Edukira joan

Borrelia burgdorferi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Borrelia burgdorferi
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaSpirochaetota
KlaseaSpirochaetia
OrdenaSpirochaetales
FamiliaBorreliaceae
GeneroaBorrelia
Espeziea Borrelia burgdorferi
[[|]]
Datu orokorrak
GaixotasunaLyme gaitza
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Borrelia burgdorferi Borrelia generoko bakterioa da, Gram negatiboa, Lymeko gaitza sortzen duena. Willy Burgdorfer mikrobiologo estatubatuarrak 1982an laborategian isolatu zuen estreinakoz infektatutako akain batetik, eta Lymeko gaitzaren eragilea zela frogatu.

Bakterio honen ezaugarri orokorrak honako hauek dira:

Berezitasun biokimiko nabarmena dauka bakterio honek: ez du burdina behar beste bakterioetan dauden eta burdina behar duten entzimentzat. Burdinaren ordez, manganesoa erabiltzen baitu entzima horiekin [1]. Beraz, burdinik gabe hazten den patogeno bakarrenetakoa da.

Borrelia burgdorferi-ren genoma ere oso berezia da: kromosoma lineala duen prokarioto bakarra da [2], eta plasmido ugari ditu, batzuk linealak eta beste batzuk itxiak.

Borrelia burgdorferiren bizi-zikloa

.

Borrelia burgdorferik bizi-ziklo konplexua dauka. Lymeko gaitzaren bektorea akain mota bat da, Ixodes izenekoa: Ixodes ricinus da Europan gaitza hedatzen duena, eta Ixodes dammini AEB-etan. Akain horiek dira bakterio patogenoaren eramaileak, eta gizaki bati ziztada egiten diotenean Borrelia burgdorferi injektatzen diote.

Bakterio patogenoaren gordailu naturalak hainbat animalia ugaztun dira: oreinak (batez ere, AEB-etan), txakurrak, karraskari txikiak...., akainak infektatzen dituztenak hauek haien odola zurrupatzen dutenean.

Lymeko gaitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Lyme gaitz»

Borrelia burgdorferiren infekzioak Lymeko gaitza sortzen du. Gaixotasun horren lehenengo kasuak 1975ean agertu ziren AEBetan, Old Lyme izeneko herrian, eta 1982an isolatu zen bakterio eragilea. Harrezkero, gaitza Hego Amerikara, Europara eta Asiara zabaldu zen, Euskal Herrian lehenengo kasuak XX mendeko 80ko hamarkadaren erdialdean agertuz.

Akain infektatuaren ziztadaren ondoren (7-9 egunetan) larruazaleko lesioa agertzen da ziztadaren tokian ("eritema migrans"). Gaitza garaiz tratatzen ez bada, infekzioa sistemiko bihur daiteke: artritisa, miokarditisa edo meningitisa izanik haien ondorioetako batzuk, bakterio eragilea artikulazioetara, bihotzera edo nerbio-sistemara, hurrenez hurren, hedatzen denean.

Infekzioa ohikoagoa da udaberrian eta udan, akaina aktiboagoa dagoenean. Antibiotikoak erabiltzen dira patologia honi aurre egiteko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lippsett, L. Las bacterias de la enfermedad de Lyme se esconden de las defensas inmunitarias asknature.org
  2. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:540 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]