Edukira joan

Buena Vista Social Club

Wikipedia, Entziklopedia askea
Buena Vista Social Club
Datuak
JatorriaHabana
Musika motakubatar sona
Sortze urtea (eta desegitearena, desegin bada)1966
Produkzioa
Diskoetxea(k)World Circuit (en) Itzuli
Manuel Licea (en) Itzuli
Sariak
Jasotako sariak
Informazio gehigarria
buenavistasocialclub.com
IMDB: nm3067896 Facebook: 11938531959 Youtube: UChUeUKui2gkL6vqhuKBeCMA Bandcamp: buenavistasocialclub Spotify: 11kBu957KTYoAltZHDm8gW iTunes: 5620149 Last fm: Buena+Vista+Social+Club Musicbrainz: 2a85ecff-41e9-4be1-aca6-c87054a4c334 Songkick: 2355837 Discogs: 227677 Allmusic: mn0000627250 Deezer: 2799 Edit the value on Wikidata

Buena Vista Social Club nagusiki kubatar musikariek osatutako musika taldea izan zen, 1996an eratua. World Circuit Records-eko ("Munduko Zirkuituko diskoak") exekutibo Nick Goldek antolatu zuen egitasmoa, Ry Cooder gitarra-jotzaile estatubatuarrak ekoitzia eta Juan de Marcos Gonzálezek zuzendua. Habanako Buenavista auzoko izen bereko klubaren izena jarri zioten taldeari, 1940ko hamarkadako herri-musikaren egoitza baitzen. Garai hartako herri-estiloak ezagutarazteko, hala nola sona, boleroa eta danzóna, dozena bat musikari beterano bildu zituzten, haietako batzuk aspalditik erretiratuak.

Taldearen estudioko izen bereko diskoa 1996ko martxoan grabatu eta 1997ko irailean argitaratu zen: berehala nazioarteko arrakasta bihurtuta, horrek bultzatu zuen taldea 1998an Amsterdamen eta New Yorken partaide guztiekin jotzera. Wim Wenders zuzendari alemaniarrak dokumental baterako filmatu zuen emanaldia —Buena Vista Social Club izen bera zuena—, eta Habanan egindako musikariei egindako elkarrizketak bildu zituen. Wendersen filma 1999ko ekainean estreinatu eta kritikaren txaloak jaso zituen, Dokumental Onenaren Oscar Sarirako izendapena eta Europako Zinemaren Sarietan Dokumental Onenarena irabazi zuen. Horri jarraipena eman zion Buena Vista Social Club: Adios bigarren dokumentalak 2017an.

Albumaren zein filmaren arrakastak kubatar musika tradizionalarekiko eta, oro har, Latinoamerikako musikarekiko interesa berpiztea eragin zuen. Kubatar interpreteetako batzuek bakarkako disko ongi jasoak argitaratu zituzten gero, eta hainbat musika generotako izarrekin kolaborazioak grabatu. Buena Vista Social Club izendapena termino orokor bihurtu zen emanaldi eta merkaturatze horiek deskribatzeko, eta 1930 eta 1950eko hamarkaden artean Kubako "urrezko aro musikala" biltzen duen marka baten antzekoa da. Arrakasta berria laburra izan zen artista ezagunenentzat: Compay Segundo, Rubén González, eta Ibrahim Ferrer, 95, 84 eta 78 urterekin hil baitziren hurrenez hurren; Compay Segundo eta González 2003an, gero Ferrer 2005ean.

Bizirik dauden Buena Vista Social Clubeko hainbat kide, hala nola Eliades Ochoa tres-jotzailea, Omara Portuondo kantari beteranoa, eta Barbarito Torres laute-jotzailea gaur egun mundu osoan zehar bira egiten ibili ziren gero. Jatorrizko taldearen historia kontatzen duen musikal eszeniko bat Broadwayn estreinatu zen 2025ean.[1]

Jatorrizko Buenavista Social Club

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Marianaoko Almendaresko eraikin abandonatua, 1940ko hamarkadan Buenavista gizarte elkartea hartu zuena.

Buenavistako Social Club jatorriz Buenavistan (hitzez hitz, "Bistaeder") zegoen klub bat zen, kideentzakoa soilik, egungo Playa auzoan (1976 baino lehen, Marianaoko zati zena), Kubako hiriburu Habanako hamabost udalerrietako bat. Jatorrizko kluba 1932an sortu zen, Consulado y pasaje "A" kaleko zurezko lokal txiki batean (egun, 29. kalea, 6007 zk.). 1939an, leku faltagatik, kluba 4610. zenbakira aldatu zen 31. etorbidean, 46. eta 48. kaleen artean, Almendaresen, Marianaon. Kokapen hori gogorarazi du Juan Cruzek, Marianaoko Social Clubeko zuzendari ohiak eta Salón Rosado de la Tropicaleko zeremonia-maisuak (Habanako beste bi diskoteka). Buena Vista Social Club dokumentalean ikusten denez, Ry Cooder, Compay Segundo eta zinemako talde bat 1990eko hamarkadan klubaren kokapena identifikatzen saiatu zirenean, bertakokoak ezin ziren haren kokalekuaz ados jarri.[2]

