Agot

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cagot» orritik birbideratua)
XX. mendearen hasieran agote gutxiengo pertsoneei Bozaten ateratako argazkien collagea.

Agot deitura Nafarroa Garaiko Erronkari eta Baztan eskualdeetako eremu baztertuetako biztanle jakin batzuek jasotzen zuten. Harria eta zura, eta geroago burdina ere lantzen zuten artisauak izan ohi ziren. Mendeetan zehar bazterketa sozioekonomikoa pairatu zuten. Haien existentzia Erdi Arotik ezagutzen da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agot hitza godoren eratorri bat dela uste dute askok. Agian deitura hau okzitanierazko ca got, "zakur godo" adieratik eratorri da. Izenaren beste aldaera batzuk: cagot, cagote, gahet, gaffet (Gaskoinian), capot (Anjoun eta Languedocen), cacon, cahet, caqueux, caquins (Britainian), chrestia...[1]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agotek mendeetan zehar jatorri ezezaguna izateagatik, diskriminazioa jasan behar izan dute. Izenari begiratuta, autore askok agotak godo jatorrikoak izan daitezkeela proposatu dute, agian gudarosteren bateko desertoreak Euskal Herriko bailaretan errefuxiatu ziren eta bertako biztanleek gogo txarrez hartu zituzten, hortik denboran zehar pilatutako diskriminazioaren eta aurreiritzien jatorria. Beste teoria batek garai batean Frantziatik etorritako gaizkileak izan zirela dio, justiziatik ihesi legenarrean ezkutatu zirenak muga gurutzatu baino lehen. Legenarra zabaltzea agotei egiten zitzaien akusaziorik ohikoena zen.

Beste teoria batek dioenez, agotak eraikuntzaren lanbidearen inguruan eratutako taldea ziren: 950. urtean Okzitanian eraikuntzaren bi lankide taldeen artean liskarrak piztu ziren, harria lantzen zutenen eta zura lantzen zutenen artean, hain zuzen. Harria lantzen zuten lankide taldearen maisu bat hiltzean bi taldeen arteko guda hasi zen. Guda hau amaitzean, talde biek langile berriak hautatzean kontrako taldeko langileak hartzeari uko egiten zioten. Horiek horrela, bi lankide talde hauetatik at hirugarren talde bat eratu zen, kataroen doktrinarekin lotuta zegoena. Kataroek ez dute Jesukristoren jainkotasunean edota amabirjinaren birjintasunean sinisten, gainera elizaren aginpideek erakutsitako boterezalekeria eta diruzalekeria arbuiatzen dute eta sakramentuei uko egiten diete[2].

Okzitaniatik Biarnora, Gaskoniara, Bretainiaraino... eta Nafarroako Pirinioetara, Aragoira, Euskal Herriko hainbat herritara eta baita Asturiaseraino alde egin zuten.

Ikerketa genetikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Populazio honen jatorria argitzeko asmoz, ia milurte batez misterio bat izan dena, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Biologia Fakultateko talde batek, Antonio González-Martín irakasle titularrak eta Alicia Portela-Estevez doktoregoko ikasleak zuzenduta, ikerketa genetiko sakon bat egin du, orain arte haren jatorriari buruz zeuden hipotesi asko baztertzeko balio izan duena. Taldea 2020an joan zen Bozatera, bizilagunen DNA laginak jasotzeko.[3]

2003ko azaroan ikerketaren emaitzak aurkeztu ziren. Azterketan Ekialde Ertaineko, Afrika iparraldeko edo Europa iparraldeko biztanleekin inolako harremanik izatea baztertu ahal izan da. Aitzitik, ikerketak bere jatorri kataroaren teoria indartzen du, gaur egun Frantziako Estatua denaren hego-ekialdean bizi zen biztanleria kristauaren taldea. Agoten antzekotasun genetiko handienak Europako biztanleenak dira, eta, zehazkiago, Frantziako biztanleenak, % 19,2ko ekarpena egiten baitute. Zientzialarien arreta gehien erakarri duen datua Baztan ibarreko biztanleen ekarpen genetiko eskasarena da, ez baita % 9ra iristen, eta horrek agerian uzten du agotek mendeetan bizi izan duten isolamendua.[4]

Bazterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biarnoko Oloroeko katedraleko agotentzako ur bedeinkatuaren pila

