Carme Montoriol i Puig

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carme Montoriol i Puig
Carmen Montoriol Puig.png
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakCarme Montoriol i Puig
JaiotzaBartzelona1892ko ekainaren 25a
Herrialdea Espainia
HeriotzaBartzelona1966ko uztailaren 26a (74 urte)
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, itzultzailea, poeta eta antzerkigilea
Genero artistikoaolerkigintza
eleberria
antzerkia

Carme Montoriol i Puig[1] (Bartzelona, 1892ko ekainaren 25a[2] - 1966ko uztailaren 26a)[3] Kataluniako itzultzaile, narratzaile, poeta, dramagile eta piano-jotzailea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bartzelonan jaio zen, empordàr jatorriko familia burges batean. Aita Josep Montoriol i Tarres izan zen, Enric Montoriol i Tarrés pianistaren anaia, eta ama, Antònia Puig i Pujades. Biak ziren Figueresen jaioak.[4] Amaren neba Josep Puig i Pujades idazle eta politikaria izan zen.[5] Aitaren aldetik, Narcis Monturiol i Estarriol ingeniari eta intelektualaren ahaidea zen. Carme Montoriolek, Bartzelonan jaio eta bizi izan zen arren, figuerestar eta empordàrtzat zuen bere burua, behin baino gehiagotan adierazi zuen moduan.

Heziketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura handiko giroan hazi zen, eta hezkuntza sendoa jaso zuen. Txikitatik antzerkiarekiko lilura berezia izan zuen, eta hainbat emankizun familiar eta amateurretan parte hartu zuen. Irakurzaletasunak hizkuntzekiko interesa piztu zion: Pompeu Fabra hizkuntzalariak Institut d'Estudis Catalans (Kataluniako Ikasketen Institutua) erakunde akademikoan ematen zituen katalanezko lehen ikasturteetan parte hartu zuen. Katalan eta gaztelaniaz gain, bazekizkien frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera ere. Hizkuntza horiek jakiteak eta bereganatzen ari zen prestakuntza intelektual sendoak Europako pentsalari eta idazle handiak estimatzera eraman zuten, eta askotan haien idatziak itzultzera ere, itzulpena egitearen plazer hutsagatik.

Carme Montoriol prestakuntza intelektual handiko emakumea izan zen, piano-kontzertista, dramagilea, itzultzailea, nobelagilea eta poeta.

Musikari ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montoriolek Carles Gumersind Vidiella i Esteba musikagile eta piano-jotzaile katalanarekin ikasi zuen musika, eta, gero, musika-tresna perfekzionatu zuen Frank Marshall King piano irakaslearekin. Hogei urte inguru zituela, piano-kontzertista hasi zen, bakarlari gisa edo taldean, Lina Montoriol arrebarekin (biolina) eta Montserrat Cassadórekin (biolontxeloa) batera osaturiko hirukotean.[6] Kataluniako hainbat aretotan, horien artean Palau de la Música Catalana-n (Kataluniar Musikaren Jauregia) aritu zen —bakarrik edo hirukote horretan—, eta goraipamen handiak lortu zituen.[7][8] Aurora Beltrana biolin-jotzailearen laguntzaile ere izan zen biolontxelo eta pianoko sonatetan.[6][9]

Idazle lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carme Montoriolek literaturarekiko interesa ere izan zuen. Olerkigile gisa, 1920 inguruan idatzi zituen bere lehen poemak, batzuk jendaurrean irakurriak edo garaiko aldizkarietan argitaratuak. Zenbait kritikok, Alexandre Planak, adibidez, Carmeren lana bikain baloratu bazuten ere, eta ekitaldi publikoetako ahozko irakurketen edo prentsako argitalpenen bidez ezaguna izan arren, ez zuen inoiz bere poesia liburu batean bildu.[10]

