Boliviako historia
Boliviako historia duela 21.000 urte inguru hasi zen, lurralde horretan aurkitutako aztarna arkeologikoen arabera. Tiwanakuko zibilizazioa erori ondoren, inkek hartu zituzten mendean Titikaka aintziraren inguruko herri aimarak. Espainiar konkista baino lehen, Boliviako Altiplanoa (Kollasuyo) Inka Inperioaren parte zen, eta tribu nomadak bizi ziren iparraldeko eta ekialdeko lur behereetan. Cuzco eta Asuncionetik abiaturik, XVI. mendean espainiarrek eskualdea beretu zuten. Garai kolonialean Peru Garaia izena eman zitzaion, eta Charcasko Errege Auzitegiaren mende egon zen. Boliviako Errepublikak 1825eko abuztuaren 6an erdietsi zuen independentzia, 16 urteko gerraren ostean. Harrezkero, ezegonkortasun politikoa eta ekonomikoa pairatu zuen aldi batzuetan, eta eskualde zabalak kendu zizkioten aldameneko herrialdeek, hala nola, Pazifikoko kostaldea, Acre eta Gran Chacoren zatirik handiena.
Kolonaurreko zibilizazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutxienez orain dela 21.000 urtetik bizi izan da gizakia Boliviako lur garaietan. Aztarna arkeologikoen arabera, duela 5.000 urte hasi zen nekazaritza, eta 1.500 urte geroago metalen ekoizpena, kobrearena batez ere. K. a. 500 aldean, Tiwanakuko zibilizazioa sortu zen Altiplanoan, Titikaka aintziraren hego-ekialdean. Merkataritza eta erlijio gune garrantzitsua izan zen, eta egungo Boliviako mugetatik harago ere iritsi zen haren eragina. Hedapen handia izan zuen 1000. urtetik aurrera, eta gainbehera etorri zen 1200 inguruan. Horren ostean, zazpi erresuma aimara garatu ziren Titikakaren inguruan. Aimarek hiri gotortuak eraiki zituzten Altiplanoan, eta koloniak ezarri zituzten ekialdeko haran subtropikaletan eta Ozeano Barearen itsasaldean.[1]
Aimarek osoki menderatu zuten uru herria, baina ezin izan zuten geldiarazi kitxuen hedapena. Izan ere, Tiwanakuko zibilizazioa desegin zenean, estatu indartsu bat sortu zuten Cuscoko kitxuek: Tahuantinsuyo, espainiarrek Inken Inperioa deitu zutena. XV. mendearen bigarren erdian, erresuma aimarak ahuldu ahala, Boliviako Altiplanoa (Kollasuyo) konkistatzeari ekin zioten inkek. Mita sistemaren bitartez, Kollasuyoko meatze aberatsetan lan egitera eta armadan zerbitzatzera behartu zituzten aimarak. Ordainetan, aimarek autonomia politikoa eduki zuten, eta kultura, erlijioa eta hizkuntza atxiki ahal izan zituzten. 1470ean, ordea, erresuma aimara batzuk inken gobernuaren aurka matxinatu ziren. Inkek erabat azpiratu zuten altxamendua, eta kolono kitxua-hiztunak bidali zituzten Boliviaren erdialdera (egungo Cochabamba eta Sucre ingurura). XVI. mendearen hasieran, inkak erabat nagusi ziren Kollasuyon. Alabaina, ezin izan zituzten mendean hartu ekialdeko Boliviako herri nomadak.[1]
Garai koloniala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Francisco Pizarro eta Diego de Almagro buru zirela, espainiarrek Inken Inperioaren zati handiena beretu zuten 1524-1533 bitartean. Boliviako Altiplanoaren —Peru Garaia eta Charcas izenak ematen zitzaizkion urte haietan— konkista bi hamarkada atzeratu zen Pizarroren eta Almagroren indarren arteko gerra zibila piztu zelako. Borrokak 1537an hasi ziren, Almagro Cuscoz jabetu zelarik. 1538an Pizarrok Almagro hilarazi zuen, eta hura ere erail zuten hiru urte geroago. Peruko gobernadore bilakaturik, Pizarroren anaia, Gonzalo, Espainiako Koroaren aurkako matxinatu zen, baina 1548an azpiratua izan zen.[2] 1538an fundatua izan zen La Plata (egungo Sucre), 1546an Potosí, 1548an La Paz eta 1574an Cochabamba.
