Castejón-Bilbo burdinbidea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Castejón-Bilbo burdinbidea Tutera eta Bilbo lotzen dituen burdinbidea da, 1863an inauguraturikoa. Compañía del Ferrocarril de Tudela a Bilbao (Tuteratik Bilborako Burdinbidearen Konpainia) enpresak eraiki zuen, eta Bilbo eta Ebroko ibarra (gainontzeko burdinbide sarearekin) lotzen zituen lehen burdinbidea izan zen. Enpresa 1857an sortu zen, eta 1878an Norteko Konpainiak xurgatu zuen.

Linearen mapa

Burdinbide honek garrantzi handia izan zuen Bizkaiko garapen ekonomikoan; izan ere, Bizkaiko lehenengo burdinbidea izan zen.[1] Linea honetako Izarra lokomotorra (1863koa) Abandoko geltokian dago ikusgai.

Sorreraren testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1845ean Bilbo eta Madril lotuko zituen burdinbide baten beharra agerikoa zen. Norteko Konpainiak erabaki zuen bere linea, Irun eta Madril lotzen zituena, ez zela Bilbotik igaroko. Dirudienez, 1856ko maiatzean, Logroñoko diputatu batzuek burdinbide berri bat egitea proposatu zuten; Bertan sailak, ordea, bizkaitarrei egozten die proposamena.[1] Linea horrek Errioxako Haro eta Logroño hiriak itsasoarekin lotuko zituen, Bilboko portuaren bitartez, hain zuzen, eta gainera, Zaragoza-Altsasu linearekin lotura izango zuena, bien arteko interkonexioa Tuteratik hurbil ezarriz, orduan Corellako auzoa zen eta orain udalerri independentea den Castejónen.

Sorrera eta bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urduñako geltokia

Tutera-Bilbo burdinbidea enkantera irten zen artean zehaztu gabe zuela Norteko Konpainiarekin lotunea non izango zuen. Bi leku desberdin ziren aukerak: Gasteiz eta Miranda Ebro, eta azkenean bigarrenean gauzatu zen lotunea.

1857an Banco de Bilbao sortu zen, Compañía del Ferrocarril de Tudela a Bilbao (Tuteratik Bilborako Burdinbidearen Konpainia) ere urte bereko martxoan eratuz. Pablo de Epalza aukeratu zuten presidente eta proiektuaren finantzaketarako 100 milioi errealetako inbertsioa aurreikusi zen. Laster kontratatu zuten Charles Vignoles ingeniaria, zeinak bere izena daraman errail-profila garatu eta hainbat burdinbide desberdinetan lan egin zuen; Cipriano Segundo Montesino y Estrada ingeniaria izan zuen lagun. Era berean, Bilboko geltokiak izango zuen kokapena zehaztu zen, Abando auzoan, gaur egun Abandoko Indalecio Prieto geltokia izena daramana.

1862an Charles Vignolesek Miranda Ebroko geltokiaren proiektua aurkeztu zuen, baita hurrengo urtean burdinbidea inauguratu ere. Alabaina, inauguraziotik hiru urtera, 1865ean, ordainketa-etenduran deklaratu zuen, burdinbidearen eraikuntzan eginiko inbertsioari jarraiki etorritako zailtasun ekonomikoei aurre hartu ezinda. Ordainketa-etendura horren aurrean, Bilboko Bankuak esku hartu zuen. 1873an, berriz, Bigarren Gerra Karlistaren ondorioz, 1875era arte itxi zen burdinbidea. Gerra horrek instalazio eta material ibiltariari kalte handiak egin zizkien. Hiru urte geroago, burdinbidea Norteko Konpainiak xurgatu zuen, Zaragozatik Iruñera eta Zaragozatik Bartzelonara zihoazen burdinbideekin batera.[oh 1]

Aldirietako zerbitzuak XX. mende hasieran hasi ziren zirkulazioan. Enpresa berriaren agindupean Miranda Ebroko geltokia handitu zen eta 1931an Urduña eta Bilbo arteko trenbidearen erdibitzea. 1941ean, burdinbidea RENFE barruan integratu zen, estatuko trenbide zabaleko gainontzeko burdinbideekin batera. 1956an linearen elektrifikazioa hasi zen, Miranda Ebro eta Bilbo arteko tartean, 1.500V-eko korronte jarraituarekin (1984an 3.000 voltera igoko zen). 1976an elektrifikatu zen Miranda eta Castejón arteko tartea, 3.000 voltekin. 1987an eraiki zen Miranda Ebroko saihesbidea.

Geltokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BHF
Castejón
BHF
Alfaro
BHF
Rincón de Soto
BHF
Calahorra
BHF
Lodosa
BHF
Alcanadre
BHF
Mendabia
BHF
Arrúbal
BHF
Agoncillo
BHF
Recajo
BHF
Logroño
BHF
Fuenmayor
BHF
Cenicero
BHF
San Asensio
BHF
Briones
BHF
Haro
BHF
Miranda Ebro
BHF
Lezama
BHF
Urduña
BHF
Amurrio
BHF
Laudio
BHF
Arakaldo
BHF
Arrankudiaga
BHF
Ugao
BHF
Arrigorriaga
BHF
Basauri
BHF
Abusu
BHF
Zabalburu
BHF
Bilbo

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bizkaiko enpresaburu taldeak etsipena agertu zuen proiektu handi horrekin, eta gertuagoko beste bati heltzea erabaki zuten, motzagoa eta aurreikuspen hobekoa: Durangorainoko burdinbidea, Durangillo ere deitua, arrakasta handikoa izan zena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Olaizola, Juanjo. Lopez, Jose (argazkiak) (1995), 20-22. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Olaizola, Juanjo; Lopez, Jose (argazkiak) (1995) «Gipuzkoako trenak» Bertan (Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura eta Euskara Departamentua) ISBN 84-7907-183-4.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]