Borrelia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Borrelia
Borrelia burgdorferi eremu iluneko mikroskopioan ikusita
Borrelia burgdorferi eremu iluneko mikroskopioan ikusita


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Bakteria
Filuma: Spirochaetes
Klasea: Spirochaetes
Ordena: Spirochaetales
Familia: Spirochaetaceae
Generoa: Borrelia

Borrelia generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, espiroketen klasean sailkatzen direnak. Espiroketak bakterio helikoidalak dira, kortxo-kentzeko itxurakoak, finak, luzeak eta diametro txikikoak (irudia). Mugikorrak dira, baina haien mugimendua berezia da, flageloak ez baitaude bakterioaren kanpoaldean, zelula horma eta kanpo mintzaren artean baizik (endoflageloak). Horrek sugearen antzeko mugimendu bihurrikatzailea eragiten du, gainontzeko bakterioek ez dutena.

Espiroketa guztien antzera, borreliak ongi ikusten dira "in vivo" eremu iluneko mikroskopioaren bitartez.

Anaerobioak edo mikroaerofiloak dira. Orain dela gutxi arte ezin ziren laborategian kultibatu, zenbait Treponemen antzera, ez baitziren hazkuntza-inguruneetan hazten. Gaur egun kultiba daitezke, baina haien kultiboa korapilatsua da.

Borrelia generoan 36 espezie daude (2008. urtean), hauetako batzuk gizakiaren patogenoak izanik. Patogeno gehienek artropodoak erabiltzen dituzte (zorriak, kaparrak...) bektore moduan, gaitza transmititzeko. Mikrobio honek sortzen dituen gaitz gehienak zoonosiak dira, beraz.

Hiru dira gizakiaren patogeno nagusiak:

  • Borrelia recurrentis: bakterio honek sukar errepikari izeneko gaitza eragiten du. Zorriak dira gaitz honen bektoreak.

Kondizio higieniko txarrek sukar errepikariaren izurriteak sor ditzakete. Tratatu ezean gaixotasun larria da, infektatuen ia erdia hiltzen baita.

  • Borrelia burgdorferi-k Lyme gaitza eragiten du, kaparren bitartez hedatzen dena. Tratatu ezean gaitz hori kroniko bihur daiteke, eta konplikazio larriak sortu.