Maria Camino Oskoz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Camino Oscoz» orritik birbideratua)
Maria Camino Oskoz

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMaría Camino Andrea Oscoz Urriza
JaiotzaIruñea1910eko apirilaren 11
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaUbabako behatokia1936ko abuztuaren 10a (26 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmaisu/maistra
KidetzaNazioarteko Laguntza Gorria
Unión General de Trabajadores
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Alderdi Komunista

Maria Camino Andrea Oskoz Urriza (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1910eko apirilaren 11Urbasa, Nafarroa, 1936ko abuztuaren 10a) nafar maistra, alderdi komunistako idazkaria eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kidea izen zen.[oh 1] Frankoren estatu kolpearen aldekoek atxilo hartu, bortxatu eta hil ostean, gorpua Ubabako amildegian behera bota zuten.

Aitzindarien bidea. Iruñea

Jatorria eta lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santo Domingo kaleko 29. zenbakia, Iruñean. Etxe horretan jaio zen Camino Oskoz.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñean jaio zen Camino Oskoz, Santo Domingo kaleko 29. zenbakiko[1] etxean.[2][3][oh 2] Aita, ,Antonio Oskoz Casanova, ñdaLarraintzarren sortua zen, 1869an; urte berean jaio zen ama Anastasia Urrizar Torres, Iruñean. Bata eta bestea, langile soilak izan arren, irakurtzen eta idazten ikasiak ziren.

1901ean ezarri ziren Iruñean, Santo Domingo kaleko 29. atari hartan. Aitak urdaitegi bat ireki zuen etxearen azpian, eta, denborarekin, eraikina osorik familiarena izan zen. Amak seme-alaben zaintza eta etxearen gobernua zeuzkan ardura.

Senideetan gazteena zen Camino; bi ahizpa, Josefina (1900ean jaioa) eta Maria Pilar (1904an jaioa), eta anaia bat (Juan Antonio, 1907an jaioa) izan zituen. Guztiek pairatu zituzten faxisten errepresioaren ondorioak: Josefina baino ez zen gelditu Iruñean bizitzen; Maria Pilar Kanadara joan zen, Juan Antonio Frantziara, eta Camino hil egin zuten.[4]

Umezurtz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camino Oskozen gurasoak 1918ko gripe pandemiaren gaitzak erasota hil ziren, oso tarte laburrean: aita, 1918ko urriaren 30ean, Santo Domingo kaleko 29. zenbakiko etxean;[5] eta ama, berriz, azaroaren 12an, baina ez familiaren etxean, baizik Santo Domingo kaleko 25. atariko etxebizitza batean.[6][oh 3][7]

Familiaren etxearen gainean, laugarren solairuan, Caminoren izeba Paz Urriza bizi zenez, haren ardurapean atera ziren aurrera Camino Oskoz eta beste hiru anai-arrebak.[7]

Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezpeleta jauregiaren aitzindegia.

Santa Teresa Jesusena konpainiaren ikastetxean egin zituen batxilergoa eta maistra izateko ikasketak Camino Oskozek, Iruñeko Kale Nagusiko Ezpeleta jauregian, 1926-1930 bitarte.

Ikasle ona izan zen, emaitza bikainak edukitzen zituen beti. Hainbeste, ezen batxilergoaren ikasketa amaieran, ikaskideei hitzaldi bat egiteko izendatu baitzuten lekaimeek. Ulergarria da, leku eta garai hartan, hitzaldia erreferentzia erlijiosoz betea egotea, eta doinu hanpatu samarrean idatzia egotea, baina, aldi berean, tarteka ikusarazten du Camino Oskozen joera, irakaskuntzan aritzeko.[8][oh 4]

Errepublikako maistra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maistra Gorzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikak ezarri zituen erreformak iritsi aurretik, maisu edo maistra izateko ikasketak batxilergoaren luzapeneko erdi-mailako ikasketetan integraturik zeuden. Romanones liberalak 1901eko abuztuaren 17an emandako Errege Dekretu baten arabera, eskola maisu edo maistra izateko ikasketak (Espainian Eskola Normalak deitzen zirenak, alegia) Bigarren Hezkuntzako institutuen esku gelditu ziren. Horrek ahala eman zien, besteak beste, Eliza katolikoari lotutako ikastegiei maistra tituluak eman ahal izateko, Santa Teresa Jesusena konpainiaren ikastetxeei, adibidez.[9]

Horrela, behar ziren ikasketak amaiturik, Camino Oskoz 1930ean maistra lanetan hasi zen Zaraitzu ibarreko Gorza herrian.[10][oh 5]

Errepublikaren hezkuntza: irauli bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marcel·lí Domingo (1930).

