Calouste Gulbenkian Fundazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Egoitza Lisboan.

Calouste Gulbenkian Fundazioa (portugesez: Fundação Calouste Gulbenkian) zuzenbide pribatuko eta erabilpen publikoko erakunde portugaldarra da, Lisboan finkaturikoa, non haren helburuak Arte, Zientzia eta Hezkuntza arloak diren. Calouste Sarkis Gulbenkianen xedapenez sortua izan zen, (1869-1955) ingeniari eta enpresaburu armeniarra, Britainia Handian finkatuta zegoelarik. Petrolioaren sektorean sartuta, Ekialde Erdian sektore horren garapenean lehenekotarikoa izan zen.

50 urte baino gehiagoko bidea izanik, Calouste Gulbenkian Fundazioa, Europan garrantzitsuenetarikoa bilakatu da, jarduera asko egiten baititu Portugal mailan, bai eta atzerrian, beste entitate batzuekin elkarlanean. Fundazioak egoitza desberdinak ditu Paris eta Londresen, Calouste Gulbenkian bizi izan zen hirietan, hain zuzen ere. Lehen jardueretatik, 1950eko hamarkadan, Fundazioak lurraldearen oinarrizko beharrei erantzuten saiatu zen. Hala nola, hezkuntza eta arte alorretan, zientzia ikerketetan, kultur adierazpenean, edota osasun publikoan esku- hartzeak egin zituen. Geroago, lurraldearen garapen onuragarria eman zenez, Fundazioaren helburuak birdefinitu egin ziren: helburu horiek portugaldarrak edota lusofonoak soilik izateari utzi, eta gai orokor eta globalizatuagoetan fokatuko dira, hala nola, emigrazio, mugikortasun eta ingurumenean. Testuinguru honetan sortuko dira Programas Gulbenkian, bizi dugun gizartean erantzun berritzaileen bila.

Aurrekari historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugaldar arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugaldar arkitektura modernoaren historia 1900. urtean hasi zen. Gizarte, ekonomia eta kultura faktoreek, pentsamendu berrien sorrera zehaztuko dute, non arkitektura bera ondorio zuzena izango den. Arkitekturak dituen gizarte inplikazioak direla eta, argi dago aldaketaren faktoreetako bat izango dela. Ekonomia presiopean dagoen langileriaren sortzeak, Industria Iraultza dela eta, aldaketa handia sortu zuen nekazaritza eta abeltzaintza alorretan, non produzitzeko gai izan ez eta gune urbanoetara alde egin behar izan zuen populazioaren zati handi batek. Horrek, nukleo degradatuen handitzea ekarri zuen. Horrez gain, burgesiak indarra hartu zuen, eta proletalgoaren sorrera ere gehitu behar dugu.

Politikoki, talde honek hartu zuen indarra, mendeko lehen hamarkadetako protagonista bilakatuko da. Horrela, grebak, borrokak eta langile mugimenduaren presioa, garaiko testuinguru izango dira. Sindikatu eta langile taldeen garrantzi hartze honekin, 1902an Sociedade dos Arquitectos Portugueses sortuko da. Honek kontzientzia berria suposatzen du, eta lege berritzaileagoak sortzeko gogoa.[1]

Nazioarteko arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitektura Modernoa XX. mendeko 1920ko eta 1960ko hamarkaden artean sortutako arkitekturari erreferentzia egingo dioten mugimendu eta arkitektura eskolen multzoa da. Ez dago ideologia moderna bakarra, eta bere ezaugarriak jatorri desberdinetan aurki genezake, hala nola alemaniar Bauhausen, Frantzian Le Corbusierren, edota Frank LLoyd Wrighten Amerikan Estatu Batuetan.

Modernismoaren oinarrietako bat arkitektura berritzea zen, aurretik existitutako guztia ukatuaz. (Geroago oinarri horiek berrantolatuko dira pos-modernisten eskutik). Orokorrean, esango dugu bi adar daudela mugimendu modernoan: alde batetik, International Style, europar oinarria duena, eta bestalde Arkitektura organikoa, amerikar oinarria duena. Nahiz eta kasu berean ezaugarri desberdinak izango dituen, Modernismoak oinarri batzuk izan zituen, non arkitekto guztiek jarraitu zituzten. Ezaugarrietako bat, orain arte existitutako estiloa atzean uztea izan zen. Horrek ekarri zuen besteak beste espazio abstraktu, geometriko eta minimoen ikerketa. Beste ezaugarri bat industrializazio, ekonomia eta design nozio berriaren ideiak izan ziren.

Uste zen, arkitektoa gizakia biziko den ingurumenaren eraikitze egokiaren arduraduna zela. Hala, eraikinak ekonomikoak, garbiak eta erabilgarriak behar lukete. Ikus Congrès Internationaux d'Architecture Moderne (CIAM).