1927. urtean prentsan kolaboratzen hasi zen, bere idatziak hainbat aldizkaritan argitaratuz: La Veu de Catalunya, Terrassako El Día, La Nova Revista, Badalonako Joia, eta Manresako Ciutat-en, adibidez. 1930etik aurrera Mirador eta La Revista aldizkarietan idatzi zuen, 1931 arte lehenengoan eta 1935era arte bigarrenean. 1931n kolaborazio batzuk egin zituen La Dona Catalana eta Evolució argitalpenetan, eta 1932an La Nau-n. 1935. urtean La Publicitat-n idatzi zuen, non Impressions de Sicilia atal finkoa ere izan zuen, eta D'Ací i d'Allà-n. 1936 La Rambla-nEl fet de la setmana atala— eta La Humana-n ere kolaboratu zuen.

Carme Montoriol Katalunian antzerkia idaztzi zuen lehen emakumeetako bat izan zen. Bere antzerki lanei ausartak irizten zitzaien, baina berehala lortu zuen ospea kritikaren eta publikoaren artean. Lehen antzezlana, L'abisme (Amildegia), hiru ekitaldiko komedia dramatikoa, 1930eko urtarrilaren 20an estreinatu zuen Bartzelonako 'Teatre Novedades' antzokian. Obra horretan gizon berarekin maiteminduta dauden ama eta alaba biren arteko liskarra antzezten da. Kritikaren arabera "bere lana denboraldi hartan estreinatu zen kalitate handienekoa izan zen. Anbizio handiko arazo bat planteatzen zuen eta soiltasun eredugarriarekin konpondu zuen".[11] 1934ko urtarrilaren 25ean, L'huracà (urakana) antzezlana estreinatu zuen Bartzelonako Poliorama Antzokian. Lan horretan, semeaz maiteminduta zegoen alargun gazte eta erakargarri baten sentimenduetan murgildu zen. 1936. urtean bi antzerki-lan estreinatu zituen. Lehenengoa, Avaricia (Lukurreria), gurasoen eta seme-alaben arteko maitasunari buruzko komedia dramatikoa da, eta Teatre Novedades-en antzeztu zen.[12] Bigarrena, Tempesta esvaïda (Baretutako ekaitza), marinel-bizimoduan girotutako komedia bat da. Joaquim Serra i Corominas musikagile eta piano-jotzaile katalanak musikatu zuen eta Bartzelonako Teatre Nou-n estreinatu zen.[13] Azken hori izan ezik, lan guztiak Millà liburudendako hamabost egunez behingo «Cataluña Teatral» bilduman ageri dira argitaratuta. Ibsenen dramek eta teoria freudiarrek eragin nabarmena izan zuten Montoriolen sorkuntza-lan guztietan. Egilea pertsonaien introspekzio psikologikoan murgiltzen zen, eta barne-eztabaida morala eta hezkuntza sentimentala planteatzen zituen. Alde horretatik, Carme Montoriolek jorratu zituen gai ez konbentzionalak, deserosoak eta ausartak —bi aldiz ausartak, emakume batek planteatzen baitzituen— eta hizkuntza moderno eta kultua erabiltzeak ekarpen handia egin zioten Katalunian, garai hartan, antzerkia berritzeko egin zen ahaleginari.[14]

1930ean bere eleberri bakarra argitaratu zuen, Teresa o la vida amorosa d'una dona (Teresa edo emakume baten amodio-bizitza, Figueres hirian girotua. Bertan, emakume ezkondu baten zalantza moralak eta bere eguneroko bizitzaren asperdura azaltzen dira.[14][15] Ipuinak ere argitaratu zituen La Veu de Catalunya-nEls contes de la Veu (La Veu-ko ipuinak)–[16] eta Mirador aldizkarian.[17] 1936an Diumenge de Juliol (Uztaileko igande bat) kontaketa laburra argitaratu zuen.

Itzultzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1928an katalanera itzulitako Shakespeareren sonetoak argitaratu zituen, bertsoz eta jatorrizko egitura errespetatuz. Itzulpenak, Pompeu Fabrari eskainiak, zalaparta handia eragin zuen Kataluniako intelektualen artean, eginiko lanaren kalitate handiak harrituta utzi baitzituen: «Shakespeareren obra honekin maiteminduta nengoelarik, katalanera transkribatu nituen, nire gozamenerako baino ez, Sonetoetako batzuk, oraindik ere itzuli gabe zeudenen artean aukeratuak. Egun batean, hogeita hamar urte nituenean, Kataluniako Ikasketen Institutuan, Pompeu Fabra maisu estimatuari irakurri nizkion, eta hark, onberatasun hutsez, ez zien eskasegiak iritzi nahi izan, eta itzulpenarekin jarraitzera bultzatu ninduen, obra osoa amaitu artean lana ez uzteko helburu finkoarekin. Ataza luzea eta zaila zen, eta aitortu behar dut askotan indarge sentitu nintzela eta ezingo nuela amaitu pentsatu nuela».[18][19]

1930ean Shakespeareren Cymbeline antzezlana itzuli zuen, eta hurrengo urtean Maurice Baringen Daphne Adeane eleberria.[14] 1935. urtean Twelfth Night edo Errege Gaua obraren itzulpena argitaratu zuen, antzezpenetan arrakasta handia izan zuen Shakespeareren komedia erromantikoa. Montoriolen itzulpen gehienak, baina, argitaratu gabeak dira. Batzuk Lord Byron, John Milton, Oscar Wilde eta Rudyard Kipling-en obrak dira, ingelesetik katalanera itzuliak; beste batzuk —Alexandre Dumas eta Anatole Franceren zenbait obra— frantsesetik itzuli zituen; eta, azkenik, Luigi Pirandelloren La vita che ti diedi ere italieratik itzuli zuen. Maria Teresa Canals, Josep M. de Sagarra, Josep Carner eta Francesc Pujolsen hainbat poema, katalanez idatziak, frantsesera eman zituen.

Kultura suspertzatzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carme Montoriolek kultura dinamizatzeko eginiko lana ere nabarmendu behar da. Hainbat hitzaldi eman zituen Figueresko Ateneoan, Bartzelonako Ateneo Entziklopediko Popularrean, Ateneo Bartzelonarrean eta Bartzelonako Emakumezkoen Kirol Elkartea. Hitzaldietan hainbat gai jorratu zituen, adibidez, Emakumearen eta gizonaren arteko harremanak, Shakespeare-ren bizitza eta obra, Ibsen-en antzerkia, Japoniako olerkigintza, Herri kantutegia, Bi musikagile erromantikoren bizitza: Chopin eta Liszt eta Kataluniako Literatura Berpizkundea, besteak beste.

Uste feminista sendoak izanik, emakumeen hezkuntzaren hobekuntza eta genero-berdintasuna sustatu zituen. Bartzelonako Lyceum Club kultura-elkarte femeninoaren sortzaileetako bat izan zen, eta 1932an haren lehendakari hautatu zuten. Bertan hainbat ekimen bultzatu zituen, besteak beste, klubaren egoitzan antolaturiko katalan eskolak[20] edo literatura-saioak.[21]

Ekimen politikoa eta erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930. urtean Comitè Femení pro Amnistia (Amnistiaren aldeko Emakume Batzordea) taldean sartu zen. 1932an Front Únic Femení Esquerrista de Catalunya-n (Kataluniako Ezkerrako Fronte Bakarra) sartu zen. Gerra zibila hasi zenetik, 1936an, Errepublikaren aldeko borrokan hartu zuen parte aktiboki, eta Kataluniako Letren Instituzioan lan egin zuen, Josep Pous i Pagés presidentearen idazkari gisa.