Garai hartan, Kubako klubak segregatuta zeuden: baziren sociedades de blancos ("zurien elkarteak"), sociedades de negros ("beltzen elkarteak") eta abar. Buenavista Social Clubek beltzentzako elkarte gisa funtzionatzen zuen, kabildo batean errotuta. Kabildoak afrikar esklaboek XIX. mendean antolatutako senidetasunak izan ziren. Beste elkarte beltz askoren jarduna, hala nola Marianao Social Club, Unión Fraternal, Club Atenas (kideen artean medikuak eta ingeniariak zeuden) eta Buenavista Social Club, afrokubatarren aurkako arraza-diskriminazio instituzionalizatuaren hondarren adibide izan zen. Elkarte horiek aisialdirako zentro gisa funtzionatzen zuten, eta langileak edatera, jolasetara, dantzara eta musika entzutera joaten ziren.

Ry Cooderren hitzetan,

Nik dakidala, Kuban eta Karibean, New Orleans barne, senidetasunezko jende-elkarte horien inguruan eratzen zen. Zigarrogileen elkarteak zeuden, beisbolarienak, eta kirolean eta kartetan ibitzen ziren — beren elkarte haietan egiten zuten edozein gauza— eta animalia etxekotuak zeuzkaten, txakurrak, adibidez.. Buena Vista Social Clubera, musikariak elkarrekin ibiltzeko joaten ziren, AEBetako musikarien sindikatuetan egiten zuten modu berean, eta dantzaldiak eta jardunaldiak eratzen zituzten.

Musika esparru gisa, Buenavista Social Clubek Habanako diskoteka bizimoduaren gailurra bizi izan zuen, charangek eta conjuntoek gauero hainbat kanta jotzen zituztenean, aste batean zehar elkartez elkarte ibilita. Askotan, taldeek kantak elkarte haiexei eskainten zizkieten. Buenavista Social Cluben kasuan, Israel López Cachaok ondu zuen dantza eponimo bat 1938an, eta Arcaño y sus Maravillasekin aritu zen. Gainera, Arsenio Rodríguezek Buenavista en guaguancó eskaini zion leku harixe. Orquesta Melodías del 40rekin batera, Maravillas eta Arsenioren conjuntoa Los Tres Grandes ("Hiru handiak") izenaz ezagutzen ziren, jotzen zuten leku guztietan entzulego handienak erakartzen baitzituzten. Habanako garai zirraragarri horiek honela deskribatu zituen Rubén González piano-jotzaileak, Arsenioren conjuntoan jotzen zuenak: "Kubako benetako bizitza musikalaren aroa, irabazteko oso diru gutxi zegoenean, baina denek jotzen zuten benetan nahi zutelako".

Iraultzaren ondoren

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1959ko Kubako Iraultza gertatu eta gutxira, Kubako presidente hautatu berri Manuel Urrutia Lleók, kristau elizkoiak, joko-aretoak, diskotekak eta Habanako bizimodu hedonistari lotutako beste establezimendu batzuk ixteko programari ekin zion. Horrek berehalako eragina izan zuen tokiko animatzaileen bizimoduan. Kubako gobernua ezkerrerantz azkar lerratu zenez "klaserik gabeko eta kolorerik gabeko gizartea" eraikitzeko ahaleginean, beltzen komunitateko kultura-adierazpenen formetarako politika definitzeko borrokatu zen; inplizituki kultura-desberdintasunak azpimarratu zituzten adierazpenak. Horren ondorioz, kultura- eta gizarte-zentroak kendu egin ziren, 1962an Sociedades de Color mutualitate afrokubatarra barne, arrazan integratutako elkarteei bidea egiteko. Jai pribatuak asteburuko jaietara mugatzen ziren eta antolatzaileen dirua konfiskatzen zen. Buena Vista Social Club ixtea ekarri zuten neurriok. Iraultzaren ondoren, Kubako Gobernuak musika tradizionala babesten segitu zuen arren, nolabaiteko mesedea eman zitzaion politikoki kargatuta zegoen nueva trovari eta Silvio Rodríguez eta Pablo Milanés bezalako kantautore poetikoei. Pop musikaren eta salsaren agerpenak, Kubako musikatik eratorritako baina AEBetan garatutako estiloa, son musika are gutxiago ohikoa bihurtzea ekarri zuen.[3][4][5]

Kubako musikak aldaketa nahiko bizia izan zuen 1960ko hamarkadan, National Geographicek jasotzen duenez:

Kubako dantza-musika ere aldaketa bizi-biziaren lekuko izan zen 1960ko hamarkadaren amaieran hasita, taldeek son kubatarraren eta rock, jazz eta funk estilo amerikarren arteko fusioa aztertu baitzuten. Los Van Van eta Irakere bezalako taldeek musika kubatarraren forma modernoak ezarri zituzten, erritmo eta dantza berriak zein instrumentazioko kontzeptu freskoak azaleratzeko bidea zabalduz. (...) Kubako dantza-musikak aldaketa bat inspiratu zuen son-estiloko dantza zaharrenetatik, kubatar gazteria urratsetan oinarritutako dantzetatik askatzen ari zen neurrian...[6]

Itxiera horiek gertatzea eta tradizioak aldatzea zergatik musikari asko lanik gabe geratu ziren ulertzeko azalpenik sinpleena da eta, zergatik beren musika estiloak behera egin zuen, Buena Vista Social Clubek berriro ezagutarazi aurretik.

1996an, Ry Cooder gitarra-jotzaile estatubatuarra Habanara gonbidatu zuen World Circuit Recordseko Nick Gold World Musiceko ekoizle britainiarrak. Maliko musikari batzuk Kubako musikariekin lankidetzan aritzekoak ziren, saio bat grabatzeko. Cooder iritsi zenean (Mexikotik igarota, AEBek Kubaren aurka abian zuten merkataritza eta bidaien bahitura saihesteko), malitar musikariek ez zuten bisarik jaso eta ezin ziren Habanara joan. Cooderrek eta Goldek planak aldatu zituzten, eta Kubako son musikako disko bat grabatzea erabaki zuten, bertako musikariekin.

Jadanik Afrikako lankidetza-proiektuan Kubako musikariak zeuden, besteak beste, Orlando Cachaíto López baxu-jotzailea, Eliades Ochoa gitarra-jotzailea eta Juan de Marcos González musika-zuzendaria, eta bera ere antzeko proiektu bat antolatzen aritu zen Afro-Cuban All Starserako. Musikari gehiagoren bila zebiltzala, horrek eraman zituen Manuel Puntillita Licea kantariarengana, Rubén González piano-jotzailearengana eta Compay Segundo laurogei urtetik gorako kantariarengana, eta denek proiekturako grabatzea onartu zuten.

Proiektua jaio eta hiru eguneko epean, Cooderrek, Goldek eta de Marcosek musikari talde handi bat antolatua zuten eta grabazio saioak moldatu zituzten Habanako EGREM estudioetan hasteko, lehenago RCA records diskoetxearena zena: bertan ekipamendua eta giroa 1950eko hamarkadatik aldatzeke zeuden. Estudioan, gaztelaniazko eta ingelesezko hiztunen arteko komunikazioa interprete baten bidez egin zen, nahiz eta Cooderrek adierazi "musikariek hitz egitea ez den beste bide batzuen bidez elkar ulertzen dutela".

Diskoa sei egun eskasean grabatu zen eta hamalau kanta zituen; hasieran, Chan Chan, Compay Segundok idatzia, Cooderrek Buena Vistaren "aurkezpen-txartela" izendapenaz deskribatu zuena, lau akordeko son bat; eta La Bayamesaren bertsio bat amaieran, Sindo Garayk konposatutako criolla erromantikoa (ez da nahastu behar izen bereko kubatar ereserki nazionalarekin). Saioetan, ondorengo argitalpen Introducing... Rubén González kaleratzeko materiala ere ondu zuten, piano-jotzaile kubatarraren lana erakutsi zuena.

Diskoan agertzen zen kantetako bat Buena Vista Social Club izan zen, Orestes Lópezek, Cachaíto baxu-jotzailearen aitak, idatzitako danzón bat. Kantak Rubén Gonzálezen pianorako lana bistaratu zuen eta Cooderrek González inprobisatzen entzun ondoren grabatu zen, egun bateko grabazio-saioaren aurretik. Pieza jo ondoren, Gonzalezek klub sozialaren historia azaldu zion Cooderri, eta kanta klubaren "doinu bereizgarria" zela. Proiektu orokorrerako izen bat bilatzean, Nick Gold kudeatzaileak kantaren izenburua aukeratu zuen.

Cooderren esanetan,

Horrek izan behar luke bereizgarri. Garai hartan klub moduko bat zen. Denak elkartzen ziren eta arratsaldeko biak aldera rona eta kafea hartzen ibiltzen ginen. Klub baten antza zuen; beraz, horrela dei dezagun. Horrexek eman zion funtsa.

1997ko irailaren 17an kaleratu zenean, CDa "ahoz ahoko arrakasta" izugarria bihurtu zen, World musiceko argitalpen gehienak baino askoz haratago. Milioi bat kopia baino gehiago saldu zituen eta 1998an Grammy Sari bat irabazi zuen. 2003an Rolling Stone newyorktar aldizkariak 260. postuan zerrendatu zuen The 500 Greatest Records of All Time ("Inoizko 500 diskorik bikainenak") behaketan.