Espainiako Bigarren Errepublikak sakoneko aldakuntzak egin zituen, hastapenetik, ordura arteko ikasketa planetan. Marcl·lí Domingo Irakaskuntza Publikoko ministro katalana izan zen hezkuntzaren eraberritzearen arduradun. Domingo 1931ko apirilean izendatua izan zen, Errepublikaren lehen gobernu probisionalean. Espainiako irakaskuntza sistemak aspaldidanik iltzaturik zituen ikuspegi zaharkitu eta atzerakoiak atzean uzteko erabakiak hartu zituen: besteak beste, gurutzeak ikasgeletatik kentzea eta erlijio katolikoaren irakaskuntza borondatezkoa bihurtzea, Katalunian hezkuntza elebiduna ezartzea eta eskola berriak eraikitzeko programa arnas handiko bat, batez ere hezkuntzarako aukera guztiak ukatuak zituzten herrixka eta auzoetara iritsi nahirik.[11]

Marcel·lí Domingok eragindako erreforma sakonak, batez ere lehen hezkuntzako eskolen zereginari zegokionez, ezinbesteko oinarria izan ziren Errepublikaren gobernuak, hurrengo urteetan, Institución Libre de Enseñanza erakundearen eraginez bultzatu zuen iraultza pedagogikoa sustatzeko.[12]

Ez da harritzekoa Camino Oskoz bezalako nortasun libre eta borrokalari batentzat erakargarri izatea hezkuntza munduak Errepublikaren lehen urteetan bizi zuen giro sortzaile eta berritzailea: gizartearen aurrerapena eta askapena lortzeko bidea zen Errepublikako irakaskuntza sistema.[13]

Hezkuntza hobetzeko borrokan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camino Oskozek 21 urte zituen Gorzan maistra lanetan hasi zenean.[oh 6] Herri txikia zen Gorza 1930ean, 280 biztanle zituena; ez zen bizibide erraza izango, emakume gazte aurrerazale batentzat, Pirinioetako herri txiki batean maistra izatea, hango negu luzeetan, herriko begiluze guztien jomuga izanda eta apaiz integrista baten jazarpenak etengabe pairatuta.[13]

Errepublikak funtsezko hutsune batzuei irtenbide argi eta azkarra bilatu nahi izan zien hezkuntzaren esparruan: landa inguruneko biztanle gehienen analfabetismoa; erlijioak ezartzen zuen itxitasun itogarria; eskolarik ez edukitzea landa inguruneko herri gehienetan; eta maisu-maistren prestakuntza eta baldintza ekonomiko deitoragarriak.

Egia da Camino Oskoz lehenagotik hasi zela maistra lanetan, Errepublikaren hezkuntza erreforma sakonaren aurretik, baina esan daiteke emakume gazte, independente, aurrerazale eta landa inguruneko herrixka bateko maistra zen heinean, Camino Oskozek hezur-mamitzen zuela Errepublikak eraiki nahi zuen emakume modernoaren eredua.[14]

Gorzako alkateari bidalitako gutunetan, Camino Oskozek ardura handia erakusten zuen, maistra jarduerak metodo eta material modernoekin aurrera eraman ahal izateko eskakizunak luzatzen baitzizkion udalari.[15]

«Pedagogia Astea»[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argi dago Nafarroa, oro har, lurralde zaila izan zela Errepublikaren berrikuntza pedagogikoa aise onartzeko. Eliza katolikoaren boterea, populazio zati handi baten analfabetismoa —batez ere, landa inguruneetan— eta ideologia karlista atzerakoiak nafar gizartean zeuzkan sustrai sakonak berrikuntza ororen aurkako faktore eragile indartsuak ziren, batik bat eskolaren eta irakaskuntzaren zereginei zegokienez.