Espainiar kolonizazioa meatze ustiaketan oinarritu zen. Izan ere, lur garaiak aberatsak ziren mineraletan, eta Potosíko Cerro Ricok Mendebaldeko zilar-kontzentraziorik handiena zeukan. Zilarra ateratzen indigenak aritzen ziren mita sistemaren bitartez. Meategien kontrola zela-eta, bikuinen eta euskaldunen arteko gerra gertatu zen 1620-1625 bitartean.[3] XVII. mendearen erdialdean, Ameriketako hiririk handiena zen Potosí (160.000 biztanle inguru), eta baita mundu osoko zilar ekoizlerik handiena ere. Nekazaritzan enkomienda sistema erabili zen, indioak esklabotasun egoeran ezartzen zituena. XVI. mendearen erdialdetik aurrera, etxalde handiak sortu ziren; Cochabamban artoa eta garia ekoizten zen batez ere, eta koka hostoak haranetan.[4] Boliviako lurraldea Peruko Erregeorderriaren barnean egon zen, XVIII. mendean Río de la Platakora igaro zen arte. 1781ean, Tupac Katari buzuzagi aimara altxatu zen espainiarren aurka, baina garaitua izan zen.[5]
Bolivia independentea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1809ko maiatzaren 25ean matxinada nazionalista piztu zen Chuquisacan, eta La Pazen uztailaren 16an. Bi altxamenduak zapalduak izan baziren ere, espainiarren aurkako etsaitasuna ez zen itzali. 1810ean Maiatzeko Iraultza gertatu zen Buenos Airesen; harrezkero, Argentinatik abiatutako independentziazaleek lau espedizio egin zituzten Peru Garaiko erregezaleen aurka. Ayacuchoko guduan, 1824ko abenduaren 9an, Antonio José de Sucreren armadak espainiarrak azpiratu zituen. Hala ere, militar erregezale batzuek borrokari eutsi zioten, 1825eko apirilean Pedro Antonio Olañeta hil zen arte.[6] Abuztuaren 6an, Chuquisacako batzarrak independentzia adierazi zuen. Era horretan amaitu zen espainiar agintea Peru Garaian.
Antonio José de Sucre izan zen errepublikako presidente 1826-1828 bitartean. 1836an, Andrés de Santa Cruz mariskala presidente zela, Boliviak Peru inbaditu zuen. Santa Cruzek Peru-Bolivia konfederazioa eratu zuen, hiru estatutan banatua: Ipar Peru, Hego Peru eta Bolivia. Argentinak eta, batez ere, Txilek arbuiatu zuten konfederazioaren sorrera, eta gerra deklaratu zioten. 1839ko urtarrilean, Txileko armada nagusitu zen Yungayko guduan; horren ondorioz, Santa Cruzek agintea utzi behar izan zuen.[7] Ondorengo lau hamarkadetan, egoera politiko kaotikoa eta gainbehera ekonomikoa izan ziren nagusi herrialdean. 1841ean Peruko armadak Bolivia inbaditu zuen; azaroaren 20an, ordea, garaipen erabakigarria erdietsi zuen José Ballivián jenerala buru zuen boliviar gudarosteak Ingaviko guduan. Manuel Isidoro Belzú (1848-1855 bitartean agintean) indigenen babesa lortzen ahalegindu zen. Lurjabeak behin eta berriz saiatu ziren kargutik eraisten; azkenik, Europara erbesteratu zen 1855ean. José María Linares Lizarazuk (1857-1861) saleroste askea eta atzerriko inbertsioak sustatu zituen, baina José María de Achák kendu zuen lehendakaritzatik kolpe militar baten bitartez.[8]
1864an, Acháren agintaldi odoltsuaren ostean, Mariano Melgarejo jeneralak hartu zuen boterea. Ustelkeria, administrazio txarra eta indigenen eskubideen urraketa izan ziren haren agintaldiaren ezaugarriak; Txile eta Brasilekin sinatu zituen muga hitzarmenen ondorioz, lur eremu handiak galdu zituen Boliviak. Hilarión Daza (1876-1879) ere agintari bortitza eta ezgaia izan zen; hori gutxi balitz, Ozeano Bareko Gerran sartu zuen herrialdea;[8] gerraren ondorioak ezin txarragoak izan ziren Boliviarentzat, itsasaldea galdu baitzuen Txileren mesedetan. 1880-1899 bitartean, kontserbadoreek agindu zuten.[9]
XX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1899ko Iraultza Federalaren ondorioz, Alderdi Liberalak agintetik kendu zituen kontserbadoreak. La Paz inguruko eztainu-meatzeen jabeak izan ziren liberalen sostengatzaile nagusiak; konserbadoreek Potosí eta Sucreko lurjabe handien eta zilar ekoizleen laguntza izan zuten. Nekazari indigenek José Manuel Pando liberalaren alde borrokatu ziren Iraultza Federalean. Agintea eskuratutakoan, ordea, Pandok ez zuen bere hitza bete, eta bortizki zapaldu zituen laborarien altxamenduak. 1902an, liberalek Sucretik La Pazera eraman zuten hiriburua. Acreko Guduan (1899–1903), Brasilek Acre eskualdea bereganatu zuen (191.000 kilometro koadro). XX. mendeko lehenbiziko hamarkadetan eztainuaren industria izan zen ekonomiaren oinarria, eta eztainuaren baroiek, Patiño, Aramayo eta Hochschild familiek, itzal handia izan zuten Boliviako politikan.[10]