1937. urtean katalanera itzuli zuen Upton Sinclair-en No Pasaran!: A Novel of the Battle of Madrid (No Pasarán! Madrileko batailari buruzko nobela) itzuli zuen, Kataluniako Generalitateko Propagandako Komisariotzak argitaratua. Urte hartan Idazle Katalanen Talde Sindikalarekin bat egin zuen eta hainbat irrati-programatan parte hartu zuen. Horrez gain, Escriptors de la Revolució (Iraultzaren Idazleak) liburukian, La novel·la de guerra (Gerra nobela) eta L'escriptor i el moment actual (Idazlea eta oraingo unea) ere idatzi zituen.

Tropa frankistak Bartzelonan sartu zirenean, Frantziako Lyonera erbesteratu zen. Han, bere osaba Josep Puig Pujades errepublikaren kontsul zen, baina urtebete pasatxo baino ez zen bertan egon. 1940. urtean Bartzelonara itzuli zen, eta han bere ama gaixo zaindu zuen. Oso noizbehinka irakurtzen eta idazten zuen, batez ere poesia.

Esker ona[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018az geroztik, Bartzelonako Kultura Institutuak (ICUB), Barcelona Ciudad de la Literatura UNESCO programaren barruan, 'Carme Montoriol' izeneko beka-deialdia jarri du abian. Beka hauetarako 12.000 € esleitu dira lau antzerkigileren artean banatzeko. Lau sortzaile horiei espazio bana uzten zaie Fàbriques de Creació sarearen lau lantegitan (Escenari Joan Brossa, Nau Ivanow, Sala Beckett eta Teatre Tantarantana), bertako antzerki ekipamenduetan bi hilabetez lan egiteko.[22]

1998tik Sabadellen bere izena duen plaza bat dago.[23] Bartzelona hiriak ere plaza bat eskaini dio Carme Montorioli San Martin auzunean.[24]

Literatura-lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraindik ere Carme Montoriolen poema, narrazio labur eta itzulpen ugari geratzen dira argitaratu gabe. Haren ondarearen zati handi bat Montoriolen familiak jatorria zuen Figuereseko (Alt Empordà) Fages de Climent Liburutegian dago gordeta.

Poesia

Eleberria

  • Teresa o la vida amorosa d'una dona.(Teresa edo emakume baten maitasun-bizitza). 1932[25]

Narrazio laburra

  • Diumenge de juliol (Uztaileko igande bat). 1936
  • La vídua (Alarguna), argitaratu gabea.[26]
  • Primavera a Florència (Udaberria Florentzian), argitaratu gabea[26]

Antzerkia

  • L'abisme (Amildegia). 1930eko urtarrilaren 20an estreinatu zen Bartzelonako 'Teatre Novedades' antzokian.
  • L'huracà (Urakana). 1935eko urtarrilaren 25ean estreinatu zen Bartzelonako 'Teatre Poliorama' antzokian. Tarragona: Arola, 2019. ISBN 9788412129533
  • Avarícia (Lukurreria). 'Teatre Novedades' antzokian 1936ko apirilaren 26an estreinatua.
  • Tempesta esvaïda (Baretutako ekaitza). Joaquim Serra i Corominasek musikatutako pieza lirikoa. 'Teatre Nou' antzokian estreinatua (Paraleloaren etorbidea), 1936an. Reuseko 'Teatre Fortuny' antzokian, 2016ko uztailaren 21ean. Girona: Ficta, 2016. ISBN 9788494610400

