Bosnia-Herzegovinako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Geziz erasotutako zaldia, Badanj leizeko grabatua

Eslaviarren aurreko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosnia-Herzegovinako Paleolitoan Badanj leizeko (Stolac, Herzegovina) grabatuak nabarmentzen dira, Europako hego-ekialdeko zaharrenak baitira. Geziz erasotutako zaldia K.a. 14-12000 urtekoa da. Neolitoan iliriarrak bizi izan ziren. Proto-indoeuropar herri hau aski ezezaguna bada ere, garrantzi handikoa izan zen Erdialdeko Europan. K.a. IV. mendean zeltak iritsi ziren. K.a. 229an iliriarren eta Antzinako Erromaren arteko gerrak hasi ziren. Gure aroko 9. artera arte ez zuen Erromak eskualde osoa bereganatu.

Suetonio historialariaren arabera, Bosnia-Herzegovinan izan zuen Erromak Gerra Punikoen osteko gudu zailenetako bat, iliriarren matxinadaren (Panoniako matxinada eta Batonianum Bellum ere deitua) aurkako kanpaina, hain zuzen ere. Erromatar Inperioa zatitu zelarik (337-395) Iliria, Dalmazia eta Panonia Mendebaldeko Erromatar Inperioaren barnean gelditu ziren. 455ean, ostrogodoek inbaditu zuten eskualdea eta, geroago, alano eta hunoen eskuetan ibili zen. VI. mendean, Justiniano I.a enperadoreak Bizantziar Inperioarentzat konkistatu zituen lurralde haiek. Ondoren, abaroen inbasioa gertatu zen.

Erdi Aroko Bosnia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi Erdi Aroan mendebaldeko Balkanetan zegoen egoera politikoa ez dago erabat argitua. VI. mendetik aurrera, gaur egungo Poloniako hegoaldetik eta Txekiar Errepublikatik, talde eslaboak iritsi eta kokatu ziren. IX. mendean Frankoen inbasioarekin feudalismoa finkatu zen. Garai hartan, Dalmaziako itsasaldetik hasita, kristautu ziren bosniarrak. IX. mendean bi erresuma jaio ziren inguru hartan, Serbia (Bosniako hego-ekialdean) eta Kroazia (Bosniako mendebaldean). XI. eta XII. mendeetan, bertako nobleek agindu zuten Bosnian, Hungariako monarken agintepean. Hungaria zen eskualdeko erresuma nagusia, Kroazia ere mende zuena.[1]

1200 aldean, Bosniako Banatoak autonomia zabala lortu zuen. Horretarako hungariarren eta serbiarren aurka borrokatu behar izan zuen. Biztanleria kristaua zen, baina hiru elizatan zegoen banatua; gehienak katoliko erromatarrak baziren ere, ortodoxoak eta bogomiloak ere zeuden. Hiru elizak antolakuntzaren aldetik ahulak ziren, kleroa, hein handi batean, hezigabea, eta bakar batek ere ezin zuen izan estatuaren babes iraunkor eta esklusiboa.[1]

1376an, Tvrtkok, Bosniako ban-ak, errege izendatu zuen bere burua. Horrela sortu zen Bosniako Erresuma. Ordurako, ordea, turkiar otomanoak hasiak ziren Balkanak konkistatzen. 1389an, serbiarrak azpiratuak izan ziren Kosovoko guduan, eta otomandarren basailu bilakatu ziren. Bosniak 1463 arte eutsi zion bere independentziari.[1]

Otomandar garaia (1463-1878)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1463an, Mehmet II.ak Bosnia inbaditu eta Eztebe Tomašević, Bosniako Erresumako azken erregea, hilarazi zuen. Hurrengo mendean, bosniar askok, arrazoi espiritualak eta sozialak zirela-eta, eliza kristau ahul eta desantolatuak utzi, eta konkistatzaileen fede islamikoari heldu zioten. Predikari musulman ibiltariek lagundu zioten Islamaren hedapenari, eta haren forma zabal eta inklusiboa erakutsi zuten, bosniarrei beren tradizio zaharrak fede berrira egokitzeko aukera eman ziena. Otomandar sultanek eta bertako gobernadoreek meskita ederrez apaindu zituzten Bosniako hiri eta herriak, eta eskolak, liburutegiak, umezurztegiak eta babes etxeak ezarri zituzten.[1] Mostarko Stari Most eta Sarajevoko Gazi Husrev-beg meskita dira garai hartako arkitektura lanik garrantzitsuenetakoak. Bosniako musulman asko inperioko elitean sartu ziren (soldaduak, administrazioko langileak, islamdar legelariak, jakintsuak...), eta gutxi batzuk postu gorenetara iritsi ziren.[1]