Errepublikaren ikuspegia nafarren artean hedatzeko ahaleginen artean, nabarmendu behar da 1932ko irailaren 4tik 11ra bitarte Iruñean antolatutako Pedagogia Astea. Bultzatzaileen artean egon zen Mariano Saez Morilla[oh 7] zinegotzi sozialista, eta bertaratu ziren, besteak beste, Fernando de los Rios[oh 8] eta Rodolfo Llopis[oh 9]. Halako arrakasta izan zuen asteak, ezen saioak Gaiarre antzokian egin behar izan zituzten, parte hartu nahi zuten 750 bat maisu-maistrei leku egiteko.[16]

Jarduera politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko Laguntza Gorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Clara Zetkin, NLGren sortzaile eta burua.

Nazioarteko Laguntza Gorria (NLG) nazioarteko zerbitzu sozial bat izan zen, 1922an III. Internazional komunistak antolatua, Gurutze Gorriaren gisara lan egiteko, baina ideologia edo erlijio guztietatik libre. Europako preso komunisten aldeko lana egin zuen batez ere. Hiru emakume izan ziren sortzaile eta gidari: Clara Zetkin, Jelena Stásova eta Tina Modotti. 1947an desegin zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean.

Hiru emakume sortzaileen eredura, Camino Oskoz buru-belarri sartu zen NLGn, Asturiaseko 1934ko iraultza saioaren ondorioz preso hartutako militanteen aldeko elkartasuna antolatzera. Errepublikaren aldekoentzat lehentasunezko zeregin bat izan zen hori, kontuan izan behar baita San Kristobal gotorlekuan 1934an ezker militante asko zeudela preso.[17]

Asturiaseko iraultzaren porrotaren ostean, 900 bat preso iritsi ziren, multzoka, San Kristobal gotorlekura.[18] Horietatik, 200 bat Asturiasen preso hartutako ezkerreko militanteak ziren, baina baziren 130 bat nafar, 145 bat Bilbotik iritsitakoak eta 100 inguru Eibartik ekarri zituztenak.[19] Hurbileko presoen familiekiko elkartasuna antolatzeko beharra handia zen, noski, baina urruneko presoen kasuan are eta beharrezkoagoa. NLGk lan handia egin zuen, ez bakarrik presoentzako jantziak, jakiak eta beste eskuratzen edo banatzen, baizik presoen bakardadea puskatzen eta haien borrokaren arnasa iraunarazten.

Camino Oskozek 1935eko urtarrilaren 12an idatzitako gutuna.

Camino Oskoz oso inplikatua egon zen San Kristobal gotorlekuko presoen elkartasun ekintzetan. Horren lekuko dira 1935ean bere eskuz idatzitako bi gutun, Nafarroako Artxibo Orokorrean gordetzen direnak; jasotzaile ezezaguneko gutunetan ematen dituen azalpenetatik aise ondorioztatzen da Camino Oskozek maila handiko ardurak eduki zituela Nafarroako Nazioarteko Laguntza Gorriaren antolamenduan eta eginkizunetan.[20]

Alderdi komunista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko Laguntza Gorriko partaidetzarekin batera, Espainiako Alderdi Komunistako kide egin zen Camino Oskoz. Orduan alderdi txikia zen arren, ziurrenik Asturiaseko 1934ko iraultzan komunistek izandako jokabideak hauspotuta eta NLGren elkartasun zentzuak bultzatuta sartu zen. Gainera, gogoan izan behar da 1935ean lehen urratsak egin zirela ezkerreko alderdien eta errepublikaren aldekoen artean, 1936ko otsailaren 16an hauteskundeak irabazi zituen Fronte Popularra osatzeko. Urrats haietan, militante komunistek lan handia egin zuten.

