Casamanceko gatazka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Casamanceko gatazka
Lurreko minen ariskuari buruzko oharra
Data1982-2014ko maiatzaren 1a (armatua)
2015-egun (intentsitate txikikoa)
LekuaCasamance
EmaitzaAlde bakarreko su-etena eta intentsitate txikiko gatazka
Gudulariak
 Senegal
 Frantzia
 Ginea Bissau
MFDC
Buruzagiak
Senegal A. Diouf (1990-2000)
Senegal A. Wade (2000-–2012)
Senegal M. Sall (2012-egun)
A. Senghor (1991-2007)
Indarra
 Senegal 3.000 (1995)[1]
 Senegal 3.000 (1997)[2]
 Frantzia 1.200 (2002)[3]
2.000-3.000 (1996-97)[4]
2.000-4.000 (1990eko hamarkadaren amaiera)[5]
2.000-3.000 (2002)[6]
(2.300 inguru)[7]
2.000-4.000 (2004)[8]
2.000 (2005)[9]

Casamanceko gatazka Senegalgo gobernuaren eta Casamanzako Indar Demokratikoen Mugimenduaren (frantsesez: Mouvement des forces démocratiques de la Casamance edo MFDC) arteko intentsitate txikiko gerra zibila da, 1982tik Casamance eskualdearen independentziari buruzkoa. 2014ko maiatzaren 1ean, MFDCko buruzagiak aldebakarreko su-etena ezarri zuen.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980an, Léopold Sédar Senghorrek Senegalgo presidentetza utzi zuen 20 urtez gobernatu ondoren. Hurrengo hauteskundeetan, Abdoulaye Wadek zuzendutako Senegalgo Alderdi Demokratikoa alderdiak ordura arte agintean zegoen Alderdi Sozialista garaitu zuen sopi (euskaraz: «aldaketa») mugimendu politiko ezagun baten buru izan ondoren. Gobernu berriaren izaera erreformista gora-behera, Casamanceri autonomia estatutu bat emateari uko egin zion, honek, 1982an korronte independentista bilakaturiko gatazka armatu bat eragin zuen.[10]

Ez dago mugimendu autonomista eragin zuten arrazoiei buruzko erabateko adostasunik , baina litekeena da Sanghorren gobernualdian tokiko biztanleek jasan zuten errepresioaren eraginpean egon izana (desagerpenak, torturak, bost urtera arteko espetxe-zigorrak aurretiazko epaiketarik gabe, etab.). Aurrekariei dagokienez, bi hipotesi nagusi daude: kulturala eta ekonomikoa.[10]

Arrazoai kulturala independentistek defendatzen dute, batez ere MFDCko kideek. Hiru puntutan oinarritzen da: erlijiosoa, Casamanzan gehiengoa den erlijioa katolizismoa dela baieztatuz, Senegalgo gainontzekoa islamiarra den bitartean; etnikoa, subguinearrekin senegaldarrekin baino lotuago daudela baieztatuz; eta kasten sistema, wolofen, tukolorren, pehlen eta mandingoen artean hedatua dagoena, Casamancen gutxiengoak baina Senegalen etnia nagusiak direnak.[10]

Ekonomia izan zen gatazkaren hasierako hipotesi nagusia, baina gaur egun zalantzan jartzen dute, argumentu berberak aplikatzen baitira herrialde osoan. Hipotesi hau defendatzen dutenen arabera, alderdi autonomista batzuek Senghor babestu zuten independentzia prozesuan, baina, horren ostean, gobernu berriak uko egin zion edozein autonomia motari. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Alderdi Sozialistak atzerriko enpresek eskualdean inbertitu ezin zuten politika bati eutsi zion, kapital-ihesa eta desinbertsioa eraginez. Hezkuntzan, osasunean, garraioan eta komunikazioetan inbertitzen ez zenez, gizartea marjinalizatu egin zen, eta, ondoren, isolatu. Hiriburuko eta eskualde urrunenetako biztanleen arteko kontaktu faltak, senegaldar gizartearen zatiketa eragin zuen. Hipotesi honen pean, casamancetar gatazka maila ertain-altuko gizarte maila batek hasi zuen, formazio maila altua izan arren, sistematik kanpo zeudenak.[10]

Gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Émile Badiane eta Victor Diatta diola eta Ibou Diallo eta Édouard Diallo fula buruzagiek 1982an talde errebelde bat, MFDC, sortu zuten.[11] Taldeak 1982an manifestazioak antolatu zituen eta 1985ean erakunde armatu bat sortu zuen, Atika izenekoa (diolaz gerlari esan nahi duena). Erakundeak 1989ra arte Ginea Bissauko presidentea zen João Bernardo Vieiraren babesa izan zuen.

MFDCren ospe handia, eta, horrekin batera, giza eskubideen aldeko taldeek Senghorren hitza betearazteko eskatzen zieten manifestarien aurkako errepresioa ikaragarriaren salaketa gatazka handitu zuen. Eskualde honetan, gehiengoa, independentzia mugimenduen tradizio luzea duten diola da. MFDCk independentziaren aldeko manifestazio baketsuak antolatu zituen. 1982an erakundeko buruzagiak atxilotu zituztenez, erresistentzia areagotzeko gurpil zoro bat sortu zen, eta erresidentzia honek senegaldarren armadaren errepresioa bultzatu zuen.