Armónico-jotzaile eta kantari Compay Segundo, taldekide nabaria, 2002an, 95 urterekin, hil baino urtebete lehenago. Jaiotza-izena Máximo Francisco Repilado Muñoz zuen, baina Segundo ("Bigarren") ezizena emanik, tradizionalki "bigarren ahotseko" kantaria izan zen baritono kontrapuntu harmonia emanez. Buena Vista Social Club grabatzean, ¿Y tú qué has hecho? kantan, 1920ko hamarkadan haren lagun Eusebio Delfínek idatzia, bi ahotsak eman zituen.

Guztira hogei musikarik parte hartu zuten grabazioan, horien artean Ry Cooderren hemeretzi urteko seme Joachim Cooder, garai hartan perkusio latinoaren ikertzailea zena eta taldearentzako bateria jo zuena. Ry Cooderrek berak hainbat kantatan slide gitarra jo eta diskoa ekoizten eta nahasten lagundu zuen; ondoren adierazi zuenez, saioak "nire bizitzako esperientzia musikal handiena" izan ziren. Ry Cooder arrakasta handiko gitarra-jotzaile estatubatuarra izan zen 1960ko hamarkadatik: Captain Beefheart eta Rolling Stones taldeekin grabatu zuen. Haren slide gitarra lanagatik ezaguna, folk musikarekiko interesak hainbat generotako musika grabatzera eraman zuen, besteak beste, tex-mexa, hawaiiarra eta tuvatar eztarri-kantua. Ondoren, Buena Vista Social Cluben egindako lanagatik, AEBetako agintariek 25.000 dolarreko isuna ezarri eta auzipetu zuten, Trading with the Enemy Act ("Etsaiarekin negozioak egiteko legea") izenekoa hautsi zuelako, AEBek ezarritako merkataritza-bahituraren klasula osagarria.

Albumean parte hartu zuten musikari kubatar asko 1940ko eta 1950eko hamarkadetan beren musikaren gailurren ibili ziren. 1997ko diskoaren arrakastaren ondoren, Kuban Los Superabuelos ("Super-aitonak") izenarekin egin ziren ezagun. Juan de Marcos González kubatar folkaren berpizkunde-egileak, interprete gehienak baino gazteagoa zenak, Cooder aurkeztu zion Ibrahim Ferrer kantari beteranoari. Ferrer (1927-2005) Pacho Alonso talde-buruzagiaren kantari nagusia izan zen, eta Beny Morérentzat ere kantatu zuen —Kubako interpreterik nabariena zen 1940ko hamarkadan, kantatzeko haren estilo leuna modatik kanpo geratu zen arte. Ferrer, hirurogeita hamar urterekin erdi-jubilatuta, Habanako kaleetan eguneroko osteratxoan eta diru osagarriaren truke zapata garbitzen aurkitutakoan, Gonzálezek proiektuan izena eman zuen. Geroago, Cooderrek harekin topo egin izana "agian bizitzan behin" gertatzen den zerbaiten moduan deskribatu zuen, eta Ferrer, "Nat King Cole kubatarra"ren pareko. Ferrer taldeko partaide nabari bihurtu zen, eta diskoaren arrakasta, neurri batean, haren ahots-emanaldien ospeari egotzi zitzaion: bakarkako disko arrakastatsu batzuk grabatzen segitu zuen, eta 2005ean hil aurretik, 78 urte zituela, Gorillaz bezalako talde garaikideekin aritu zen.

Rubén González (1919-2003) piano-jotzaile birtuosoak ere arrakasta handiagoa izan zuen: bakarkako bi disko argitaratu zituen, hasierako proiektuan lan egin ondoren. González Arsenio Rodríguez taldeburuaren piano-jotzailea izan zen 1940ko hamarkadan, eta mendeko gainerako urteetan musika latinoa menderatu behar zuten piano estilo kubatarrak ezartzen laguntzea egozten zaio. Artritisak jota egon arren eta Cooderrekin grabatzerako orduan pianorik ere ez izan arren (Hego Amerikan bizi zela termiten infestazio baten ondorioz), gitarra-jotzaile estatubatuarrak "inoiz entzun dudan piano-bakarlaririk handiena"ren gisa deskribatu zuen. Buena Vista Social Club diskoko kanta guztietan jo zuen musikari bakarra izan zen. 1997ko diskoaren arrakastaren ondoren, Gonzálezek Orlando Cachaíto López baxu-jotzailearekin grabatu eta bira bat egin zuen. Cachaito (1933-2009) Orestes López multi-instrumentistaren semea eta Israel Cachao López baxu-jotzaile lankidearen iloba zen: anaia horiei askotan egotzi zaie mamboa asmatu izana. Haren osaba entzutetsuaren omenez izendatua, Cachaito ("Cachaotxo") 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Descargako musikari garrantzitsua izan zen, jazz modernotik bere eragina hartzen duen forma musikala, eta Buena Vista Social Clubeko emanaldi eta grabazioetan beti presente izan zen baxu-jotzailea bihurtu zen.