Militantzia ireki eta nekaezina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Errepublika garaiko alderdi komunistak militante gutxi zituen Nafarroan, baina gehienak gazteak ziren, Camino Oskoz bera bezala, eta oso aktiboak.[21]

Alderdi komunistako eta NLGko kide izateaz gain, Emakume Abertzale Batzako erakundeko partaide ere izan zen Camino Oskoz.[22] Harrigarria gerta daiteke, bere bizitzan defendatu eta aldeztu zituen ideiak ez baitziren batere hurbil erakunde horrek zituen helburu ideologiko-politikoekin, hau da, «Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa» maitatzen zuten euskal emakume guztien batasuna lortzea eta Euzkadi osora zabaltzea.[23] Alabaina, Errepublika garaiko maistra gehienak EABko kide zirenez, tradizioen eta erlijioaren aurkako jarrera izanda ere, Camino Oskozek beharrezkoa ikusiko zuen bera ere partaide izatea.[24]

Nafarroako UGTren «Trabajadores» aldizkaria, 1936-01-25. Iturria: Iruñeko Udal Artxiboa, hemeroteka, signatura 19360125.

Beste horrenbeste esan daiteke militantzia sindikalari buruz: 1936ko urtarrilaren 25ean, Nafarroako Unión General de Trabajadores sindikatu sozialistako Trabajadores aldizkarian agertzen denez, «Maria Camino Oscoz, Gorzako maistrak» sindikatuko FETE Irakaskuntzako Langileen atalean sartzea eskatu zuen.[25]

Camino Oskozen aktibismo politiko eta sindikalaren ikuspegi ireki horrek erakusten du ez bakarrik beraren jokabide ausarta, baizik, orobat, Nafarroako errepublikanismoaren joera bateratzailea.[24]

Navarra, aldizkari argitaragabea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aktibismo ireki eta bateratzaile horri esker, Camino Oskoz bazen nor Iruñeko eta Nafarroako errepublikazaleen artean. Horrela ikusten dugu Navarra - Semanario de orientación popular aldizkariaren proiektuan, nafar errepublikano, sozialista eta komunista ezagunen artean ageri dela, aldizkariaren kolaboratzaile izateko.[26]

Aldizkaria ezin izan zuten kaleratu, azkenik, 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ondorioz.

Atxiloketa eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berehalako errepresioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gogoan izan behar da Nafarroan ez zela gerra fronterik izan Francoren agindupeko tropak Bigarren Errepublikaren aurkako estatu kolpea eman ondoren. Alabaina, Nafarroako indar tradizionalistak, batez ere miliziano erreketeak, berehala hasi ziren matxinadaren aldeko eta ezkerreko errepublikanoen aurkako errepresioa antolatzen. Uztailaren 18an bertan, Iruñeko Guardia Zibilaren komandante José Rodríguez-Medel erail zuen faxisten aldeko guardia zibil batek, eta errekete milizianoek Luis eta Vitorio Esparza gazte anarkistak erail zituzten Berriozarren.[27]

Matxinatuen buru egiten zuen Emilio Mola jeneralak honelaxe zioen, uztailaren 19an emandako isilpeko jarraibide batean:

« Izu giro bat sortu behar da, nagusitasun sentipen bat utzi behar dugu, eskrupulurik eta zalantzarik gabe ezabatuz guk bezala pentsatzen ez duen oro. Zirrara handi bat sortu behar dugu, Fronte Popularraren defendatzaile irekia edo isilpekoa den oro fusilatu egin behar da.[28] »

Emilio Mola, Isilpeko Jarraibidea 1936-07-19

Trabajadores aldizkariaren 1936ko uztailaren 18ko alea. Iturria: Iruñeko Udal Artxiboa, hemeroteka, signatura 19360718.

Faxisten errepresioak har zezakeen hedaduraren beldur baziren ere, Fronte Popularraren aldeko sektoreen aldetik indarkeriaren aurkako ahotsak altxatu ziren. Horrela, matxinada gertatu zen egun berean, uztailaren 18an, Tiburcio Otsakar sozialisten buruak «lasaitasuna, adorea eta zentzumena» eskatzen zizkien errepublikanoei:

« [...] langileok badakigu aise amaiaraziko genukeela egoera hau indarkeria erabiliko bagenu, baina ez dugu bide hori hartu behar, ezta hartu nahi ere, gure ideia humanisten aurka eta pertsonen errespetuaren aurka baitago. »

Tiburcio Otsakar, Trabajadores 1936-07-18


Marcelino Olaetxea Iruñeko apezpikuak matxinatuen estatu kolpea eta errepresioa babestu zituen, 1936ko abuztuaren 23an emandako idatzi batean: «Ordu historikoak bizi ditugu, Erlijioaren eta Aberriaren interes sakratuak erabakitzen ari dira [..] zibilizazioaren eta basakeriaren arteko liskarra»[29].

