Braulio Iriarte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Braulio Iriarte Goienetxe» orritik birbideratua)
Artikulu hau enpresaburuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Iriarte».
Braulio Iriarte
Bizitza
JaiotzaElizondo, 1860
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaMexiko Hiria1932ko ekainaren 25a (71/72 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakekintzailea

Braulio Iriarte Goienetxe (Elizondo, Baztan, 1860Mexiko Hiria, 1932ko ekainaren 25a) nafar enpresaburua izan zen, Coronita garagardo markaren sortzailea.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Braulio Iriarte Goienetxe 1860an jaio zen, Elizondoko Txokotoko laborari familia batean. 1877an, 17 urte zituela eta inolako hezkuntza akademikorik, lanbiderik eta ondasunik gabe, Mexikora abiatu zen. Okindegi batean lanean hasi eta, mende laurden geroago, XX. mendean sartuta, 80 okindegiren jabe zen. Ondoren, irinaren negozioan sartu zen: Fermin Etxandi eta Juan Oteiza nafarrekin batera Euskaro errota ipini zuen martxan, eta Agustin Jauregi eta Jose Larregi ilobekin, Beti-Ona errota.[1]

1913an, Mexikoko Iraultzaren garaian, Iriartek ogiarekin zerikusia zuen hirugarren negozio bide bat ireki zuen, legamiarena. Levadura Comprimida Leviatan elkartea sortu zuen, beste nafar batzuek lagunduta. Tankera horretako Mexikoko lehen enpresa izan zen, ordura arte ogia egiteko legamia ez baitzen herrialde osoan egiten eta Iraultza bitartean, Estatu Batuetatik ekarri behar izaten zuten produktu hori.[1]

Jarduera horiei esker nahikoa kapital bilduta, 1922ko martxoaren 8an Cervecería Modelo enpresa sortu zuen Iriartek. Elkartea osatzeko, baztandarrak Mexikoko espainiar koloniako enpresaburu indartsuenak bildu zituen. Bera izan zen administrazio kontseiluko presidentea, enpresa sortu eta bere heriotzara arte (1922-1932), eta berak jarri zituen, kapitalaren zati handi batez gain, fabrika eraikitzeko lurrak. Baina enpresa jaio eta zortzi hilabetera, 1922ko azaroan, konpainia jaioberria krisiak jota zegoen. Kapitalak behera egin zuen eta, bai akziodunak, bai administrazio kontseilua, goitik behera aldatu behar izan zituzten.[1]

Ia espainiar enpresari guztiek ihes egin zioten eta Iriartek nafar enpresari txikiengana jo zuen hasierako urte gogorrei aurre egin ahal izateko. Marcelino Zugarramurdi, Francisco Cilveti, Martin Oianburu, Andres Barberena, Fermin Buades, Pedro Magirena, Victoriano Loperena, Segundo Minondo, Jose Olabe eta Pedro Etxenikek hartu zituzten garagardo enpresaren kargurik garrantzitsuenak. Eta, Leviatango etekinak proiektu berria finantzatzeko erabiliz, 1925ean fabrikaren ateak zabaltzea izan zuten.[1]

«Fabrika ederraren inaugurazioa 1925ean egin zen eta bertan izan zen Mexikoko Errepublikako presidente Plutarco Elías Calles jauna, kabinete osoak lagunduta», zioen El Sol egunkari espainiarrak. Modelo, Negra Modelo eta Corona garagardoak ekoizten hasi ziren. Iriarte 1932an hil zenean, nafarrek enpresaren kontrola galdu zuten eta, Pablo Díez buru zutela, leondarren txanda iritsi zen.[1]

Braulio Iriarte bere sorterriaren aldeko ongilea izan zen. Diru kopuru handiak eman zituen Baztango Erruki Etxearentzat, bere izena daraman Elizondoko pilotalekuaren eraikuntza osorik ordaindu zuen 1921ean, eta 120.000 pezeta (kostu osoaren %13,2) eman zituen 1916-1921 bitartean eraiki zen Elizondoko parrokia eliza berriarentzat[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Irazustabarrena Uranga, Nagore. Coronita euskalduna. Argia, 2008ko irailak 21, Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Moldatu gabea (CC BY-SA 3.0), argia.eus (Noiz kontsultatua: 2014-07-30).
  2. Txokotoko Braulio Iriarte, baztangohaizegoa.wordpress.com

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]