Buskando

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Buskando
Buskando Urbiltegia Ulia Donostia Lumina Nocte.jpg
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Donostia
Koordenatuak 43° 19′ 20″ N, 1° 57′ 10″ W / 43.32211°N,1.95291°W / 43.32211; -1.95291Koordenatuak: 43° 19′ 20″ N, 1° 57′ 10″ W / 43.32211°N,1.95291°W / 43.32211; -1.95291
Historia eta erabilera
Irekiera 1899
Arkitektura
Arkitektoa Jose Goikoa
Marcelo Sarasola

Buskando ur-biltegia Donostian dago Ulia auzoan. Gipuzkoako hiriburua urez hornitzen zuen. 1899an hasi zen erabiltzen eta 1982ra arte erabili izan zen. Orain ez da erabiltzen, baina bera eta ondoan dagoen Soroborda biltegia ondo kontserbatuta daude. Bere atzean zegoen baserri baten izena hartu zuen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako historia osoan eraiki ziren lehen ur-biltegiak Ulian daude. Ordura arte hiria moldatzen zen Morlanseko eta Uliako iturriekin, baina populazioa asko handitu zenean... ur beharra ere bai. Soroborda biltegia 1869an jarri zuten martxan (7.000 m3) eta handik 30 urtera handiagoa zen Buskando biltegi berria eraiki behar izan zuten (10.000 m3).

Soroborda, lehen biltegia izan zena, Ulia mendira igotzeko errepideko lehen errebueltatik gertu dagoena, planta karratukoa da, guztiz dago lur azpian eta ez du bisitaririk onartzen sartzea nahiko zaila delako.

Buskando biltegia, aldiz, berriagoa da, askoz zabalagoa, eta sarrera errazagoa dauka, hasieran bi nabeak banatzen dituen pasabide batetik pasata eta gero eskailera batetik jaitsita. Hasieran irekia zen, baina geroago harri landuzko hainbat arku eraiki zuten sabaiari eusteko. Arku guzti horiekin barruan gaudenean katedraltxo batean gaudela dirudi. Ez dago lurpean, albo bateko horma bat parkeko bidearen parean dago, eta leihoak ere baditu goiko aldean.

1893ko apirilaren 13ko udal bilera batean, Donostiako Uren Batzordearen txosten batek ur-biltegi berri bat eraikitzeko beharra aurkezten du: "ura sobran dagoen egunetan ura jaso dezan eta behar den neurrian erabil dadin, eta ez errepikatzeko aurreko udan gertatu ziren estutasunak."[1] 1894ko ekainaren 12an, kontratistak lanak bukatu direla iragartzen du. 1899ko irailaren 4an, jakinarazten da ur-biltegiak estaltzea komeni dela: "Agerian daudenez eguraldiaren gorabeheren mendean aireko lohitasunek ukitzen dituztelako." [1] 1900eko apirilaren 7an bukatu ziren estaltzeko lanak. Baina Donostia 1900ean 38.000 biztanle izatera heldu zen eta handik gutxira Txoritokietako ura ere ekarri behar izan zen Buskando biltegiraino. Geroago beste urtegirekin batera (Añarbe eta Artikutza) 1982ra arte erabili izan zen. Orain ez da erabiltzen, baina ondo kontserbatuta dago. Añarbe eta Artikutzako urak erabiltzen dira orain Donostian.

Hiria uraz hornitzeko beharra beti egon da lotuta biztanleriaren hazkuntzarekin. Buskando ur-biltegia 1982an itxi zen arte Donostia hirira ura eramateko egin ziren urratsak eta une horietako bakoitzean zein zen biztanleria ikus daitezke taula honetan:[1]

Urtea Uraren jatorri berria Donostiako biztanle kopurua Ur horiek Buskandora zetozen?
1566 Olarain (ez zen lortu) 6.000 Ez
1609 Morlans 8.000 Ez
1850 Lapazandegi (Uliako hegoaldean) 10.000 Ez
1850 Moneda baserria (Uliako hegoaldean, Bidebieta) 10.000 Bai
1864 Errotazar (Uliako itsasaldean) 14.600 Bai
1879 Ingelesen iturria (Uliako itsasaldean) 19.232 Bai
1884 Txoritokieta 20.823 Bai
1893 Olarain (Antigua) 32.609 Ez
1899 Añarbe 32.600 Ez
1902 Artikutza 37.703 Ez
1960 Artikutza 135.000 Ez
1976 Añarbe 172.000 Ez

Eraikuntzaren deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen fase batean biltegi inguruko hormak egin zituzten eta 2. fasean (4-5 urte geroago) gaur egungo kubierta gangazdunarekin estali zuten. Bi fasetan egina izateak hasieran onartu zen proiektuari aldaketa txikiak ekarri zizkion, Soroborda biltegia bezala estaltzeko asmoa zeukaten eta.

Kanpotik ikusita biltegi hauek badute monumentu itxura. Kanpoko perimetroa pareta kareztatu bat da, bao-serie bat daukana. Tximiniarik ez dagoenez leiho moduko horiek barruko espazioko aireztapena bermatzen dute.

Bi gorputzetako eskailera bikoitz batetik igotzen da etxola txiki batera, biltegiko barrualdera sartzeko atea dena. Etxola hau hasieran zurezkoa zen, zeramikazko teilekin estalia eta atean oroitzapenezko inskripzio bat zeukan, baina zementuzko beste batek ordezkatu zuen hasierakoa hondatu zenean. Bi eskailera-atal daude biltegiko alde bakoitzeko zolarriraino jaisteko, eskailera biak berdinak eta babeseko burdin hesirik gabekoak.

Giltza-kamera (edo erregistroa) zolarriaren kotan dago eta sarbide independente bat dauka kanpotik. Eraikinaren lehen fasean egin zuten kamera hori gainezkabideekin eta piezometroekin, nahiz eta gaur egun geratzen diren hondarrak urriak diren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Muñoz Echabeguren, Fermin. El agua potable en la historia de San Sebastián = Edateko ura Donostiako historian. Donostia: Añarbeko Urak, 2003 http://katalogoa.donostiakultura.com/Record/112621

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]