Buhame-argiak: esperpentoa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Buhame argiak» orritik birbideratua)

Buhame-argiak: esperpentoa
Datuak
IdazleaRamón María del Valle-Inclán
Argitaratze-data1920 eta 1924
GeneroaEsperpentoa
HerrialdeaEspainia
OCLC491343598

Buhame argiak (gaztelaniaz: 'Luces de bohemia') antzerki lan baten izenburua da, Ramon Maria Valle-Inclan idazleak argitaratuta, hasiera batean España astekarian 1920ko uztailetik urrira bitartean, eta ondoren, 1924 urtean, behin-betiko bertsioa, berraztertuta eta hiru eszena gehituta. Horrela, hamabi atal izatetik hamabost izatera pasa zen. Parisen taularatu zen lehenengo aldiz 1963 urtean eta Espainian 1970ean. [1].

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan honek poeta baten bizitzaren azken orduak jasotzen ditu; adineko idazlea, pobre eta itsua, denek ahaztu dutena. Narrazioan, poeta -arazo ekonomikoak jota- etxetik ateratzen da emaztea eta alaba bertan utzita, zor dioten sos batzuk kobratzeko asmoz. Irtendakoan, gaupasa egin, mozkortu eta ibilbidean, bazterreko Madril dekadente eta ilun batean, orduko Espainiaren endekapena azaltzen du, ustelkeria eta jende apalarekiko mespretxua, langileen borroka eta poliziaren errepresioa. Bukaeran heriotzarekin egingo du topo etxeko atarian, non belategia egingo zaion, eta lurperatu ondoren, idazlea eta heriotzaren inguruko solasaldiak irudikatzen bukatuko da lana.

Pertsonai nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Max: antzerki-lanaren protagonista, idazle bohemioa da; pobre eta itsua. Istorioak bere azken gaua kontatzen digu, Madril zeharkatzen bere lagun eta agentearekin, Don Latino. Deskribatzean, besteak beste, kexa, duintasuna, lotsa, bere buruarekiko erdipurdikotasunaren kontzientzia mingotsa, sakontasuna eta gizartearekiko haserre handia aipatu izan dira. Paralelismo handia topatu da protagonista eta Alejandro Sawa poetaren artean, egilearen laguna, andre frantses batekin ezkondua, alaba baten aita eta bizitzaren bukaeran itsua ere, hamaika urte lehenago hil zena.[2].
  • Madama Collet, emaztea, frantses jatorrizkoa, zendutako Alejandro Sawa poetarena bezala
  • Klaudinatxo bien alaba.
  • Don Latino asma kronikoa jasaten duen agurea, lotsabako, lapurra eta zinikoa
  • Rubén Darío idazlearen fikziozko bertsioa
  • Bradomín markesa. Valle-Inclanen beste lan batzuen protagonista (Sonatas) eta pertsonaia errepikakorra, nolabait egilearen beraren 'alter-ego' gisa hartua izan dena
  • Pica Lagartos. Madrilgo taberna baten jabe, orduko Montera kalean kokatuta.
  • La Pisa Bien. Enriqueta "La Pisa Bien" gizarte behe-mailako neska gaztea, begibakarra, ezjakina eta giro marjinalaren adibide
  • Ministroa. Max, polizien tratu txarrak jasan odnoren harengana doa, konponbide eta zigorraren bila, baina azkenean, diruarekin moldatzen da (ministroak poliziaren fondotik aterako duen diruarekin hain zuzen), beharbada Raúl Méndez-Villamil politikoak inspiratua
  • Zaratustra. Kontseiluen karelean legokeen liburudenda batean kokatzen du pertsonaia, iruzurgile eta gizon zitala balitz bezala irudikatzen du liburu saltzailea. Itxuraz, zomorro antzeko gizon konkorduna, urdai zaharkituaren aurpegia, txotxongilo itxura ematen zaio eta animaliez inguratua bizi da
  • Don Gay Peregrino. Gizon luze, mehe eta beltzaran bat da. Kubako boluntario ohien uniformez jantzita doa, oinetan ibiltarien abarketa irekiak dauzka eta buruan ingeles boneta bat; bere bizitza ibiltariaren kronika idatzi du gaztelania zaharkituan; eta bere azken lanari ekin dio, zehazki, Errege-Liburutegian Palmerín de Constantinopla, dagoen ale bakarra kopiatzea
  • Basilio Soulinake. Balizko katalepsia diagnostikoa proposatzen duen medikua, berez, Ernesto Bark idazlearen fikziozko pertsonaia [3].
  • Parnaso Modernistaren epigonoak, Dorio de Gádex, Clarinito eta Pérez, 'El Popular-eko erredaktorak , Rafael de los Vélez, Lucio Vero, Mínguez, Gálvez,

Beste pertsonai askok (eta animaliak ere) osatzen dute galeria: Lunares, Atso makilatua, ama, atezainak, ehorzleak, tabernariak

Euskaratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anastasio Esnaola Garmendiak euskaratu zuen Buhame-argiak: Esperpentoa izenburupean eta argitaratua izan zen Ibaizabal argitaletxearen eskutik, 2001 urtean.

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkigintza zaharkituaren aurrean, antzerki-lan hau garaiko gizartera egokitutako berrikuntza handia izan zen. Gainera, aparteko azpi-genero berria sortu zuen Valle-Inclanek, Anastasio Esnaola itzultzailearen hitzetan, azpi-genero bat aplikatu zuen lan honetarako, Esperpentoa. Gai sozialak alderdi edo ikuspuntu irrigarritik hartuta plazaratzea lortu zuen horrekin egileak. [4]. Izan ere, Max Estrella protagonistaren ahotan terminoa eta horren ezaugarriak jarri zituen: Heroi klasikoek, ispilu konkaboetan islaturik, Esperpentoa ematen dute. Espainiako bizitzaren zentzu tragikoa, sistematikoki desitxuratutako estetikaz bakarrik eman daiteke.` obraren hamabigarren agerraldian.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Estrenaldia Parisko Palais de Chaillot antzerkian izan zen George Wilsonen zuzendaritzapean eta zazpi urte beranduago Valentziako Antzerki Printzipalean, Lope de Vega antzerki konpainiaren eskutik, José Tamayo Rivasek zuzenduta. Pedraza eta Rodríguez 2001, orr. 719.
  2. (Gaztelaniaz)Gabriele, John P. (1992). Suma valleinclaniana. Anthropos Editorial. ISBN 84-7658-371-0. orr. 43 (Google Books)
  3. (Gaztelaniaz)Dolores Thion Soriano-Mollá (2016).-Itinerario periodístico de Ernesto Bark, aquel Soulinake valleinclanesco [1] (kontsulta data 2018-11-8)
  4. Anastasio Esnaola (2001): Buhame argiak : Esperpentoa Ibaizabal arg. Hitzaurrean

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]