XVII. mendearen amaieran hasi zen Otomandar Inperioaren gainbehera. Mugak atzera egin ahala, galdutako eskualdeetatik kanporatu zituzten eslaviar musulmanek Bosnian aurkitu zuten babeslekua. 1878an, Errusia-Turkia Gerraren ostean, otomandarren agintea amaitu zen. Urte hartan, Europako herrialderik boteretsuenak Berlinen elkartu ziren, Balkanetako mapa politikoa berrantolatzeko. Serbiak (1882), Montenegrok (1910) eta Bulgariak (1908) independentzia lortu bazuten ere, Bosnia-Herzegovinaren administrazioa Austria-Hungariako Inperioaren eskuetara pasatu zen.[1]

Austria-Hungariaren agintea (1878-1918)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austria-Hungariako administrazioak “ereduzko kolonia” bihurtu nahi izan zuen Bosnia. Estatuaren diru-laguntzei esker, trenbideak eta industriak eraiki ziren; eskolak, eraikin publikoak, parkeak eta modernitatearen beste ikono batzuk erregimen berriaren onuren sinbolo izan behar ziren. Sarajevon eraikuntzaren booma izan zen, eta bertako kafetegietan Europako ideologia berrien gainean eztabaidatzen zen. Ideologia berri horien artean nazionalismoa zegoen, XIX. mendeko erromantizismoaren eta darwinismo sozialaren ondorengo handia. Horiek horrela, serbiarrek hegoaldeko eslaviar estatua-ren ametsa (Serbia Handia) zabaldu zuten, bosniar musulmanek eta Austria-Hungariako agintariek defendatzen zuten gizarte pluralista eta multikonfesionalaren aurka.[1]

1908an Austria-Hungariako Inperioak herrialdea anexionatu zuen. 1914ko ekainaren 28an, serbiar nazionalista batek Franz Ferdinand Austriakoa artxidukea hil zuen Sarajevon, eta hasiera eman zion Lehen Mundu Gerrari.[2] Gerran 9 milioi soldadu hil ziren, Austria-Hungariako armadan erroldatutako bosniar asko barne (beste batzuk Serbiako armadan borrokatu ziren), baina Sarajevo hiria eta Bosniako zati handiena ez ziren gudu-zelai izan.[1]

Jugoslaviako Erresuma (1918-1941)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jugoslaviako Erresuma»

1918an gerra amaitu zenean, Austria-Hungariako Inperioa deuseztatu zen, eta Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuman integratu zuten, Petri I.a Karageorgevic errege zela. 1920ko hamarkadan, Jugoslaviako erregimena gero eta diktatorialagoa eta zentralistagoa bihurtzen zen heinean, serbiar zentralismoaren eta kroaziar nazionalismoaren arteko tirabirak handituz joan ziren. 1928an, serbiar diputatu batek Stjepan Radić, Kroaziako Nekazarien Alderdiko buruzagia, hil zuen Belgradeko parlamentuan. Horren ondoren, Alexandro I.a erregeak parlamentua itxi, konstituzioa ezeztatu, eta estatuko agintea bere gain hartu zuen.[1]

1929ko urrian herrialdeak Jugoslaviako Erresuma izena hartu zuen. Banaketa administratiboa aldatu zen: eskualde historikoak (Kroazia eta Bosnia) ezabaturik, 9 probintzia (banovina) berrietan "esku gogorreko" gobernadore militarrak jarri ziren. Ante Pavelić kroaziar abertzale faxistak ustaxa talde armatua sortu zuen. 1934ko urriaren 9an Mazedoniako ekintzaile batek, ustaxarekin elkarlanean, erregea hil zuen Marseillan. Arazo politiko, sozial eta ekonomikoek muturreko alderdiak, bai eskuinekoak, bai ezkerrekoak, indartu zituzten.[1][3]