Hala, Francoren estatu kolpearen aldeko indarrek 3.400 bat pertsona erail zituzten Nafarroan, frankisten matxinadak eragindako gerrak iraun zuen bitartean.[30]

Camino Oskozek aukeraren bat izan zuen Frantziara erbesteratzeko, Sixto Torres Urrizar lehengusuak hala proposatuta, baina berak uko egin zion. Errepublikaren aldeko nafar askok bezala, ez zuen espero errepresioa hain basatia izatera iritsiko zenik.[31]

Atxilotzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camino Oskoz 1936ko uztailaren 31n hartu zuen atxilo talde falangista armatu batek eta iluntzeko 21:00etan eraman zuten Iruñeko espetxera.[oh 10]

Galo Vierge anarkista Caminorekin batera egon zen, uztailaren 31ko ilunabarrean, Iruñeko Orreaga kaleko poliziaren komisarian; honelaxe aitortu zizkion atxilotua izan zeneko uneak:[32]

« [...] Hogei bat urteko neskatxa polit baten ondoan eseri nintzen, maistra bat, San Kristobal mendian fusilatu zuten Tomas Aritzen andregaia [...] ahopeka azaldu zidan atxilotzea, falangista batzuek atxilotu eta haien kasernara eraman zuten, Navarreria kalean, eta han era guztietako tratu txarrak jaso zituen. Negarrari eutsi ezinik, ahots eten batekin esan zidan gero Izquierda Republicana-ko egoitzara eraman zutela, Gazteluko plazan, matxinadaren lehen egunetan falangistek errekisatua baitzen. Han, falangistez inguratuta, era guztietako laidoak pairatu behar izan zituen, alderdi komunistako kide izateagatik; irri eta irainen artean, errizino olioa edanarazi zioten. Gero eraman zuten komisariara [...] Gaueko bederatzietan, [...] agindua eman zuten eta espetxera eraman gintuzten [...] Han, sarreran, lekaime bat agertu zen eta barrura eraman zuen. »

—Galo Vierge. Los culpables, Pamplona 1936


Victoriano Juaristi gipuzkoar medikuaren lekukotza jaso zuen Pio Barojak, Camino Oskozen atxilotzeaz:[33]

« [...] Erronkariko Gorza herriko maistra baten kasua, Iruñeko neskatxa bat, bizkorra, komunista bihurtu zena [...] 1936an gutun batzuk idatzi zizkidan, antiklerikalismoz eta komunismoaren aldeko suhartasunez beterik [...] Maistra ausart eta adoretsu bat zen. Dirudienez, herriko apaizaren jazarpena pairatzen zuen [...] Atxilotu eta Iruñeko espetxera eraman zuten. Victoriano Juaristi, lehenbizi Irunen eta gero Iruñean mediku izandakoa, saiatu zen neskatoa salbatzen: gomendatu zion ez agertzeko harro, baizik damutzeko gogoaren itxura egin zezala, adeitsu ager zedila eta aitorpena egin zezala, bizia salbatzeko. Neskatoak erdeinuz baztertu zituen aholkuak [...] Egun batzuk geroago, karlistek kamioi batera sartu eta tiroz hil zuten, lurrera botata, errepidearen erdian. Gero, gorpua amildegi batetik behera jaurti zuten. »

—Pio Baroja (2005) Memorias. La Guerra Civil en la frontera


Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxilotu zutenetik 11 egun geroago, 1936ko abuztuaren 10ean, Camino Oskoz aske utzi zuten, Gobernu Zibilaren aginduz.[34] Jakina, errekete taldea zain zegoen Iruñeko espetxearen atarian: ibilgailu batean sartu eta Urbasarako bidean, errepidean geldituta, lurrera bota eta tiroz hil zuten. Gorpua Urbasaraino eramanda, Ubabako amildegian behera bota zuten.[35][36][oh 11]