Ipar Chacoren jabetza eskuratzeko asmoz, 1932-1935 urteetan Chacoko Gerra gertatu zen Bolivia eta Paraguai estatuen artean. Gerra latza izan zen, XX. mendean Hego Amerikan izandako odoltsuena, 100.000 pertsonatik gora hil baitziren. 1935. urtean gerra uztea erabaki zen Buenos Airesko batzarrean, eta 1938an bake hitzarmena izenpetu zuten bi estatuek. Itun honen arabera, Paraguaik Chacoko lurralde zabalena eskuratu zuen, eta Boliviak irteera bat lortu zuen Paraguai ibaira, Atlantikoaren bidean.[11]
1941ean sortu zen Mugimendu Nazionalista Iraultzailea (gaztelaniaz: Movimiento Nacionalista Revolucionario), meatzeen nazionalizazioa eta nekazaritzaren erreforma aldezten zituena. 1952ko Iraultzaren ostean, alderdi horretako Víctor Paz Estenssorok (1952-1956 eta 1960-1964 bitartean) eta Hernán Siles Zuazok (1956-1960) gobernatu zuten herrialdea.[12] 1964ko azaroaren 4an, René Barrientos eta Alfredo Ovando jeneralek estatu kolpe bat jo zuten Paz Estenssoro agintetik eraisteko. René Barrientosen gobernuak armadaren eta nekazarien babesa izan zuen, baina gogor erreprimitu zituen meatzarien eta langileen protestak.[13] 1967an, CIAk zuzenean aholkaturik, Che Guevarak prestatutako bolivartar gerrilla suntsitu eta Guevara bera hil zuten Boliviako armadako tropa bereziek.[14] Barrientos 1969an hil ondoren, iraupen laburreko gobernu batzuk izan ziren, militarrak gehienak. Juan José Torres sozialistak meatze batzuk nazionalizatu eta AEBetako Bake Gorputzak egotzi zituen; aldi berean, harremanak sendotu zituen Sobietar Batasunarekin eta Kubarekin. 1971ko abuztuaren 21ean, militar talde batek estatu kolpea eman zuen, eta Hugo Banzer koronelak hartu zuen presidente kargua.[15]
Hugo Banzerrek 1971-1978 bitartean agindu zuen. Lehenbiziko urteetan ekonomia asko hobetu zen, petrolio, gas natural eta eztainu ekoizpenaren hazkundeari esker. Barne ministroak, Andrés Sélichek, ezkerreko erakundeen eta sindikatuen aurkako zapalkuntza agindu zuen. 1974an, Cochabambako nekazariak mobilizatu ziren bizimoduaren garestitasunaren kontra, baina militarrek sarraskitu zituzten. Langileek, ikasleek eta Eliza Katolikoaren alderdirik aurrerazaleenak aurka egin zioten Banzerren erregimenari. Estatu Batuen sostengua ere galdu zuen 1977tik aurrera, eta 1978an kargutik kendu zuen Juan Pereda komandanteak.[16]
Hernán Siles Zuazo nagusitu zen 1980ko ekaineko hauteskundeetan, baina Luis García Meza militar ultraeskuindarrak estatu kolpea jo zuen uztailean, kokainaren kartelen eta Klaus Barbie naziaren laguntzaz; horren ondorioz, Siles Zuazok Perura ihes egin behar izan zuen. García Mezaren erregimenak errepresio ankerra erabili zuen aurkari politikoen kontra, eta protesta ugari sorrarazi zituen, bai herrialdean, bai nazioartean. Azkenik, 1981eko abuztuan dimisioa eman zuen. Siles Zuazo Boliviara itzuli zen, eta Boliviako legebiltzarrak presidente izendatu zuen 1982an.[17] 1985-1989 bitartean, Paz Estenssoro izan zen presidentea.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1989ko abuztuan Hugo Banzer eskuindarrak (ADN) lehendakaritzako hauteskundeetarako Paz Zamora sozial-demokrataren MIR (Ezker Iraultzailaren Mugimendua) alderdiarekin bat egitea erabaki zuen. Acuerdo Patriótico hitzarmena izenpetu zuten bien artean, eta Paz Zamora hautatu zuten lehendakari. Lehendakari berriak aurreko gobernuaren politika neoliberal berari jarraitu zion, ordea. Ekonomiak onera egin zuen, pribatizazioetan oinarrituriko politika ekonomikoari esker batez ere, baina politika hark ondorio larriak izan zituen gizartean, meatzarien artean bereziki. 1993an, berriz, Gonzalo Sánchez de Lozadaren esku gelditu zen lehendakaritza (Mugimendu Abertzaile Iraultzailea, MNR), hirugarren aldiz, eta Victor Hugo Cárdenas buruzagi aimara izendatu zuten lehen ministro. Hauteskunde haietan gainbehera etorri ziren ADN eta MIR alderdiak, eta mugimendu populista eta abertzale berriak indartu ziren. Pribatizazio plangintzak antolatu ziren, administrazioa deszentralizatu zen eta konstituzioa eraberritu zen (lehendakari kargua 5 urtez behin hautatzea, eta ez 4 urtez behin, eta aginpide betearazlea kontzentratzea).