Bigarren Mundu Gerra (1941-1945)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941eko apirilean, Hitlerrek Jugoslavia inbaditu zuen; erregeak atzerrira ihes egin zuen, eta Bosnia nazien mendeko Kroaziako Estatu Independentearen barnean gelditu zen. Zapalkuntza izugarria izan zen: populazio judua deuseztatua izan zen, eta Kroaziako kontzentrazio-esparruetan hamarnaka mila serbiar, judu eta aurkari politiko hil ziren. Serbiar asko inbaditzaileen kontra altxatu eta txetnik izeneko talde monarkiko eta abertzaleetan sartu ziren. Talde horiek bosniar musulmanen aurkako basakeri ugari egin baitzuten, musulman batzuek bat egin zuten nazien aldeko ustaxekin; beste batzuk Waffen-SSn erroldatu ziren. Komunistek, Josip Broz Tito buru zutela, erresistentzia talde multietnikoak antolatu zituzten: partisanoak. Bosnia gudu zelai bilakatu zen: okupazio indarrek (Alemaniak eta Italiak), kroaziar ustaxak, serbiar txetnikek, herri miliziek eta partisanoek, elkarren aurka borrokatzeaz gain, izua zabaldu zuten zibilen artean.[1]

Bosniako erdialdeko eta Kroaziako kostaldeko eremu menditsuetan gertatu ziren partisanoen eta nazien arteko borrokarik odoltsuenak. Titoren gerrillariek ospea irabazi zuten borrokaldi horietan, eta 1944ko hasieratik Aliatuen laguntza jaso zuten.[1] 1944ko urriaren 20an, partisanoek Belgrad askatu zuten. Hala ere, Bosnia, Kroazia eta Esloveniako zenbait eskualdetan 1945ko maiatzera arte iraun zuten alemaniarrek.

Jugoslavia sozialista (1945-1992)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosnia eta Herzegovinako Errepublika Sozialistaren armarria

Aliatuen garaipenaren ondoren, Bosnia-Herzegovinak, Kroaziak, Mazedoniak, Montenegrok, Serbiak eta Esloveniak Jugoslaviako Errepublika Federal Popularra eratu zuten, Josip Broz Tito presidente zela; federazio osoaren eredu bihurtu zen Bosnia, Jugoslavia txiki bat, herri desberdinak elkarrekin bakean bizi zirena. 1945etik aurrera, berreraikuntza (burdinbideak eta errepideak) eta industrializazio plangintza handi bat jarri zen abian, sobietar ereduaren arabera. Etorkinak ugaldu ziren, landaldetik industriagune berrietara joanda: Zenica, Tuzla. Beste etorkin batzuek Vojvodina aldera jo zuten, hantxe baitzeuden nekazari jabego handiak, komunistek nazionalizatuak eta gero banatuak.[4]

Titoren erregimenak herrien arteko batasuna eta anaitasuna aldarrikatzen zituen, eta nazionalismoaren agerpen oro debekatzen. 1950etik aurrera, ekonomia sistema berezi bat ezarri zuen, autogestioa eta jabetza sozialaren nozioetan oinarritzen zena. Enpresak ez ziren jada estatuarenak (Ekialdeko Europako beste herrialdeetan bezala), haietan lanean zihardutenenak baizik. Sozialismoaren eredu berezi honi uko egin zioten, 1956 arte, Europako beste herri komunistek. Bosnian zeuden lantegi handienak, masa industrializazioaren oinarri zirenak eta, 1960tik aurrera, kontratu asko egiten hasi ziren atzerrian bosniar eraikuntza elkarteak, Mendebaldekoekin lehian; industria kimikoak eta elektroteknikoak ere gora egin zuten. Baina Tito hil ondoren, finantza eskandalu batzuek agerian jarri zuten bezeroen babesean oinarritzen zen ekonomia eta politika haren ahultasuna. 1980ko hamarkadaren bukaeran oso inflazio handia zen, eta bizitza politikoari ere eragin zion.[4]