Camino Oskoz erail eta gero, Nafarroako Hezkuntzako Goi Batzordeak —maisu-maistren depurazioa egiteko agintari frankistek eratutako erakundeak— depurazio espedientea zabaldu zion, 1936ko abuztuaren 28an.[37]

Heriotza erroldatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heriotzaren erregistroa gauzatzea ez zen berehala gertatu, fusilatu gehienen kasuan bezala. Camino Oskozen ahizpa zaharrena, Josefina bakarrik gelditua zen Iruñean. Pilar Kanadara ihes egina zegoen, eta Juan Antonio Frantziako erbestera.«Epez kanpoko heriotzaren erroldatzea» zen frankistek ezarri zuten eufemismoa, fusilatuta eraildakoen familiek egin beharreko tramitea izendatzeko; gehienetan, heriotzaren arrazoian «a consecuencia del Glorioso Alzamiento Nacional» idaztera behartzen zituzten.[38]

Josefina Oskozek 1940ko maiatzaren 11n hasi zuen Caminoren heriotza erregistratzeko tramitea. Lekuko gisa jardun zuten Martin Ciordia apaizak eta Fortunato Ataun Roncal txokolategile iruinxeme ezagunak;[39] aitorpenean biek adierazten zuten gorpua ikusia zutela, baina hura formalitate hutsa zen, Nafarroan fusilatutako kasu gehienetan gorpurik ez baitzuen inork ikusi, hiltzaileez gain. Baita ere, Bilboko apezpiku izan zen Antonio Añoverosek aitorpenean adierazten zuen Juan Mañeru apaizak eman zizkiola azken laguntzak Camino Oskozi.[38]

Horrela, Camino Oskozen heriotzaren egiaztagiria 1940ko ekainaren 8an erroldatu ahal izan zuen Josefina ahizpak.

Gorpua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camino Oskozen gorpua ez da agertu, nahiz Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketak egin dituen Urbasan, frankismoaren errepresioak eraildakoen gorpuak berreskuratu eta identifikatzeko.[40][41]

Memoriarako Nafarroako Institutuak Nafarroako Hobien Mapa eguneratu eta berritu zuen 2018an; mapan Sakanako eta Urbasako seina hobi ageri dira, tartean Camino Oskoz maistraren izena ere. [42]

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camino Oskozen omenezko galtzadarria.

Camino Oskozen erailketaren testuingurua eta xehetasunak Joseba Eceolazak bildu zituen, 2017an, Camino Oscoz y otras historias del 36 izenburuko liburuan.[43][oh 12]

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak eta beste elkarte batzuk Camino Oskozen oroimena bizirik iraunarazteko ekintza ugari egin izan dituzte. Horrela, 2018ko ekainaren 23an Camino Oscoz Urriza izeneko galtzadarri bat jarri zuten Iruñeko San Domingo kalean, Camino Oskoz jaio eta bizi izandako etxearen parean.[44]

Camino Oskozen omenez Gorzako eskolan plaka

Horrez gain, 2018ko abuztuaren 11n omenaldia egin zioten Camino Oskozi, irakasle aritu zen Gorza herrian. Plaka bat jarri zuten haren omenez eskolaren sarreran eta aurreskua dantzatu zuten.[45][46]