1997ko hauteskundeak Hugo Banzerrek irabazi zituen, baina alde txikia atera zien gainerako hautagaiei, eta bera izendatu zuten arren, elkarrizketa luzeak behar izan ziren gobernu berria osatzeko. Koka ekoizleen kontrako neurriak hartuko zituela eta ekonomia politika liberala jarraituko zuela agindu zuen, besteak beste, Banzerrek, baina eztabaida eta adostasuna bilatuz betiere. Gobernu berriak, dena dela, gizarte krisi larri bati aurre egin behar izan zion 1998 hasieran, enpresa nazionalak pribatizatzearen truke Sánchez Losadaren agintaldian 65 urtetik gorako herritarrentzat agindutako erretiro moduko laguntza bat ordaintzeari utzi ziola-eta. Banzer bere agintaldia bukatu baino lehen hil zen eta, geroztik, hainbat lehendakari izan zituen Boliviak, baina kale-istilu ugarien eraginez ez zuten luze iraun agintean.
2006an, Evo Morales hautatu zuten lehendakari, gehiengo osoz, jatorri indigenako lehenengo lendakaria, alegia, eta XXI. mende hasierako protesta sozialen gidarietako bat. Moralesen ezkerreko gobernuak aldaketa handiak ekarri zituen Boliviara: hidrokarburoak nazionalizatu; nekazari behartsuei lurrak banatu, latifundioak nazionalizatzeko egitasmo zabalago baten barruan; eta konstituzio indigenista berri bat abian jarri, baina konstituzio berriko autonomia erregionalen auziak istilu handiak eta oposizio gogorra sortu zituen, Santa Cruz probintzian, batez ere. 2009ko eta 2014ko presidentetzarako hauteskundeak ere irabazi zituen Evo Moralesek.[18]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2019/5/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: Pre-columbian Civilizations. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-3-27).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: Conquest and Settlement. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-4-9).
- ↑ Irazustabarrena Uranga, Nagore. Espainiarren eta euskaldunen arteko gerra. Argia astekaria, 2017ko urtarrilaren 29a, CC BY-SA 3.0, argia.eus.
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: The Economy of Upper Peru. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-4-12).
- ↑ Túpac Katari encabezó el levantamiento indigena en 1781. eabolivia.com (Noiz kontsultatua: 2019-4-24).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: Independence from Spain, 1809-39. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-18).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Construction of Bolivia: Bolívar, Sucre, and Santa Cruz. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-27).
- ↑ a b Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: Political instability and economic decline (1839-79). countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-27).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: War of the Pacific. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-27).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: The Liberal Party and the Rise of Tin. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-27).
- ↑ Chacoko Gerra. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-5-27).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: The Unfinished Revolution. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-27).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Bolivia: The Presidency of Barrientos. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-28).
- ↑ Casagrande, Orsola; Arrugaeta, Jose Miguel. Borroka armatuaren azken gerrillariak. Berria egunkaria, 2016ko irailak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-5-28).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. Revolutionary Nationalism: Ovando and Torres. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-28).
- ↑ Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak. The Banzer Regime. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-5-28).
- ↑ Roberts, Sam. Luis García Meza, Bolivian Dictator Jailed for Genocide, Dies at 88. The New York Times, 2018ko maiatzak 2, nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2019-5-29).
- ↑ Vitoria, Oihan. Eskura zuen, eta eskuratu du. Berria egunkaria, 2014ko urriak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-1).