Proiektuan sartu zen lehenetarikoa Compay Segundo (Máximo Francisco Repilado Muñoz jaiotza-izenaz) izan zen (1907-2003), 89 urterekin, artisten artean zaharrena. Politikari buruzko eztabaida batean, Segundo beteranoak esan zuen: "Politika? Tipo berri hori [Fidel Castro] ona da. 1930eko hamarkada gogorra izan zen. Artean bizi izan genituen une txarrak”. Segundo gitarra- eta tres-jotzaile trebea zen, eta 1920ko eta 1930eko hamarkadetako talde finkatuekin jotzen hasi zen bere ibilbidean. 1940ko hamarkadan, Los Compadres bikotearen erdietako bat zela ospea lortu zuen, eta gero Los Muchachos sortu zuen, 2003an hil zen arte zuzendu zuen taldea. Buena Vista Social Clubeko grabazio eta emanaldietarako, Segundok zazpi hariko instrumentu bitxia jo zuen, gitarra baten eta tres baten arteko hibridoa, berak asmatu eta armónico deitu zuena. Kantatu ere egin zuen, batez ere ahots laguingarriak eginez, bere baritono-ahotseko zenbait kantatan, besteak beste, Chan Chan hasiera-hasierako kantan, Eliades Ochoa (1946an jaioa) ahots nagusia zela. Cowboy kapela buruan, Eliades Ochoak —aurretik Segundorekin elkarlanean aritua zen eta Kubako folklore interprete tradizional gisan ongi errotuta zegoen— gitarra jotzen zuen eta taldearentzat kantatu zuen. Omara Portuondo (1930ean jaioa), bolero kantaria eta taldeko emakumezko bakarra, Veinte años kantatu zuen diskoan eta Segundo eta Ibrahim Ferrerrekin duetoetan zuzeneko emanaldietan.

Beste interprete batzuk Pío Leyva (1917-2006) kantaria, 1950eko hamarkadaren hasieratik Segundorekin lanean aritu zena, eta Manuel Puntillita Licea (1927-2000) lankide eta kantaria izan ziren, Celia Cruz eta Benny Morérekin aritutakoa. Perkusio inprobisatu osagarria Amadito Valdések eta Carlos Gonzálezek eman zuten. Taldekiderik gazteena Barbarito Torres izan zen (1956an jaioa) laúd-jotzaile birtuoso bat, lautearen kubatar bilakaera bat. Tronpeta Manuel Guajiro Mirabal-ek (1933-2024) jo zuen: bakarkako disko batzuk egin zituen, Buena Vista presents... izenburupean.

Wim Wenders zinema zuzendaria, 1999an Buena Vista Social Club dokumentala filmatu zuena.

Habanatik Buena Vista Social Club diskoa grabatzera itzuli eta gutxira, Wim Wenders zinema zuzendari alemaniarrarekin hasi zen lanean Ry Cooder, Wendersen The End of Violence filmaren soinu bandan, hirugarrena, bi artiston arteko elkarlanean. Wendersen esanetan, Cooder proiektuan zentratzera behartzeko ahalegina izan zen, "Urrutira begiratu eta irribarre moduko bat egiten zuen beti, eta banekien Habanatik itzulia zela". Garai hartan Wendersek Kubako musikaz deus ez zekien arren, Cooderrek emandako Habanako saioetako zintek liluratu zuten, eta uhartera bidaiatzea onartu zuen, Buena Vista Social Club Presentes: Ibrahim Ferrerren grabazioa filmatzeko, kantariaren lehendabiziko bakarkako diskoa, 1998an.

Wendersek Digital Video formatu hobetu berrian filmatu zituen grabazio saioak, Robert Müller zinematografoaren laguntzarekin eta, ondoren, Buena Vista taldeko kide bakoitzarekin elkarrizketak filmatu zituen Habanako hainbat kokalekutan. Halaber, Wenders taldearen lehen emanaldia filmatzeko bertan izan zen, 1998ko apirilean Amsterdamen (bi gau) eta 1998ko uztailaren 1ean New Yorkeko Carnegie Hallen bigarren aldiz. Dokumentala bukatutakoan, 1999ko irailaren 17an estreinatu zen, eta kubatarren New Yorkeko eszenak biltzen zituen —haietako batzuk ez ziren sekula uhartetik irten—, dendetako erakusleihoei begira eta gune turistikoak bisitatzen. Sight & Sound aldizkariaren arabera, "atzerriko errugabeen" eszena horiek izan ziren filmaren unerik hunkigarrienak, Habanako eta New Yorkeko gizarteen arteko kontrasteak nabarmen geratzen baitira antzezleen aurpegietan. Ferrer, jatorri pobretukoa eta guztiz antikontsumista, hiria "eder"tzat jo zuen eta esperientziari sekulakoa iritzi. Filmaketa amaitutakoan, Wendersek pentsatu zuen filmak “ez zirudiela dokumental bat, egiazko pertsonaia iruditu zitzaidan”.

