Caacupéko Ama Birjina
Caacupéko Ama Birjina, Caacupéko Mirarien Ama Birjina edo Ka'akupeko Ama Birjina (guaranieraz: Tupãsy Ka'akupe eta gaztelaniaz: Virgen de Caacupé edo Virgen de los Milagros de Caacupé) Paraguaiko Caacupé udalerrian Sortzez Garbia gurtzen deneko deituretako bat da. Herrian bertan basilika katolikoa du, 1765eko abenduaren 8an irekia, eta Paraguaiko fededunen erromesaldi leku dena, herrialde osoko zaindaria dela-eta. Frantzisko aita santuak Caacupéko Ama Birjinaren santutegia baseliza txiki mailara goratu zuen Paraguaira egin zuen bisitan zehar eta ondorioz Paraguaiko bigarren baseliza txikia bihurtu zen. Delako dekretua 2015eko uztailaren 11ko meza amaitu eta gero irakurri zen.[1]
Izenaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Caacupé izena guaranierazko ka'a kupé hitzetatik dator, euskaraz belarraren atzean edo belardiaren atzean esan nahi duena. Ka'aguý hitzak mendi esan nahi du guaranieraz; ka'á hitzak, berriz, mate belarra.
Kondaira
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tobatí herrian, 1600. urtea aldera sortua eta gaur egungo Caacupé herritik hurbil dagoena, José izeneko eskultore guarani bat bizi zen, bertako frantziskotar misioak kristautua. Behin Ytu ibarreko oihanetik itzultzen ari zenean, esku artean oso kalitate oneko egur zati bat zeramala, espainiar eta portuges kolonizarioaren aurka borrokan ari ziren mbayá amerindiarrekin topo egin zuen. Josék hauek oso arriskutsutzat zituenez, Andre Mariari hitzeman zion hauek harrapatzen ez bazuten, Andre Mariaren irudia zizelkatu eta gurtuko zuela. Orduan, Ama Birjina agertu zitzaion eta guaranieraz honakoa esan zion: '¡Ka'aguý cupe-pe!' (euskaraz: '[zoaz] mate zuhaixken atzera!).
Lasterka eginez enbor lodi baten atzean ezkutatu zen. Une horretan hitzeman zuen baldin eta egoera hartatik bizirik irteten bazen, zuhaitz horren zurarekin Ama Birjinaren irudia landuko zuela. Mbayá amerindiarrek aurrera jarraitu zuten José bertan zegoela nabaritu gabe. José, esker onez, eskultura lantzeko beharrezko zura hartu zuen zuhaitzetik. Enborretik bi tailu egin zituen. Tailurik handiena Tobatíko elizara eman zion eta txikiena Josék gorde zuen berak gurtzeko.
Urte batzuk geroago Ypacaraí aintzirak eragindako uholde handiak inguruko herrixkak suntsitzeko arriskuan jarri zituen. Frantziskotar fraideek, eskualdeko biztanleekin batera, erreguteak egin zituzten uren baretzea eskatuz. Luis de Bolaños apaizak urak bedeinkatu zituen eta urak bere ohiko mailara itzuli ziren. Orduko hartan Ama Birjinaren irudia ur gainean agartu zen eta apaizek Tobatíko misiokoa zela esan zuten, hainbat urte lehenago Josék landu zuena. Harrezkero herriak Mirarien Ama Birjina esaten dio.
Amerindiar ezezagun batek bere familiarekin bertan ezarri zen eta otoizleku apal bat eraiki zuen. Urteak igaro ahala, haren inguruan herri bat sortu zen, Los Ytuenses izenekoa. 1765. urtea aldera, Caacupéko ibarra izenez ezaguna zen. 1770eko apirilaren 4a hartzen da Caacupé izeneko herriaren sortze-datatzat.
Jaieguna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtero abenduaren 8an Caacupéko Ama Birjinaren Eguna ospatzen du Paraguaik.[2] Andre Mariaren irudirik garrantzitsuena da paraguaitar katolikoentzat. Horregatik, Caacupéko Ama Birjina Paraguaiko Errepublikaren Andre Patroia eta Zaindaria da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Caacupé ya tiene basílica» ABC Color 2015eko uztailaren 11 (Noiz kontsultatua: 2018ko abuztuaren 8a).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Con emoción y mucha fe se recibe el día de la Virgen de Caacupé» ABC Color 2022-12-08 (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).[Betiko hautsitako esteka]