Amsterdam: J. Benjamins.
  • (Ingelesez) Vago, Robert M.. (1994). Vowel Harmony. R. E. Asher (Ed.), The Encyclopedia of Language and Linguistics (4954–4958 orr.). Oxford: Pergamo Press.
  • Walker, R. L. (1998). Nasalization, Neutral Segments, and Opacity Effects (doktoretza-tesia). Kaliforniako Unibertsitatea, Santa Cruz.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]