Filma arrakasta handikoa izan zen, 23.002.182 dolar estatubatuar eskuratu baitzituen mundu osoan. Kritikariek, oro har, eztitan hartu zuten kontakizuna eta, bereziki, musika, nahiz eta Roger Ebert AEBetako zinema kritikariaren eta Peter Curran Erresuma Batuko Zinema Institutuko zuzendariaren ustez, Wendersek denbora gehiegi eskaini zion Cooderri emanaldietan; eta muntaketak, elkarrizketak eta musika tartekatzen zituenak, eten egin zuen kanten jarraipena. Filma dokumental onenaren Oscar Sariaren izendapena jaso zuen 1999an. Dokumental onena irabazi zuen Europako Zinema Sarietan, eta beste hamazazpi gorespen nagusi jaso zituen nazioartean.

Zuzeneko emanaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eliades Ochoa gitarra-jotzaileak El Carretero kantatu zuen diskoan. Filmean, Ochoa kanta jotzen ageri da, trenbide huts baten ondoan paseatzen ari zela.

Buena Vista Social Clubeko film osoaren lehen emanaldiak, Cooder barne, Wendersek Amsterdamen eta New Yorken filmatu zituen. Nazioarteko beste saio batzuk eta telebistako agerraldiak laster segitu zuten, hainbat lerro-aldaketarekin. Ibrahim Ferrer eta Rubén González elkarrekin aritu ziren Los Angelesen 1998an, Alanis Morissette, Sean Combs eta Jennifer Lopez ikusleen artean zirela: Ferrerrek Mami me gustó kanta Lopez hispanoari eskaini zion.

Floridan —estatu hartan kubatar erbesteratu eta kubatar-estatubatuar komunitate handia bizi da—, filma estreinatutakoan, emanaldiak bakan egin ziren, giro politikoa zela kausa. 1990eko hamarkadaren amaieran, Gonzalo Rubalcaba jazzeko piano-jotzaile kubatarraren kontzertu bat ia istilu bihurtu zen, Kubako Gobernuaren aurkako manifestariek kontzertu-jotzaileei eraso egin eta listua bota zietenean. 1998an Buena Vistako musikariek Miami Beach-eko musika industriaren topaketa baterako jo zutenean, ehunka manifestari kanpoan kantatu zuten eta konbentzio zentroko aretoa une labur batez hustu zen, bonba mehatxu baten ondorioz. 1999an, Ferrerrek eta Ruben Gonzálezek bertan behera utzi behar izan zituzten Miamiko ikuskizunak, beren segurtasunerako beldurra argudiatuz, Los Van Van kubatarrek 4.000 manifestari erakarri baitzituzten aurreko ikuskizun batean, eta Compay Segundok Miamiko 1999ko emanaldi bat eten behar izan zuen, beste bonba-mehatxu baten ondorioz. AEBetan zehar ibiltzen direnean, kubatarrei egunerokoa soilik dagokie (garraioa eta ostatua) eta ez dezakete kontzertuen ordainetan deus kobra, AEBen bahimenduaren ondorioz. 2001ean Buena Vista Social Cluben emanaldi bat (Ibrahim Ferrerrekin) grabatu zuten Austinen PBSrako eta Austin City Limits katean eman zuten 2002an.

Buena Vista Social Clubeko musikariak mundu osoan zehar ibili dira Orquesta Buena Vista Social Club izenaz, eta jatorrizko sei kide hil arren, taldeak gainerako taldekide askorekin jo du, Barbarito Torres eta Guajiro Mirabal barne. Ry Cooderren gitarra zatiez Manuel Galbán arduratu zen —Los Zafiros ahots talde kubatarreko kide ohia zen—, Ibrahim Ferrerren bakarkako lehen diskoan jo zuena eta Cooderrekin eta Wim Wendersen filmean ageri dena. Londresen 2007an egindako emanaldi baten ondoren, The Independenteko ikuskatzaile batek taldea "musikaren negozioan anomalia bat dela" esan zuen, "bere forma aldakorragatik eta ez duelako inoiz aurrean pertsona definitzailerik izan", eta gehitu zuen: "Zaila da jakitea zer espero behar den talde bat bainoago, marka bat denetik"

Kultur eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fitxategi:Compay at the Hotel.jpg
Compay Segundo Habanako Hotel Nacional de Cuba hotelean entzuleei agur esaten. 2002ko urria
Jesús Aguaje Ramos eta haren tronboia Etxe Zurian: Orquesta Buena Vista Social Club bertan hartu zuten 2015ean.