Mendez mende herrietatik at bizitzera behartu zituzten, eta gainerako biztanleekin ezkontzea debekatu zietenez, horrek endogamia bultzatu zuen, eta haienganako arbuioa indartu. Agote bezala antzemanak izateko jantzi bereziak jantzi behar izaten zituzten, sarri bularrean antzara edota katu oinatz itxurako bereizgarri gorri bat eman behar zutelarik. Legenarra zabaltzen zuten ustea zabaldu zen eta leku askotan kanpaitxo bat jo behar izaten zuten, agot ez zirenek ihes egin ahal izan zezaten. Kutsadura ekiditeko neurri gisa iturri ezberdinetan edatera, ura hartzen edo ogia erretzen azkenengoak izatera, euren tresnak baino ez erabiltzera, eurek jan behar ez zuten jakirik ez ukitzera eta abarretara behartzen zituzten. Elizan koroaren, kanpandorrearen ala eskaileraren azpian baztertuta entzun behar zuten meza, maiz alboratutako ate txikiago batetik sartu behar zuten. Elizako lurrean marra bat zegoen (burdin hesia Arizkun herrian), aldarera igo ez zitezen. Beste bataiarri erabili behar zuten eta ur bedeinkatua beste pila batetik hartzen zuten. Euren eskaintzak gainontzeko herritarren oparietatik bereizita gordetzen ziren.

Bazterketaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1515ean Baionako, Iruñeko, Jakako, Akizeko, Oskako, Leskarreko eta Oloroeko elizbarrutietan zeuden agotek Leon X.a Aita Santuaren bulda bat ere eskatu eta jaso zuten, gainerako eliztar guztiei emandako tratu bera jaso zezaten behartzen zuena. Neurri honek eragin praktikorik izan ez zuenez, 1819 arte egon behar izan zuten bazterketarekin amaitzeko legeen zain. Nafarroako gorteetan Erdi Aroko lege diskriminatzaileak ezabatu zituzten eta geroago, agot guztiak Madril inguruko Baztan Berri izena izango zuen herri batera deportatzen saiatu ziren. Agote gehienek ez zituzten euren etxeak utzi edota gerora itzuli ziren. Denboran zehar, diskriminazioa eta agoten izatea bera desagertuz joan zen. Orain gutxira arte bazterketa hau indarrean egon den leku urrietako bat Arizkun herri nafarra da.

Agotak egondako denbora eta lekua ez ziren homogeneoak izan, herri batzuetatik desagertu eta beste batzuetan lekutu egin ziren mendeetan zehar. Bozate auzoan XVI. mendean agot asko zegoen, eta ondorengo mendeetan hirurehun eta bostehun biztanle artean ibili zen. Baigorri eskualde baxenafarrean ere nahikotxo egon ziren, eta XVIII. mendean biztanleen %10 izateraino heldu omen zitezkeen, baina hainbat parrokiatan ezberdin banatuta. Batzuetan ez dago euren arrastorik, beste batzuetan tartekakoa aipamenik agertzen dira edo etxe gutxi batzuk baino ez dira aipatzen, eta auzo batzuetan, Izpurako La Magdalenan edo Anhauzeko Zubitoan, adibidez, ehun bat baino gehiago zeuden.

Frantziako iraultzak integrazioaren aldeko hainbat gertaera ekarri zituen XIX. mendean zehar. Iraultzaren beraren ondorioz, agotek desegin ahal izan zituzten agot zirela aipatzen zuten dokumentuak. Gainerako auzokoekin batera multzo handitan sartu ziren armadan, eta horrek tratu-berdintasuna ekarri zuen, ordura arte izan ez zituzten aukerak, eta batzuek goi kargu militar nahiz administratiboak ere izan zituzten. Eskolara -laikoa eta bereizketarik egiten ez duena- derrigorrean ezarri zen, migrazio jarioak gertatu ziren Ameriketara zein hirietara, eta bertan lanbide berriak egiten hasi ziren: mediku, irakasle, mugazain etab. Ameriketatik itzuli zirenak Elizondo inguruan finkatu ziren dirutza eta guzti. Erregimen Zaharreko ekonomia desagertu zen heinean, lur komunalak saldu egin ziren, pribatizatu, eta auzo eskubideak desagertu ahala, bazterketa horren zentzua bertan behera geratu zen. Labur esanda, antzinako erregimeneko oinarri ekonomiko, sozial eta politikoak desegiten ziren neurrian, agot fenomenoa murriztuz joan zen, eta azkenean nekazaritza esparruko auzo edo familia jakinekiko susmoa baino ez zen geratu.

Hala ere, agoten aztarnak baditugu oraindik, endogamia dela eta, abizen gutxi batzuk ugari errepikatzen baitira; hala nola, Bidegain, Errotaberea, Zaldua eta Maistruarena adibidez. Arizkun herri nafarrean da, bertan garai batean agoten ghettoa izan zen Bozate izeneko auzoa dago gaur egun.

Arreau hirian agoten museoa ireki zuten (musée des Cagots), turismo bulegoa dagoen gazteluan [5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]