Carmen Polo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carmen Polo
Carmen Polo, 1st Lady of Meiras.jpg
Bizitza
Jaiotza Oviedo1900eko ekainaren 11
Herrialdea  Espainia
Heriotza Madril1988ko otsailaren 6a (87 urte)
Hobiratze lekua Mingorrubioko hilerria
Heriotza modua berezko heriotza: bronkopneumonia
Familia
Ezkontidea(k) Francisco Franco  (1923 -  1975)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jarduerak politikaria
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa
IMDb nm2031972

María del Carmen Polo y Martínez-Valdés, ezagunagoa Carmen Polo izenez ( Oviedo, 1900ko ekainaren 11; Madril, 1988ko otsailaren 6a) espainiar aristokrata izan zen, Francisco Franco diktadorearen emaztea. Francoren heriotzaren ondoren , Meirás andrearen titulua izan zuen, eta haren ondasunen oinordekoa izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carmen Polo Asturiasko familia aberats eta kontserbadore baten baitan jaio zen 1900. urtean. Etxean jaso zuen hezkuntza, Madame Claverie izeneko etxeko emakumezko irakasle baten eskutik.

Franco eta Poloren ezkontza.

17 urterekin ezagutu zuen Francisco Franco. Polo familiak ontzat eman ez zuen ezkongai-harreman baten ondoren[1], Franco eta Carmen Polo Oviedoko San Juan el Real elizan ezkondu ziren 1923an.

Carmen Polok eta Francok alaba bakarra izan zuren, María del Carmen, 1926ko irailaren 14an jaioa. Familian "Nenuca" ezizena zuen.

Diktadorearen emazte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko uztailean, Gerra Zibilaren lehertzean, Carmen eta bere alaba Espainiako Estatutik atera zituzten Franco matxinoaren kolaboratzaileek, segurtasun arrazoiengatik, Itsaontziz Kanarietatik Lisboara eraman zituzten, eta handik Le Havrera, non autoz hartu eta Lapurdira joan ziren. Aste batzuez Euskal Herrian bizi izan ziren, Baionan, Claverie irakaslearen etxean. 1936ko irailaren bukaeran, Francoren ekimenez desterru hori amaitu zen[2].

Franco eta Polo Donostian, 1941eko bisita batean.

Gerra Zibilaren ostean, Estatuburu izendatu zuten senarra, eta Carmen Polok titulu ofizialik izan ez arren, La Señora bihurtu zen Madrilgo botere inguruneetan. Etxebizitza El Pardo Errege Jauregian ezarri zuen bikoteak 1940ko martxoan. Influentziaren truke opariak jasotzera ohitu zen diktadura garaian, eta perlazko lepokoak ziren bere faboritoak[3].

Maria del Carmen Martínez Bordiú Franco, bikotearen biolona, 1972ko martxoaren 8an ezkondu zen Alfonso de Borbón Borboi errege-etxekoarekin, Carmen Polok bereziki bultzatu nahi izan zuen lotura. Asmoa omen zuen Polok, Francoren oinordetza monarkikoa Alfonso de Borbónen bidez egingo zela, bere familia lotuz bide batez monarkia espainolari[1]. Baina puntu honetan ez omen zuen Francorengan eraginik izan, diktadoreak Juan Carlos lehengusua izendatu baitzuen oinordeko. Juan Carlos zein Alfonso, dena dela, biak ala biak ziren lerro monarkiko zuzenetik kanpokoak, koroaren oinordetza historiko eta ustez legala Don Juan Borboikoari zegokionez.

Franco hil ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franco hil zenean (1975) Juan Carlos I.a erregeak, errege dekretu bidez, Meirásko jaurerriaren titulua eman zion Carmen Polo alargunari. "Señora de Meirás" tituluz ezagutua izan zen harrezkero, hil arte. Meirás delakoa jauregi edo pazo galiziar bat da, zeinaren jabetza pribatuaren legezkotasuna (Franco familiaren eskuetan) ezbaian jartzen duten askok[4].

Franco hil zenean Carme Polo alarguna eta Carmen Franco alaba izan ziren oinordeko, eta testamentuaren arabera 28 milioi pezetako ondasunak jaso zituzten (2019ko kalkuluetan, 1,8 milioi euro lirateke). Baina izatez, bitxietan eta bere izenean zituzten jabetzetan, Polok, alabak eta bilobek 500 milioi eurotik gorako jabetza zuten pilatuta[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Tecglen, Eduardo Haro. (1988-02-06). «Doña Carmen» El País ISSN 1134-6582 . Noiz kontsultatua: 2020-07-22.
  2. Moradiellos, Enrique,. Franco : anatomía de un dictador. (Primera edición. argitaraldia) ISBN 978-84-17141-69-1 PMC 1061560771 . Noiz kontsultatua: 2020-07-22.
  3. «Franco, esa herencia» web.archive.org 2013-01-12 . Noiz kontsultatua: 2020-07-22.
  4. (Gaztelaniaz) infoLibre. (2019-07-11). «Galicia, cada vez más cerca de recuperar el pazo 'robado' por los Franco» infoLibre.es . Noiz kontsultatua: 2020-07-22.
  5. (Gaztelaniaz) «Lo que no te cuentan del testamento de los Franco» El Plural . Noiz kontsultatua: 2020-07-22.