Buena Vista Social Clubaren nazioarteko arrakastak Kubako musika tradizionalarekiko eta Latinoamerikako musika osoarekiko interesa berpiztea eragin zuen. Juan de Marcos musika-zuzendariaren iritziz, grabazioek "Kubako musikaren boterearen sinbolo gisa balio dute eta, neurri batean, Kubako musikak Latinoamerikako eta munduko musikan betidanik izan duen estatusa berreskuratzen lagundu dute"

1990eko hamarkadaren amaierako Kubako industria turistikoa haize alde ibiltzeak onura atera zion interesaren berpizkunde horri. The Economist aldizkariaren arabera, "Habana Zaharreko auzo turistikoetan batzuetan eman dezake gitarra duen kubatar oro atera dela Buena Vistak ezagun egin zituen kantak kantatzera. Liverpoolera joan eta kale kantoi guztietan The Beatlesen kantak kantatzen dituzten taldeak aurkituko bazenitu bezalakoa da". Buena Vistak kantatzen dituen kantuak, askotan, ez dira konposizio propioak: batzuk Kuban aspalditik ezagunak dira eta jendeak beti jo izan ditu kalean. Buena Vista giroa turisten erakargarri izan arren, nazioarteko musika entzuleek Buena Vista Social Clubaren berri zuten, kubatarrek beraiek baino gehiago. Hori ekoizpenaren izaera arrotzagatik, eta timba, songo eta uhartean beste musika forma modernoek duten nagusitasunagatik gertatu zen. Batzuek azaldu dutenez, Buena Vistak ez zuen Kubako entzuleriarengan eraginik izan, ez baitziren ezer berririk sortzen ari; kubatarrek ezagutzen dituzten eta urte luzez jo dituzten kanta berberak jotzen ari ziren, besterik ez.

Mari Marques kubatar-estatubatuarrak bira kulturalak egiten ditu Kubara, eta musikari tradizionalen nagusitasuna ez zela soilik Buena Vista Social Cluben ondorio izan dio. Haren ustez, Kuban musika batzuk erabat alboratu izanaren nozioa "AEBetako estaldura mediatikoak zabaldu zuen gehiegikeria erromantiko bat" da, eta errealitatea da son hirukoteak "nonahi" izan direla "uhartearen ekialdeko Santiago de Cuba bezalako hirietan". <i>Tumi Music</i> munduko musikako diskoetxe britainiarrak —de Marcosekin eta Cooderren aurretik taldeko musikari askorekin lan egin zuen— baieztatu zuen Kubak 50.000 musikari baino gehiago dituela, guztiak Buena Vistako partaideak bezain onak, eta batzuk haiek bezain zaharrak, "baina jende horrek ez du ia inoiz aukerarik bere talentuak kanpoko munduarekin partekatzeko". Diskoetxeak zera deitoratzen zuen: "Mendebaldeak benetako edozein arreta jarri eta produktua kontsumi zezan, Ry Cooder bezalako norbait behar zen lehenik onespen-zigilu bat emateko".

Erresuma Batuko Langileen Alderdi Sozialistako kide eta idazle marxista Mike Gonzalezen ustez, taldeak atzerako begirada eragin zuen "ametsek eta desioak bat egiten zuten leku denboragabe eta sentsualetara, musika eroso, iradokitzaile batean". Gonzalezek ziurtatu du gogora ekarritako aurak ez zuela "benetako Kuba" irudikatu 1959ko iraultzaren aurretik, ezta Kuba Aro Modernoan ere, baina Kubako Gobernua pozik zegoela industria turistikoagatik, "nahasmen horren fruituez gozatzeko". American Historical Reviewk iradoki zuen Buena Vista Social Cluben eszenaratzea 1950eko hamarkadako Habana gogoratzen duten AEBtako estatubatuar eta kubatar askoren sentimendu nostalgikoak eta idealistak elikatu zituela, baita Kubako kubatarrenak ere. Emaitza iraultza aurreko garaiari buruzko oroitzapena izan zen —Gerardo Machadoren politika nagusi 1920tik 1930erako hamarkadetan eta gero Fulgencio Batista jenerala 1959ra arte—, "jada ez dirudiena hain txarra".