Fundazioaren egoitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioaren eraikinak berak, egoitza bertan duena, ulertze berri bat dakar, nazioartean ere bere lekua izango duena. Monumentaltasunaren ezaugarriez hitz egiten ari gara, non adierazteko modu berria dakarren. Sinboloen garrantzia, testuinguru kultural berria adierazteko gai izango dena. Esan beharra dago, Fundazioaren irudia bere arkitekturarekin lotuta dagoela: paisai urbanoa bezala antolaturiko espazioa, edo are gehiago, paisai kultural bat bailitzan, lorategi eta eraikin artean eraikitako paisaia baita. “Monumentaltasuna eta modernitatea ezkongai diren eskultura topografikoa”.

Portugalen, 1959. urtean, Calouste Gulbenkian Fundazioaren Egoitza eta Museorako lehiaketak eskala handiko arkitektura erronka zekarren: proiektatuko zen lekuaren aukeraketa ezinbestekoa izan zen helburu horretan, eraikin berri honek Lisboako hiriaren ito berria bilakatu behar baitzuen. Horrez gain, arkitektura obra berri honek Calouste Gulbenkianen nahia beteko zuen, hau da artea eta natura lotzea.[2]

Ezaugarri orokorrak: egoitza eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde irabazleak 20. hamarkadan jaiotako arkitektoak izango ditu bere barne, denak Lisboan aktiboki lanean, eta guzti horiek Mugimendu Modernoko arkitekturaren ezaugarriei men eginez: Ruy d’Athouguia Jervis, Pedro Cid, Alberto Pessoa, António Viana Barreto eta Gonçalo Ribeiro Telles.

Beraien proposamena oinarrian T itxurako bi gorputz dira, sarrera desberdinekin. Baina konplexutasun handiagoa izango du, aldi baterako erakusketa guneen bidez lotura egin nahi baita. Bestalde, museo eta liburutegiaren bolumena, bolumen handienarekin lotuta egongo da (gorputz horizontala), non administrazio gunea, zerbitzu gunea eta antzokia bertan izango dituen. Antzoki nagusia, hirugarren bolumen bat izango da, gainontzeko eraikinetik aparte azalduko dena, baina horregatik ez dio naturaren zati izateari utziko. Naturaltasun osoz lakuan sartuko da, non era berean lotura egingo duen anfiteatroarekin.

Beraz, dena bisualki lotuta geratuko da, eta lotura horretan asko lagunduko du materialen aukeraketak, batez ere leiho handien jokoak barru eta kanpoaren arteko lotura indartuko baitu. Material sinpleen aukeraketak eta beraien erabilera egokiak, natura eta ingurua errespetatuko du, eta zuhaitzen kokapen estrategikoak intimitateari lagunduko dio. Jada bertan zeuden zuhaitz zaharrenak proiektatzeko orduan erreferentzia izan ziren, jadanik existitzen zena eta berriaren arteko elkarrizketa indartuz.

Eraikinaren soiltasunak, diskrezioak eta adierazgarritasunak, lan honen modernotasunera bidea azpimarratzen dute: “arrazionalismo isila, brutalismoan bilakatua, eta organizismoaren bila”.[3]

Calouste Gulbenkianeko lorategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioko lorategiek aurreko hamarkadan egindako lana gogorra ixten du, non diseinu naturalistan oinarritutako paisai arkitekturari garrantzia emateko borrokatu zuten garaiko arkitektoek. Lurraldeko talde-lan bakarra, non arkitekturaren soluzioa, kokapena eta eraikinaren funtzionamendua biziki lotzen diren parkeari, barne eta kanpoko espazioei lotura jarraitua eman xedez. Betiere, harmonia eta orekaren alde eginez.

Espazio berde urbanoetan eraikitze teknika berriak ere erabiliko dituzte. Berrikuntza ez zen bakarrik eraikina gune berde batean integratzea, ez eta lorategi bat sortzea eraikinarentzat. Eraikin eta lorategiaren arteko erlazio berezia sortu nahi zen, eraikinaren bizitza naturalki kanpoko espazioetara luzatzeko, eta alderantziz. Gulbenkianeko lorategiak sentsibilitate estetiko berri baten erantzuna dira, eta paisaiaren sorreraren bidez arkitekturaren ezaugarriak hobetzeko seinale.

Lekuaren historiarekin lan egiten duen paisaia, materia eta ideiaren arteko lotura bizirik mantenduz. Azkenean, espazio berdearen funtzioa hiri berrian biztanleriaren osasun beharrei erantzuna ematea baldin bada, paisaia gizartearen interesen alde egiteko sortuko da.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Almeida, P. V. (1986). A charneira 1900. História da Arte em Portugal: A arquitectura moderna. Lisboa: Alfa. 9-23 orriak
  2. Fundação Calouste Gulbenkian. (2010). Calouste Sarkis Gulbenkian. O Homem e Sua Obra. Lisboa: Serviço das Comunidades das Americas.
  3. Tostões, A. (2006). A arquitectura como imagen Gulbenkian. Sede e Museu Gulbenkian. A arquitectura dos anos 60. Lisboa: Fundação Calouste Gulbenkian. 21-40 orriak
  4. Becker, A. (1998). Arquitectura do Século XX. Lisboa: Ministerio da Cultura.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Calouste Gulbenkian Fundazioa



Koordenatuak: 38° 44′ 14″ N, 9° 9′ 15″ W / 38.73722°N,9.15417°W / 38.73722; -9.15417