Irudiaren azalpena: 1.- T linfozitoak gaixoaren odoletik ateratzen dira. 2.- T linfozito horiei, ingeniaritza genetikoaren bidez, antigeno hartzaile kimerikoa kodetzen duen genea txertatzen zaie. 3.- T linfozitoek antigeno hartzaile kimerikoak sortzen dituzte, haien azalean pilatzen direnak. 4.- Genetikoki eraldatutako T linfozitoak laborategian ugaltzen dira. 5.- Gaixoarengan injektatzen dira
CAR-T zelulak ("chimerich antigen receptor-T", ingelesezko sigletan; antigeno hartzaile kimerikoa-T, euskaraz) laborategian genetikoki eraldatutako T linfozitoak dira, immunoterapian batez ere erabiltzen direnak minbizi mota batzuei aurre egiteko [1]. Antigeno hartzaile kimerikoak proteina hartzaileak dira, genetikoki eraldatutako T linfozitoek sortzen dituztenak (eta haien azalean daudenak), zelula minbizidunak ezagutu eta suntsitzen dituztenak [2]. Tumore motaren arabera, antigeno hartzaile kimeriko baten edo bestearen ekoizpena induzituko da.
Antigeno hartzaile kimerikoen funtzioa bikoitza da: zelula minbizidunei lotzen da, alde batetik (zelula horiek dituzten azaleko antigenoekin konbinatzen baitira) eta T linfozito eramaileak ere aktibatzen dituzte, hauek modu eraginkorragoan zelula tumoralak suntsi ditzaten.
Minbiziaren aurkako immunoterapian, zientzialariek gaixoaren T linfozitoak jasotzen dituzte (odoletik), laborategian eraldatzen dituzte (aldaketa genetikoen bidez T linfozitoek antigeno hartzaile kimeriko espezifikoak sor ditzaten), eta eraldatutako zelula horiek (CAR-T zelula berriak) gaixoarengan injektatzen dituzte berriz, zelula minbizidunak suntsi ditzaten [3]. Prozedura ziurragoa izateko, CAR-T zelulak zelula tumoraletan soilik dauden antigenoekin lotzeko diseinatzen dira, gaixoaren zelula osasuntsuak kaltetu ez ditzaten.
CAR-T zelulak abangoardiako sendagaien belaunaldi berritzaile bat ordezkatzen dute, eta minbiziaren aurka erabiltzen den immunoterapiaren tresna itxaropentsuena dira, antigorputz monoklonalekin batera.
1980ko hamarkadaren bukaeran Zelig Eshhar immunologo israeldarrak eta bere taldeak immunoterapiaren arloan jauzi garrantzitsu bat eman zuten, lehenengo CAR-T zelulak sortu zituztenean. Garai berean, Japoniako beste talde batek, Yoshihisa Kuwanak zuzendua, antzeko emaitzak lortu zituen Tokion.
2017ra arte, halere, ez zen immunoterapia mota hau baimendu minbiziaren aurkako tratamenduak egiteko, hainbat leuzemiren aurka, AEB-etan.
Euskal Herrian, lehenengo tratamendu terapeutikoak CAR-T zelulekin 2022ko urrian hasi ziren [4]
Antigeno hartzaile kimerikoak dituzten T zelulek emaitza onak eman dituzte neoplasia hematologikoetan, leuzemia eta linfoma mota batzuekin, kasurako [5]. Odoleko beste minbizi batzuetarako ikerketa ugari egiten ari dira azken urteetan.
Tumore solidoen kasuan ikerketak ez daude hain aurreratuak. Orain arte ez da erraza izan CAR-T zelulak garraiatzea tumore solidoen erdigunera, kapsula porotsu biodegradarriak aukera bat baldin badira ere [6]. Ikerlariek lanean jarraitzen dute.
Immunoterapia mota honen beste aplikazio praktikoa gaixotasun autoimmuneen tratamendua da. CAR-T zelulek autoantigorputzak sortzen dituzten B linfozitoak suntsitzen dituzte, gaitz autoimmuneen kasuan onura nabarmenak ekar litzakeena. Lupus eritematosoaren kasu batzuetan arrakastaz erabili da immunoterapia hau, eta beste patologia autoimmuneentzat ere ikertzen ari da [7][8]Organoen transplanteetan ere erabil liteke.
CAR-T zelulen terapia garestia da, T linfozitoak genetikoki eraldatzeko prozesua oso korapilatsua delako. Bestalde, tratamenduaren albo-ondorioak ere kontuan hartzekoak dira: zitokina-ekaitzaren arriskua, adibidez.