Cebollera mendilerroko natura parkea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cebollera mendilerroko natura parkea

Castillo de Vinuesa menditik Pico Urbiónen ikuspegia
Cebollera mendilerroko natura parkea is located in Errioxa
Cebollera mendilerroko natura parkea
Cebollera mendilerroko natura parkea
Azalera23.640 ha
Sorrera1995eko martxoaren 20a

Cebollera mendilerroko natura parkea (gaztelaniaz: Parque natural de la Sierra de Cebollera) Errioxa hegoaldeko izen bereko mendilerroan dagoen eremu babestua da, 1995eko martxoaren 20an natura parke izendatu zutena[1]. Burgosko eta Soriako probintziekin egiten du muga.

Demanda, Urbión eta Camerosekin batera Hegaztien Babes eremua (ZEPA) osatzen du[2].

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar sistemaren iparraldeko muturrean kokaturik dago, Cebollera mendilerroaren haizealdean, Errioxako Erkidegoan. Tierra de Cameros eskualdeko Villoslada eta Lumbreras herriak hartzen ditu bere baitan, bai eta San Andres eta El Horcajo herrixkak ere. Logroño hiriburutik 50 kilometro eskasera aurkitzen da eta guztira 500 biztanle inguru bizi dira han[3].

Interpretazio zentrua Villosladan aurkitzen da eta hezkuntza jarduerak eskaintzen ditu[3]. San Andres herrixkan Cameroseko tresna tradizionalen inguruko erakusketa bat ere badago.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi mendietako paisaia.

Iregua ibaiaren goikaldean dago eta 2.000 metrotik gorako mendiak ditu. Mendi garaienak Castillo de Vinuesa (2.083 m.), Peñón de Santocenarrio (2.058 m.), Cebollera (2.164 m.), La Mesa (2.163 m.) eta Alto de Cueva Mayor (2,138 m.) dira. Antzinako glaziarrek moldaturiko zuloak ("los hoyos") ere aipatzekoak dira. Erliebe mailakatu horretan ohikoak dira erreka azkarrak eta urjauzi txikiak[3].

Cameroseko mendeetako transhumantziaren ondoren bertako basoa errekuperatzea lortu da. Oraindik ere ikusgai daude ordea artzantzaren kulturak utzitako borda, "chozo" (aterpe) eta baselizak[4].

Flora eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pinu gorriak, pagoak eta ametzak dira nagusi Cebollerako mendietan, bainabeste hainbat espezie ere aurkitzen dira: urkiak, haritz kandugabeak, arteak, mendi-pinuak, gorostiak...

Cebollera mendilerroko faunaren barnean heggazti harraparien aniztasuna handia da. Aztorea, gabiraia, zapelatz liztorjalea, arrano txikia, arrano sugezalea, zapelatza, urubia eta hontz ertaina dira ohikoenak. Ugaztunei dagokienez, azeria, basurdea, oreina, urtxintxa eta basakatua ditugu.

Erreka eta ibaietan igarabak eta muturluzeak agertzen dira eta amuarrainak ere ugari dira[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Noticias Jurídicas» Noticias Jurídicas (Noiz kontsultatua: 2021-09-16).
  2. (Gaztelaniaz) «Qué ver y dónde dormir en Parque Natural Sierra Cebollera» Clubrural.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-16).
  3. a b c d (Gaztelaniaz) «Parque Natural de "Sierra Cebollera" - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-09-16).
  4. (Gaztelaniaz) nuevecuatrouno. (2021-05-21). «El Parque Natural Sierra de Cebollera renueva su 'Q de Calidad Turística'» nuevecuatrouno.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]