1990ean, MFDC, Ginea Bisauko Armadaren ustezko ezkutuko laguntzarekin, eskualdeko eraikin militarrak erasotzeari ekin zion. Senegaldar Armadak, aldi berean, MFDCren baseak eraso zituen Behe Casamancen eta Ginea Bissaun. Bi aldeak zibilei eraso egiteaz akusatuak izan ziren. Uztaila eta abuztua bitartean borroka nagusiak izan ziren.

1990eko hamarkadan hainbat su-eten sinatu zituzten, baina batek ere ez zuen iraun. Lehenengoa 1991ko maiatzaren 31n sinatu zuten. Gatazka lau turista frantziar desagertu zirenean europar titularrengana iritsi zen: bi aldeek elkarri egotzi zioten errua (1995eko apirilaren 6an), eta urrian, armadak, eliteko 1.000 soldadurekin, Behe Casamanceko eskualdean eraso bat egin zuen.[12] Augustin Diamacoune Senghor apaiza MFDCko buru izatera iritsi zen eta elkarrizketa eta adiskidetze politika ezarri zuen. Hala ere, senegaldar gobernuak, eskualdearen independentzia onartzeari uko egin zion, eta MFDCko kide batzuk taldea zatitzeko eta borroka berrabiarazteko konbentzitzen saiatu zen.

1996an bake negoziazioak hasi ziren eta 1999ko abenduaren 26an su-etena sinatu zuten, baina 2001eko martxora arte, Senghor eta Abdoulaye Wade Senegalgo presidentea bake akordio batera iritsi ziren arte, guduetan 500 pertsona inguru hil ziren. Su-etenak presoak askatzea, errefuxiatuak itzultzea eta lurreko minak kentzea ahalbidetu zuen, baina ez zuen autonomia ekarri. Matxino batzuek, hau, ituna traiziotzat hartu zuten. 2004ko abenduan Senghor eta gobernuaren artean su-eten berri bat sinatu ondoren, MFDC elkarren aurka zeuden bi fakziotan banatu zen. Gainera, 2003an Sidhis Badji MFDCko Idazkari Nagusia hil zen.

Banaketaz geroztik, intentsitate txikiko gerra mantendu da etengabe. 2005ean, negoziazio berriak egin zituzten, matxinatuen desmobilizazio partziala lortu zen eta indarkeria gutxitzen hasi zen,[13] baina, hurrengo urteko apirilean, bi talde matxinoen eta armadaren arteko liskarrek, ekainean, 9.000 lagun Gambiako mugatik ihesladia eragin zuten.[14][15]

2007ko urtarrilean aita Senghor hil egin zen eta maiatzerako fakzioen arteko barneko gatazka berriro hasi zen. 2009ko urriaren 2an, sei soldadu hil ziren Ginea Bissauko mugatik gertu.

2010eko urrian, Lagosen, Nigerian, Iranen legez kanpoko arma-bidalketa bat atzeman zuten. Sengaldar gobernuaren ustetan, armak Casamancerako bidean zeuden eta Teheranen zuen enbaxadorea erretiratu zuen.[16] Urte bereko abenduan borroka gogorrak izan ziren, MDFCko 100 borrokalari inguru Gambiako mugatik hegoaldera Bignona hartzen saiatu ziren, arma astunen laguntzarekin, hala nola, mortero eta metrailadoreen laguntzarekin. Gatazkan soldaduak irabazle atera ziren, baina casamancetar asko eta zazpi senagaldar hil ziren.[17]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Africa South of the Sahara 2004, Europa Publications, pp. 930, Routledge, 2003
  2. Senegal. República de Senegal pp. 14
  3. Armed forces - Senegal
  4. Chandrika Kaul (2002). Statistical Handbook on the World's Children. Westport: Greenwood Publishing Group, pp. 490. ISBN 978-1-57356-390-1
  5. World Bank Publications: Paul Collier, V. L. Elliot, Håvard Hegre, Anke Hoeffler, Marta Reynal-Querol & Nicholas Sambanis (2003). Breaking the Conflict Trap: Civil War and Development Policy. Washington DC: Oxford University Press. ISBN 978-0-82138-641-5
  6. David J. Francis (2005). Civil Militia: Africa's Intractable Security Menace?. Burlington: Ashgate Publishing, Ltd., pp. 122. ISBN 978-0-75464-452-1.
  7. Movement of Democratic Forces in the Casamance (MFDC)
  8. Martin Evans. "Senegal: Mouvement des Forces Démocratiques de la Casamance (MFDC)". Londres: The Royal Royal Institute of International Affairs, diciembre de 2004, pp. 6
  9. Armed Conflicts Report - Senegal
  10. a b c d Roca Álvarez, Albert. (2005). La revolución pendiente: el cambio político en el África negra. Lleida: Lleidako Unibertsitatea, 238-241 or. ISBN 9788484094609. OCLC .891082242.
  11. Linda J. Beck, Patrimonial democrats in a culturally plural society : democratization and political accommodation in the patronage politics of Senegal, University of Wisconsin, Madison, 1996, vol. 2, p. 239
  12. Africa South of the Sahara 2004, Europa Publications, pp. 930, Routledge, 2003.
  13. BBC NEWS | Africa | Senegal to sign Casamance accord
  14. Africa South of the Sahara 2004, Europa Publications, pp. 931, Routledge, 2003.
  15. IRIN Africa | SENEGAL Attacks in Casamance despite peace move | Senegal | Other 5 de diciembre de 2006.
  16. BBC News - Senegal recalls Tehran ambassador over arms shipment 15 de diciembre de 2010.
  17. Senegalese army sweeps Casamance after fight with separatists | RFI

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]