Iruñeko Udalak Lezkairu auzoko kale bati María Camino Oscoz Urriza izena eman zion, 2019ko apirilaren 11n emandako ebazpen baten bitartez.[47][48]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Camino Oskozen argazki ezagunena, artikulu honen goiburuan ageri dena, Jose Gallego argazkilariak egindakoa da, sinaduran ageri den bezala. Iruñean XX. mendean izandako argazkilari nagusietako bat izan zen. Haren funtsa Nafarroako Fototekan gordetzen da.
  2. Iruñeko Udal Artxiboaren agiriak 1910eko apirilaren 12an ematen du jaiotzaren data, ez apirilaren 11n. Alabaina, azken hori sinesgarriagoa da, Camino Oskozen heriotzaren egiaztagiria eskuratzeko aurkeztutako dokumentuetan data hori ageri baita.
  3. Dirudienez, adingaberik bizi ez zen eraikin batera eramana zuten Camino Oskozen ama, ez zezan haurrik kutsatu.
  4. Camino Oskozen batxilergo amaierako hitzaldiak ¡Adelante! ¡Adiós, mi Colegio! zeukan izenburua. Osorik jasotzen du Joseba Eceolazak (2017), liburuaren 1. eranskinean, 180-181. or.
  5. Ikasketa amaieran Camino Oskozek ikaskideei egin zien hitzaldiaren sinaduran «alumna normalista de 4º curso» ageri da. Normalista horrek adierazten du maistra izateko ikasketen ibilbidea egin zuela.
  6. Gorzan ostatu hartu zuen Agustin Iroz Iribarrenen etxean; lau seme-alabekin eta beraren anai batekin bizi izen. Ikus Joseba Eceolaza (2017), 37. or.
  7. Matxinatu frankistek 1936an eraildako nafarretarik bat izan zen Mariano Saez.
  8. Fernando de los Ríos Urruti (1879-1949) espainiar politikari, diplomatiko, legegile eta katedradun bat izan zen, Espainiako ideologia sozialistaren eragile nabarmenetako bat. Hekzuntza ministroa zen 1932an, Iruñeko Pedagogia Astea egin zenean.
  9. Rodolfo Llopis Ferrándiz (1895-1983) espainiar politikari sozialista eta pedagogo bat izan zen. Lehen Hezkuntzako zuzendaria zen Iruñeko Pedagogia Astea egin zenean.
  10. Joseba Eceolazak (2017, 70. or.) argitzen duenez, Camino Oskozen atxilotze unearen xehetasunak jakin ziren presoen mantentze kostuen zerrendatatik, garai hartan Diputazioak hartzen baitzuen bere gain kostu hori; uztailaren 31ko zerrendan ageri da Camino Oskoz, Iruñeko espetxean preso.
  11. Oraindik Errepublikaren aldeko jarrera erakusten zuen ABC egunkarian jaso zuten Oskozen erailketa. Ikus ABC hemeroteka 1936-09-29.
  12. Artikulu hau idazteko datuen eta dokumentuen iturri nagusia Joseba Eceolazaren Camino Oscoz y otras historias del 36 liburua izan da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2021-08-22).
  2. Iruñeko Udal Artxiboa, 1902-1912 jaiotakoen Erregistroa, hileko 36. zk.
  3. San Zernin elizako artxiboa, bataiatuak, 14, 269. or., 28. zk. [01]
  4. Joseba Eceolaza (2017), 34-36. or.
  5. Ikus Iruñeko Udal Artxiboa, 1918ko heriotzak, 246. zk.; Antonio Oskoz Casanova, Larraintzarkoa, ezkondua, 1918ko urriaren 30ean 21:00etan hil zen, 47 urte zituela, gripe infekzio baten ondorioz, Santo Domingo kaleko 29. atariko lehen solairuan.
  6. Ikus Iruñeko Udal Artxiboa, 1918ko heriotzak, azaroko 86. zk.; Anastasia Urrizar Torres 1918ko azaroaren 12an, 02:00etan hil zen, gripe bronkopneumonia baten ondorioz, Santo Domingo kaleko 25. atariko lehen solairuan.
  7. a b Joseba Eceolaza (2017), 36. or.
  8. Joseba Eceolaza (2017), 37. or.
  9. Ikus Teresa González Pérez (1994) «Trazos históricos sobre la formación de maestros» in Revista interuniversitaria de formación del profesorado, 21. zk., 175-198. or. ISSN 0213-8646.
  10. (Gaztelaniaz) «María Camino Andrea Oscoz Urreta, maestra republicana, comunista, asesinada por los franquistas el 10 de agosto de 1936 en Urbasa (Navarra)» Recuerda República, documento memoria 2018-04-30 (Noiz kontsultatua: 2021-08-23).