1980ko hamarkadan, komunismoa desegin ahala, nazionalismoa indartuz joan zen. Jugoslaviako errepublika bakoitza bere bidea egiten saiatu zen. Sobietarrek Ekialdeko Europan zeukaten nagusitasuna kolapsatu zenean, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren amaiera etorri zen. 1990ean lehenbiziko alderdi anitzeko hauteskundeak egin ziren. Serbia eta Montenegron alderdi komunista nagusitu zen baino gainerako errepubliketan abertzaleak garaile atera ziren; Alija Izetbegovicen buruzagi musulmanaren Ekintza Demokratikoko Alderdia (SDA), Franjo Tuđmanen Komunitate Demokratiko Kroaziarra (HDZ) eta Radovan Karadzicen Serbiar Alderdi Demokratikoa nagusitu ziren Bosnia-Herzegovinan. Hiru alderdi horiek koalizioko gobernu bat osatu zuten, lehendakaritza hirukoiza zuena, Alija Izetbegovicen gidaritzapean. 1991n, Jugoslaviako gudaroste federalak Eslovenia eta Kroaziari eraso egin zienean –ekainean onartu zuten haiek beren herrien burujabetza–, Izetbegovicek, zuhur jokatuz, ez zuen adierazpenik egin errepublika haien alde. Baina Bosniako kroaziarrak, HDZ alderdiaren inguruan bilduak, erasotuak sentitu ziren, eta SDSko serbiarrek berriz Jugoslaviako Federazioari eutsi nahi izan zioten.[4]

Bosniako gerra (1992-1995)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bosniako gerra»

Eslovenia eta Kroaziako gatazkek Bosnia-Herzegovinara bultzatu zuten errepublika horietan zegoen gudaroste federala. Jugoslaviako Federazioaren apurtzeak, gainera, auzitan jartzen zuen Bosniako Errepublikaren iraupena, Bosnia baitzen Jugoslaviaren ikurra: etnia anitzak, herrien arteko harreman onak, alfabeto desberdinen erabilera lurralde bakarrean. Bestalde, alderdi nazionalista berrietatik inork ez baitzuen gehiengorik legebiltzarrean, hiru talderen arteko akordioa bilatu beharra zegoen. Lehendakaritza hirukoitzaren lehendakaria, Izetbegovic, Bosniako estatu multietniko baten aldeko zen. Baina Izetbegovicen iraganari eraso egin zioten bere arerioek: harexek idatzi zuen “Adierazpen Islamiarra”, tesi nazionalistetan oinarritua, eta 1983an kondena ekarri ziona. Beste bi alderdi nazionalista nagusiak, Bosnia-Herzegovinako alderdi serbiarrak eta kroaziarrak, ondoko herrialdeekiko loturak estutu nahi zituzten, Serbia eta Kroaziarekin alegia.[4]

Nazioarteko komunitatearentzat, berriz, Bosnia-Herzegovinaren desagertzearen hipotesiak, Bigarren Mundu Gerran zehazturiko mugen egonkortasunaren arazoa sortzen zuen. Beste aldetik, Bosnia-Herzegovinaren nazioarteko onespenak gerraren arriskua zekarren, serbiarrek nahiago baitzuten jugoslaviar estatu federatu batean geratu. Hori zela-eta, Europako Batasuneko arbitratze batzordeak –Jugoslavia ohitik jaiotako estatuen onespen baldintzak aztertzeko sortua–, Bosniaren independentziari buruzko iritzi negatiboa eman zuen. Alabaina, erreferendum bat egin zuen Bosniak 1992ko otsailaren 29an, aldez aurretik espero zen emaitza izan zuena: % 62, hautesle musulmanak eta kroaziarrak, independentziaren aldeko; serbiarrek boikota egin zuten. 1992ko martxoan indepedentzia aldarrikatu zuten agintari musulmanek eta kroaziarrek, eta nazioartean apirilean onetsi zen. Berehala, Bosniako serbiarrek, Radovan Karadzicek gidaturik, beren iritzia kontuan hartzen ez zuen onespen horri uko egin, eta gerra zabal bati ekin zioten. Serbiarrek 1992ko apirilaren 6an hasi zuten Sarajevoko setioa, eta Bosniako Errepublika Serbiarra aldarrikatu zuten apirilaren 7an. Errepublika horren burua Radovan Karadzic zen, Sarajevoko auzo batean zegoena, Palen. Aste batzuetan, Bosnia-Herzegovinako lurren % 70en jabe egin ziren Bosniako serbiarrak.[4]