Itzulpenak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Katalanez) «Carme Monturiol i Puig» L'Enciclopèdia.cat. Bartzelona: Grup Enciclopèdia Catalana http://www.enciclopedia.cat/EC-GEC-0044170.xml.
  2. VELAZ, Anna M.. (2004ko martxoa-apirila). «Carme Montoriol, música i poesia» Revista de Girona (223): 54-59..
  3. (Katalanez) «Plaça de Carme Montoriol» coneix.sabadell.cat (Nomenclator) (Noiz kontsultatua: 2021-12-17).
  4. Registre de Naixements de l'Ajuntament de Barcelona, any 1892, número de registre 3795.
  5. (Katalanez) Teixidor i Colomer, Anna. (2013). Josep Puig Pujades, líder del republicanisme empordanès. Fundació Josep Irla ISBN 978-84-616-4417-9. PMC 865297222. (Noiz kontsultatua: 2021-12-17).
  6. a b (Katalanez) Carme Montoriol Puig. sonabé.cat. [Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17an].
  7. Programa de mà del concert celebrat el 4 d'abril de 1913. Recital de piano Carme Montoriol Puig. Centre de Documentació de l'Orfeó Català. [Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17an].
  8. (Katalanez) «Musica: Concert de piano» El Poble Català 1813ko apirilaren 6a. [Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17an]
  9. (Katalanez) Palma, Victòria. (2016). «Carme Montoriol, pianista, traductora, poeta, dramaturga, feminista…» Femení i Singulars (Noiz kontsultatua: 2021-12-17).
  10. (Katalanez) VELAZ, Anna M.. (2004ko martxoa-apirila). «Carme Montoriol, música i poesia.» Revista de Girona 223 (Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17a).
  11. (Katalanez) GUANSÉ, Domènec. «L'esperit dels dies. Carme Monturiol» La Rambla, 1932ko maiatzaren 23a, 12. or.
  12. (Katalanez) Capdevila, Lluís. Teatre Novetats: Avaricia, comèdia dramàtica en tres actes.. La Humanitat, 1936ko otsailaren 28a, 2 or..
  13. (Katalanez) «Teatre Nou. Estrena de "Tempesta esvaida", de Carme Montoriol i el mestre Serra» La Humanitat, 1936ko azaroaren 1a: 2. or.. [Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17a]
  14. a b c (Katalanez) Carme Montoriol 1893-1966. Associació d'Escriptors en Llengua catalana. [Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17a]
  15. Tasis i Marca, Rafael. (9 febrer 1933). «Els llibres. Carme Montoriol, Teresa, o la vida amorosa d'una dona (Catalónia)» Mirador, núm. 210: 6..
  16. (Katalanez) Montoriol, Carme. (1927ko irailaren 29a). «La tela interrompuda» La Veu de Catalunya.
  17. (Katalanez) Montoriol, Carme. (1929ko azaroaren 7a). «En Met» Mirador, 41. zk..
  18. Carme Montoriol i Puig (1892-1966). CIVTAT. Ideari d'art i cultura.. [Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17a]
  19. Montoriol, Carme. «Breus notes d'introducció a la traducció completa dels sonets de Shakespeare». In: Montserrat Bacardí i Pilar Godayol. Les traductores i la tradició. 20 pròlegs del segle XX. Lleida: Punctum, 2013
  20. «Noticiari» La Humanitat 1934ko martxoaren 3a.
  21. (Katalanez) La Veu de Catalunya 1934ko abenduaren 16a. 8. or.
  22. (Katalanez) «Noves beques Carme Montoriol d’ajut a la creació literària teatral» Fàbriques de Creació (Ajuntament de Barcelona. Institut de Cultura de Barcelona (ICUB)) 2018-11-29 (Noiz kontsultatua: 2021-12-17).
  23. Carme Montoriol, plaça de. Ajuntament de Sabadell. Nomenclàtor. [Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17a]
  24. Carme Montoriol, plaça de. Ajuntament de Barcelona. Nomenclàtor. [Noiz kontsultatua: 2021eko abenduaren 17a]
  25. Bartrina, Francesca. (DL 2007). Dones de teatre. Servei de Publicacions de la Universitat de Vic ISBN 978-84-934995-6-3. PMC 803679105. (Noiz kontsultatua: 2021-12-17).
  26. a b Velaz Sicart, Anna Maria. (2000). «Aproximació bibliogràfica i aspectes de la narrativa de Carme Montorioldos contes inèdits» Annals de l'Institut d'Estudis Empordanesos (33): 251-272..


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]