  11. Ikus Pedro Álvarez Lázaro (2002) Cien años de educación en España. En torno a la creación del Ministerio de Instrucción Pública y Bellas Artes. Fundación BBVA/Ministerio de Educación, Cultura y Deporte. ISBN 978-8436934296.
  12. Ikus Josep-Lluís Carod-Rovira (1990) Marcel·lí Domingo (Tarragona 1884-Tolosa 1939): de l'escola a la República. Tarragona, Edicions El Médol. ISBN 978-848654212X
  13. a b Joseba Eceolaza (2017), 39. or.
  14. Joseba Eceolaza (2017), 40. or.
  15. Joseba Eceolaza (2017), 38. or.
  16. Ikus Reyes Berruezo Albeniz (1991) Política educativa en Navarra 1931-1939.
  17. Joseba Eceolaza (2017), 52. or.
  18. Ikus Francisco Etxeberria, Koldo Pla, Elisa Querejeta (2014) El Fuerte de San Cristóbal en la memoria: de prisión a sanatorio penitenciario. Iruñea, Pamiela. ISBN 978-8476818404
  19. Ikus Begoña Zabala (2015) «Las fosas del Monte San Cristóbal. entrevista a Lourdes Herrasti y Fermín Ezkieta» in Viento Sur, 140. zk., 107-115. or. ISSN 1133-5637.
  20. Joseba Eceolaza (2017) 58-59. or.
  21. Ikus Manuel Ferrer, M. E. Anaut, J. Cía (1993) «Bases sociales de los partidos políticos en Navarra durante la Segunda República» in Príncipe de Viana. Anejo, 15. zk., 431-443. or. ISSN 1137-7054.
  22. Ikus Josu Chueca (1999) El nacionalismo vasco en Navarra (1931-1936). Leioa, Euskal Herriko Unibertsitatea. ISBN 978-8483731437.
  23. Ikus Laura Uruburu (1997) Emakume Abertzale Batza (1922-1936). Bidegileak bilduma, 9. zk. Gasteiz, Eusko Jaurlaritza. ISBN 978-8445712195.
  24. a b Joseba Eceolaza (2017), 60. or.
  25. Joseba Eceolaza (2017), 61. or. Ikus Iruñeko Udal Artxiboa, hemeroteka, signatura 19360125.
  26. Joseba Eceolaza (2017), 61. or.
  27. Joseba Eceolaza (2017), 63. or.
  28. Ikus Askoren artean Askoren artean. Altaffaylla, koord. (2018) Navarra 1936. De la esperanza al terror.
  29. Ikus Julian Casanova (2001). La Iglesia de Franco. Madrid, Temas de Hoy. ISBN 978-8484600807. 62. or.
  30. Ikus Askoren artean. Altaffaylla, koord. (2018) Navarra 1936. De la esperanza al terror.
  31. Joseba Eceolaza (2017), 70. or.
  32. Ikus Galo Vierge (2006) Los culpables. Pamplona 1936. Iruñea, Pamiela. ISBN 978-8476814970.
  33. Pio Baroja (2005) Memorias. La Guerra Civil en la frontera.
  34. Joseba Eceolaza (2017), 78. or.
  35. Joseba Eceolaza (2017), 79. or.
  36. (Gaztelaniaz) Oscoz Urriza, María Camino – Parque de la Memoria. (Noiz kontsultatua: 2020-03-03).
  37. Joseba Eceolaza (2017), 84. or.
  38. a b Joseba Eceolaza (2017), 128. or.
  39. (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Casa Ataun: regaliz, chocolate y txantxigorri desde 1898» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-02).
  40. Ikus, besteak beste, Lourdes Herrasti et al. (2015) «Exhumación, identificación y causa de muerte en 1936 de los restos humanos recuperados en la sima El Raso de Urbasa (Navarra)» in Munibe, 66. zk., 327-346. or. ISSN 1132-2217.
  41. Maia, Josu Jimenez. «Urbasako Pilatosen Balkoiko leize-zuloan, arkatz bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
  42. «Gobernuak hobien mapa berritu eta garatu du - Sakana» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-03).
  43. Ikus bibliografiaren atalean.
  44. (Gaztelaniaz) «Continuamos instalando adoquines en Pamplona» AFFNA36.ORG (Noiz kontsultatua: 2020-03-03).
  45. «Irakasle aritu zen herrian omenaldia egin diote Camino Oskozi 82 urteren ondoren - Nafarroa» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-03).
  46. Güesa homenajea a su maestra Camino. (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
  47. Press, Europa. (2019-04-11). «Lezkairu contará con una calle dedicada a María Camino Oscoz Urriza, maestra republicana, víctima de la Guerra Civil» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  48. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]