Serbiarrek serbiar ez zirenen kontra garbiketa etnikoa erabiltzen bazuten ere, eta “atxiloketa esparruak” zeudela jakin arren, atzerritarrek ez zuten gatazkan parte hartu nahi. Agerian geratu zen honelako gatazkak bideratzeko Europako Batasunaren gaitasun urria: ez zegoen atzerriko politika bateraturik, eta aterabiderik gabeko arazo batean trabatuta geratu zen Europa. NBEak, berriz, Kasko urdinak bidali zituen, ardura bakarra giza laguntzaren bideratzeko babesa ematea zutena. Nazioarteko Bitartekaritza gudarosteak (UNPROFOR), 1992ko ekainean iritsita, eremu batzuk baketu zituen baina, aldi berean, serbiarrak, kroaziarrak eta musulmanak beste lekuetan guduan jarrai zezaten utziz. NBEren Segurtasun Batzordeak sei segurtasun eremu musulman sortzea erabaki zuen, biztanle zibilak babesturik egon zitezen (Srebrenica, Gorazde, Zepa, Tuzla, Bihac eta Sarajevo). Srebrenica eta Zepa, ordea, serbiarrek konkistatu zituzten, eta haien esku geratu ziren zibilak; argi geratu zen orduan nazioarteko komunitatea ez zela gai bere konpromisoak betetzeko.[4]

1992ko abuztuan, musulmanek eta kroaziarrek Herceg-Bosna errepublika aldarrikatu zuten Bosniako hegoaldean, baina haien arteko liskarrek areago nahasi zuten gerra. 1993an, bi alderdiek baliatu zuten garbiketa etnikoa, eta horrek biztanleen ihesaldi gehiago ekarri zuen. Gainera, kroaziarren eta musulmanen atxiloketa esparruak aurkitu ziren. Guduen bortizkeriak biktima asko eta asko eragin zuen. Mostarren, kroaziarrek hiriko zubia txikitu zuten, otomandar artearen erakusgarria, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko ikurtzat hartzen zena. Hilkintzak izan ziren Bosnia erdialdean eta ekialdean, eta orobat Herzegovinan. Gatazkaren konplexutasuna eta guduen nahasketa are handiagotu ziren, musulmanen baitan ere bai baitzen borroka armaturik: Bihac-eko musulmanek nahiago zuten Sarajevoren agintepetik atera eta serbiarren eta kroaziarren kide izan.[4]

1994ko martxoan, AEBen presio gogorren ondoren, aliantza kroaziar-musulmana osatu zen. Era horretan sortu zen Bosnia-Herzegovinako Federazioa, Kroaziarekin konfederatua zegoena. Federazioak guduak gerarazi zituen, nahiz eta lurraldearen eraikuntza juridikoa artean erabaki gabe zegoen. Hala, baziren aduana postuak, gudaroste lokalen kontrolpean, giza laguntzaren parte bat hartu eta bueltan bidal zezaketenak. Horrezaz gainera, sortu ziren trafiko sareak ere, gerran metaturiko dirutzak Mostarren biltzen zituztenak. Bestalde, hiri hori, 1994an Europako Batasunaren aginte administratiboaren pean jarri zena, bitan banaturik geratu zen: parte bat, aberatsena, kroaziarra zen, eta bestea, pobrea eta suntsitua, musulmana. Musulmanek hiriko parte kroziarrera joateko eskubidea zuten arren, ez ziren ausartzen. Bestalde, “musulman” hitza nahasgarria gerta zitekeelakoan, 1994az gero bosniako hitza hartu zuten ofizialki Bosniako biztanle musulmanak izendatzeko.[4]

Estatu Batuek luzaroan ez zuten parte hartu Bosniako gatazkan, gerra hura Europako Batasunak eta NBEak bideratu beharko zuketelakoan. Baina erakunde horiek, bertan izanagatik, ez ziren gai izan krisia konpontzeko. Hala, hiru urtean, bost plangintza proposatu ziren bakea lortu eta Bosnia-Herzegovinaren etorkizuna moldatzeko. 1995. urtearen hasieran, 150.000 bat lagun ziren hilak, eta bi milioi baino gehiago erbesteratuak. Estatu Batuek Bosnian militarki esku hartzea erabaki zutenean, ekainetik aurrera, sortu berria zuten NATOko eta Europako Batasuneko hamabost herrik erreakzio lasterreko gudaroste bat UNPROFORi laguntzeko. Baina egoera aldatu, batez ere Estatu Batuek Bosniako serbiarren kontra 1995eko abuztuan abian jarritako NATOren aireko erasoaldien estrategiak aldatu zuen; izan ere, haiei esker kroaziarrek eta bosniakoek konkistatu ahal izan zituzten galdutako lurraldeak, eta banaketa orekatuagoa egin: % 49 Bosnia-Herzegovinako Federazioarentzat eta % 51 Bosniako Serbiar Errepublikarentzat.[4]