Diskoaren izen bera duen eta taldearen historia eta interpreteak ardatz dituen egokitzapen musikal eszeniko bat Broadwayetik kanpo taularatu zen 2023an. Musikala Broadwayra joan zen 2025ean: Tony Sarirako hamar izendapen lortu zituen eta lau irabazi.[7][8]

Buena Vista Social Club diskoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Buena Vista Social Club (World Circuit/Nonesuch Ik., 1997ko irailaren 16a)
  • Buena Vista Social Club at Carnegie Hall (World Circuit/Nonesuch Records, 2008ko urriaren 14a, zuzeneko diskoa)
  • Lost and Found (World Circuit/Nonesuch Records, 2015eko martxoaren 23a) (aurretik argitaratu gabeko kanten bilduma)[9]
  • Buena Vista Social Club (25. urteurreneko edizioa)

Beste argitalpen batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakarkako albumak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko diskografiak Buena Vista Social Cluben lehen diskotik argitaratutako bakarkako diskoak biltzen ditu; musikari taldekideak ageri dira eta Buena Vista Social Club izendapenaren pean daudela uste da.

  • Rubén González
    • Introducing... Rubén González (World Circuit/Nonesuch Records, 1997ko irailaren 17a) – Orlando Cachaito López, Manuel El Guajiro Mirabal, Ry Cooder eta Manuel Galbán-ekin
    • Chanchullo (World Circuit/Nonesuch Records, 2000ko irailaren 17a) – Ibrahim Ferrer, Eliades Ochoa, Cheikh Lô, Amadito Valdés eta Joachim Cooderrekin
  • Barbarito Torres
    • Havana Cafe (Atlantic Records, 1999ko apirilaren 6a) – Manuel El Guajiro Mirabal, Ibrahim Ferrer, Pío Leyva eta Omara Portuondorekin
  • Ibrahim Ferrer
    • Buena Vista Social Club Presents Ibrahim Ferrer (World Circuit/Nonesuch Records, 1999ko ekainaren 8a) – Rubén González, Orlando Cachaito López, Ry Cooder, Manuel Galbánekin
    • Buenos Hermanos (World Circuit/Nonesuch Records, 2003ko martxoaren 18a) – Orlando Cachaito López, Ry Cooder eta Manuel Galbanekin
    • Mi Sueño (World Circuit/Nonesuch Records, 2007ko martxoaren 26a) – Orlando Cachaíto López, Manuel Galbán, Rubén González, Manuel Guajiro Mirabal, Omara Portuondo, Amadito Valdesekin
  • Eliades Ochoa
    • Sublime Illusion (Higher Octave, 1999ko ekainaren 29a) – Ry Cooderrekin
  • Omara Portuondo
    • Buena Vista Social Club Presents: Omara Portuondo (World Circuit/Nonesuch Records, 2000ko apirilaren 25a) – Pío Leyva, Rubén González, Orlando Cachaito Lopez, Eliades Ochoa, Compay Segundo eta Amadito Valdésekin
    • Flor de Amor (World Circuit/Nonesuch Records, 2004ko maiatzaren 25a) – Barbarito Torres, Orlando Cachaito López eta Manuel Galbánekin
  • Orlando Cachaíto López
    • Cachaito (World Circuit/Nonesuch Records, 2001eko maiatzaren 22a) – Juan de Marcos González, Amadito Valdés eta Ibrahim Ferrerrekin
  • Amadito Valdes
    • Bajando Gervasio (Primienta Records, 2002ko abenduaren 10a) – Barbarito Torresekin
  • Manuel Guajiro Mirabal
    • Buena Vista Social Club Presents: Manuel "Guajiro" Mirabal (World Circuit/Nonesuch Records, 2005eko urtarrilaren 4a) – Ibrahim Ferrer, Pío Leyva, Orlando Cachaito López, Omara Portuondo, Juan de Marcos González eta Manuel Galbánekin

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Archive-it Wayback. .
  2. (Gaztelaniaz) Lam, Rafael. (2015eko uztailak 3). «Buscando la sociedad Buena Vista Social Club» Granma.
  3. Quirk, Robert E. Fidel Castro. W. W. Norton & Company; New Ed edition (1995eko abuztua). 229. or. ISBN 0-393-31327-1
  4. Segal, Ronald. The Black diaspora, Noonday Press, 1999. 235. or. ISBN 0374524904
  5. Gott, Richard. Cuba, A New History. Yale Nota Bene; New Ed edition (2005eko azaroak 11). 174. or. ISBN 0-300-10411-1
  6. «Cuba : National Geographic World Music» Worldmusic.nationalgeographic.com 2002-10-17.
  7. «Buena Vista Social Club» Atlantictheater.org.
  8. «Clooney gets Tony nomination for Broadway debut» Bbc.co.uk.
  9. «Buena Vista Social Club's "Lost and Found," Collection of Previously Unreleased Tracks, Due March 23» Nonesuch Records 2015eko otsailak 3.

Bibliografia osagarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Wenders, Wim eta Wenders, Donata: Buena Vista Social Club: The Book of the Film. Wim Wenders, Donata Wenders. Thames & Hudson Ltd. (2000ko martxoa).
  • Roy, Maya: Cuban Music: From Son and Rumba to the Buena Vista Social Club and Timba Cubana. Wiener (Markus) Publishing Inc. (2002ko maiatza).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]