Budika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Boudica» orritik birbideratua)
Budika

izeniarrakeko erregina

Bizitza
JaiotzaBritania, 30
HeriotzaBritania, 61 (30/31 urte)
Heriotza moduasuizidioa: pozoitzea
Familia
Ezkontidea(k)Prasutagus
Jarduerak
Jarduerakburuzagi militarra, agintaria, erregina eta Erresistentziaren kidea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBudikaren altxamendua

Find a Grave: 6497 Edit the value on Wikidata

Budika edo Boadizea[1] (latinez: Boudicca, Boudica edo Boadicea; galizieraz: Buddug, britoieraz Garaipen esan nahi zuen) Iceni herri edo tribuko britoi erregin bat izan zen. Britaniaren Erromatar okupazioan jazotako matxinadarik handienaren buruzagia izan zen, hain zuzen ere matxinada hau Neronen agintaldian gertatu zen, 60 eta 61 bitartean.

Aurretik beste ahaleginak izan baziren ere (Julio Zesar, 55-54 K.a.), Erromako Klaudio enperadoreak Britainiar uharteak behin betikoz inbaditzea erabaki zuen K.o. 43. urtean. Bertako tribuetako batzuek matxinatuak jarraitu bazuten ere, beste batzuek erromatarrekin itunak sinatu eta haien aliatu bihurtu ziren.

Azken horietako bat izeniarren leinua izan zen, gaur egungo Norfolk ingurukoak. Haien erregeak, Prasutagok, hainbat akordio sinatu zituen erromatarrekin. Baina 61. urtean, erregea hil zenean, erromatarrek leinuaren lurraz jabetu, Budika erregina alarguna zartatu eta haien alabak bortxatu zituzten.[2]

Egoera horri aurre egin nahian altxatu zen Boudika erregina erromatarren aurka. Camulodunum hiri erromatarrari erasoa jo eta birrindu zuten.[3] Lortutako arrakastak Boudika Londinium (gaurko Londres) hiruburuari begira jarri zuen. Haren babeserako soldadu erromatar gutxi zeudela ohartuta, britainiarrek hiria bereganatu zuten zailtasun handirik aurkitu gabe, bertan ziren erromatarrak suntsituz. Antzera jokatu zuten Verulamium-en ere. Historialari erromatarren[4] arabera, 70.000 koloniar inguru birrindu omen zituzten britainiarrek hiru hiri horietan, erromatar eta aliatuen artean.[5]

Budika erreginak 100.000 eta 230.000 arteko britainiarrez osatutako armada gidatu zuen. Bitartean, Publio Kornelio Tazito historialari erromatarrari so eginez, Kaio Suetonio Paulino gobernadoreak 10.000 soldaduz osatutako armada biltzea lortu zuen. Erromatarren armada, txikiagoa izanda ere, askoz diziplinatuagoa zen eta hobeto hornitua armaduraz eta armaz. Horrek Kaio Suetonio Paulino garaipenera eraman zuen. Aipatutako historialariaren arabera, Watling Street (gaurko West Midlands eskualdean ziur asko) izenez ezagutzen den gudu hartan 80.000 britainiar zendu ziren bitartean, 400 erromatar soilik galdu ziren.

Watling Street-eko porrotarekin amaitu ziren Erromaren aurkako britainiarren altxamenduak. Bestalde, ez dago garbi zer gertatu zen Budikarekin. Tazitoren arabera, porrota jasan ezinik, zelten erreginak bere buruaz beste egin omen zuen, pozoituta. Beste batzuek diote gaixotu egin zela eta heriotza iritsi zitzaionean ikaragarrizko ehorzketa egin zitzaiola.(30)

Gertakizun hauek guztiak bi historialarik aipatu zituzten: Publio Kornelio Tazitok (Annales eta Julio Agrikolaren bizitza) eta Dion Kasiok (Erromatar Historia).

« Oso garaia zen. Bere begiek labainkatu egiten zintuztela ziruditen. Bere ahotsa latz eta ozena zen. Kolore marroi eta gorrixka arteko bere ile trinkoa, sorbaldatik gerriraino erortzen zitzaion. Beti lepo inguruan urrezko lepokoa eta krisketadun kapa bat zeramatzan. »
Dion Kasio, Erromako Historia

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Budika Aldatu lotura Wikidatan
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. Tazito, Annales, 14,31
  3. Tazito, Annales, 14.31-32
  4. Haigh, Christopher, The Cambridge historical encyclopedia of Great Britain and Ireland, 18. orr.
  5. Hainbat historialariek zalantzan jartzen dute britainiar matxinatuen armadaren kopuru hori. Diotenez, ingurune horretako biztanleria askoz ere txikiagoa zen. Adibidez, mende bat beranduago, Camulodunum eta Verulamium hiriek 5-10.000 biztanle izango zituzten eta Londinumek 15.000, goitik jota. (Collingwood, Roman, Britain and the English..., 198 orr.).