NATOren bonbardaketek asko ahuldu zituzten Bosniako serbiarrak. Slobodan Milosevic Jugoslaviako lehendakariak, lurralde serbiarren artean lotura bat sortzeko helburuaz Krajinako eta Bosnia-Herzegovinako serbiarrei laguntza militarra emana zuenak, babesa kendu zien. Kroaziak atera zion etekina egoera horri Krajinaren kontrola berriz hartzeko, eta 1995eko irailean operazio militar handi bat jarri zuen han abian, 300.000 serbiar Krajinatik ihes egitera behartu zituena.[4]

Indarren oreka aldatua zelarik, ematen zuen betetzen zirela baldintzak negoziazio berriei heltzeko: Estatu Batuen itzalpean, 1995eko azaroan, Daytongo Akordioan gauzatu zituzten hiru alderdiek bakerako negoziazioak. Parisen izenpetu zuten ituna, abenduan, Franjo Tuđman kroaziar presidenteak, Alija Izetbegovic bosniakoak eta Slobodan Milosevic serbiarrak –Bosniako serbiarren ordezkari gisa–; akordio horien arabera, Bosnia-Herzegovinako estatua sortu zen, bi zatiz osatua (Bosnia-Herzegovinako Federazioa, kroaziar-musulmana, eta Bosniako Serbiar Errepublika), erakunde komunak zituena (lehendakaritza hirukoitza, legebiltzarra, banku zentrala), baina alde bakoitzak ondoko estatuekin harreman bereziak izan zitzakeen, Serbiarekin eta Kroaziarekin alegia. Daytongo Akordioak bakea ekarri zten, baina luzarora ez zuten irtenbiderik ematen eskualde haren egonkortasunari eusteko. Batasunaren eta zatiketaren anbiguotasunarekin jokatuz, atea zabalik geratu zen tentsio berriak sor zitezeen.[4]

Daytongo Akordiotik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daytongo Akordioa berreraikunza lan handien hasiera izan zen. Izan ere, nazioarteko komunitateak konpromisoa hartu zuen Bosnian 1995-1999 urteetan 5.100 milioi dolarreko inbertsioa egiteko. Estatu Batuek gatazka arautu eta egitura juridiko berria ekarri zuten, baina Europako Batasunarena zen, batez ere, finantzen ardura. Iheslariak itzultzea eta bizitza zibilaren baldintzak ezartzea zen helburua. Testuinguru horretan, 1996ko hauteskundeek, zeinetan alderdi nazionalistak izan baitziren garaile, argi utzi zuten ekimen horren zailtasuna. Izan ere, iheslariek ez zuten asmorik erasotzaileek gobernaturiko lurraldeetara itzultzeko. Bestalde, gazteak atzerrira joanak ziren, eta hiri handietan bildua zen landaldeko biztanleria. Elite lokal berriak, politiko-mafiosoak, gerran etekin handiak atereak, agertu ziren.[4]

Horrez gainera, antzinako herri sozialista izatea, trantsizioaren bidean abiatua, zen Bosniaren berezitasunetako bat. Hortaz, trantsizio hori berreraikuntza giroan egin behar zenez, oso zaila izan zen enpresa suntsituen edo alderdi nazionalisten esku zeudenen pribatizazioa. Alabaina, nazioarteko komunitateak merkatuko ekonomiarako pasabidea erraztu nahi zuen. Horrezaz gainera, alderdi kroaziarra eta bosniakoa laguntza ekonomikoaz baliatu ziren, baina Bosniako Serbiar Errepublikak oso laguntza urria izan zuen. Horren arrazoia izan zen serbiar buruzagiek ez zutela parte hartu nahi izan 1996ko diru emaileen lehen biltzarrean, eta emaileek uko egin ziotela dirua emateari, baldin eta Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiarekiko serbiarren lankidetza eraginkorra ez bazen.[4]

1997an eta 1998an, Biljana Plavsic buruzagi bosniar serbiarrari eustea erabaki zuen nazioarteko komunitateak. Izan ere, Plavsic, 1997an Bosniako Serbiar Errepublikako lehendari izendatua, moderatuagoa bide zen bere alderdiko beste talde batzuk baino. Plavsicek Banja Lukan ezarri zuen gobernua, Bosniako Serbiar Errepublikaren hiriburu berrian. 1998ko iraileko hauteskundeen emaitzak harrigarri samarrak izan ziren. Alde batetik, positiboa bazirudien ere ordezkari aski moderatuek lehendakaritza hirukoitzan izandako arrakastak –Alija Izetbegovic bosniako edo musulmana, Ante Jelavić kroaziarra eta Živko Radišić serbiarra–, Nikola Poplašenek (Alderdi Erradikal ultranazionalekoa, eta Jugoslaviako Errepublika Federaleko Vojislav Šešeljen gertukoa), Errepublika Serbiarreko lehendakari gisa garaipena lortzeak, oztopo izugarria zirudien Daytongo Akordioa aplikatzeko, Poplasenek auzitan jartzen baitzuen Bosniaren baitako talde desberdinen txertakuntza.[4]

1999an, zenbait gertaerak krisi politiko larria eragin zuten serbiar errepublikan: aurrena, Nikola Poplašenek beharturik dimisio ematea, bere lehen ministro moderatua, Milorad Dodik, postutik kendu nahi izan zuenean; gero, nazioarteko arbitratze baten iragarpena, Brčko hiri txikiarentzat “barruti neutro” estatusa eskatuz, Bosniako Serbiar Errepublikaren mendebaldearen eta ekialdearen artean jarraipena ziurtatzeko pasabide bat baitago Brčkon; azkenik, Milorad Dodiken dimisioa, Bosniako serbiarren kontrako erabaki horren kontrako protesta gisa. Mirko Šarović-ek hartu zuen Nikola Poplašenen lekua serbiar erepublikaren lehendakaritzan.[4]

1995etik 2004 arte, NATOk inplementatze (IFOR) eta egonkortze (SFOR) indarrak eduki zituen Bosnia-Herzegovinan. 2004tik aurrera, Europar Batasuneko armadetako interposizio indarrak daude (EUFOR), talde etniko desberdinen arteko gatazkak ekiditeko.[5]

2014ko urriaren 12an, Bosnia-Herzegovinan hauteskunde orokorrak egin ziren. Hiru kopresidenteak (musulman bat, serbiar bat eta kroaziar bat), bi autonomien gobernuak (musulman eta kroaziarren federazioa eta serbiar errepublika) eta hamar kantoitako parlamentuak hautatuko zituzten[6]. Botoen %76,52 zenbatuta, Bakir Izetbegovic nagusitu zen hautagai musulmanen artean; kroaziarren artean, Dragan Covic; eta serbiarren artean, Zeljka Cvijanovic. Horiek osatuko zuketeen hiruko presidentetza. Izetbegovicek hautesle musulmanen %33 boto bildu zituen; Covicek, hautesle kroaziarren botoen %52; eta Cvijanovicek, berriz, serbiarren botoen %49[7]. Bakir Izetbegovic musulmanak (%32,74), Dragan Kovic kroatak (%52,4) eta Mladen Ivanic serbo-bosniarrak (%48,3) —Zeljka Cvijanovicekin lehia estuan (%48,1)— osatuko zuten hirukotea[8]. Abenduaren 12an, Bosnia eta Herzegovinako Fiskaltzak Bosniako 15 serbiar auzipetu zituen, 1992ko uztailean 150 zibil baino gehiago sistematikoki hiltzeagatik[9].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l Riedlmayer, Andras. A brief history of bosnia-herzegovina. Harvard University, USA, 1993, bosnjaci.net (Noiz kontsultatua: 2020-1-25).
  2. (Italieraz) Magrini, Luciano. (1929). Il Dramma Di Seraievo. Origini e responsabilita della guerra europea. Milan OCLC .8018932.
  3. Azurmendi, Joxe. Yugoslaviaren kondaira gogorra. Anaitasuna, 197 zenb., 1970, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-25).
  4. a b c d e f g h i j k l m n o Bosniako gerra. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-27).
  5. EUFOR Althea BiH. defensa.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-1-27).
  6. «Bosnian hauteskunde orokorrak dira gaur», Berria, 2014-10-12
  7. «Izetbegovic, Covic eta Cvijanovic garaile Bosniako bozetan, lehen datuen arabera», Berria, 2014-10-13
  8. «Bosnian hiru joera bateraezin bilduko dira presidentetzan», Berria, 2014-10-14
  9. «15», Berria, 2014-12-13

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]